2025/03/16

MARTXOAK 16 (krossfiteroekin egin dut topo)

Gaur, igandea, izugarrizko eguraldiarekin esnatu gara. Hotza dago, baina paseo bat emateko sekulako argitasuna dago. Mendira joatea baztertu dut, azken egunetako euri zaparraden ondoren lokatza eta hezetasuna egongo delako, elurra ez bada. Beraz, Donostiara joatea erabaki dut.
Gustatzen zait Donostiatik paseatzea. Mareak uzten badit hondartzatik ibiltzen naiz, gero portua, paseo berria. Toki kuttuna dut eta askotan entretenitzen naiz argazkiak ateratzen. Gurutzatzen dudan jendean arreta jartzen dut, eta ze hizkuntzetan ari diren erreparatzen. Gaur euskara gutxi entzun dut, agian igandea izanik kanpoko jende gehiago dabilelako izango da, ez dakit. Baina aurki euskaraldia hasiko dela otu zait eta buruari eragiten hasi naiz.

Nire etxe parean atletismoko pista bat daukat. Bere garaian eraiki zutenean, ez dakit nahita edo nahi gabe, ez zizkioten pista batek konpetizio ofizialak jasotzeko behar dituen neurri egokiak eman. Ondorioz, ez da egoten halako atletismo probarik, baina entrenatzeko eta bestelako probentzat erabiltzen da, azken boladan gero eta gehiago. Gaur, esaterako, ustez krossfiteroena iruditu zaidan lehiaketa bat zegoen.
Etxetik irten naizenean prestaketa lanetan ari ziren, heldu naizenean azken probetan eta sari banaketan. Megafonia zuten, noski, ozen, oso ozen. Ba al dakizu zein zen bozgorailutik irteten zen euskararen presentzia? Zero. Joaterakoan musika zuten, hasieran flamenkoarekin lotu ditudan doinu batzuk, gero ingelesezko beste doinu matxakoi samarrak. Bueltan ahots bat, gaztelania hutsean. Eta hor dago gakoa, jendartean bultzatzen ditugun ereduak, denak, gaztelaniarekin lotuta daudela, hori areagotzen ari diren kirol ereduez hitz egin gabe.

Hernani batean, berdin zait zein proba motetan, ez bagara gai euskal kultura eta euskara erabiltzeko, nola lortuko dugu hizkuntzaren erabilera areagotzea? Gazteen gaztelaniarako joeraz hitz egiten dugu gero eta gehiago, baina  ez al gara gu horren lehen erantzuleak? Ez al genuke toki publikoetan egiten diren ekitaldietan euskararen presentzia minimo bat derrigortu beharko, kuota moduko bat ezarri, subentzioak jaso ala ez? Baina bi urtetik behin euskaraldiak antolatzearekin konformatzen gara.

Dena amaitu denean, balkoitik parte hartu duten batzuengan jarri dut arreta. Krossfiteroak pentsatu dut. Ez zait ikusten nuena gustatu, ez eta entzuten nuena ere. Agian ni naiz tokiz kanpo geratzen ari dena. Hala izango da, ziurrenik, zahartzen ari naizen seinale, edo, behin batek esan zidan moduan, oso arraroa naizelako? Auskalo! 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina