Gaur udaberrian sartu gara eta,
horrekin batera, aspaldiko partez titiak ukitu dizkidate. Bai, beno, bularrak
ukitu dizkidate, baita argazkiak atera ere; beno zapaldu esan beharko nuke,
estutu agian; ukitu bai, baina ez nik nahiko nukeen moduan.
Bi urtetik behin ukitzen, estutzen edo
zapaltzen dizkidate bularrak, doan, baina, egia esateko ez da oso
atsegingarria. Minetik gehiago du plazeretik baino, bularrak, edo titiak, diren
gorputzeko atal gozagarri horiek izateko.
Eta, zein da hitz egokia, bularrak ala titiak? Nik bularrak hitza medikuntzarekin lotzen dut, profesionalagoa bailitzan; titiak sexuarekin, gozamenarekin, baina hori nire pelikula dela uste dut.
Ez zait gustatzen besteek nire bularrak estutzea, bai titiak ukitzea ordea. Halere, lehena ziurtatua daukat bi urtetik behin, bigarrena, aldiz, konplikatuago dago.
Aspaldi ez dizkidatela titiak ukitu, behar
den bezala esan nahi dut, baina udaberrian sartu gara, maitasunaren, ernalketaren
eta bizitzaren urtaroan. Batek daki zer edukiko dudan hor zain, ezin itxaropena
galdu. Gutxienez esan dezaket, udaberriko lehen egunean bularrak airean jarri
eta eskuztatu dizkidatela. Hasiera ona udaberriarentzat? Batek daki.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina