2024/08/20

ABUZTUAK 20 (izarrekin bueltaka)

Gaur Z-z hitz egin behar dizuet. Aurreko batean pertseidaz aritu nintzen. Ba Z pertseida bat da nire bizitzan, baina eguzki bat izatea nahiko nukeena.

Badira pertsona mota batzuk ezagutzen dituzun momentutik zure gogoan iltzatuta geratzen direnak. Z horietako bat da niretzat. Ezagutu nuen egunean txundituta geratu nintzen. Bere patxadak, naturaltasunak ta, zergatik ez esan, bere itxura fisikoak liluratuta utzi ninduten. Alde batetik animalia zauritu bat zirudien, baina, era berean, determinazioa handia transmititzen zuen. Ez dakit nola esan, baina ni momentuan enamoratu egin nintzen, hori esatea posible bada.
Gutxitan ikusi dugu elkar, eta ikusi dudan bakoitzean oso urduri jarri izan naiz, blokeatuta kasik, naturaltasunaren antipodetan.

Ba bi hilabeteren ostean Z ikusi dut berriro ere. Parrandan zebilen, txosnetan. Urrutira ikusi dut. Oso urduri jarri naiz, tripak mugitu zaizkit, komun bat bilatu behar izan dut. Ni kontzertu bat ikustera joan naiz eta kasik bi ordu izan ditut erlaxatzeko, lasaitzeko, kasu egitera joan ala ez erabakitzeko. Eta adorea bildu dut, ez dakit nola, eta jendearen artean bilatu dut, eta hurbildu naiz, eta bi musu eman eta zer moduz dabilen galdetu diot.
Bere irribarre goxoarekin hartu nau, tipo zoragarria da eta. Tarte bat egon gara berriketan kontu desberdinez, baina bera lagunekin dago eta ni bakarrik, eta han lekuz kanpo nagoela sentitu dut, ez nuen nire egonaldia gehiegi luzatu nahi era bortxatuan. Banindoala esan diot, ez dit eurekin pote bat hartzeko aukerarik eskaini. Ez nuen halakorik espero, baina itxaropena ez denez sekula galtzen… Halere, lasai geratu naiz. Nik egin beharrekoa egin dut, atsegina izan naiz, eta, aurretik, geratzeko aukerak eskaini izan dizkiot. Berak ez du nahi izan, zorte txarra, zer egingo diogu?
Ak esan dit ondo egin dudala, berari tokatzen zitzaiola zerbait esatea, nahiko balu noski, baina ez da gertatu, hori da errealitate bakarra.
Kosta egin zait lokartzea, ziurrenik, gaurkoa betirako despedida bat dela sentitu dudalako.

Ezagutu nuenean zelatatu egiten nindueneko sentsazioa neukan nolabait. Orain guztiz kontrakoa gertatzen zait, inolako interesik ez duenekoa.
Eta Z nire gogotik kentzeko garaia heldu dela pentsatu dut. Baina galdera da, zer nahi dut izatea, pertseida bat ala eguzki bat? Pertsona bezala estimu handia diot, lagun gisa izateko moduko mutila da, baina gai al naiz hori egiteko? Edo hala jokatuz gero nire agonia eta sufrimendua areagotuko ditut?
Gainera, eguzki bat izan dadin nolabaiteko kontaktua mantendu beharko nuke. Berak ez du egingo, baina nik egiten badut gaizki ari al naiz? Lagun bat besterik ez dela izango onarturik, ez al nioke tarteka idatzi beharko? Azken finean, nik ere nahi dut berak ni gertu sentitzea, nirekin konta dezakeela eta betirako lagun bat duela jakitea.

Zilegi al da horrela jokatzea? Edo betirako ahaztu beharko nuke inoiz ezagutu izan ez banu bezala? Ez dakit ni naizen eta gauzak gehiegi konplikatzen ditudan, ala mundu guztiari antzera gertatzen zaion, baina zenbat buruhauste izar bat gure bizitzetan agertzen den bakoitzean.

Eta gauean, ilargi betea izan arren, zerura begiratuko dut, ea Z berriro nire bizitzan gurutzatzen den ikustera. 

2024/08/19

ABUZTUAK 19 (utzi mugikorra alde batera)

Hasi aurretik aitortu behar dut gaur idatziko dudan guztia egia dela, egia berdaderoa, ez duela fikziotik ezer ez, eta, horregatik,  egiten zait hain beldurgarri. Eta gaurkoan bai, lotsa handia ematen dit egia hori guztia idatzita uztea, baina hausnarketarako guztiz beharrezkoa iruditzen zait.

Jaiki naiz eta lehen gauza, komunera joatearekin batera, mugikorra hartzea izan da. Mezu bat neukan ongizate digitalarena, asteroko txostena. Aitortu behar dizuet aurretik ez dudala inoiz horrelako mezurik irakurri, agian automatikoki borratu ditut erreparatu gabe, kontziente izan gabe. Gauza da gaur mezuan sartu naizela. Bertan, aurreko astean, batez beste, zenbat denboran erabili dudan mugikorra agertzen zitzaidan.  Zorabiatu naiz kasik. Egunero ia hiru ordu pasa ditut telefonoari begira; hiru ordu. Gaixo nagoela pentsatu dut, desintoxikazio klinika batera joan behar dudala pentsatu dut, gehiegizkoa da, onartezina.
Egia da oporretan egoteak hori duela: denbora libre gehiago, aspertzeko tarte gehiago, betetzeko ordu gehiago. Baina gehiegi iruditu zait. Eskerrak lau kontzertutan egon naizen, eta zinemara joan naizen, eta mendira, eta hondartzara, eta kasik bi eleberri irakurri ditudan, eta serie bat ikusten amaitu dudan, bestela, zenbat ordu izango ziren?

Txostenak detaile ugari ematen zituen, nik azalekoetan erreparatu dut. Gehien erabili ditudan aplikazioak honakoak izan dira ordena honetan: telegram, facebook eta instagram.
Pentsatzen jarri naiz nola justifika dezakedan gehiegizko erabilera hori, justifikatzerik bada. Telegramen kanal ugarietara harpidetuta nago (berria, argia, naiz, zinema gomendioak, lab irakaskuntza…,) eta haietatik eskuratzen dut informazio ugari. Beraz, neurri batean, justifika dezaket sare horren erabilera. Gainera, orain nire idazki hauek publiko egiteko kanala sortu dudanez, horrek denbora gehitzen dio erabilerari.
Facebook ere informatzeko erabiltzen dut, baina lehen baino gutxiago. Denbora pasa izaten da gehiago, eta idazki hauek kaleratzeko beste bide bat. Ondorioz, tarteka, irakurle batzuekin elkar eragiten dut bide honetatik.
Instagram betidanik erabili izan dut argazkiak partekatzeko. Argazkilaritza izan da nire afizioetako bat aspaldidanik, azken boladan idazketak lekua kendu dion arren. Hala ere, denbora ematen dut besteen argazkiak eta nireak ikusten.

Eta neurri batean erabilera justifikatu dezakedan arren, jarraitzen dut gehiegizkoa dela pentsatzen, eta nire buruari mugak jartzea besterik ez zaidala geratzen deliberatu dut. Baina nola? Ordu batzuez mugikorra ezkutatuz? Toki batzuetara eraman gabe? Itzaliz? Ez dakit, baina zerbait egin behar dut, eta hau jendarte guztira hedagarria dela iruditzen zait.
Jendarte bezala arazo handia daukagu. Gure gazteei beste ohitura batzuk erakutsi nahi badizkiegu, ez al dugu gu eredu izaten hasi beharko?
Eskoletan mugikorrik ez, baina eta etxeetan zenbat eta nola?

Ni, momentuz, oraintxe lau orduko mendi buelta bat ematera noa, naturarekin kontaktuak mugikorra erabiltzeko beharra kentzen baitit. Eramango dut, bai, emergentzietarako tresna egokia baita, baina erabiltzeko ikastaro batera apuntatu beharko naizela otu zait. Zuek antzeko arazorik ote duzue?

Utzi mugikorra alde batera, eta ondo hasi astea.

2024/08/18

ABUZTUAK 18 (hausnartzen)

Gaur goibel argitu du, euri-langarra ari du, etxean lasai geratzeko egun perfektua. Eta ni hemen, buruari eragiten, egunero moduan, kaiera honetan zerbait moldatzeko ahaleginetan.

Ez da ariketa erraza. Badakit amateur ziztrin bat besterik ez naizela. Egunero irakurtzen ditut aurreko egunetako sarrera batzuk, eta akats pilo bat topatzen ditut, edota aldaketak bururatzen zaizkit, baina helburua ez denez liburu bat argitaratzea, bere horretan uzten ditut nire idazkiak, bestela, ez bainuke inoiz amaituko. Hala ere, denbora tarte luze bat eskaintzen diet txatal hauei, eta, ez dizuet gezurrik esango, batzuetan idatzitakoaz harro sentitzen naiz, besteetan lurrazpian sartzeko moduko sentipena dudan modu berean. Hor ere autoestimuarekin bueltaka: lotsak, beldurrak eta galdera ugari.

Zeinek irakurriko ditu nire sarrera hauek?
Batzuk ezagutzen ditut noski, baina anonimoak, benetan anonimoak al dira, edota nik pentsatzen dudana baino gertuago daude nigandik?
Zein irudi proiektatzen ari naiz?
Kontatzen dudan guztia benetakoa dela pentsatuko dute, eta nire irudi zehatz bat ateratzen ari dira hemendik, ala dena asmakizun bat besterik ez dela sentituko dute?
Zein punturaino ari naiz nire burua agerian uzten, munduaren aurrean biluzten, ala dena engainu bat besterik ez da?
Zenbat dago egiatik eta zenbat imajinaziotik?

Autofikzioa nahiko modan dago azken boladan idazleen artean, eta beti da polemikoa. Batzuen aburuz idazleak hartzen duen autua bere bizitza kontatzerakoan gehiegizkoa da. Idazlea ezagutzen duten irakurleen kasuan lotsa sentitzen dute. Zertaz edo nortaz idazten ari diren badakite, eta voyeur moduan sentitzen dute euren irakurketa, laguna zelatatzen ariko balira bezala, bere intimitatea urratzen. Egoera horretan oso deseroso sentitzen dira.

Nik beste modu batera ikusten dut. Nire ustez bizipen pertsonal zehatz batek unibertsalak diren ideiak, sentipenak eta bizipenak azalarazteko balio du, eta nik irakurketak horrela egiten ditut. Idazten den guztia ez da erreala, fikziotik asko dauka eta irakurleak bere interpretazioarekin gehiago transformatzen du, gehiago fikzionatu, bere eremura ekarri.

Eta zuk irakurle, zer pentsatzen duzu honetaz guztiaz? Ni biluzik ikusten nauzu, ala hausnarketarako tarteren bat eskaintzen ari natzaizu?
Erantzuna bigarrengoa balitz, nire helburua betetzen ariko nintzateke,  eta hori bada autoestimua hobetzeko manera.

Igande on!

2024/08/17

ABUZTUAK 17 (aberatsa banintz)

Oporretan disfrutatzeko ez da gauza handirik behar. Nik, urtero, hondartza ondoan lo egiteko plana egiten dut, etxetik zazpi kilometrora. Huskeria bat irudituko zaizue, ergelkeria bat, baina niretzat izugarrizko plana da: planazoa.

Atzo gauean kontzertu batera joateko aitzakiarekin halaxe egin nuen. Furgoneta Ondarretan aparkatu eta bertan lo egin. Goizeko bederatziak aldera jaiki, bainadorea jantzi eta zuzenean bainu bat hartzera joan naiz. Igeri apur bat egin, dutxa hotza, jantzi eta handik taberna batera gosaltzera, aberatsak bezala.

Geroago furgoneta tokiz aldatu behar izan dut, isuna jasoko ez banuen, edota dirutza bat TAOan utzi, eta, berriz ere, hondartzara liburu batekin goiza pasatzera. Gaurkoan etxera itzuli naiz bazkaltzera, baina plana luza dezakezu txiringitoan zerbait janez, edo auzoko tabernaren batean pintxo batzuk, edo menua.

Zuei ez dakit, baina niretzat jaiki eta hogeitahamar metrotara itsasoa edukitzea izugarria iruditzen zait. Aberatsa banintz nire diru guztia horretan inbertituko nuke, apartamentu bat Ondarretan erosten. Baina loterian jokatzen ez dudanez zail samarra daukat. Beraz, tarteka, furgonan joango naiz nire ametsa betetzera.

Eta zuk, aberatsa bazina, zer egingo zenuke?

Ondoloin eta segi amesten! 

2024/08/16

ABUZTUAK 16 (erresilientzia)

Beti harritu nau jende askok aldaketetarako duen gaitasunak. Agian diesela naizelako, edo oso sentimentala naizelako, edota Diogenes puntu bat dudalako, kosta egiten zait zaharra gainetik kentzea, izan objektuak, izan pertsonak, izan egoerak. Denbora behar izaten dut egoera berrietara moldatzeko, agian gehiegizkoa, baina nire ustez denbora hori beharrezkoa zait ondo egokitzeko, izan lana, izan harreman bat, dena delakoa.

Beste batzuk, aldiz, ikusten ditut bizitzaz aldatzen elastikoz aldatzen duten gaitasun berarekin, gautik goizera, eta kanpotik behintzat ondo daramatela dirudi. Erresilientzia horrek flipatu egiten nau, eta, neurri batean, inbidia ere ematen dit, nik denbora asko behar izaten baitut zama gainetik kentzeko, zabor fisikoaz zein psikikoaz libratzeko .

Nire doluak eternalak izaten dira, tematia naiz gero merezi ez duten kontuekin, baina hala da, nire buruak hala funtzionatzen du eta ezin besterik egin.
Akordatzen naiz behin merezi ez duen pertsona batek zera idatzi zidala uatsapez: “hora de pasar página”, eta halaxe egin zuen, listo, ez dago besterik. Halakoetan norbera txiki ez, ezdeusa sentitzen da, erabili eta botatzeko objektu bat, pertsona baino gehiago.
Eta nik galdetzen diot nire buruari: zer dago halako pertsonen bihotzetan? Zer dute odola ala absenta ezer ez sentitzeko? Posible al da bizitza aldatzea aurrekoari itxiera egoki bat eman gabe? Non daude sentimenduak? Ala ez dago sentimendurik eta dena kontu praktiko bat besterik ez da?

Ba hemen nabil nire erresilientzia-maila hobetu nahian, praktikoagoa izan nahian, eta azken garaian nire gogoa bete duten kontuak gainetik kendu nahian, jakinik, oraindik denbora bat beharko dudala berriz ere zerotik hasteko.

(Z non ote zaude? Ondo zabiltza? Nirekin akordatzen al zara inoiz?) Ene, ez daukat erremediorik!

Ostiral on! 

2024/08/15

ABUZTUAK 15 (autoestimua)

Nire lankideei lotsatia naizela esaten diedanean ez didate sinisten. Gauza da zein egoeratan agertzen zaizkizun lotsak, ziurtasun-faltak, zalantzak, deserosotasunak. Azken finean autoestimu kontua da. Nik gauza batzuetarako autoestimu handia daukat, beste batzuetarako, aldiz, bat ere ez.

Pertsona bakoitzak bere konfort eremuak dauzka. Nirea beti izan da ikasketa eta lan-mundua. Horretan sentitzen naiz eroso, hanka sartzen dudala dakidan arren. Egoera horietan beti izan dut determinazio handia, eta ez daukat inolako arazorik jendearen aurrean hitz egiteko, nire iritzia emateko; lotsak ez du hor inolako tokirik, nire buruarengan estimu handia daukat.
Baina alor pertsonalean guztiz kontrakoa gertatzen zait, hor agertu ohi zaizkit ziurtasun-faltak, irudi txar bat emateko edota barregarri geratzeko beldurrak, finean, baztertua izatekoa. Eta egia esateko putakeria bat da. Eta ez naiz soilik lige kontuez ari, baita jende berria ezagutzeaz, edo ezezagunen talde batean integratzekoaz.
Adinarekin egoera hobetzen ari zela pentsatzen nuen, nire buruan konfiantza gehiago nuela, baina ez da horrela. Bereziki, alor intimora joz gero, autoestimu eskasa daukat, eta horrek, askotan, itsuskeriak egitera narama nahigabean.
Alkoholarekin lortu izan dut nire mamu horiek uxatzea, guztiz irekitzea, beldurrak galtzea, baina horrelakoetan biharamunak terribleak izan dira.
Behin konfiantza dudanean oso pertsona irekia izan naiteke, baina puntu horretara heltzea asko kostatzen zait. Bereziki, autoestimu handia azaltzen duten pertsonen aurrean gertatzen zait hori, mundua jango dutela transmititzen duten horiekin, eta ez da genero kontua.

Eta hor nabil, nire bi aurpegi horien artean oreka bilatu nahian eta ezinean. Egun batean esandakoaz damu, bestean egin gabekoaz. Neure mamuei aurre egiten ahal dudan modurik egokienean, neure beldurrekin borrokatzen.
Naturaltasuna bilatzen dut nire buruan, baita besteengan ere; barrutik irteten zaidana adieraztea inolako mugarik gabe. Eta horretan jarraituko dut. Beraz, inoiz itsuskeria bat egin badizut ez gaizki hartu lagun, nire barne katarsiaren emaitza besterik ez baita izan.


2024/08/14

ABUZTUAK 14 (lotsak)

Lehengoan M ikusi nuen. Egia esan azken urtean ikusten dudan hirugarren aldia da, baina, aurretik, gutxienez hamabost urte dira ikusten ez nuela.

Parranda batean ezagutu nuen, gaueko ordu txikitan, edo goizeko lehen argitan. Bere etxean amaitu nuen. Askotan diodanez memoria laburrekoa naiz, eta ez naiz gauza askorekin akordatzen, baina Mren goxotasunak eta sentsibilitateak harritu nindutelako akaso, detaile batekin oroitzen naiz beti: Ben Harperren disko bat  jarri zuela etxera heldu bezain pronto, giroa gozatzeko. Artean nik ez nuen musikari hura ezagutzen, baina, ondoren, ni izan nintzen bere diskoak erosi zituena, baita bere kontzertuetara joan ere.

Beste behin elkartu ginen M eta biok. Bigarren aldi hartan nire etxean amaitu genuen. Garai hartan oraindik ez genituen mugikorrak erabiltzen egun bezala, eta ez genituen kontaktuak elkarbanatu, beraz, hor amaitu zen gure harreman guztia.

Horrenbeste urteren ondoren, berriro ikusi nuenean, moztuta geratu nintzen, blokeatuta bezala, hasieran bere izena zein zen ez nuelako gogoratzen ziurrenik. Lotsa ematen zidan hori aitortzeak, eta ez nion ezer esan. Berak ere ez zidan ezer esan.

Lehengoan ikusi nuenean, gogoa eman zidan berarengana joan eta bizitza zer moduz doakion galdetzeko. Baina, begira geratu ginen lipar batez biok, serio, eta justu-justu buruarekin keinu bat egiteko gai izan ginen, nintzen.

Amorratzen dut nire gaitasun-falta hori. Beste bat hurbildu eta izugarrizko berbaldia edukiko zuen, baina nik ezin. Lotsatu egiten naiz, blokeatu, nire beldurrak dira egoera horietan txiki egiten nautenak, eta ondoren damutzen banaiz ere, momentuan ezin dut ezer egin. Oso drogatuta beharko nuke kasu egitera, hitzegitera joateko, baina ez zen kasua.

Eta egun hauetan M-kin pentsatu eta hurrena ikusten dudanean, agian beste hamabost urte igaroko dira, hitz egiteko determinazioa hartu dut, lotsak alde batera utzita. Ea lortzen dudan. 

2024/08/13

ABUZTUAK 13 (utzi lekua senoroi mesedez)

Oso ohikoa da jendea egon behar den toki horietan (modako taldearen kontzertuan, ekitaldian…) egotea, baina inolako interesik gabe.

Zenbat aldiz tokatu zait kontzertu batera joatea ordainduz, eta lehenengo ilaran jendea berriketan egotea, musikariei kasik erreparatu gabe. Gauza bat da komentarioren bat egitea, baina kontzertu guztian terapia egitea, ba oso normala ez da, eta niri, señora bat naizela, izugarri  molestatu egiten dit. Gainera, jendeak dirua soberan dauka alferrik xahutzeko? Horrek ere harritzen nau.

Kontzertua dohain denean, festetan gertatzen den moduan, hori oraindik nabarmenagoa da. Interes berezirik ez duten kuadrilla osoek aurreneko postuak hartzen dituzte, borobil bat egin eta ez dantza ez ostiyaik; lekua okupatu, berriketan egon eta traba egin, besterik ez. Atzo gertatu zitzaigun zopilotesak ikusten, baina oso ohikoa da.

Lagun musikari batek kontatu zidan, behin, izugarri haserre, eszenatokitik galdetu zuela ea has zitekeen. Eta kontua da, kasu askotan, gainontzeko ikus-entzuleei traba egiteaz gain, musikarienganako errespetu falta handia erakusten dutela halako pertsonek. Nik ez dakit kontziente diren, edota inporta zaien. Nahi duguna egiteko askatasun horren izenean, besteen askatasuna mugatu egiten dugu maiz, eta hor dago konfliktoa.

Ez bazaizu gustatzen alde egin, edo jarri atzean, edo barran bermatu zure ukondoa eta egin nahi duzuna, baina utzi senoroi lekua, han bagaude interesatzen zaigulako da, ez baitakigu gure azken aldia izango ote den.

Egun ona izan, eta gora piratak!

2024/08/12

ABUZTUAK 12 (prokrastinazioa)

Lehengoan idatzi nuen ikasle garaitan ikasi nuela prokrastinatzen. Terminoa duela lau urte soilik ikasi nuen arren, modan jarri zen garaian serendipia eta resilientzia terminoekin batera, egin beharrekoak edozein aitzakiarekin beranduagorako uztea, denok oso ondo, kasik jaiotzetik, ezagutzen dugun zerbait da. Eta ikasle garaian ez ikasteagatik edozer egiten duzu. Ni ez nintzen iritsi futbola ikustera, baina bai tenisa.

Ba prokrastinazioaz ari nintzela, gaur goizean txio batean irakurri diot idazle bati, olinpiadak amaituta zer erabiliko ote dugun prokrastinatzeko. Berak beste gai pare bat aipatzen zituen ere, baina nik kirolaren gaian zentratu nahi dut. Eta egia da, kirola, telebistan, beste ezer ez egiteko aitzakia perfektua da.
Ondo dago tarteka zerekin entretenitu edukitzea, baina hortik eta egun santu guztia sofan eserita egotea ez al da gehiegizko?

Eta orduan etxeko lanen banaketa eta berdintasuna etorri zaizkit gogora; eta akordatu naiz futbola euren bizitzetan instalatuta duten familiez, familia heteronormatiboez zehatzagoak izateko; eta otu zait irailetik hasi eta maiatzera arte ia egunero futbola telebistan egoten dela jakinda, ez ote den hori estrategia bat, familia barruko lan-banaketa orain arte bezala jarraitzeko. Alegia, gizonak sofan eserita partida ikusten eta emakumeak sukaldea jasotzen, labadorak ipintzen, umeak lokartzen, euren etxerako lanetan laguntzen…

Beraz, agian berdintasunaren izenean futbola debekatu beharko genuke telebistan? Edo debekatu ez, baina muga batekin emititu?

Nik hor bota dizuet, agian oso oker nabil, baina ea hausnarketarako balio duen.

Eta horrela eman diot hasiera abuztuko oporren ekuatoreari.

Aste on guztioi!

2024/08/11

ABUZTUAK 11 (lehortea)

Gaur lehor nago. Atzoko alkoholak deshidratatu nau barrutik, bero jasanezinak kanpotik; eta itsasoan bainuak hartuz saiatu naiz tenperatura egokia mantentzen, eta ura edanez nire erraiak hidratatzen. 

Eta gogora etorri zaizkit horrelako tenperaturak egunero jasaten dituzten herrialdeak.
Eta gogora ekarri ditut bertako biztanleak, urik gabe, lur idor baten gainean bizi behar dutenak, ia ezer gabe.
Eta gogoan izan ditut mundu hobe baten bila odisea batean sartzen direnak; bidean esplotatuak diren horiek, bortxatuak diren horiek, itsasoaren erdian hiltzen diren horiek edota, helmugara helduta, errefuxiatuen eremuetan sartzen dituzten horiek.

Eta bai, ni gaur lehor nago, kiskalita literalki, burmuina ere alfer ezer ekoizteko, baina beste batzuen aldean ez nago kexatzeko moduan; kanila ireki eta ura barra-barra baitut nahi beste edateko; edota itsasoan edo errekan bainu bat har dezaket freskatzeko; edo dutxa hotz bat etxeko bainugelan. Beste batzuek ez dute horietatik ezer.

Beraz, akorda gaitezen, tarte batez bada ere, beste egoera horiek bizi dituztenekin eta gutxiago kexatu!