2025/05/07

MAIATZAK 7 (elizan)

Gaur, aspaldiko partez, elizan izan naiz. Lepo zegoen. Urteak ziren ez nintzela batean sartzen, are gutxiago hitzaldi bat entzuteko. Bai, ondo irakurri duzu, hitzaldi bat entzun ez sermoia, elizan egon bainaiz, baina ez mezetan.

Elizak toki paregabeak dira ekintza kulturaletarako, horretarako berreskuratu beharko genituzke, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak antolatzeko. Eta gaur, ez dakit zein santuren izenean, Urumeako Mendiak Bizirik plataformakoek Antonio Turiel fisikari teorikoaren hitzaldia antolatu dute bertan, trantsizio energetikoaren mugak lelopean.

Hitzaldia oso interesgarria eta argigarria izan da zentzu askotan (Naizen jada haren erreportajea aurki dezakezue), baina horretaz gain, niri publikoaren inguruan bi kontuk eman didate atentzioa.

Lehena, han geundenen batez besteko adina. Hirurogei esaten badut ez nabil oso oker. Gazte batzuk bazeuden, noski, baina gaztez lepo egon beharko lukeela pentsatzen dut, kontuan izanik gure mundu eta planetaren etorkizunaz ari garela, eta eurak direla afektatuenak neurri batean.

Bigarrena, generoan zegoen desoreka. Hamarretik bi emakume geundela badiot luze geratzen naizela esango nuke, eta horrek zientzietako irakasle emakume gisa zer pentsatua eragin dit. Uste nuen rolen garaia gainditua geneukala nolabait, baina ezetz konturatu naiz. Eta, berriz ere, historia errepikatzen da eta erabaki eta gai inportanteak gizonen esku delegatzen ditugu. Sinistu behar al dut, behin tertuliana bati entzun nion moduan, emakumeok ez dugula inolako interesik zientzian? Zer ari gara gaizki egiten hezkuntzan, oraindik ere, emakumeek letrekin eta zaintzarekin loturiko ikasketak lehenesteko joera dutela, ikasketa teknikoagoak gizonezkoen esku utziz?

Tristea iruditu zait eta kezkagarria. Mundua irauli nahi dugu, baina ez diogu zezenari adarretatik heltzen. Eta horrela noiz arte?

Dena dela pozik egoteko motiborik ere bada, gaur eliza bat bi orduz okupatzea lortu baitugu mundu hobe bat nahi dugunok eta hori ez da zernahi gauza.

Eta zu zer zara letretakoa ala zientzietakoa?

Gabon!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina