Gustuko dut marea behean denean,
goizaldean, Donostiako hondartzetan barrena pasiatzen ibiltzea. Ondarretan hasi
eta Nautikoraino heldu, pareta edo arrokak oinez ukitu* eta buelta hasera
aldera, edo alderantziz. Maite dudan gauza bat da, lasaitu egiten nau, berdin
dio negua ala uda izan. Udaran bainujantzian, neguan estaliago, baina itsasertzetik
ibiltzea eguzki izpiak jasoz plazer izugarria ematen dit.
*Bai, pareta ikutzen dut, ez dakit zergatik, norbaiti ikasia diodan edo txikitatik ikusi dudan zerbait den, baina ez da sineskeria bat.
Hondartzako umea izan naiz ni, udara guztiak pasatzen genituen izeba baten koinataren Kontxako toldoan, eta bai maite dut hondartza, harea, ur gazia, dutxa hotza, pikoloroko haitzak, han egiten den umeen txisek epelduriko piszina naturala, denak dira txikitako oroitzapenak eta denak gaur eguneko plazer txikiak.
Eta pasiatzen noala aurretik doazenen
edo gurutzatzen ditudanen gorputzetan erreparatzen dut. Terapia ona da
konplexuz beteriko gizarte honetan tontakeriak alde batera uzteko. Denetariko
gorputzak ikus ditzakezu. Batzuk oso argalak, beste batzuk oso potoloak. Ez
dira bi berdin. Adin batetik aurrera tripatxoa edo emakumeok zelulitisa edukitzea
naturala dela ikusten duzu. Emakume batzuk nik baino tripa gutxiago dute, baina
ipurtaldea askoz zabalagoa eta zelulitis gehiago. Eta orduan neure buruari
esaten diot, berrogeita hamaseirako ez nagoela hain gaizki, eta bikoterik ez
badut ez dela nire itxura fisikoarengatik, beste arrazoi batzuengatik baizik.
Eta
zeintzuk diren beste arrazoiak, ba zaila da bat zehatza ematea. Izaera akaso,
ez naiz edozerekin konformatzekoa, exijenteegia naizela diote ezagutzen
nautenek; gainera, lotsak eta beldurrak pausoak ematea galarazi izan didate, eta
askotan geratu naiz nik egin nahi nuena besteek nola egiten duten ikusten.
Baina
ez zen hori ekarri nahi nuen gaia, bikoteak pasiatzen ikusteak nahastu egin nau.
Nion, hondartzak toki zoragarriak direla konplexuak galtzeko. Han denetarik
ikus dezakezu, eta konturatzen zara zu bat gehiago zarela zure inperfekzio
guztiekin, beste guztiak bezala, baina ura hanketan sentitzeak, brisa aurpegian
eta eguzkiaren epela bizkarrean arazo guztiak ahaztarazten dizkizu une batez,
plazerari tarte bat utziz.
Ba bihar ere marea behean tokatzen da
goizez eta eguraldi ona dator. Plazer une baten bila joango naiz Kontxara, nire
konplexu eta beldur guztiak ahazturik. Ea elkar ikusten dugun.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina