Ba gaur ere goiz esnatu eta jaiki naiz, eta garminak esan dit loa, beste behin ere, eskasa izan dela. Ez dut garminik behar ikusteko ez naizela deskantsatu izanaren sentsazioarekin esnatu. Badaramatzat egun batzuk ez dudala ondo lo egiten, printzipioz arrazoi jakinik gabe. Hormonak dantzan izango ditut akaso, nerabe baten moduan, arrazoiak, kasu honetan, beste adin bateko aldaketekin bat etorri arren.
Dena dela, indartsu sentitzen naiz,
sasoian, eta mendira joatea erabaki dut. Wikiloceko ibilbide bat hartu eta hura
egiteko asmoz irten naiz etxetik.
Garmin erloju bat eskuratu berri dut,
dirutza bat utzita, eta ibilbidea nire erlojura transferitu dut. Ba nahikoa nuen
erlojuari begiratzea, eta hantxe agertzen zitzaidan mapa, nik egin behar nuen
ibilbidea, eginda neukana eta uneko posizioa, prezisio milimetrikoarekin.
Flipatzen joan naiz bide guztian zehar, eskerrak bere garaian fisika ikasi nuen,
eta uhinei eta horrelako kontuei buruz zerbait dakidan. Halere, tresna hauek
guztiak ia magikoak begitantzen zaizkit, azti batek sortutakoak balira bezala.
Honekin Timbuktura erraz hel daiteke bat, galtzeko inolako beldurrik gabe.
Haluzinagarria da benetan.
Eta ezin gaurko lerro hauek amaitu nire
aitaren aipamenik egin gabe.
1930ean jaio zen nire aita zena, gaurko
egunez, sanmigel egunean, Donostiako Antigua auzoan.
Ez dut aita aipatzeko
ohitura handirik, gaztetan berarekin nuen harremana ez zelako oso gozoa, akaso.
Ni nintzen etxeko ttikia, neska bakarra, eta ez nintzen atera berak nahiko
zukeen modukoa. Estetikoki punki samarra, beti ilea motza, ez zen neska batengandik
espero zezakeena agian. Oroitzen dut nola hamasei urte besterik ez nuela
pelukeriatik bueltan nentorrela, berak ireki zidala etxeko atea, eta ni ikusi
bezain pronto zaplasteko bat eman zidala, nire buru rapatuari erantzunez, -eta
hurrengoa zer izango da- bota zidan segidan. Logelan itxi nintzen negar egitera.
Ez dut gogoratzen beste inoiz eskua gainean jarri zidanik.
Estetika hura gutxi ez, eta bere
parrandero sena nik jaso nuen, anaiek gaztetan egin gabeko gaupasa guztiak nik
berreskuratuz. Gutxienez ikasketetan erantzuten nuen, alde horretatik nitaz
harro sentituko zen, baina besterik ez. Nire gaztetako nobioa utzi izana inoiz
ez zidala barkatu esango nuke.
Ba hirurogeitazazpi urte zituela utzi
gintuen, duela hogeitazazpi urte. Bere oroitzapen asko ez dut, bere irudia oso
urruti geratzen zait, baina lortu nuen berarekin baketzea ama hil ondoren
egindako terapia batean.
Zauden tokian zaudela aita, ardo gorri nafar on batekin ospa dezazula zure eguna. Muxu bat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina