2024/09/30

IRAILAK 30 (hilabete bat)


Eta konturatu orduko

iraila joan da

kasik ez ustean

 

Astelehenak aldapa gora azaltzen dira

aste guztiko perspektiba aurrean

eta zuk normaltasuna berreskuratu nahi

normala ez zaizun egoera batean.

 

Eta hutsuneak gero eta nabarmenagoak dira

gogorragoak begitantzen zaizkizu

astunagoak, jasanezinagoak.

 

Eta naturara jotzen duzu

minak askatzera

bakardadetik ihes egitera

lurrarekin konektatzera.

 

Udazkeneko egun eguzkitsu batez

esan diozu agur

zure bizitzako etapa berriaren

lehen hilabeteari

 

Ez etsi, hartu lasai

etorriko dira une gozoagoak, alaiagoak

eta zorte apur batekin

maitasuna helduko zaizu

zure bizitzaren udazkenean.

2024/09/29

IRAILAK 29 (aita)

Ba gaur ere goiz esnatu eta jaiki naiz, eta garminak esan dit loa, beste behin ere, eskasa izan dela. Ez dut garminik behar ikusteko ez naizela deskantsatu izanaren sentsazioarekin esnatu. Badaramatzat egun batzuk ez dudala ondo lo egiten, printzipioz arrazoi jakinik gabe. Hormonak dantzan izango ditut akaso, nerabe baten moduan, arrazoiak, kasu honetan, beste adin bateko aldaketekin bat etorri arren.

Dena dela, indartsu sentitzen naiz, sasoian, eta mendira joatea erabaki dut. Wikiloceko ibilbide bat hartu eta hura egiteko asmoz irten naiz etxetik.
Garmin erloju bat eskuratu berri dut, dirutza bat utzita, eta ibilbidea nire erlojura transferitu dut. Ba nahikoa nuen erlojuari begiratzea, eta hantxe agertzen zitzaidan mapa, nik egin behar nuen ibilbidea, eginda neukana eta uneko posizioa, prezisio milimetrikoarekin. Flipatzen joan naiz bide guztian zehar, eskerrak bere garaian fisika ikasi nuen, eta uhinei eta horrelako kontuei buruz zerbait dakidan. Halere, tresna hauek guztiak ia magikoak begitantzen zaizkit, azti batek sortutakoak balira bezala. Honekin Timbuktura erraz hel daiteke bat, galtzeko inolako beldurrik gabe. Haluzinagarria da benetan.

Eta ezin gaurko lerro hauek amaitu nire aitaren aipamenik egin gabe.
1930ean jaio zen nire aita zena, gaurko egunez, sanmigel egunean, Donostiako Antigua auzoan.
Ez dut aita aipatzeko ohitura handirik, gaztetan berarekin nuen harremana ez zelako oso gozoa, akaso. Ni nintzen etxeko ttikia, neska bakarra, eta ez nintzen atera berak nahiko zukeen modukoa. Estetikoki punki samarra, beti ilea motza, ez zen neska batengandik espero zezakeena agian. Oroitzen dut nola hamasei urte besterik ez nuela pelukeriatik bueltan nentorrela, berak ireki zidala etxeko atea, eta ni ikusi bezain pronto zaplasteko bat eman zidala, nire buru rapatuari erantzunez, -eta hurrengoa zer izango da- bota zidan segidan. Logelan itxi nintzen negar egitera. Ez dut gogoratzen beste inoiz eskua gainean jarri zidanik.

Estetika hura gutxi ez, eta bere parrandero sena nik jaso nuen, anaiek gaztetan egin gabeko gaupasa guztiak nik berreskuratuz. Gutxienez ikasketetan erantzuten nuen, alde horretatik nitaz harro sentituko zen, baina besterik ez. Nire gaztetako nobioa utzi izana inoiz ez zidala barkatu esango nuke.

Ba hirurogeitazazpi urte zituela utzi gintuen, duela hogeitazazpi urte. Bere oroitzapen asko ez dut, bere irudia oso urruti geratzen zait, baina lortu nuen berarekin baketzea ama hil ondoren egindako terapia batean.

Zauden tokian zaudela aita, ardo gorri nafar on batekin ospa dezazula zure eguna. Muxu bat.

2024/09/28

IRAILAK 28 (larunbata)

Irailaren azken larunbata da, etxean igaroko dudan lehena eta azkena hilabete honetan. Giroa nahasia da eta, egia esateko, etxean geratzeko moduko eguna dago. Halere, goiz esnatu naiz. Eskuratu berri dudan nire garminak dio loa kaskarra izan dudala, eskasa eta kalitate txarrekoa; eta gaineratu dit eguna kostata eramango dudala aurrera, nekea izango dela nagusi. Ba jaiki eta gosaldu ostean, marea behe samar dagoela probestuz, hondartzara paseatzera joatea erabaki dut, eta etxe guztia hankaz gora utzita alde egin dut. Ondarretan aparkatu eta oinez abiatu naiz kai aldera, zati batzuk paseotik, beste batzuk hondartzatik. Aterkia gainean neraman eta, beraz, apenas egin dit euririk. Zortzi kilometroko buelta egin eta etxera bueltatu naiz, lehenago Otaeguitik pasatuz, Donostian nagoenez, nola uko egin pantxineta zati bati.

Pozik heldu naiz nire gozoarekin etxera, euri zaparrada bortitza hasi duenean. Horrela dabil goiz guztian, orain ateri, orain ekaitza, tartean ostadar eder batzuk ikusteko parada suertatzen ari delarik.

Eta paseoa eginda lanean hasi behar: garbigailua, gosaritakoak jaso, bazkaria prestatu, gela atondu, hurrengo egunetarako hainbat hitzordu lotu. Konturatu orduko siesta ordua helduko zait, eta nire gorputza plazer horretara abandonatu aurretik erabaki behar dut ea zinemaldiko filma bat ikustera joan nahi dudan arratsaldean, hala aurten, lehen aldiz hogeita hamabost urtetan, zinemaldian zine aretoak zapaldu gabe geratuko naizen. Eta uste dut azken horren alde egingo dudala, zeren bihartik aurrera ikusteko interesa piztu didaten horiek aretoetan egongo dira.

Eta eguraldiari kasu handirik egin gabe, zaparradak geldituta arratsaldea polita izango dela baitirudi, bazkalostean sofan etzan naiz, liburua alboan, badaezpada ere, baina gauean izandako lo falta hori orekatzeko intentzio guztiarekin.

Siesta on denori!

2024/09/27

IRAILAK 27 (kontzientzia politikoaz)

Sei urte besterik ez zuen. Larunbata zen eta, artean, jaunartzea egin gabe zeukan, baina egun hartan mezetara joan zen amarekin.

Herriko parrokia nagusira joan ziren. Herrian bi eliza zeuden, baina beraiek beti parrokia nagusira joaten ziren, gertutasunagatik. Beste eliza langile auzo batean zegoen, langileentzako propio Francok eraikitako auzo batean, auzo eta eliza, dena bat, San Jose Obrero, erdigunean aintzinako alokairuan bizi ziren herritar gehienak jauntxoak balira bezala. Haiek ere obrero, erdiguneko alokairu merkeko frankisten etxebizitza zaharretan bizi ziren langileak.

Parrokia nagusian zegoen beraz amarekin. Apaizak emandako sermoiaren nondik norakoak ez ditu oroitzen, arreta jarriko zienik ere ez daki, baina oroitzen du, amaieran, ez daki zein otoiren ondoren, aita gurea izango zen akaso, apaizak kontuz eta lasai irtetzeko esan ziela, guardia zibilak beheko plazan zeudela.

Parrokian zeuden gehienak emakumeak ziren. Emakumeak eta euren ume gazteenak. Gizonezkoak ere bazeuden, baina bere aita behintzat ez zen han. Aita ez zen sekula izan oso elizkoia, tokatzen zitzaionean joaten bazen ere.

Parrokiatik irten ziren emakumeak, eta gizonak, eta umeak. Bera amaren eskutik helduta, isilik, oihurik gabeko manifestazio batean, kalean behera, beheko plazarantz. Isiltasuna erabatekoa zen, heriozkoa, oraindik oroitzen du, grabatuta geratu zaio, azalean iltzatuta, berak ulertzen ez zuen tentsio une hura, beldurrezkoa. Eta guardia zibilak beheko plazan, goraka bidean, eurak  zeuden aldera, bere etxe aldera.

Euren atalondotik igaro arren beherantz jarraitu zuten, isilik, eta tiroak hasi ziren, baita oihuak ere. Orduan  korrika hasi ziren, ahal zuten aldera. Euren atalondorantz tiratzen zuen amak, kostata, jendearen korrikaldien eta sortu zen kaosaren barnean. Kostatu zitzaien atarira heltzea, baina sartu ziren azkenean, beraiek eta beste hainbat pertsona, eskailerak gora, urduri. Euren etxean sartu ziren, atzetik zetozen hamaika pertsonekin batera, hamaika gazte. Aita etxean zen. Azkar prestatu zuten mahaia eta janaria, eta edariak atera, ospakizun batean egongo balira bezala, nabaria izan arren han ospatzeko gutxi zegoela. Guardia zibilak eskaileratan ibili ziren, baina ez ziren euren etxeraino heldu. Etxe barruan isiltasuna mantentzen saiatu ziren, han ere tentsioa, beldurra.

Gauerdi aldera, giroa lasaitu zenean, alde egin zuten euren etxetik gazte arrotz haiek, geroago betirako gogoratuko zituenak. Irailaren 27a zen, mila bederatziehun eta hirurogeita hamabostekoa.

Hura izan zen politikarekin izan zuen lehen harremana. Agian hor sortu zitzaion kontzientzia politikoa, artean sei urteko neskatila lotsati bat besterik ez zenean. Ume izanagatik ere, azkar ikasi zituen egun hartan apaizak ahotan izan zuen Txiki izeneko afusilatutako gazte batek hil aurretik idatzitako hitzak.

Mañana cuando yo muera

no me vengáis a llorar

nunca estaré bajo tierra

soy viento de libertad

2024/09/26

IRAILAK 26 (hezkuntzarekin egin dut topo)

Gaur Nafarroan hezkuntza publikoan greba deitua dago. Atzo berria entzuten, atentzioa eman zidan grebarako aipatzen ziren arrazoiak. Besteak beste honakoak: ratioak, erosteko ahalmenaren jaitsiera eta burokrazia.

Hezkuntza publikoko langile naizen aldetik, gaiari buruz iritzirik eman dezaket, eta gaiak, egia esateko, egun askotarako eman diezadake eta emango dit.

Gaurkoan aipamen txiki batzuk besterik ez nituzke egin nahi.

Ratioak: ez dakit zein den Nafarroako errealitatea, baina sinis dezaket ratioak handiegiak izatea, eta pertsonal gehiago behar izatea kudeaketa egokia egiteko.

Soldaten igoera: noski soldatak igotzearen alde nago, eta, gutxienez, KPIaren adinako igoera automatikoa behar luke, urtero, bai hezkuntzan, baita beste edozein lan-eremutan ere. Baina ez da hori, nire uste apalean, hezkuntza-sistemak duen arazo nagusia, inondik inora.

Kasu bat ekarri nahi nuke hona soldaten harira, Euskal Autonomi Erkidegoan gertatutakoa iazko ikasturtean, jakinik, jende asko haserretuko zaidala agian, baina berdin zait. Hezkuntzako langileak, gure arazo guztiekin, pribilegiatu batzuk gara, eta hori ikusten ez duenak, arazo handi bat dauka, eta hobe luke ofizioz aldatzea. Baina noan harira.

Nire lankide bat beste irakasle baten lanaldia betetzen ari zen. Lehen zatia gaixotasunagatik, gero erditzeagatik amatasun-baja eta azkenik edoskitzeagatik oker ez banago. Gauza da ia ikasturte osoko ordezkapena izan zela, egun gutxi batzuk kenduta. Bajan zegoenak legeak permititzen dizkion trikimailu guztiak erabili zituen, bere eskubideak erabili zituen alegia, baina ordezkoak urte osoko lana eginda hamalau soldata kobratu beharrean hamabi kobratzera ez zen heldu. Lan berdina prezio dezente merkeagoan.

Gabonak ez zituen kobratu, ordezkatuak amatasun baja mozteko aukera duelako. Inauterietako jai egunak ez zituen kobratu, arrazoi beragatik, ez eta aste santuko oporrak ere. Lanak amaituta, ekainaren 28an kontratua moztu zioten, eta udarako pagak  ez naiz akordatzen nola doan, baina ez dituzte bi hilabeteak kobratzen. Lankide gizajoa ikusten nuen lan guztiak egiten, beti laguntzeko prest, borondatea erakutsiz, burokrazia guztia betetzen txintik esan gabe, baina gu guztiok baino gutxiago irabaziz. Eta non zeuden sindikatuak eta elkartasuna hor? Niri erresistentzia kutxa bat sortzeko gogoa ematen zidan, denon artean bere soldata osatzeko, baina hori ez da soluzioa.

Hasteko, nire uste apalean, ezingo litzateke permititu amatasun baimenak bakoitzaren gogora etetea. Baimen horien luzera handitu behar badira borroka dezagun horren alde, baina amatasun baimen batekin beste langile baten eskubideak zapaltzea ez da onargarria. Baten batek esango du hor norberaren etika sartzen dela, baina behin legea eginda ez dago balio duen etikarik. Egoera horiek legeak permititzen ditu, eta horren aurrean ez dugu ezer egiten eta esaten. Lotsagarria da. Beraz, nago denon soldatak igo aurretik, horrelako arazoei irtenbidea eman behar zaiela.

Amaitzeko aipamen bat burokraziaz. Zer da burokrazia, programazioak egitea, txostenak egitea, aholku orientatzaile bat ematea? Ba burokrazia hori behar beharrezkoa da, gure lana ondo betetzeko eta kontrol bat eramateko. Irakasle askok duela hogei urte egiten hasi zirena egiten jarraitzea nahi dute, ezer aldatu gabe, jendartean gertatzen ari diren aldaketei kasu egin gabe, soilik euren kolkoari begiratuz. Ez dituzte formazioak beharrezko ikusten, ezta koordinazio-bilerak ere, orojakileak dira. Ni oso kritika naiz jende horrekin, baina hori beste baterako utziko dut.

Bitartean, grebak bai, baina benetako arazoei aurre egiteko eta haientzako irtenbide egokiak bilatzeko.

2024/09/25

IRAILAK 25 (kontuz, ezjakintasuna ausartegia da)

Stockholm-n nengoela freetour horietako bat egin nuen, hirian apur bat kokatzeko. Horrelakoetan gai desberdinei buruz hitz egiten dizu gidariak. Neska espainola zen, turismo ikasitakoa, herrialde hartan jada zazpi urte zeramatzana. Nik ez dakit esan beharrekoa norbaitek prestatzen dien, hala ere, gauza batzuk, edozein irakaslek bezala, momentuan erantzun behar dituzte euren jakintzaren arabera.

Gauza da Suedian erabiltzen dituzten energia iturriei buruz hasi zela, ez dakit norbaitek galdetuta edo bere gidoiaren parte zelako. Eta orduan oroitzen ez dudan datu bat eman zuen, ez dakit energiaren zein ehuneko iturri berriztagarrietatik eskuratzen zutela alegia. Horraino dena ondo, nire ezjakintasunetik dena irensteko moduan nintzen. Gauza da berriztagarrien barruan energia nuklearra sartu zuela. Sutan jarri nintzen. Halere, jende asko ginen, batzuk sasijakintsu itxura handia zuten, eta ez neukan han polemikatan sartzeko inolako intentziorik. Baina gauzak diren bezala esan behar dira.

Energia nuklearrari batzuk energia garbia edo esaten diote, ez duelako negutegi efektua sortzen duten gasik isurtzen atmosferara. Hau da, erreakzio nuklearretan erreakzio nuklearrak daude, fisioa alegia, nukleo astunen apurketa non energia handia askatzen den, eta hori erabiltzen da turbinak mugitzeko eta elektrizitatea sortzeko. Beraz ez dago konbustiorik, ez da CO2 sortzen, eta beraz, ez du berotze globalean eragiten. Baina hori gauza bat da, eta bestea, oso desberdina, berriztagarria dela esatea. Prozesu nuklearretan material erradioaktibo bat beharrezkoa da, eta hori, petrolioa bezala, munduko toki jakin batzuetan dago eta ez da agortezina. Hori guztia jada frogatuta dauden desastre nuklearretan sartu gabe, zeren esango didazue zer duten garbiez erradiazio isuriek.

Edozein modutan, egun hartan konturatu nintzen, beste behin ere, boterearen mezuak oso arriskutsuak direla, eta kritikarako jarrera ez badaukagu edozein astakeria sinistu dezakegula eta, gainera, sutsuki defendatu, haserrera heldu arte.

Beraz, manten dezagun izpiritu kritikoa bizirik, eta gauza bat irmoki saldu aurretik informa gaitezen ondo, bestela isilik egon, ezjakintasuna oso ausarta eta arriskutsua baita.

2024/09/24

IRAILAK 24 (esaldi bat)

Gaurkoan serie batean entzundako eta, ziurrenik, liburu batetik ateratako esaldi batekin natorkizue. Honakoa dio:

Inor ez da hiltzen sexu faltagatik, hiltzen duena maitasun falta da.

Eta nik esaldi hori beste honetan bihurtu dut:

Sexu gabe bizi daiteke, maitasunik gabe ez.

Amets gozoak guztiontzat!

2024/09/23

IRAILAK 23 (udazkena)

Atzo sartu ginen ofizialki udazkenean. Jada esana daukat nire urtaro gustukoena dela ziurrenik, basoak janzten duten koloreengatik, etxera goxo biltzeko tartea eskaintzen digulako agian, munduratu nintzen urtaroa delako, ez dakit oso ondo, baina tristurarako garaia ere izaten da niretzat.

Atzo halakoa izan zen nire udazkenerako sarrera, lasaia baina tristea. Arratsalde guztia egonean pasa nuen, ezertan pentsatzeko, ezer egiteko gogorik gabe. Pelikula arin horietako bat ikusi eta negar batean egon nintzen, agian negar egiteko beharra nuelako, aspaldi ez bainuen egin. Eta eguraldi eskasa egitea desiratu nuen, etxean sartuta egoteko aitzakia edukitzeko, norberaren etxean egoteko aitzakia bat izatea beharko bagenu bezala. Eta gaur ere malenkonia horrek harrapatuta bezala nago, nire orainean eta biharamun hurbilean pentsatuz. Eta nagiak harrapatuta nauka beste behin ere, eta bi liburu musu aurrean jarri, baina ez naiz gai haiek irekitzeko, barne katarsiaren eguna dut, eta gero zer, eta bihar zer, galdetzen diot neure buruari, erantzunik ez dut ordea.

Horrelakoak dira batzuetan egunak, eta horiek kudeatzen ikasi behar dugu, ikasi behar dut. Zure aldarteari izena jarri, kontziente izan triste zaudela edo haserre, edo dena delakoa; zure tristeziaren arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen errekonozitu, eta horri aurre egiten eta horrekin bizitzen ikasi, zulo beltz batean erori gabe.

Eta halaxe sartu naiz udazkenean, barrura begira, bihar kanpora begiratu ahal izateko.

udazkena

Basoak berde dira oraino

egunak umelak

goizak freskoak

etxea epel dago, baina hotz.

 

Sabaiak pisutsua dirudi

gainean jausiko zaizulakoan

eta egunak laburtzen ari dira

gero eta azkarrago

gau luzeei tokia utziz.

 

Irailaren amaiera dugu

ikasturte berria hasteko garaia

bizitzari asmo berriak eskatzekoa

asmo berriak betetzeko gauzak egitekoa.

 

Eta ni hemen naiz

ohean etzanda

tapakien azpian,

errealitateari begiak itxiz

 gogor

zabaltzerakoan zerbait desberdina

topatuko dudalakoan.

 

Udazkena heldu zait

jantzi aldaketa egiteko sasoia

armairuan ez dut oraindik baina

hobetoen egokitzen zaidana aurkitu

eta bila ari naiz

lehenbailehen topatzeko esperantzaz.

2024/09/22

IRAILAK 22 (gipuzkoa ez da new york)

Harritzekoa da ze gaitasun daukagun pertsonek gure bizitzako eremu desberdinak bereizteko, konpartimentu estankoak bailiran, euren arteko nahasketa ekidinez, inkontzienteki bada ere.

Ez dakit euskaldunen kontua den, edo jatorriarekin zerikusirik ez duen, baina orohar, sozializatzeko darabilgun eremua, gure herri ingurukoa da, gure bailarakoa irekiago direnen kasuan. Besterik ez. Urrutiago joatea oso arraroak direnen kontua izaten da normalean.

Nik nire bizitza laboralaren bi heren baino gehiago Debabarrenan igaro dut, baina oso gutxitan ibili izan naiz bailara horretan sozializatzen, jaietan, jaialditan edo dena delakoetan.

Atzo Gararock jaialdira joan nintzen Mendarora Arekin. Banekien ezagunen bat topa nezakeela, eta hala izan zen, batzuk topatu nituen, gehienak ikasle ohiak, baina baita lankide izandakoak eta zertaz ezagutzen nituen oso argi ez neukan beste batzuk ere. Edozein kasutan, gehien harritu zidana zen denek galdetzen zidatela zer arraio egiten nuen nik han, jaialdi herrikoi txiki batean,  nire etxetik hain urruti, ta, egia esateko, bazen arraroa ni Mendaron topatzea festi batean, inoiz ez naizelako handik aisialdian ibili. Hura nire lan esparrua izan zen urteetan, ez parrandarako edo sozializatzeko tokia.

Eta orduan hasten zara gauzak perspektiban jartzen. Gipuzkoak New York hiriak adinako tamaina dauka, gutxi gora behera. Donostialdetik Mendarora autoz ordu erdian ailegatzen zara, Hernanitik Donostiara autobus gorrian joanez tardatzen duzun denbora berbera. Eta orduan zergatik eman behar ditut azalpenak nolatan nagoen Mendaron, Timbuktun banengo bezala? -Bai Maliko hiri horren izena gustatzen zait, eta oso urruti dagoela dirudi, horregatik darabilt maiz. Eta otu zait Gipuzkoa ez dela New York, eta hemen bailaraz aldatzea, han estatuz aldatzeko ekintza adinakoa dela gutxi gorabehera.

Ba halakoak gehiagotan egin behar ditudalakoan nago. Ederki pasa nuen, nire konfort egoera horretatik irteteko modua izan zen, jende desberdina ikustekoa eta desberdinekin eragitekoa. Gainera kontzertuak ederrak izan ziren, eta mutil guaporen bat ikusteko parada ere izan nuen. Hurrengoan, akaso, ligatzerako pausua emango dut, baina horrek beste batean beharko du.

2024/09/21

IRAILAK 21 (begirune apur bat mesedez)

Dakizuenez, atzo zinemaldiaren 72. edizioa hasi zen. Aurten, oraingoz, ez dut sarrerarik erosi, baina interesa badut, eta hasiera ekitaldia telebistaz jarraitu nuen. Jakinmina neukan, iazko Donostia sariaren jabeak egingo zuen diskurtsoaz, eta nire usteak bete ziren.

Beno, hasteko, Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok egin zuten aurkezpen papera, eta egia esan asko gustatu zitzaidan euren lana: bai gidoia, erabilitako tonua, turismoaren gaiari egin zioten keinua, eta euskal munduarekiko adierazitako begirunea besteak beste oso onak iruditu zitzaizkidan.

Baina gaueko izarra Javier Bardem zen. Arratsaldean eman zuen prentsaurrekoan adierazi omen zuen gorputza ez zuela sarietarako, Gazan gertatzen ari dena kontuan izanik. Beti lotu izan da bai bera, bai bere familia ezkerrarekin, injustiziaren aurrean beti lehen lerroan egongo den horietakoa omen. Ba nik bere diskurtsoa entzuteko irrikitan nengoen, eta aizue ez zuen hitz bat bera ere euskaraz esan: ez gabon, ez eskerrik asko, txintik ez. Eta aurten utzi gaituen Donald Sutherlandekin akordatu nintzen, nola sari berdina jasotzean errepikatu zuen behin eta berriro milesker Euskal Herria.

Zer gertatzen zaie Espainiako ezkerreko intelektual eta artista hauei guztiei? Okerrenak dira horrelakoetan, ez dute inolako begirunerik azaltzen gure herriarekiko, gure kulturarekiko, gure hizkuntzarekiko. Ez da lehen aldia gertatzen zaidana, eta gero eta argiago daukat: progrearen mozorroa janzten dute, baina nazionalista espainol kasposo batzuk besterik ez dira, hemen aipatu nahi ez ditudan fatxa ugariren tankerakoak. Ezin baita ezkerrekoa izan eta hizkuntza gutxitu bat bazterrean utzi. Keinu txiki bat nahikoa da begirunea adierazteko, baina ez dute horretarako inolako lanik hartzen, berdin zaielako. Eta oso ondo Gazaz akordatu izanaz, eta zenbat maite duen San Sebastian, eta… pikutara. Aktore bezala oso ona iruditzen zait tipoa, baina bere atzoko moduak ez zitzaizkidan egokiak iruditu.

Ezkerreko artista eta intelektual espainol guztiak, beste kultura eta hizkuntzekiko begirune apur bat, mesedez!