2024/12/10

ABENDUAK 10 (besteen sufrimendua gure zaborra)

Izenburu krudela dirudi hor idatzi dudana, baina hori da teknologia berriek ekarri dutena, gure aurrekoek euren sakrifizioarekin faszikuluka plazotan erositako entziklopediak gure etxeko zaborra bilakatzea. Agian zuei ez zaizue gertatuko, baina ni orain bizitzen ari naiz nire gurasoek nekez guretzako erositako liburutzar pila botatzeko trantzean egotea. Eta kosta egiten zait. Ez da Diogenes sindromea dudala, gehiago du zerbait gaizki egiten aritzearen sentipenetik, badakidalako zenbat kostatu zitzaien haiei horiek denak eskuratzea. Eta dena beraiek izan ez zuten ikasketekiko aukera guri ematearren.

Gogorra egiten zait Larousse hura edota euskarazko hainbat hiztegi tekniko botatzea, baita literaturaren historiako obra nabarmenenez desegitea ere. Beno, izan nadin zintzoa, soilik ene bizitza osoan kontsultatu ez ditudan pisuak altxatzeko balio duten totxo horiek kenduko ditut. Txikiagoei, oraingoz, tokia egingo diet, edo tokia egiten saiatuko naiz, eta lortzen ez badut bigarren pasada bat egin beharko dut, edo nire lagun A-ri deitu. Hark berehala eramango du gaur egun sarean edo liburutegietan topa dezakegun edozein obra.

Eta horrela nabil, etxean ordena jartzen saiatzen, horretarako besteen lan guztia alferrikakoa izan zenaren sentsazioarekin. Badakit ez dela horrela, manipulatzaile bat naiz, nire ez botatzeko joera justifikatzeko. Baina zer pentsatuko luke nire amak nik eskatutako liburuak botatzen ari naizela ikustean?

Jarraituko dut garbiketarekin, liburuak ordenatzea eta sailkatzea argazkiak aukeratzea bezain lan nekeza baita.

Arratsalde on guztioi eta entziklopedia beharrean bazaudete jarri nirekin harremanetan.

 

2024/12/09

ABENDUAK 9 (teknologia berriez)

Kasik hiru aste pasa direnean jarri naiz Nepalerako bidaian ateratako argazkiak antolatzen. A ze lana. Kamera analogikoekin ez zen hau gertatzen. Bi hiru karrete zenituen, nahi baduzu hamar ere, baina argazkia ondo pentsatuta ateratzen zenuen, bigarren aukerarik ez zegoelako. Gaur egun, memoria daukazun bitartean, hor hasten zara argazkia bota eta bota, gero on bat aukeratzen izugarrizko lana daukazularik, eta askotan ez diezu argazkiei jaramon gehiago egiten bizitza osoan, instagramen jarri dituzun argazki pareari kenduta.

Eta horretan bihurtu da gure gizartea, gure bizitza, berehalakotasuna bilatzen dugu, unea jaso, publiko egin, zertan ari zaren adierazi, gero zure bakardadean, akaso, egoera horri ez diozunean inolako garrantzirik ematen. Publikora begira bizi gara, ikusgarritasuna bilatzen dugu, inportante sentitu nahi dugu, zerbait egiten dugula adierazi eta ingurukoek jakin dezaten.

Gure bizitza “The Truman show” moduko bat da, ez hain esajeratua, guk neurtzen dugu zer egin eta zer ez, baina inguruneak baldintzatuta bizi gara, eta inguruneari jarraitzen diogula adierazi behar dugu. Horra hor, esaterako, Durangon asteburu honetan izan diren kolak. Pentsaezina.

Beno, orokortzen ari naiz, badakit jende askok ez dituela sare sozialak erabiltzen bere bizitza publiko egiteko, baina agian modu tradizionalean zabaltzen du bere berri. Apenas lagunik ez dugunok, aldiz, sare sozialen bitartez adierazten gara, hori dugu munduari bizirik gaudela adierazteko modua. Aukera bat da, eta norberak erabakitzen du erabili ala ez. Ligatzeko ere sare sozialak erabiltzen dira gaur egun eta batzuei ederki dihoakie, beraz, non da arazoa?

Ba harira bueltatuz. Argazkiak. Zoratzen ari naiz haiek ordenatzen, zeintzuk gorde beharko nituzkeen, zeintzuk bota. Argazki antzekoaren hogei bertsio dituzunean zaila egiten da bat aukeratzea eta hogeiak gordetzen dituzu. Zertarako ordea? Diogenes sindrome digitala, badaezpada gorde. Zabor zibernetikoa, hor ere kaosa, desordena, nola demontre izango naiz gai tinderrerako argazki on bat aukeratzen? Ezinezkoa da, hobe naturalean, parez pare, bat bateko maitemina ala bat ere ez.

Eta karpetak sortu ditut, eta pentsatu dut album bat egin beharko nukeela, paperezkoa, argazki ederrenekin, baina horrek orduak eramango lizkidake, eta horretan pasa nahi al dut denbora, edo uatsapeko estadoetan jarri zein nekeza den argazkiak antolatzea eta haietaz ahaztu?

Beno saiakera txiki bat egiten ahaleginduko naiz, baina etxeko lanak egin ostean. Jarriko al naiz zerbait egiten, etxean beti baita zerbait atontzeko.

Aste on!

2024/12/08

ABENDUAK 8 (irten ala ez irten, horra hor kuestioa)

Eta uste dut déjà vu bat izaten ari naizela, esaldi hori behin baino gehiagotan idatzi dudala, egoera horretan lehen ere izan naizela. Baina hori dut gaurko dilema, gorputza ondo estali, -zertarako daukat armairuan hirurehun euro baino gehiagoko goretex bat, gaur bezalako egunetan ez badut jantziko,- eta kalera irten paseatzera, euririk, haizerik eta hotzik ez balego bezala; edota etxeko epelean geratu Z-k ea deituko zain itxaroten. Bigarren kasuan bizitza joan dakidake, beraz, agian aukera hobea pulmonia bat hartzeko arriskuan jartzea, akaso bidean zerbait interesgarria topa dezaket, etxean, gehienez, armairuen gaineko hautsa besterik ez baitut ikusiko.

Eta egia da, etxerako moduko giroa dago, bai, baina nire sasoia mantentzeko nahi horrek, eta azken boladan daukadan kirolerako edo ibiltzeko ohiturak, besterik ez bada lauean ibiltzera deitzen nau. Busti eta gero hor izango dut dutxa beroa.  Hori baitu gure ongizateko gizarte honek, etxean berogailua eta dutxa beroa izateko aukera, beno ez bazara kalean bizi, edota ez bazara hilabete amaierara heltzen ez den ehuneko altu horren barruko familia batekoa bederen.  

Eta zeruari begira ari naiz, leiho batetik urdina antzematen dut, bestetik gris iluna, ortzadarra paretak estaltzen didan zatian egongo da akaso. Eta bai, irtengo naiz, airea hartzera, haizeak astindu nazan, aurpegian hotza nabaritzera, giharrak esnatzera, bihotzen taupadak azkartzera, odola berotzera, burua ernatzera, kanpotik bustitzera, bizirik nagoela sentitzera, hemen barruan kikilduta gelditzeko beldurrez bainaiz.

2024/12/07

ABENDUAK 7 (Z bat alboan)

Oraindik ofizialki neguan sartu ez garen arren, gaur neguko giro petral horietako batekin esnatu gara, bestalde, atzo aipatzen nuenez, ditxosozko konstituzioko zubian gertatu ohi den moduan. Etxean goxo geratzeko moduko giroa, hobe konpainian beti ere. (Z nahi baduzu hemen nago, pelimanta bat egin dezakegu elkarrekin, edo beste edozer ere). Baina Z-rik ezean barrura begiratzeko egunak izaten dira hauek, tristeziak harrapatzen zaituen horietakoak, malenkoniaz beterikoak, izan zitekeenaren eta ez denaren inguruan hausnartzekoa, autotorturatzekoa, bizitzaren zentzuaz pentsatzekoa, hondoraino jaistekoa, biharamunean ostera ere indarrez azaleratzeko.

Gaur uste dut halako egun bat izango dela, konpainia faltan botako dudana, zoriontsu ez den familia bat osatu ez izanaz damu izango naizena, nire gauza on guztietan pentsatu beharrean txarrak soilik gogoan izango ditudana. Halakoa baita bizitza, nirea bederen, gorabeherez betetakoa, bestela, zein emozio izango luke?

Gaur nire bizitzako Z guztiak izango ditut gogoan, beno guztiak ez, horietako batzuk, eta bizitza mierda bat dela pentsatuko dut; eta zertarako idazten ari naizen otuko zait, nire idatzi hauek ez bazaizkio inori interesatzen. Eta une batzuetan ahaztuko zait nire bizitzan inportanteena ez direla besteak, ni baizik; eta ahaztuko zait nirekin harremanik nahi ez dutenek eurak galtzen dutela; eta ahaztuko dut bizitzan naizena neure ahaleginarekin lortu dudala, inoren bedeinkaziorik gabe.

Baina hala da, gaurko egunez, bereziki, Z bat nahiko nuke alboan, kanpoan dagoen umeltasuna niregana heldu ez dadin, egurats gorritik babesten nauten lau horma hauek zeharka ez ditzan.

Egun on guztioi!

2024/12/06

ABENDUAK 6 (jai egun behartua)

Atzo Biznagan kontzertuan izan nintzen Dabadaban. Z han aurkitzeko itxaropena nuen, eta kontzertu gehienetan topatzen dudan tipo bat ikusteko beldurra. Zorionez bigarrena ez zegoen. Oso deseroso senti arazten nauen tipoa da, nahiz ez didan ezer egin, baina bera hurbiltzean gaizki sentitzen naiz, agian nik nahi ez dudan zerbait nahi duela pentsatzen dudalako? Izan daiteke, ez dakit. Alde batetik, beraz, lasaitu ederra. Zoritxarrez Z ezta ez zen han. Ez dakit zergatik pentsatu nuen han topatzea aukera bat zela, bere gustuko musika izan zitekeela, baina ez gertatu. Hura ikusteko izan ditzakedan aukera horietako bat pikutara.
Ba horrelaxe, inolako interferentziarik gabe kontzertuaz gozatzeko aukera izan nuen. Ez zen oso luzea izan, baina oso ondo egon zen. Gustuko ditut madrildarrak, letra zorrotzak dituzte, gizarte honi kritika, eta beti eskerrik asko bat euren ahotan.

Ba halaxe hasi nuen horrenbeste gorrotatzen dudan konstituzioaren zubi hau. Atzo aipatzen nuen Durango, bertara joateko garaia delako, baina joateari utzi nionetik zubi hau beti gertatu izan zait gogorra. Askotan giro eskasa egin izan du, edo hotz handia. Mendirako plana egiteko nagia, etxean geratzeko aproposa. Baina hiru edo lau egun etxean irten gabe, ez da gustuko platera.  Iaz, esaterako, euria barra-barra ari zuela oroitzen dut, eta eserialdi batean Karmele Jaioren Maitasun Kapitala irakurri nuen. Irakurraldia terapeutikoa izan zenez asteburua arintzen lagundu zidan.

Gaur ere euria ari du, etxean geratzeko moduko giroa, baina aspaldiko partez Durangorako hitzordua egin dut lagun batzuekin. Ez dut ezer erosteko asmorik, Ezpalaken azken diskoa ez bada. Aurreko astean erosi nuen Beñat Sarasolaren Coca-Cola bat zurekin eta gabonetarako eskuratuko ditut jada fitxatuta dauzkadan beste hainbat, Karmele Mitxelenaren azkena esaterako.

Oraintxe etxetik irtetzeak galbana handia eragiten dit, baina, besterik ez bada, hemen gaur ospatzeko ezer ez dugula aldarrikatzeko irten beharko, ez da hala? Eta zeinek daki, agian Z ibiliko da stand artean galduta?

Asteburu on guztioi!

2024/12/05

ABENDUAK 5 (durango)

Gaur irekiko ditu ateak Durangoko Azokak. Euskararentzat eta euskal kulturarentzat ezinbesteko hitzordua omen da, joaten den jende kopuruarengatik, salmentengatik, baina akaso, arrazoi inportanteena, ikusgarritasuna izango da. Sortzaileek, ekoizleek, han dute euren lana zuzenean aurkezteko parada, publikoarekin elkar eragitekoa, horrek, pentsatu nahi dut, garrantzia izango duela euren egitekoan.

Egia esateko urteetan joan izan naiz azokaren aitzakian Durangaldera, batzuetan eguna, besteetan gaua eta besteetan asteburua pasatzera. Joaten nintzenetan beti erosten nuen libururik eta diskorik. Egun haiek baliatzen nituen gabonetarako kultura dosia eskuratzeko, baina helburu nagusia parranda egitea izaten zen beti. Egin ditugu batzuk euskararen aitzakian, parranda egiteko aitzakiarik beharko bagenu bezala.

Urteak dira ez naizela bertaratu, bizitza soziala gutxitzen hastearekin batera utzi nion hara joateari, batzuetan gogoa izan dudan arren, onartu beharra baitaukat ederki pasa izan dudala. Ikusi dut nola batere irakurtzen ez duen jendea bertaratzen den, euskaldun gisa ekitaldi horretan egotea ezinbestekoa bailitza, umeentzako ipuinen bat edota urteroko egutegia erosteko aitzakian, baina hori ere gure kulturaren parte da, ala ez?

Esan dezaket, harrokeriarik gabe, euskal kulturaren kontsumitzaile banaizela, eta, horretarako, ez dut Durango behar. Nik euskal kultura urte guztian zehar kontsumitzen dut. Liburutegia erabili arren, interesatzen zaizkidan autoreen obrak erosi egiten ditut, etxean jada haiek gordetzeko toki gutxi izan arren, militantziagatik soilik. Berdin musikarekin, euskal musikarekin, interesatzen zaidanarekin noski, erosi egiten dut, ahal dela CDtan, autoan topera entzuten joateko; eta ahal dudan zuzeneko guztietara joaten naiz, horrek eragiten baitu benetan euren jarraipenean, ez urtean behin ospatzen den azoka batek.

Euskaldunok euskal kultura beharrezko dugu, gure hizkuntzan sortutako lanak behar ditugu gureak aurrera egingo badu. Horretarako ez dakit Durango behar dugun. Durango, ziurrenik, erakusleiho ezin aproposagoa izango da sortzaile horiek publikoaren aurrean agertzeko, baina gure kulturak, benetan behar duena urte guztian zehar kontsumitzea da, egunerokoan gure bizitzaren parte izatea. Kalitatezko produktuak behar ditu, idatzizkoak zein ikus-entzunezkoak; irrati eta telebista egokiak eta duinak; euskaraz sortutako filmak, euskaraz sortutako idatzizkoak, prentsa zein literatura; eta horiek guztiak mantentzeko ikus-entzuleak behar ditugu, irakurleak behar ditugu, publikoa behar dugu, publikorik ez badago beste guztia sobrean egongo baita.

Beraz, lagun, Durangora joan bai, baina kontsumitu euskal kultura urte guztian, hori baita gure herriari egingo diogun mesederik handiena.

2024/12/04

ABENDUAK 4 (bihotza zer moduz?)

 

Bihotza zer moduz

galdetu dio lagunak

Mutu geratu da

ez daki zer erantzun

hutsik duela, edo txoriz beteta akaso.

 

Taupadak normalak direla dio

zauriek ez diotela horretan eragiten

baina preso duela oraindik

azken hatsa eskaini zion haren preso

amets batetan harrapatuta bezala.

 

Bihotzik ez duela esan nahiko lioke

bihotzik gabe dena errazago izango zelakoan

Baina zer sentituko luke hura gabe

zerk eragingo zion bere pasioa

zerk bere desioak, bere nahiak?

 

Bihotza lo dago esan du azkenik

esnatuko duen eztandaren zain.

2024/12/03

ABENDUAK 3 (euskaraz bizi behar dut)

Beti sentitu izan dut elebiduna naizela. Gaztelania eta euskara, biak ere, nire bizitzaren parte izan dira jaio nintzenetik. Askotan ez naiz kontziente zein hizkuntzatan ari naizen edo zein hizkuntzatan pentsatzen dudan, biak ere hizkuntza naturalak baitira niretzat. Badakit euskaraz ari naizenean gaztelaniazko esamoldeak erabiltzen ditudala sarri, hori inkonzientzia horren parte da baita ere.

Dena dela, bada denbora gauza bitxi bat gertatu zitzaidala. Garai hartan Ameskoa bailarara joaten nintzen maiz, nire bikotea han bizi zelako. Ameskoa bailaran dago Urederrako iturburua. Toki zoragarria da, natura bere osotasunean, deskonektatzeko toki aproposa. Ba han, zoritxarrez, euskaldun gutxi dago. Bailara eremu ez euskaldunean kokatuta dago, eta bertakoek ez zuten euskaraz hitzik egiten, Gipuzkoatik edo beste nonbaitetik joandakoak ez baziren bederen. Ba han nengoen guztietan zerbait falta nuela somatzen nuen, eta, halako batean, falta nuen hori hizkuntza zela konturatu nintzen, euskara falta nuela alegia.

Azken bidaian, geunden bost euskaldunok geneuzkan aukera guztiak baliatzen genituen gure hizkuntzan komunikatzeko, eta beste batzuk ere euskal hitz batzuk erabiltzea lortu genuen.

Gaur abenduak hiru ditu, euskararen nazioarteko eguna dugu, eta hemendik aldarrikatu nahi dut gure hizkuntzaren beharra. Nik, sarritan gaztelaniaz hitz egin arren, euskara behar dut. Komunikatzeko behar dut, pentsatzeko eta sentitzeko; kantatzeko behar dut, irakurtzeko eta idazteko; izateko behar dut, euskararik gabe ez bainaiz, nire niaren parte baita, eta hori ez dit inork kenduko, asko saiatu arren.

Espero zuei ere antzeko gauza gertatzea, soilik euskaldunok lortuko baitugu gure hizkuntza hurrengo belaunaldien niaren parte izatea.

Sentitu, pentsatu eta ekin euskaraz! Egun on!

2024/12/02

ABENDUAK 2 (hematokritoak)

Astelehena berriz ere. Egia esanda, une honetan niretzat egun guztiak igualak dira, edo kasik. Ez da gauza handirik aldatzen egun batean zein bestean egiten dudanaren artean. Igandeak somatzen ditut desberdin, dena itxita baitago eta kalean mugimendu handiagoa somatzen delako, besterik ez.

Eta Nepaletik etorri naizenetik bi kontu dauzkat buruan, bereziki, beste batzuk beti hor baitaude. Bat, argaldu ditudan bi kiloak ez errekuperatzea, horretarako bizimodu osasuntsu bati eutsi behar diot; banabil.

Bi, altueran ibili izanaren onurak, globulu gorrien gain-ekoizpena alegia. Hori frogatzea eta ahalik eta gehien probestea da buruan daukadan zera. Eta horregatik joan nintzen lehengoan Adarrara, eta frogatu nuen bide zuzenetik igo nuela, beti bezala motel, baina arnas esturik gabe. Dida gora, dida behera, gora puztuta heldu nintzela esango nuke. Atzo, aldiz, Herniora egin nuen buelta, Alkizatik, azken boladan oso gustuko dudan bide erdi zirkular bat eginez. Abuztuan egin nuen azken aldiz itzuli hori, eta atzokoan berrogeita bost minutu gutxiago erabili nituen. Berrogeita bost. Niri izugarri iruditu zitzaidan. Nekatu nintzen? Ba bai, etxera heldu eta bazkal ostean sofan etzan nintzen lasai atseden hartzera, baina erraz eta arin ibili nintzela aitor dezaket, eta orain, sasoi hau mantendu egin nahi nuke, ahalik eta gehien. Zer eta nola egin behar dut forma ez galtzeko?

Agian Z-ri eskatu beharko nioke laguntza, entrenamendu egoki bat diseina diezadan, nire erresistentzia mantentzeko. Baina hori ez da izango, hirugarren gauza bat ere baitut buruan: nahi ez nauten tokietan ez naizela tematuko. Gai horri ere buelta ugari eman diot azken boladan, eta konturatu naiz pertsona batzuekin harremana mantentzen saiatu naizela, baina bueltan ez dudala espero nuen erantzunik jaso, eta nekatu naiz. Nitaz zerbait nahi badute etor daitezela eurak. Jada bakarrik egoten ikasia naiz, ez dut konpromisoagatik inor behar, bueltatzen ez diren deiak egiteaz eta mezuak idazteaz nazkatu naiz. Horrek isolamendura eraman nazake momentu batzuetan, agian, baina nahiago bakarrik zoriontsu egon, konpainian bakardadea sentitu baino.

Beraz, Z-ren laguntzarik gabe, nire entrenamendu propioak egiten jarraituko dut, eta hematokritoak topera mantentzen saiatuko naiz.

Aste on guztioi! 

2024/12/01

ABENDUAK 1 (errekapitulazioa: bizipenak)

Jada abenduak bat ditu, beste hilabete bat joan zait esku artetik, nire hilabetea, nire urtebetetzearena, nire azken urteetako urtebetetze bereziarena ziurrenik, bizi izan dudan esperientziagatik. Eta gaurkoarekin Nepalerako bidaiaren balorazioarekin amaituko dut, oraingoan sentsazio, sentipen, emozio eta bizi izandako esperientzian zentratuko naizelarik.

Ez da lehen aldia taldean bidaiatu dudana, ezezagun talde batean esan nahi dut. Ez da lehen aldia trekking bat egitera joan naizena taldean. Ez da lehen aldia garapen bidean dagoen herrialde pobre batera joan naizela; alde horietatik badut nolabaiteko esperientzia. Baina lehen aldia izan da azaroan bidaiatu dudana; lehen aldia izan da urtebetetzea oporretan ospatu dudana; lehen aldia izan da nire egoera fisikoak kezkatu nauena, beldur izan naizena, gorputzak nola erantzungo ote zidan beldur, horrek ekar lezakeen guztiarekin, eta esan dezaket pozik eta harro sentitzen naizela.

Nepaleko herrietatik gindoazela, nik ezagutu ez dudan hogeigarren mendeko Euskal Herria imajina nezakeen: landa-eremuak, etxe xumeak, teknologiarik gabeko lur-lanketak, lau oilo, bost ahuntz, astoren bat, behiren bat. Pobrezia ikusi dugu, bai, baina oro har, jendeak bizitzeko lain zuelako sentsazioarekin geratu naiz. Alde horretatik ez da esperientzia gogorra izan, nahiz eta kasu gogorren bat ikusi dugun, bereziki Kathmandun, non milioi bat pertsona bizi diren gutxi gora behera.

Egia da nepaldarren bizimodua ezin dugula gurearekin alderatu. Haientzat gu aberatsak gara, bai materialki eta, bereziki, baita erosotasun aldetik ere, horretan beste liga batean jokatzen baitugu. Baina poztasuna somatu dut hango jendearengan, eta horrek sentsazio ona utzi dit. Igaro ditugun herrixka guztietako jatetxe eta lodgetan gu mendebaldeko giri aberatsak izango ginen, ziurrenik, eta hala da, beraz, gauzengatik kobratzen ziguten guztia ondo kobratua zegoela pentsatzen dut, baldin eta horrekin herrialdearen eta familien ekonomian positiboki eragiten badu.

Aurrekoan esan bezala, euren aberastasun handiena naturan datza, eta hori baliatzea bizitzeko guztiz normala da. Egia esan mendi altu horiek han ikustea, begia zabaldu bezain pronto, horrek ez du preziorik, eta esperientzia hori bizitzea izugarria izan da. Hor izan dugu Ama Dablam askotan parez pare, baita Lhotse, Pumori eta Everest ere, neurri txikiagoan, eta akordatzen ez naizen izen arraroko beste hainbat sei milako eta zazpi milako batzuk.

Nire urtebetetze egunean ikusi genuen lehen aldiz munduko sabaia. Egun eguzkitsua zen, pozik nengoen, kurba bat hartu eta han agertu zen, mendikatea, zuria, guri begira. Oihuka hasi nintzen, eta negarrez. Negarrez han egotea nire lorpen bat izan delako, aspaldi ikasia bainaiz bizitza honetan gauzak ez direla zerutik jausten, norberaren ahaleginarekin soilik lortzen direla. Denbora asko igaro baitut heldu ez den ez dakit zeren zain, eta jada nahikoa dela erabaki bainuen ez dela oso aspaldi. Orain nahi eta ahal dudana egiten dut, inoren baimenik gabe, inoren oniritzirik eskatu gabe, inori azalpenik eman gabe, eta, tarteka gogorra den arren, askatasun sentsazioa izugarria da, deskriba ezina.

Ba horrela hasi nuen urtebetetzea, nire udazkena, mendi handi horiez inguraturik, eta hortik aurrera denak izan ziren tontor zuriak eta zeru urdinak. Eguraldia lagun, pausoak motelak, baina sendoak ziren. Altuera irabazi ahala motelago joatea komeni zen, gorputzak hala eskatuta, trekking osoan bizirik iraungo bazenuen. Heldu ziren buruko minak eta sabeleko ondoezak, paracetamolarekin ala atseden tarte batez gainditzeko modukoak; heldu ziren sufritzeko uneak, gorputzak ezin duela esaten dizun tarte horiek, baina badakizu ezin zarela bertan geratu eta aurrera egin behar duzula. Oroitzen dut Chola Passera (5.370 m) heldu nintzenean, negarrez hasi nintzela, igoera madarikatu hura gainditu izanaren poza, ezintasun, emozio, edo dena delakoagatik. Han atera nuen denbora guztian motxilan neraman zapi palestinoa, eta argazkia atera genuen hiru emakume euskaldunek. Gero kranpoi txikiak jantzi eta elurretan behera jaitsi ginen. Egun hartan, sufritu ondoren, inoiz ez bezala gozatu nuen elur tartean ibiltzen. Halere, igoera hark geratzen zen trekking osorako markatu ninduen, eta Kala Pattharera ez igotzea erabaki nuen, besterik gabe gehiegi sufritzeko gogorik ez nuelako. Ez nintzen saiatu ere egin, egun hartan beste batzuk baino sasoi hobean izanagatik ere.

Mendian bakarrik ibiltzera oso ohituta nagoenez, une batzuetan konpainiak ez didala ondo egiten ikasi dut, ez behintzat zurekin doazenak ur azpian ere isiltzen ez diren horietakoak badira bederen. Tarteka asko akitu naiz, taldekideak etengabeko komentario, garraixi, tontakeriekin aritzen zirelako. Bidea egokia denean berriketan egitea normala iruditzen zait, baina maldan gora gindoazenean edota malda behera malkartsuetan ezin nuen jasan. Konturatu naiz mendia niretzat terapia dela, meditatzeko modu bat akaso, eta kontzentratua behar dut joan, nire arnasketan, nire pentsamenduetan, nire gogoan. Eta nire taldea ez zen egokia horretarako. Horregatik saiatzen nintzen edo aurrean edo atzean joaten, berritsuengandik ahalik eta urrutien. Alde horretatik une txar batzuk igaro ditut, baina gero pasatzen zitzaidan. Agian pentsatuko zuten borde samarra nintzela, eta agian banaiz, baina bakoitza garen modukoak gara, ez dago besterik. Halere, jende guztiarekin moldatu naiz ondo. Esaten nien zaratak agobiatu egiten ninduela, ulertu nahi zuenarentzat nahiko.

Eta horrela, ttirriki-ttarraka heldu zen gure helmugaren eguna: Everest Base Camp. Ez zen punturik altuena, baina bai, adierazten duenagatik edo, bidaiaren izena eta helburua. Berriz ere bueltatuko banintz, agian Kala Patharrera igoko nintzateke eta Base Campera ez. Baina hori orain diot, han egon eta gero. Harritza bat besterik ez da, gehiago du sinbolikotik, politetik gutxi baitauka, ez bada han ikusten den glaziar izugarria, azpian dena baita izotza, harriek estaldura egokia osatu arren.

Derrigorrezko argazkien ostean, palestinako zapiarekin berriz ere, jaitsiera hasi zen. Hiru egun jaisten. Hamabost egunetan gora eta behera egindako guztia hiru egunetan kitatuta. Luklan hegaldi ahaztezina geneukan zain, ikusi behar da hango aireportuko aireratzeko pista; eta, amaitzeko, bi egun Kathmandun lasai egon eta opariak ala oroitzapenak erosteko.

Hiru aste horietan nire errealitatetik erabat deskonektatuta egon naiz. Aitortu beharra daukat hainbat pertsona izan ditudala gogoan, beraz deskonexioa ez da erabatekoa izan, baina oso ondo sentitu naiz. Barre egin dut, negar egin dut, dantza egin dut eta kantatu egin dut. Lasai egon naiz, eta inportanteena agian, ni izan naiz, nire on eta txar guztiarekin. Kilira joateko nire planetan zalantzak sortu zaizkit, bost mila metrotan ibiltzea oso gogorra dela ikusi dudalako, eta ez dakit sufrimendu hori jasateko prest ote nagoen oraintxe bertan.

Espero, aurrerantzean ere, horrelako esperientziak bizitzeko aukera izatea, eta zuri irakurle, aukera badaukazu, bidaiatu ahal duzun guztia, irten etxetik, ezagutu beste munduak. Hala  gurean dauzkagun tontakeria guztiak errotik joango zaizkigu.