2025/05/18

MAIATZAK 18 (euskaraldia)

Euskaraldia hasi denetik egunero joan naiz Donostiara gauza bat dela edo bestea dela. Zonalde eta auzo desberdinetan ibili naiz. Jendearengan erreparatu dut eta belarria jarri, erne, besteen ahotan nagusiki zein hizkuntza entzuten zenez jabetzeko.

Agian ez dut ezer berririk esango, baina hartu dudan desengainua itzela izan da. Nik beti pentsatu izan dudala Donostian, beste hiriburu batzuekin alderatuta, euskara gehiago egiten dela, nire uste hori irentsi behar izan dut errealitatearekin topatu bezain pronto.

Apenas ikusi dut txaparik paparrean, esan beharra dago niri ere zamarraz aldatzean ahaztu egiten zaidala jartzea, baina okerrena da jende euskaldun petoa gaztelania hutsean somatu dudala han eta hemen. Ez, ez ziren turistak gaztelaniaz ari zirenak, bertakoak baizik.

Gaur, hondartzarako bidean, Adegik eta DVk babesturiko enpresen lasterketaren amaierarekin egin dut topo. Gaztelania besterik ez dut entzun. Hondartzan ere belarria zut eduki dut han eta hemen. Euskañol asko, euskaldun perfektu baten azentuaz, español gehiago eta euskara gutxi, oso gutxi izan dira entzun ditudanak.

Eta hori da dugun errealitatea, hori irauli nahi eta behar duguna, eta euskaraldia bezalako kanpainaren barruan aldaketarik somatzen ez bada, zer izango da urteko beste edozein egunetan?

Euskaraldian izena ematen dugunok, daturik izan gabe, esango nuke berez euskaraz bizi garenak edo euskararekin harreman estua dugunak garela ehuneko handi batean. Guk ez dugu txapa  bat behar egunero egiten duguna egiten jarraitzeko, baina zer egin besteekin? Benetan ba al dakite euskaraldia hasi dela? Zer den hori? Zertarako egiten den? Interesatzen al zaie?

Galdera asko eta erantzun gutxi gure hizkuntzaren erabilera nola handitu asmatzeko. 
Egia aitortuko dizuet, nire gurasoen etxean gaztelaniaz egiten zen, hala tokatu zelako, baina ni gero eta selektiboagoa naiz hizkuntza kontu hauetan, eta tarteka gaztelaniaz hitz egin dezakedan arren, ez nago prest nire bizitza gaztelania hutsean egiteko, ezin dut eta ez dut nahi. Eta zu irakurle?

Igande on!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina