Gaur filosofiko esnatu naiz. Idatzi nahi dut, idatzi behar dut, zertaz ordea? Barrutik hutsik sentitzen naiz, beraz zer dut nik adierazteko, zer esateko nire zurekiko maitasuna aitortzea ez bada? Baina ez dakit nor zaren, ez dakit non zauden, toki guztietan bilatu zaitut eta ez zaitut oraino aurkitu.
Bilatu zaitut kalean, bilatu zaitut
etxean. Bilatu zaitut zineman eta kontzertuetan, baita liburuetan ere. Bilatu
zaitut mendian eta hondartzan. Bilatu zaitut ametsetan eta nire barruko toki
intimoenetan. Baina ez zara inon ageri, soilik egunen baten utzitako lorratza
ikus dezaket, besterik ez, eta ez diot bada arrasto bati nire maitasuna
aitortuko, zorotzat hartuko nindukete, jada zoratuta ez banago.
Bai askotan pentsatzen dut, gero eta
maizago, erotuta nagoela. Behin nire soinean utzi zenuen hordikeria ezin
gainditu nago, eta noraezean ibiltzen naiz, kalean bakarrizketan zure pausuei
segi nahian, haien arrastorik inon topatu ez arren.
Baina, zertaz ari nintzen? Jada haria galdu dut, ikusten irakurle, burua joanda nabil. A bai, idazteaz, idatzi egin behar dudala esan dizut, baina ez dakit zertaz, zurekiko maitasuna aitortzea ez bada.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina