2024/09/28

IRAILAK 28 (larunbata)

Irailaren azken larunbata da, etxean igaroko dudan lehena eta azkena hilabete honetan. Giroa nahasia da eta, egia esateko, etxean geratzeko moduko eguna dago. Halere, goiz esnatu naiz. Eskuratu berri dudan nire garminak dio loa kaskarra izan dudala, eskasa eta kalitate txarrekoa; eta gaineratu dit eguna kostata eramango dudala aurrera, nekea izango dela nagusi. Ba jaiki eta gosaldu ostean, marea behe samar dagoela probestuz, hondartzara paseatzera joatea erabaki dut, eta etxe guztia hankaz gora utzita alde egin dut. Ondarretan aparkatu eta oinez abiatu naiz kai aldera, zati batzuk paseotik, beste batzuk hondartzatik. Aterkia gainean neraman eta, beraz, apenas egin dit euririk. Zortzi kilometroko buelta egin eta etxera bueltatu naiz, lehenago Otaeguitik pasatuz, Donostian nagoenez, nola uko egin pantxineta zati bati.

Pozik heldu naiz nire gozoarekin etxera, euri zaparrada bortitza hasi duenean. Horrela dabil goiz guztian, orain ateri, orain ekaitza, tartean ostadar eder batzuk ikusteko parada suertatzen ari delarik.

Eta paseoa eginda lanean hasi behar: garbigailua, gosaritakoak jaso, bazkaria prestatu, gela atondu, hurrengo egunetarako hainbat hitzordu lotu. Konturatu orduko siesta ordua helduko zait, eta nire gorputza plazer horretara abandonatu aurretik erabaki behar dut ea zinemaldiko filma bat ikustera joan nahi dudan arratsaldean, hala aurten, lehen aldiz hogeita hamabost urtetan, zinemaldian zine aretoak zapaldu gabe geratuko naizen. Eta uste dut azken horren alde egingo dudala, zeren bihartik aurrera ikusteko interesa piztu didaten horiek aretoetan egongo dira.

Eta eguraldiari kasu handirik egin gabe, zaparradak geldituta arratsaldea polita izango dela baitirudi, bazkalostean sofan etzan naiz, liburua alboan, badaezpada ere, baina gauean izandako lo falta hori orekatzeko intentzio guztiarekin.

Siesta on denori!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina