Goizeko zazpietan esnatu naiz, baina apur bat gehiago geratu naiz ohean. Halere, gosaldu eta nire asmoa mendira joatea zen, iragan dudan urtean egindako kirola eta lortutako sasoiari eutsi asmoz. Baina alferkeria nitaz jabetu da. Badirudi indar ikusezin batek, indar asko dira ikusezinak, nire sofan bermatuta mantendu nahi nauela, eta irteteko saiakera egin arren, sofan amaitzen dut nik hala ez erabaki arren.
Aurten lorturiko sasoia nion, jada
hiru astez lasaiago ibili ostean galdu dudana. Egun batetik bestera bi kilo irabazi
ditut eta izugarri puztua nago. Horri bueltaka ari nintzela irten naiz azkenean
kalera, ahalegin handia eginez.
Mendira joan naizenik ezin esan, buelta
bat ematera esango dugu. Eta nabaria zen ekaitza zetorrela, baina ni iragarpenei
itsu eta sorgor hor abiatu naiz ez aterki, ez kapusai, ez deus. Hamar minutu
oinez neramatzala hasi du euria. Fin hasieran, bortitz berehala; halere,
aurrera egitea erabaki dut. Imajina dezakezue nola heldu naizen etxera ordu ta
erdi beranduago, mela-mela eginda. Baina, zorionez, dutxa beroa daukat eta
arropa lehorrak eta sofa eroso bat, aurreko umeltasuna gainetik kendu eta goxo-goxo
egoteko.
Eta zinemarako asmoa ere banuen, baina
udazken beteko eguraldi honek etxean geratzera bultzatu nau, inkontzienteki biharko
prestaketa saioa egitera, horretan gogoa jartzeko inolako jarrerarik ez
dudanean. Akaso irakurtzen igaro beharko nuke arratsaldea, baina hasi berri
dudan eleberriak ez dit inolako atxikimendurik eragin eta beste bat bilatzen
hasi beharko nuke eta horretarako ere alfer nago.
Orduan ohartu naiz igandea dela. Gaur sentitzen ari naizen hau ez dela soilik etapa baten amaieraren seinale. Gaur eguraldi tristeko igande bat da, bihar lanera joan behar dut eta ez daukat zetarik alboan zeinekin mantaren azpian film batez gozatu.
Orain bai sartu naizela bete betean
egunerokoan. Animo bihar lanera bueltatzen zareten guztioi, ez zaitzatela
alferkeriak sofan itsatsirik harrapatu, hortik irtetea zaila izango baitzaizue
ziurrenik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina