Dakizuenez, atzo zinemaldiaren 72. edizioa hasi zen. Aurten, oraingoz, ez dut sarrerarik erosi, baina interesa badut, eta hasiera ekitaldia telebistaz jarraitu nuen. Jakinmina neukan, iazko Donostia sariaren jabeak egingo zuen diskurtsoaz, eta nire usteak bete ziren.
Beno, hasteko, Andreu Buenafuentek eta
Berto Romerok egin zuten aurkezpen papera, eta egia esan asko gustatu zitzaidan
euren lana: bai gidoia, erabilitako tonua, turismoaren gaiari egin zioten
keinua, eta euskal munduarekiko adierazitako begirunea besteak beste oso onak
iruditu zitzaizkidan.
Baina gaueko izarra Javier Bardem zen.
Arratsaldean eman zuen prentsaurrekoan adierazi omen zuen gorputza ez zuela sarietarako,
Gazan gertatzen ari dena kontuan izanik. Beti lotu izan da bai bera, bai bere
familia ezkerrarekin, injustiziaren aurrean beti lehen lerroan egongo den
horietakoa omen. Ba nik bere diskurtsoa entzuteko irrikitan nengoen, eta aizue
ez zuen hitz bat bera ere euskaraz esan: ez gabon, ez eskerrik asko, txintik
ez. Eta aurten utzi gaituen Donald Sutherlandekin akordatu nintzen, nola sari
berdina jasotzean errepikatu zuen behin eta berriro milesker Euskal Herria.
Zer gertatzen zaie Espainiako
ezkerreko intelektual eta artista hauei guztiei? Okerrenak dira horrelakoetan,
ez dute inolako begirunerik azaltzen gure herriarekiko, gure kulturarekiko,
gure hizkuntzarekiko. Ez da lehen aldia gertatzen zaidana, eta gero eta argiago
daukat: progrearen mozorroa janzten dute, baina nazionalista espainol kasposo
batzuk besterik ez dira, hemen aipatu nahi ez ditudan fatxa ugariren
tankerakoak. Ezin baita ezkerrekoa izan eta hizkuntza gutxitu bat bazterrean
utzi. Keinu txiki bat nahikoa da begirunea adierazteko, baina ez dute
horretarako inolako lanik hartzen, berdin zaielako. Eta oso ondo Gazaz akordatu
izanaz, eta zenbat maite duen San Sebastian, eta… pikutara. Aktore bezala oso
ona iruditzen zait tipoa, baina bere atzoko moduak ez zitzaizkidan egokiak
iruditu.
Ezkerreko artista eta intelektual espainol
guztiak, beste kultura eta hizkuntzekiko begirune apur bat, mesedez!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina