Harritzekoa da ze gaitasun daukagun pertsonek gure bizitzako eremu desberdinak bereizteko, konpartimentu estankoak bailiran, euren arteko nahasketa ekidinez, inkontzienteki bada ere.
Ez dakit euskaldunen kontua den, edo
jatorriarekin zerikusirik ez duen, baina orohar, sozializatzeko darabilgun
eremua, gure herri ingurukoa da, gure bailarakoa irekiago direnen kasuan.
Besterik ez. Urrutiago joatea oso arraroak direnen kontua izaten da normalean.
Nik nire bizitza laboralaren bi heren
baino gehiago Debabarrenan igaro dut, baina oso gutxitan ibili izan naiz
bailara horretan sozializatzen, jaietan, jaialditan edo dena delakoetan.
Atzo Gararock jaialdira joan nintzen
Mendarora Arekin. Banekien ezagunen bat topa nezakeela, eta hala izan zen,
batzuk topatu nituen, gehienak ikasle ohiak, baina baita lankide izandakoak eta
zertaz ezagutzen nituen oso argi ez neukan beste batzuk ere. Edozein kasutan, gehien
harritu zidana zen denek galdetzen zidatela zer arraio egiten nuen nik han,
jaialdi herrikoi txiki batean, nire
etxetik hain urruti, ta, egia esateko, bazen arraroa ni Mendaron topatzea festi
batean, inoiz ez naizelako handik aisialdian ibili. Hura nire lan esparrua izan
zen urteetan, ez parrandarako edo sozializatzeko tokia.
Eta orduan hasten zara gauzak
perspektiban jartzen. Gipuzkoak New York hiriak adinako tamaina dauka, gutxi
gora behera. Donostialdetik Mendarora autoz ordu erdian ailegatzen zara, Hernanitik
Donostiara autobus gorrian joanez tardatzen duzun denbora berbera. Eta orduan
zergatik eman behar ditut azalpenak nolatan nagoen Mendaron, Timbuktun banengo
bezala? -Bai Maliko hiri horren izena gustatzen zait, eta oso urruti dagoela
dirudi, horregatik darabilt maiz. Eta otu zait Gipuzkoa ez dela New York, eta
hemen bailaraz aldatzea, han estatuz aldatzeko ekintza adinakoa dela gutxi
gorabehera.
Ba halakoak gehiagotan egin behar
ditudalakoan nago. Ederki pasa nuen, nire konfort egoera horretatik irteteko
modua izan zen, jende desberdina ikustekoa eta desberdinekin eragitekoa. Gainera
kontzertuak ederrak izan ziren, eta mutil guaporen bat ikusteko parada ere izan
nuen. Hurrengoan, akaso, ligatzerako pausua emango dut, baina horrek beste
batean beharko du.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina