2024/09/19

IRAILAK 19 (eginbeharrak vs betebeharrak)

Elhuyar hiztegian sinonimotzat agertzen diren arren, nik bi kontzeptuak bereiztu nahi nituzke.
Gaur eginbehar ugarirekin baina betebeharrik gabe jaiki naiz. Egin dudan lehen gauza labadora ipintzea izan da. Gero gosaltzeko zerbait erostera jaitsi naiz, gosaldu, bazkaria prestatu eta enkargutara joan naiz. Bi urtetan lehen aldia izan da perira joan naizena, bakailaoa  erostera. Eguna eguzkitsua da, eta oso  arraro sentitzen naiz eguerdian erosketak egiten edota liburutegira joaten, soilik jubilatuak eta ama gazteak euren haurrekin ikusi ditut kalean.

Ondoren, marea behean dela probestuz, hondartzara joan naiz bainutxo bat hartu eta eguzki epeletan etzatera. Kirol apur bat ere egin nahi nuen, baina berandutu egin zait eta dena ezin da, aukeratzen ere jakin behar da. Gainera, hamabost egun etxetik kanpo egon ostean, hura atontzea ere tokatzen da. Beraz, mendiko planak biharko utziko ditudala deliberatu eta idazketa kontuetan jarri naiz bazkal ostean, sofing apur bat egin eta gero.

Atzo Stockholmon nengoen arren, jada hura guztia urruti ikusten dut. Bizitza halakoa da. Berehala jartzen gara gauden egoeran, tartean sentimenduei eragiten dien auzirik ez bada behintzat.

Egia esan, egun hauetan asko akordatu naiz nire bihotzeko kuttunarekin, modu oso atseginean gainera. Orain, etxean naizela, aurreko egunetako amets horiek ilunago ikusten ditut, etxean errealitatetik gertuago bainago nolabait. Ispilua aurrean dut, ez milaka kilometrotara.

Bitxia da nola funtzionatzen duen gure buruak, nola gauza batzuk urrutira atsegin zaizkigun eta bertan mingarri. Dena perspektiba kontua da, baita esna ditugun ametsetan ere.

Eta bihar zinemaldia hasiko den honetan, aurten, inoiz baino libreago egonik, ez dut, oraingoz, inolako saiakerarik egin sarrerak erosteko. Ez dakit erosiko ditudan ere, gero eta gehiago gorroto baititut ekitaldi derrigorrezko hauek. Agian nota batzuk hartu behar ditut, ondoren zineman zein film ikusi ondo aukeratzeko. Baina hori ere egunetik egunera erabakitzen joango naiz, inolako betebeharrik ez baitut.

Eta besterik ez gaurkoz, hamasei egunetako zirriborroak transkribatzen hasi behar baitut. Ez da betebehar bat, neure buruari jarri diodan egiteko bat baizik.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina