Larunbata da eta etxean atrapaturik nago,
ezin irten, indar ikusezin batek bertan geratzera behartuko banindu bezala.
Irrazionala da gertatzen ari zaidana. Kalerako jantzi, zapatilak lotu eta atea
irekitzera noanean telefonoak jo dit. Eskegi ondoren ordenagailuan kontu bat
egiten hasi eta, konturatu orduko, bazkaria prestatzen hasi behar dudala otu
zait. Ez dut ogi bila irten behar, atzo erosi bainuen asteburu osorako ore ama artisau
horietako bat. Bazkal aurretik paseotxo bat egingo dudala deliberatu dut, baina
bazkaria erdi prest dudala irteteko tenorean naizela izugarrizko euri zaparrada
hasi du, eta leihotik begira geratu naiz noiz atertu zain.
Atertu duenerako, gosetuta nagoela eta
bazkaltzen hasi naiz, ondoren irtengo naiz etxetik. Baina telebista piztu dut
kafea hartu bitartean eta Djokovicen tenis partida batek gerarazi nau
pantailaren aurrean. Hura amaitu eta komunerako gogoa jarri zait, ondoren,
sukaldea jasotzen hasi naiz eta amaitzerako sofa deika nuela iruditu zait, atsedenerako
tartea dela esaten ariko balitzait bezala, eta kasu egin eta larunbatetako
pelikula tonto horietako bat jarri dut, sofan etzanda loak harrapa nazan.
Esnatu naizenerako paseoa emateko berandu da, eta zinemara joateko ere denboraz
larri nabilelakoan nago, gainera, balkoira irten eta haizea hotza dela ikusi
dut, eta non hobe etxean baino etorri zait gogora. Eta horrela eman dut
larunbata, etxean sartuta, kalera irteteko asmoz, baina ezinean, indar ikusezin
batek bertan geratzera behartuko banindu bezala.
Oharra: Atzo Buñueli buruzko erreportaje bat ikusi nuen telebistan, eta haren “El angel exterminador” film surrealista gogoan honako kontakizun hau osatu dut.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina