Atzo sartu ginen ofizialki udazkenean. Jada esana daukat nire urtaro gustukoena dela ziurrenik, basoak janzten duten koloreengatik, etxera goxo biltzeko tartea eskaintzen digulako agian, munduratu nintzen urtaroa delako, ez dakit oso ondo, baina tristurarako garaia ere izaten da niretzat.
Atzo halakoa izan zen nire
udazkenerako sarrera, lasaia baina tristea. Arratsalde guztia egonean pasa
nuen, ezertan pentsatzeko, ezer egiteko gogorik gabe. Pelikula arin horietako
bat ikusi eta negar batean egon nintzen, agian negar egiteko beharra nuelako,
aspaldi ez bainuen egin. Eta eguraldi eskasa egitea desiratu nuen, etxean
sartuta egoteko aitzakia edukitzeko, norberaren etxean egoteko aitzakia bat
izatea beharko bagenu bezala. Eta gaur ere malenkonia horrek harrapatuta bezala
nago, nire orainean eta biharamun hurbilean pentsatuz. Eta nagiak harrapatuta
nauka beste behin ere, eta bi liburu musu aurrean jarri, baina ez naiz gai
haiek irekitzeko, barne katarsiaren eguna dut, eta gero zer, eta bihar zer,
galdetzen diot neure buruari, erantzunik ez dut ordea.
Horrelakoak dira batzuetan egunak, eta
horiek kudeatzen ikasi behar dugu, ikasi behar dut. Zure aldarteari izena jarri,
kontziente izan triste zaudela edo haserre, edo dena delakoa; zure tristeziaren
arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen errekonozitu, eta horri aurre egiten eta horrekin
bizitzen ikasi, zulo beltz batean erori gabe.
Eta halaxe sartu naiz udazkenean,
barrura begira, bihar kanpora begiratu ahal izateko.
Basoak
berde dira oraino
egunak
umelak
goizak
freskoak
etxea
epel dago, baina hotz.
Sabaiak
pisutsua dirudi
gainean
jausiko zaizulakoan
eta egunak
laburtzen ari dira
gero
eta azkarrago
gau luzeei
tokia utziz.
Irailaren
amaiera dugu
ikasturte
berria hasteko garaia
bizitzari
asmo berriak eskatzekoa
asmo
berriak betetzeko gauzak egitekoa.
Eta
ni hemen naiz
ohean
etzanda
tapakien
azpian,
errealitateari
begiak itxiz
gogor
zabaltzerakoan
zerbait desberdina
topatuko
dudalakoan.
Udazkena
heldu zait
jantzi
aldaketa egiteko sasoia
armairuan
ez dut oraindik baina
hobetoen
egokitzen zaidana aurkitu
eta
bila ari naiz
lehenbailehen
topatzeko esperantzaz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina