1993an Bill Murrayk antzezturiko filma El día de la marmota izenez zaigu ezaguna, estatu espainolean Atrapado en el tiempo izenburupean pantailaratu zuten arren. Ba nire aurtengo urtea, ez eguna, marmotarena dela esan dezaket, ezbairik gabe, arrazoi desberdinak medio.
Lehen aldia da marmota edo muxarra ikusi dudana. Baina kuriosoa da gero, Piriniotan mordo omen dago, baina nik sekula ikusi ez. Lehena Kyrgyzstanen ikusi nuen, goizean goiz, neure behar fisiologikoak egiten ari nintzela. Ume txiki bat bezala sentitu nintzen, aurkikuntza bat egin izan banu bezala. Eta hara non, azken egun hauetan Sarrioen ibilbidea egiten aritu naiz eta sarrioak ez, baina marmota mordoa ikusi dut, eta ni Kyrgyzstanez harrokeriaz mintzatzen… Nola diren gauzak.
Baina marmotaren urtea diot ez soilik marmotak ikusi ditudalako, hori ere bai, noski, laurogeita hamarreko hamarkadako filmean bezala, bizitza edo egoerak errepikatzen ditudala iruditzen zaidalako baizik. Alde bakarra niretzat urtea igaro dela izan da.
Urte bete zaharragoa naiz, baina duela
urte beteko antzeko egoeran nagoela esan dezaket. Antzeko gauzak egin ditut
udaran, antzeko sentimenduak dauzkat, antzeko nahiak, antzeko ezinak eta
antzeko beharrak. Etorkizunak antzeko bizitza ekarriko didala iruditzen zait
eta hemen nago, ordenagailu aurrean eserita, denbora pasatu izan ez balitz
bezala, bihar ere marmota ikusteko itxaropenaz jaikitzera banindoa bezala.
Baina benetan marmota ez da marmota, nire gogoan gorderik dudan ametsa baizik,
eta ez zaizkit nahiko nituzkeen egunak errepikatzen, hainbat kontu modu desberdinean egiteko aukera izanez, baina sentsazioa etengabeko deja vu bat bizitzen ariko banintz
bezala da.
Marmotaren urtea, bai horixe, iratzargailuak goizeko seietan jo eta dena errepikatzen dela ikusi, denborak aurrera egiten jarraitzen duen bitartean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina