Sei urte besterik ez zuen. Larunbata zen eta, artean, jaunartzea egin gabe zeukan, baina egun hartan mezetara joan zen amarekin.
Herriko parrokia
nagusira joan ziren. Herrian bi eliza zeuden, baina beraiek beti parrokia
nagusira joaten ziren, gertutasunagatik. Beste eliza langile auzo batean
zegoen, langileentzako propio Francok eraikitako auzo batean, auzo eta eliza,
dena bat, San Jose Obrero, erdigunean aintzinako alokairuan bizi ziren
herritar gehienak jauntxoak balira bezala. Haiek ere obrero, erdiguneko
alokairu merkeko frankisten etxebizitza zaharretan bizi ziren langileak.
Parrokia nagusian
zegoen beraz amarekin. Apaizak emandako sermoiaren nondik norakoak ez ditu
oroitzen, arreta jarriko zienik ere ez daki, baina oroitzen du, amaieran, ez
daki zein otoiren ondoren, aita gurea izango zen akaso, apaizak kontuz eta
lasai irtetzeko esan ziela, guardia zibilak beheko plazan zeudela.
Parrokian zeuden
gehienak emakumeak ziren. Emakumeak eta euren ume gazteenak. Gizonezkoak ere
bazeuden, baina bere aita behintzat ez zen han. Aita ez zen sekula izan oso
elizkoia, tokatzen zitzaionean joaten bazen ere.
Parrokiatik irten
ziren emakumeak, eta gizonak, eta umeak. Bera amaren eskutik helduta, isilik, oihurik
gabeko manifestazio batean, kalean behera, beheko plazarantz. Isiltasuna
erabatekoa zen, heriozkoa, oraindik oroitzen du, grabatuta geratu zaio, azalean
iltzatuta, berak ulertzen ez zuen tentsio une hura, beldurrezkoa. Eta guardia
zibilak beheko plazan, goraka bidean, eurak
zeuden aldera, bere etxe aldera.
Euren atalondotik igaro
arren beherantz jarraitu zuten, isilik, eta tiroak hasi ziren, baita oihuak
ere. Orduan korrika hasi ziren, ahal
zuten aldera. Euren atalondorantz tiratzen zuen amak, kostata, jendearen
korrikaldien eta sortu zen kaosaren barnean. Kostatu zitzaien atarira heltzea,
baina sartu ziren azkenean, beraiek eta beste hainbat pertsona, eskailerak
gora, urduri. Euren etxean sartu ziren, atzetik zetozen hamaika pertsonekin
batera, hamaika gazte. Aita etxean zen. Azkar prestatu zuten mahaia eta
janaria, eta edariak atera, ospakizun batean egongo balira bezala, nabaria izan
arren han ospatzeko gutxi zegoela. Guardia zibilak eskaileratan ibili ziren,
baina ez ziren euren etxeraino heldu. Etxe barruan isiltasuna mantentzen saiatu
ziren, han ere tentsioa, beldurra.
Gauerdi aldera, giroa
lasaitu zenean, alde egin zuten euren etxetik gazte arrotz haiek, geroago
betirako gogoratuko zituenak. Irailaren 27a zen, mila bederatziehun eta
hirurogeita hamabostekoa.
Hura izan zen
politikarekin izan zuen lehen harremana. Agian hor sortu zitzaion kontzientzia
politikoa, artean sei urteko neskatila lotsati bat besterik ez zenean. Ume
izanagatik ere, azkar ikasi zituen egun hartan apaizak ahotan izan zuen Txiki
izeneko afusilatutako gazte batek hil aurretik idatzitako hitzak.
Mañana
cuando yo muera
no me
vengáis a llorar
nunca
estaré bajo tierra
soy
viento de libertad
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina