Gaurko albistegietatik bi berrik eman didate atentzioa, biak nerabeekin loturikoak.
Lehena berri tristea, hamasei urteko
neska bat hil da auto istripuz goizeko seiak aldera Getariatik Zumaiarako errepidean.
Pena sentitu ondotik, bi gauza etorri zaizkit burura. Lehenengoa galdera bat:
zer egiten duen hamasei urteko neska batek larunbata arrunt batean goizeko
seietan auto batean. Bigarren hausnarketa etorri zait istripuko autoa
telebistan ikusi dudanean Porsche bat. Zein da autoaren jabea? Zenbat urte
ditu? Zer egiten du goizeko seietan hamasei urteko neska batek Porsche batean
Getariatik Zumaiara doan errepidean larunbata arrunt batean?
Orain Adolescence seriea denen
ahotan dagoela, gurasoek seme-alabekiko duten zaintza eta ardura mailaz
hausnartzeko ematen du, luze gainera.
Bigarren berria alaiagoa zen, baina niri kezka eragin dit, zaharruna dei egidazue, hala izango naiz. Kontua da Latinoamerikan, neskei (ez mutilei) hamabost urte betetzean festa bat egiten dietela, jendaurreko aurkezpen moduko bat, emakume direla aldarrikatuz edo, baina hamabost urterekin. Badirudi, era horretako jaiak gurean hedatzen ari direla Latinoamerikar jatorriko nesken artean. Festarako hamabi mila euro inguru gastatzen omen dituzte eta, horretarako, urteak ematen ei dituzte aurrezten.
Bakoitzak jakingo du bere dirua zertan
xahutzen duen, baina gogora etorri zaizkit Ertamerikatik heldutako nire
ikasleak eta euren familiak, askotan guraso bakarrekoak. Ezer gabe heltzen dira
hona bizimodu hobe baten bila, eta sarritan mila eurotara ailegatzen ez den
soldatako lana topatu bitartean laguntzetatik bizi dira. Nahiko lan dute
egunerokoari aurre egiten halako festa batean pentsatzen hasteko bezala. Eta
orduan nire hurrengo galdera izan da ea ohitura hori aberatsen kontua den
soilik, edo populazio guztian zehar zabaldurik dagoen.
Eta ene hurrengo kezka izan da, ez ote zaion itxurari, soineko bati edo ez dakit zer emakumetasun festa bati garrantzi gehiago ematen, etorkizunerako formazioari, hezkuntzari edo ikasketei baino. Gainera, ospakizuna emakumeen kasuan izanik, ez ote den kosifikazioan eta emakumeak objektu kontsideratzeko kontzeptuan sakontzen. Ezer onik ez, ene uste apalean, emakumearen askapenerako urratsetan.
Eta nerabe kontu horiek gogoan ez dizuet ezer berririk esango, baina ikus “adolescence” seriea otoi. Ez bakarrik telefonoen gehiegizko erabileraren kalteez ohartzeko etbn esan duten moduan, bereziki, gurasoen kontrol faltak eragiten duenaz baizik.
Ondoloin!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina