Gaur marmotaren eguna lakoa izan da. Atzo bezala hezkuntzan greba, manifa Donostian; kafea Juantxon, kale buelta Andian barrena eta amaieran pote bat Herrian.
Marmotaren filmean protagonista bezperako
akatsak zuzentzen doa. Niretzat gaurkoa
atzokoaren antzekoa izan da, baina desberdina, kontu batzuetan ederragoa,
besteetan ez horrenbeste.
Gaur, atzo bezala, Donostiara
bizikletan joateko asmoa neukan, baina euriaren mehatxuak autobusez joatera
eraman nau.
Gaur, atzo bezala, zu ikusteko itxaropena
nuen, baina, atzo ez bezala, horretan geratu da, itxaropenean.
Eta gaur, zurito bat beharrean hiru hartu
ditut, eta alai bueltatu naiz etxera, zu ez ikusi arren.
Pozik egon naiz lankide jatorrak
ditudala sentitu dudalako. Langile klasekook bizirauteko lan egin beste
erremediorik ez dugula jakinik, gure bizitzaren heren hori jende eta giro
egokian bizitzeak ez baitu preziorik.
Eta bai, triste sentitu naiz ez
zaitudalako ikusi, atzo gauza asko mugitu baizitzaizkidan nire barruan, modu
positiboan ordea, zu desiratu bai, baina aldi berean aske uzteko moduan naizela
sentitu nuelako, edo hori pentsatu nahi dut.
Blokeoa guztiz desagertu ez arren, badoa askatzen, edo hala iruditzen zait, edo hori da nire erraiek behar dutena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina