Egun hauetan irakurri dut Kaixomaitiak, ligatzeko euskal aplikazioak, bere ateak (sarea esan beharko) itxiko dituela aurki.
Nik duela urte batzuk, dolu luze baten
ondoren, erabaki nuen banuela norbait ezagutzeko tenorea. Adinean aurrera goazela,
jendea ezagutzea zailagoa gertatzen denez, sare sozialen aldeko apustua egin
nuen. Gauza zen zein aplikazio erabili. Nik, aitortu beharra daukat, marra
gorri ugari dudala eta hainbat aplikaziok beldurra eragiten zidatela.
Eta pikoletoa bada, edo peperoa, edo nazionalista espainiarra… eta orduan
Kaixomaitian izena ematea erabaki nuen. Gutxienez euskalduna izango zen, nahiz
eta euskaldun sasikume asko dagoela jakin.
Esperientzia hartatik zer atera nuen?
Txat batzuk, tarteka oso dibertigarri suertatu zirenak; bi ezkondu eta inoiz
hasi behar izan ez nuen harreman labur bat, motzagatik min handia eragin zidana.
Azken horretaz ez dut ezer esateko, pasatu zen mina eta sare sozialak ligatzeko
erabiltzen uztea eragin zidaten.
Ezkonduei buruz zer esan? Ba, besteren
batean esan izan dudan moduan, jendea oso gaizki dagoela. Euren bizitzari piper
pittin bat jartzeko apuntatzen dira horrelakoetan, jakinik euren emaztea ez
dutela inoiz utziko.
Hasieran asko dibertitu nintzen biekin. Hitzorduak izatera heldu nintzen, berdin zitzaidan zein zen euren errealitatea, ni gustura nengoen eta kito. Baina denbora aurrera joan ahala, jabetzen hasi nintzen ni euren bizitzetan jostailu bat besterik ez nintzela, eurei ondo zetorkienean jartzen ziren kontaktuan nirekin eta aspertu egin nintzen. Erabaki nuen ni ez naizela inoren bigarren platera. Akaso pentsatzen zuten eurak noiz idatziko irrikitan nengoela, beste zereginik ez banu bezala? Popatik hartzera.
Eta hala amaitu nuen esperientzia
hura. Aitortu beharra daukat haietako batek tarteka idazten didala, ez zuen
beste maitalerik aurkituko eta ea bere jokoan sartzen naizen akaso. Ez diot
gehiago erantzun, gizon berekoi matxista bat bezala ari da, eta niri horrelakoak ez
zaizkit batere interesatzen.
Ai Z maitea, zer moduz zabiltza?
Kanpoan egon naizenean zurekin akordatzeak pozik jartzen ninduen, baina orain,
etxean, tristetu egiten naiz. Ziur al zaude ez duzula nirekin geratu nahi?
Agurmaitia!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina