Etxe ondoan dudan supermerkatu batera joateko ohitura daukat. Bai, badakit herriak bizirik nahi baditugu komertzio txikiaren alde egin behar dugula, eta hori ere egiten dut, baina supermerkatura ere joaten naiz. Onartzen dut.
Lanbide batzuk oso feminizatuak egon ohi dira, beste batzuk izugarri maskulinizatuta dauden modu berean. Askotan akordatzen naiz nola kontatzen zuen lagun batek erriberako ikastetxe batean gurasoek el andereƱo esaten ziotela.
Beno harira, supermerkatu honetako
kutxetan ohikoena da emakumeak egotea, baina gizonak ere izaten dira. Lehengoan,
begi ondoan bere azalaren koloreko baino tonu argiagoan MIURA tatuaturik
zuen kutxazaina tokatu zitzaidan. Tipoa nahiko lasaia zen, ez nion zezen
entzutetsu horien trazarik hartu, eta hori tatuatzeko arrazoietan pentsatzen
jarri nintzen.
Horretan ari nintzela, beste tipo bat
supermerkatuan sartzen saiatu zen, baina ez zuen sarrerako barrarekin asmatzen.
Orduan gure miura hasi zitzaion eskumara mugitzeko, ezkerretara ez, eskumara.
Argi zegoen ergel aurpegia zuen tipoak ez zituela erosketak maiz egiten, barruan
zegoen emaztearen bila zihoan eta… komentarioak niretzat gordeko ditut
iraingarri ez suertatzeko.
Kontua da kutxazaina ez zela oso ondo
sentitu tipoari hitz egin zion moduarengatik, ia Cocorena egiten, ezker eta
eskuin zer diren azaltzen kasik, eta orduan han geundenoi bota zigun ez
zitzaiola gustatzen bezeroei horrelako azalpenak ematea, tontotzat tratatzen
zituela pentsa zezaketelako, eta zein ote zen bera inori azalpenak emateko,
bera ez zela munduko tiporik azkarrena, begiratzeko zertan egiten zuen lana,
supermerkatu bateko kutxan.
Flipatu egin nuen, aspaldi ez nuen halako predikurik entzuten, txaloka hasteko gogoa eman zidan. Eta orduan otu zitzaidan Miura baino tipoak Einstein tatuatua beharko lukeela bere begi ondoan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina