Bai badakit gai honi buruz asko hitz egiten dudala, baina gizateriaren gai unibertsal horietako bat dela iruditzen zait, niri, pertsonalki, asko eragiten didana eta nire bizitzaren giltzarrietako bat ere badena.
Hilabetez ibili naiz munduko beste puntan bakarrik, niretzat nolabait arrotza den hizkuntza batean funtzionatuz, eta bai, desiratu dut uneren batean han akonpainatua egotea, baina ez dut inongo unetan bakardaderik sentitu, agian hasieratik nekielako hori izango zela nire egoera naturala han.
Heldu naiz Euskal Herrira, heldu naiz etxera, eta hasi naiz bakardadean pentsatzen. Hau da hau marka, nola da posible? Euskal Herrian bakardadea ez al da naturala ala? Edo hemen, izan ziren eta ez diren horien guztien mamuak ernaltzen zaizkit batera, bakardadearen sentsazioa handiagotuz?
Askotan pentsatzen dut oraintxe
desagertuko banintz inork ez ninduela faltan botako, egunerokoan ez baitut
halako lotura esturik inorekin, baina sentsazio hori, oso tristea izan arren,
gero eta modu positiboagoan hartzen dut, eta horrek pozten nau. Baina egiari zor,
egunerokoan inorekin lotura esturik ez izan arren, kontziente naiz hainbat
pertsonek gogoan nautela modu batera ala bestera, nik beraiek ditudan era
berean.
Esaterako, jada hemen idatzi dudanez, heldu
egunean lagun batek bere etxera gonbidatu ninduen bazkaltzera, eta etxera
afariarekin bidali ninduen, egun hartan erosketetan eta kozinatzen ibili behar ez
izateko, atsedena har nezan bidai luzearen ostean.
Atzo lankide batek idatzi zidan
ongietorria emateko, etxean bueltan egoteak pozten ziola, baita hurrengo
ikasturtean berriz ere lankide izango garela jakiteak.
Zuri ez dakit, baina niri espero ez ditudan horrelako jarrerek eta mezuek pilak kargatzen dizkidate, norbaitentzat nolabait inportantea naizela jakiteak autoestimua, askotan lurraren pare egoten den psikearen ditxosozko ezaugarri ezinbesteko hori, igotzen dit.
Eta hemen naiz, asteburuan, bakarrik, neurrira atondutako nire gotorlekuan, gogoa asebetetzen didaten gauzak eginez eta planeatuz. Goizean mendira, orain idatzi, gero irakurri, arratsaldez zinemara eta iluntzean lotara, ea gainean daramadan jetlagari lehenbailehen aurre hartzen diodan.
Eta gomendio batekin amaitu nahiko nuke: Bakartasunaz bi hitz liburua. 2004. urtean argitaratu zuen Txalapartak. Bertan, IKko militante preso Filipe Bidartek isolamenduari buruz hitz egiten du. Bakardadea sentitzen duzunerako terapeutikoa suertatuko zaizulakoan, on egin!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina