Bost urte bete dira Covidaren pandemia gertatu zela. Harengatik bizi izan genuen itxialdiari eta ondoren jasan behar izan genituen murrizketei buruz ez dut oraino hemen hitz egin, egunen baten akaso. Nik, beste askok bezala, une zailak bizi izan nituen, eta esan beharra daukat kulturak salbatu ninduela, kirolarekiko eta errutinekiko izan nuen diziplinarekin batera. Asko irakurri nuen eta etxetik irteten utzi zigutenean asko joan nintzen zinemara, etxean seriek eta filmak ikusteaz gain. Eta gauza da zinema niretzat droga bat bezalakoa dela, asteroko dosia behar dut. Ez daukadanean moldatzen naiz, baina gero errekuperatzeko behar moduko bat izaten dut.
Hilabete luze pasa dut zinemara joan gabe edo telebista ikusi gabe, eta etxera etorri eta hemen nabil, kartelera guztia bat batean irentsi nahian, bizia horretan joango balitzait bezala. Eta noski, ba ez naiz asmatzen ari ez filmekin, ez eta haiek ikusteko ordutegiarekin ere. Oraindik jetlaga daukat, ordutegia aldatuta, goizetan goiz esnatzen naiz, ondo aguantatzen dut, baina arratsaldean logura sartzen zait. Siesta ekiditen ari naiz, baina utzi ezkero seko jausten naiz. Baldintza horietan ezin zinemara joan, baina ni temati, monoa kendu nahian.
Hiru filma ikusi ditut orain arte. Lehena euskaraz Oraindik hemen naiz itzuli genezakeen Walter Sallesen film brasildarra. Hego Ameriketako diktadurez aritzen garenean beti Argentina eta Txile aipatzen ditugu, sekula ez Brasil. Ba honakoak Brasilgo diktaduran gertatutako Rubens Paivari buruzko kasua kontatzen du. Oso gomendagarria.
Bigarrena Pablo Larrainek zuzendutako
Maria Callas filma. Opera kantanteari buruzko biopic moduko bat, bere azken
hilabeteez ari dena. Nahiko hotz utzi ninduen, bai filmak baita Angelina
Jolieren antzezpenak ere. Esan beharra daukat ez zaidala gustatzen aktore
bezala.
Hirugarren film portugaldar bitxi bat ikustera joan nintzen, Grand Tour, txuri beltzean, jatorrizko bertsioan azpiidatziekin, ba bai, lokartu egin nintzen edo kolpeka aritu nintzen lo ta esna. Filmaren haria ez nuen galdu halere, galtzeko gutxi agian, baina erdizka ikusi nuen. Honek epel utzi ninduen, halaxe egon bainintzen nire berokiaren azpian.
Atzo ere zinemara joatekoa nintzen,
baina bi aldiz pentsatu eta etxean geratzea erabaki nuen. Eskerrak, arratsalde
osoa begi bildu batean igaro bainuen.
Gaur berriz ere banoa, gaurkoan
Lumiere anaiei buruzko dokumental bat ikustera. Ea esna aguantatzen dudan,
baina joatea ez da aukerakoa egunak falta baitzaizkit ikusi nahi ditudan film
guztiak ikusteko.
Ez galdu film brasildarra. Bihar arte!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina