2025/03/23

Martxoak 23 (denbora)

Denbora magnitude fisiko bat da, astroen mugimenduen iraupenen arabera neurtzen dena.  Hala, eguna Lurrak bere ardatzaren inguruan bira bat egiten irauten duen tartea da; urtea, ordea, Eguzkiaren inguruan bira bat egiteko behar duena. Ilargiak Lurraren inguruan bira bat egiteko behar duen tartea hilabetea litzateke, gutxi gorabehera.
Fisika erlatibistan denbora laugarren dimentsioa kontsideratzen da, espazioaren hiru dimentsioekin batera.
Denbora Nazioarteko Unitate-Sisteman segundotan neurtzen da, baina, egunerokoan, unitate desberdinak darabiltzagu neurriaren arabera. Hala, lanaldiak ordutan neurtzen ditugu; izakien adina urteetan; oporraldiak egunetan; orgasmoen iraupena segundoetan.

Denbora da gure bizitzako gauzarik preziatuena, mugatua delako, inork ez dakielako zein izango den bere iraupena, atzera bueltarik ez duelako. Beraz, norekin eta zertan erabiltzen edo galtzen dugun garrantzizkoa da.

Gaizki gaudenean denbora dilatatu egiten dela dirudi, motel igarotzen baita, egunak amaitezinak bilakatuz. Gustura gaudenean, aldiz, azkarregi doa, uzkurtuko balitz bezala.

Diotenez, denborak sendatzen ditu minak eta zauriak, eta denborak bakoitza bere tokian ipintzen omen du. Denborak, konturatu orduko, eskuetatik ihes egiten digu, eta gauza bakoitzak bere denbora edo garaia omen du.

Gazteari nahi duen hori egiteko munduko denbora guztia duela esaten diogu, gezurra izan arren; adinean aurrera egin ahala, ordea, bizitza bizitzeko denbora agortzen ari zaigula sentitzen dugu.

Egia da inoiz ez dela berandu nahi dugun hori egiteko, baina ezin gara izarrei begira gera, gure denbora mugatua baita, finitua, erlojua noiz geldituko zaigun ez jakin arren; denbora atzeraka ez doan zera hori baita, berreskuraezina, eta atzo egin gabekoa egin ahalko dugu, baina bihar izango da jada.

Beraz ez geratu orratzei begira, haiek beti abiadura berean baitoaz aurrera, gu konturatu ala ez. Probestu dezagun gure denbora, mundu honetan izango dugun doako gauza bakarrenetakoa, eta erabil dezagun benetan merezi duten kontu horietan, edo ez, hori norberaren esku.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina