2025/08/09

ABUZTUAK 9 (ogia ez da turistikoa)

Beti nire gorputzaz kexatu arren, dietari buruzko aholkuak ematen dizkidatenean ez dut kasurik egiten. Askotan entzun ditut ogia kendu, glutenik gabeko dieta egin, bai zera, bizitza honetan gehien gustatzen zaizkidanak ez ditut ba kenduko, garagardoa eta ogia. Lehena ez dut egunero kontsumitzen, bigarrena bai, nire otordu guztietan, ez dakit ogirik gabe jaten, baina horretan, garagardoan bezala, adinarekin sibarita bihurtu naiz. Ahal denean garagardo artisaua hartzen saiatzen naiz, oso lupulatua, ahalik eta kimiko gutxiekin; ogiarekin ere herrian dagoen ama oreko ogi ekologikoa hartzen ohitu naiz. Eta okindegiari ederki doakio, pozten naiz, eta hilabete osoa oporretan igaroko dutenez, gaur, hondartzarako bidean, Zurriolatik pasatzea erabaki dut, The Loafen espelta ogi integrala erosteko asmoz. Erakusleihotik ogirik ez dut ikusi, halere sartu naiz galdetzera. Ba lekua jada ez da The Loaf deitzen. Euskaraz ez zekien saltzaileak jada ogirik saltzen ez dutela adierazi dit. Hura egoten zen apaletan Basque Cheese cake inprimaturik zuten kartoizko bilgarriak zeuden. Nire harridurarako, edo ez, denda guztia Donostiarretik ezer ez duen ditxosozko tarta horretaz beterik zegoen.

Ogia bertakoek erosiko zuten, opilak, aldiz, kanpotarrek erosten dituzte, kola eginez, jabeen diru kutxak betez, bertakoen ohitura osasuntsuak erabat alboratuz.

Eta orduan otu zait Donostian ogi ekologikoa saltzea ez dela negozioa ez baita turistikoa. Ogi mota hori beste bizimodu motelagoa bilatzen dugun klase ertaineko zoro batzuk soilik erosten baitugu, nahiko garestia baita, baina horrekin ez da nahiko Donostia mailako negozioa egiteko.

Eta izugarrizko pena sentitu dut, turismoa eragiten ari den kalteaz kexu. Eta bizikleta hartu eta hiru kilometro estra eginez hondartzara joan naiz, motxila hutsik, ogirik gabe, iraila arte ogi industriala jaten egon beharko naizela pentsatuz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina