Etxetik kanpoko oporrak amaituta, galbana moduko bat jabetu da nitaz, eta bi aukera besterik ez dut begiesten: edo Donostiara joan eta festaz gozatu, bi egunetan egin dut, edo etxean geratu literalki ezer egin gabe.
Beroak ez du laguntzen, dena esan
beharra dago, baina lehor sentitzen naiz ezertarako, irakurtzen ari naizen
liburuak bere baitan harrapatu eta sofatik mugitzea eragotziko balit bezala.
Halere, bitxia da gero, liburua bera irekitzea kosta egiten zait eta, kontatzen
didan errealitatea gogorregia bailitzan hura neure gogoan prozesatzeko.
Eta zer esan mendi buelta bat egitera
joateari buruz; hamabost eguneko trekkingen ostean mendiarekiko atsedena behar
dudala onartzen dut, laster erritmoa berreskuratzea espero dudan arren. Orain
gogoak parrandara deitzen nau, kantatzera eta dantzatzera, baina horietara
bakarrik joatea ez dut atsegin, eta horretarako musika ere gogokoa behar dut.
Eskaera gehiegi abuztu bero baterako.
Eta notiziak ikustea drama bat da, suteak
hemen eta han, genozidioa han, Palestinan, mundu osoak ikusle papera hartu duen
bitartean. Noiz arte? Ze mundu mierdatan bizi gara?
Eta batzuk maitasuna
zabaltzeko desiratzen, gure horren hartzailerik topatzen ez dugun garaian.
Eta ni inspiraziorik gabe nire egunerokoaren
orrialde hutsak izkiriatzeko; hori ere abandonaturik daukat, beroaren eraginez
izango da. Eta gauean nire gorputz biluzia blaituta esnatzen da, eta une batez
nire ondoan zaudela imajinatzen dut, baina hori ere beroak eragindako haluzinazio
haluzinagarri bat da.
Baina funtsean, atzean dagoena da
badatorkidala errutina, badatorrela eguneroko bizitza normala, nire ezin eta
gabeziei egunero normaltasunez aurre egiteko garaia, eta horretarako ere,
bereziki horretarako, izugarrizko galbana daukat. Horregatik nahiago ez
pentsatu, nahiago sofan izozturik geratu irakurtzen ari naizen eleberriaren bi
pertsonaien antzera, eta une batez edo tenporada batez desagertu mundu krudel
honetatik, denborak aurrera egin dezala, ni nire gotorlekuan goxo nagoen bitartean,
inspirazioak berriz kasu egin arte.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina