Gaur Nafarroan hezkuntza publikoan greba deitua dago. Atzo berria entzuten, atentzioa eman zidan grebarako aipatzen ziren arrazoiak. Besteak beste honakoak: ratioak, erosteko ahalmenaren jaitsiera eta burokrazia.
Hezkuntza publikoko langile naizen aldetik, gaiari buruz iritzirik eman dezaket, eta gaiak, egia esateko, egun askotarako eman diezadake eta emango dit.
Gaurkoan aipamen txiki batzuk besterik ez nituzke egin nahi.
Ratioak: ez dakit zein den Nafarroako errealitatea, baina sinis dezaket ratioak handiegiak izatea, eta pertsonal gehiago behar izatea kudeaketa egokia egiteko.
Soldaten igoera: noski soldatak igotzearen alde nago, eta, gutxienez, KPIaren adinako igoera automatikoa behar luke, urtero, bai hezkuntzan, baita beste edozein lan-eremutan ere. Baina ez da hori, nire uste apalean, hezkuntza-sistemak duen arazo nagusia, inondik inora.
Kasu bat ekarri nahi nuke hona soldaten harira, Euskal Autonomi Erkidegoan gertatutakoa iazko ikasturtean, jakinik, jende asko haserretuko zaidala agian, baina berdin zait. Hezkuntzako langileak, gure arazo guztiekin, pribilegiatu batzuk gara, eta hori ikusten ez duenak, arazo handi bat dauka, eta hobe luke ofizioz aldatzea. Baina noan harira.
Nire lankide bat beste irakasle baten lanaldia betetzen ari zen. Lehen zatia gaixotasunagatik, gero erditzeagatik amatasun-baja eta azkenik edoskitzeagatik oker ez banago. Gauza da ia ikasturte osoko ordezkapena izan zela, egun gutxi batzuk kenduta. Bajan zegoenak legeak permititzen dizkion trikimailu guztiak erabili zituen, bere eskubideak erabili zituen alegia, baina ordezkoak urte osoko lana eginda hamalau soldata kobratu beharrean hamabi kobratzera ez zen heldu. Lan berdina prezio dezente merkeagoan.
Gabonak ez zituen kobratu, ordezkatuak amatasun baja mozteko aukera duelako. Inauterietako jai egunak ez zituen kobratu, arrazoi beragatik, ez eta aste santuko oporrak ere. Lanak amaituta, ekainaren 28an kontratua moztu zioten, eta udarako pagak ez naiz akordatzen nola doan, baina ez dituzte bi hilabeteak kobratzen. Lankide gizajoa ikusten nuen lan guztiak egiten, beti laguntzeko prest, borondatea erakutsiz, burokrazia guztia betetzen txintik esan gabe, baina gu guztiok baino gutxiago irabaziz. Eta non zeuden sindikatuak eta elkartasuna hor? Niri erresistentzia kutxa bat sortzeko gogoa ematen zidan, denon artean bere soldata osatzeko, baina hori ez da soluzioa.
Hasteko, nire uste apalean, ezingo litzateke permititu amatasun baimenak bakoitzaren gogora etetea. Baimen horien luzera handitu behar badira borroka dezagun horren alde, baina amatasun baimen batekin beste langile baten eskubideak zapaltzea ez da onargarria. Baten batek esango du hor norberaren etika sartzen dela, baina behin legea eginda ez dago balio duen etikarik. Egoera horiek legeak permititzen ditu, eta horren aurrean ez dugu ezer egiten eta esaten. Lotsagarria da. Beraz, nago denon soldatak igo aurretik, horrelako arazoei irtenbidea eman behar zaiela.
Amaitzeko aipamen bat burokraziaz. Zer da burokrazia, programazioak egitea, txostenak egitea, aholku orientatzaile bat ematea? Ba burokrazia hori behar beharrezkoa da, gure lana ondo betetzeko eta kontrol bat eramateko. Irakasle askok duela hogei urte egiten hasi zirena egiten jarraitzea nahi dute, ezer aldatu gabe, jendartean gertatzen ari diren aldaketei kasu egin gabe, soilik euren kolkoari begiratuz. Ez dituzte formazioak beharrezko ikusten, ezta koordinazio-bilerak ere, orojakileak dira. Ni oso kritika naiz jende horrekin, baina hori beste baterako utziko dut.
Bitartean, grebak bai, baina benetako arazoei aurre egiteko eta haientzako irtenbide egokiak bilatzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina