2024/09/24

IRAILAK 24 (esaldi bat)

Gaurkoan serie batean entzundako eta, ziurrenik, liburu batetik ateratako esaldi batekin natorkizue. Honakoa dio:

Inor ez da hiltzen sexu faltagatik, hiltzen duena maitasun falta da.

Eta nik esaldi hori beste honetan bihurtu dut:

Sexu gabe bizi daiteke, maitasunik gabe ez.

Amets gozoak guztiontzat!

2024/09/23

IRAILAK 23 (udazkena)

Atzo sartu ginen ofizialki udazkenean. Jada esana daukat nire urtaro gustukoena dela ziurrenik, basoak janzten duten koloreengatik, etxera goxo biltzeko tartea eskaintzen digulako agian, munduratu nintzen urtaroa delako, ez dakit oso ondo, baina tristurarako garaia ere izaten da niretzat.

Atzo halakoa izan zen nire udazkenerako sarrera, lasaia baina tristea. Arratsalde guztia egonean pasa nuen, ezertan pentsatzeko, ezer egiteko gogorik gabe. Pelikula arin horietako bat ikusi eta negar batean egon nintzen, agian negar egiteko beharra nuelako, aspaldi ez bainuen egin. Eta eguraldi eskasa egitea desiratu nuen, etxean sartuta egoteko aitzakia edukitzeko, norberaren etxean egoteko aitzakia bat izatea beharko bagenu bezala. Eta gaur ere malenkonia horrek harrapatuta bezala nago, nire orainean eta biharamun hurbilean pentsatuz. Eta nagiak harrapatuta nauka beste behin ere, eta bi liburu musu aurrean jarri, baina ez naiz gai haiek irekitzeko, barne katarsiaren eguna dut, eta gero zer, eta bihar zer, galdetzen diot neure buruari, erantzunik ez dut ordea.

Horrelakoak dira batzuetan egunak, eta horiek kudeatzen ikasi behar dugu, ikasi behar dut. Zure aldarteari izena jarri, kontziente izan triste zaudela edo haserre, edo dena delakoa; zure tristeziaren arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen errekonozitu, eta horri aurre egiten eta horrekin bizitzen ikasi, zulo beltz batean erori gabe.

Eta halaxe sartu naiz udazkenean, barrura begira, bihar kanpora begiratu ahal izateko.

udazkena

Basoak berde dira oraino

egunak umelak

goizak freskoak

etxea epel dago, baina hotz.

 

Sabaiak pisutsua dirudi

gainean jausiko zaizulakoan

eta egunak laburtzen ari dira

gero eta azkarrago

gau luzeei tokia utziz.

 

Irailaren amaiera dugu

ikasturte berria hasteko garaia

bizitzari asmo berriak eskatzekoa

asmo berriak betetzeko gauzak egitekoa.

 

Eta ni hemen naiz

ohean etzanda

tapakien azpian,

errealitateari begiak itxiz

 gogor

zabaltzerakoan zerbait desberdina

topatuko dudalakoan.

 

Udazkena heldu zait

jantzi aldaketa egiteko sasoia

armairuan ez dut oraindik baina

hobetoen egokitzen zaidana aurkitu

eta bila ari naiz

lehenbailehen topatzeko esperantzaz.

2024/09/22

IRAILAK 22 (gipuzkoa ez da new york)

Harritzekoa da ze gaitasun daukagun pertsonek gure bizitzako eremu desberdinak bereizteko, konpartimentu estankoak bailiran, euren arteko nahasketa ekidinez, inkontzienteki bada ere.

Ez dakit euskaldunen kontua den, edo jatorriarekin zerikusirik ez duen, baina orohar, sozializatzeko darabilgun eremua, gure herri ingurukoa da, gure bailarakoa irekiago direnen kasuan. Besterik ez. Urrutiago joatea oso arraroak direnen kontua izaten da normalean.

Nik nire bizitza laboralaren bi heren baino gehiago Debabarrenan igaro dut, baina oso gutxitan ibili izan naiz bailara horretan sozializatzen, jaietan, jaialditan edo dena delakoetan.

Atzo Gararock jaialdira joan nintzen Mendarora Arekin. Banekien ezagunen bat topa nezakeela, eta hala izan zen, batzuk topatu nituen, gehienak ikasle ohiak, baina baita lankide izandakoak eta zertaz ezagutzen nituen oso argi ez neukan beste batzuk ere. Edozein kasutan, gehien harritu zidana zen denek galdetzen zidatela zer arraio egiten nuen nik han, jaialdi herrikoi txiki batean,  nire etxetik hain urruti, ta, egia esateko, bazen arraroa ni Mendaron topatzea festi batean, inoiz ez naizelako handik aisialdian ibili. Hura nire lan esparrua izan zen urteetan, ez parrandarako edo sozializatzeko tokia.

Eta orduan hasten zara gauzak perspektiban jartzen. Gipuzkoak New York hiriak adinako tamaina dauka, gutxi gora behera. Donostialdetik Mendarora autoz ordu erdian ailegatzen zara, Hernanitik Donostiara autobus gorrian joanez tardatzen duzun denbora berbera. Eta orduan zergatik eman behar ditut azalpenak nolatan nagoen Mendaron, Timbuktun banengo bezala? -Bai Maliko hiri horren izena gustatzen zait, eta oso urruti dagoela dirudi, horregatik darabilt maiz. Eta otu zait Gipuzkoa ez dela New York, eta hemen bailaraz aldatzea, han estatuz aldatzeko ekintza adinakoa dela gutxi gorabehera.

Ba halakoak gehiagotan egin behar ditudalakoan nago. Ederki pasa nuen, nire konfort egoera horretatik irteteko modua izan zen, jende desberdina ikustekoa eta desberdinekin eragitekoa. Gainera kontzertuak ederrak izan ziren, eta mutil guaporen bat ikusteko parada ere izan nuen. Hurrengoan, akaso, ligatzerako pausua emango dut, baina horrek beste batean beharko du.

2024/09/21

IRAILAK 21 (begirune apur bat mesedez)

Dakizuenez, atzo zinemaldiaren 72. edizioa hasi zen. Aurten, oraingoz, ez dut sarrerarik erosi, baina interesa badut, eta hasiera ekitaldia telebistaz jarraitu nuen. Jakinmina neukan, iazko Donostia sariaren jabeak egingo zuen diskurtsoaz, eta nire usteak bete ziren.

Beno, hasteko, Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok egin zuten aurkezpen papera, eta egia esan asko gustatu zitzaidan euren lana: bai gidoia, erabilitako tonua, turismoaren gaiari egin zioten keinua, eta euskal munduarekiko adierazitako begirunea besteak beste oso onak iruditu zitzaizkidan.

Baina gaueko izarra Javier Bardem zen. Arratsaldean eman zuen prentsaurrekoan adierazi omen zuen gorputza ez zuela sarietarako, Gazan gertatzen ari dena kontuan izanik. Beti lotu izan da bai bera, bai bere familia ezkerrarekin, injustiziaren aurrean beti lehen lerroan egongo den horietakoa omen. Ba nik bere diskurtsoa entzuteko irrikitan nengoen, eta aizue ez zuen hitz bat bera ere euskaraz esan: ez gabon, ez eskerrik asko, txintik ez. Eta aurten utzi gaituen Donald Sutherlandekin akordatu nintzen, nola sari berdina jasotzean errepikatu zuen behin eta berriro milesker Euskal Herria.

Zer gertatzen zaie Espainiako ezkerreko intelektual eta artista hauei guztiei? Okerrenak dira horrelakoetan, ez dute inolako begirunerik azaltzen gure herriarekiko, gure kulturarekiko, gure hizkuntzarekiko. Ez da lehen aldia gertatzen zaidana, eta gero eta argiago daukat: progrearen mozorroa janzten dute, baina nazionalista espainol kasposo batzuk besterik ez dira, hemen aipatu nahi ez ditudan fatxa ugariren tankerakoak. Ezin baita ezkerrekoa izan eta hizkuntza gutxitu bat bazterrean utzi. Keinu txiki bat nahikoa da begirunea adierazteko, baina ez dute horretarako inolako lanik hartzen, berdin zaielako. Eta oso ondo Gazaz akordatu izanaz, eta zenbat maite duen San Sebastian, eta… pikutara. Aktore bezala oso ona iruditzen zait tipoa, baina bere atzoko moduak ez zitzaizkidan egokiak iruditu.

Ezkerreko artista eta intelektual espainol guztiak, beste kultura eta hizkuntzekiko begirune apur bat, mesedez!

2024/09/20

IRAILAK 20 (agurmaitia)

Egun hauetan irakurri dut Kaixomaitiak, ligatzeko euskal aplikazioak, bere ateak (sarea esan beharko) itxiko dituela aurki.

Nik duela urte batzuk, dolu luze baten ondoren, erabaki nuen banuela norbait ezagutzeko tenorea. Adinean aurrera goazela, jendea ezagutzea zailagoa gertatzen denez, sare sozialen aldeko apustua egin nuen. Gauza zen zein aplikazio erabili. Nik, aitortu beharra daukat, marra gorri ugari dudala eta hainbat aplikaziok beldurra eragiten zidatela.
Eta pikoletoa bada, edo peperoa, edo nazionalista espainiarra… eta orduan Kaixomaitian izena ematea erabaki nuen. Gutxienez euskalduna izango zen, nahiz eta euskaldun sasikume asko dagoela jakin.

Esperientzia hartatik zer atera nuen? Txat batzuk, tarteka oso dibertigarri suertatu zirenak; bi ezkondu eta inoiz hasi behar izan ez nuen harreman labur bat, motzagatik min handia eragin zidana. Azken horretaz ez dut ezer esateko, pasatu zen mina eta sare sozialak ligatzeko erabiltzen uztea eragin zidaten.

Ezkonduei buruz zer esan? Ba, besteren batean esan izan dudan moduan, jendea oso gaizki dagoela. Euren bizitzari piper pittin bat jartzeko apuntatzen dira horrelakoetan, jakinik euren emaztea ez dutela inoiz utziko.

Hasieran asko dibertitu nintzen biekin. Hitzorduak izatera heldu nintzen, berdin zitzaidan zein zen euren errealitatea, ni gustura nengoen eta kito. Baina denbora aurrera joan ahala, jabetzen hasi nintzen ni euren bizitzetan jostailu bat besterik ez nintzela, eurei ondo zetorkienean jartzen ziren kontaktuan nirekin eta aspertu egin nintzen. Erabaki nuen ni ez naizela inoren bigarren platera. Akaso pentsatzen zuten eurak noiz idatziko irrikitan nengoela, beste zereginik ez banu bezala? Popatik hartzera. 

Eta hala amaitu nuen esperientzia hura. Aitortu beharra daukat haietako batek tarteka idazten didala, ez zuen beste maitalerik aurkituko eta ea bere jokoan sartzen naizen akaso. Ez diot gehiago erantzun, gizon berekoi matxista bat bezala ari da, eta niri horrelakoak ez zaizkit batere interesatzen.

Ai Z maitea, zer moduz zabiltza? Kanpoan egon naizenean zurekin akordatzeak pozik jartzen ninduen, baina orain, etxean, tristetu egiten naiz. Ziur al zaude ez duzula nirekin geratu nahi?

Agurmaitia!

2024/09/19

IRAILAK 19 (eginbeharrak vs betebeharrak)

Elhuyar hiztegian sinonimotzat agertzen diren arren, nik bi kontzeptuak bereiztu nahi nituzke.
Gaur eginbehar ugarirekin baina betebeharrik gabe jaiki naiz. Egin dudan lehen gauza labadora ipintzea izan da. Gero gosaltzeko zerbait erostera jaitsi naiz, gosaldu, bazkaria prestatu eta enkargutara joan naiz. Bi urtetan lehen aldia izan da perira joan naizena, bakailaoa  erostera. Eguna eguzkitsua da, eta oso  arraro sentitzen naiz eguerdian erosketak egiten edota liburutegira joaten, soilik jubilatuak eta ama gazteak euren haurrekin ikusi ditut kalean.

Ondoren, marea behean dela probestuz, hondartzara joan naiz bainutxo bat hartu eta eguzki epeletan etzatera. Kirol apur bat ere egin nahi nuen, baina berandutu egin zait eta dena ezin da, aukeratzen ere jakin behar da. Gainera, hamabost egun etxetik kanpo egon ostean, hura atontzea ere tokatzen da. Beraz, mendiko planak biharko utziko ditudala deliberatu eta idazketa kontuetan jarri naiz bazkal ostean, sofing apur bat egin eta gero.

Atzo Stockholmon nengoen arren, jada hura guztia urruti ikusten dut. Bizitza halakoa da. Berehala jartzen gara gauden egoeran, tartean sentimenduei eragiten dien auzirik ez bada behintzat.

Egia esan, egun hauetan asko akordatu naiz nire bihotzeko kuttunarekin, modu oso atseginean gainera. Orain, etxean naizela, aurreko egunetako amets horiek ilunago ikusten ditut, etxean errealitatetik gertuago bainago nolabait. Ispilua aurrean dut, ez milaka kilometrotara.

Bitxia da nola funtzionatzen duen gure buruak, nola gauza batzuk urrutira atsegin zaizkigun eta bertan mingarri. Dena perspektiba kontua da, baita esna ditugun ametsetan ere.

Eta bihar zinemaldia hasiko den honetan, aurten, inoiz baino libreago egonik, ez dut, oraingoz, inolako saiakerarik egin sarrerak erosteko. Ez dakit erosiko ditudan ere, gero eta gehiago gorroto baititut ekitaldi derrigorrezko hauek. Agian nota batzuk hartu behar ditut, ondoren zineman zein film ikusi ondo aukeratzeko. Baina hori ere egunetik egunera erabakitzen joango naiz, inolako betebeharrik ez baitut.

Eta besterik ez gaurkoz, hamasei egunetako zirriborroak transkribatzen hasi behar baitut. Ez da betebehar bat, neure buruari jarri diodan egiteko bat baizik.


2024/09/10

IRAILAK 10 (udazken koloreak)

Lurra beltza da.
Gorri bihurtzen ari den
soineko berdea jantzi du 
udaren amaieran.
Begira ingurura
dena da bizitza
goroldioa, belarra, iniztorra
zenbat animalien gordeleku.
Eta guztiaren gainetik ura
ura nonahi
lakuetan, fjordoetan, hodeietan, belarrean
dena da zingira erraldoi bat.
Eta haizeak astintzen ditu zuhaixkak
aintziretan olatuak sortu
galduta gabiltzanoi desoreka eragin
paisaia basatiago bilakatu.
Hala ere bakea sentitzen duzu, 
bertan nahiko zenuke egon
garai batez.
Udazken koloreek 
Lofoten jantzi dute
irailaren hasieran,
neguaren hurbiltasunaz
ohartarazteko.

2024/09/03

IRAILAK 3 (bidaia I)

Goizeko bostak laurden gutxitan esnatu; dutxa; kargagailuak, janaria eta mugikorrak motxila txikian sartu; kafesne bat eta tostada tahinarekin hartu; lo gutxi egin izanaren nekea gainean eta sabelean nerbio geldiezinak.

Bost eta erdietan taxia autobus-geltokira. Seitan autobusa aireportura. Puntual heldu naiz Loiura. Iberiako chekinean izugarrizko kola dago, kasik ordu bete pasa da txartelak jaso ditudan arte. Nire sorpresarako maletak ez du hamasei kilogramotik pasatzen. Eskerrak, kontutan hartuta barruan doan hiru laurden inguru mendian nirekin gainean eraman beharko dudala, lasaitu nau zenbakia ikusteak. 

Maleta nik neuk sartu behar izan dut hegazkinetarako zintan. Lehen aldia da hori ikusten dudana, atzerapen bat iruditu zait eta deskonfiantza puntu bat eman dit: eta bidean galdu eta Oslon beharrean Tonbuktun agertzen bada zer?

Hurrengo fasea Madrilera hegazkina,  badirudi ordutegiaren barruan noala. Madrilera heldu eta lau ordu luze igaro behar ditut aireportuan, Oslorako hegazkina hartu arte.

Bigarren gosaria: etxetik ekarritako patata-tortilla eta magdalena goxo bat, eta hiru euro eta berrogei zentimo kostatu zaidan kafe amerikar bat. Hiru euro eta berrogei zentimo eta oraindik ez naiz Espainiatik atera: zer kobratuko didate Oslon? 

Dena denboran joan da eta seiak eta hogei inguruan Osloko aireportuan lurreratu naiz. Maleta ondo heldu da. 
Orain trena bilatu behar dut,  billetea atera beno gauza horiek. Nire ingelesa praktikan jartzeko lehen unea izan da,  -the cheapest one please-. 

Osloko tren estaziotik google mapsi esker oinez heldu nahiz nire hotel xumera. Harrerakoa mutil gazte bat da,  nahiko lehorra. Hiriari buruz galdetzen hasi natzaio.  -We are here, esan dit lehor mapa batean borobil bat seinalatuz.  Nekatua nago eta ez naiz tematu.
Logelara igo, dutxa bat hartu, patata-tortilla amaitu eta ohean etzan naiz deskantsatzera. 

Duela hamabost ordu irten naizela etxetik. Taxia, autobusa, bi hegazkin eta trena hartu ditut, eta eleberri erdia irakurri. Zein gogorra den turistaren bizimodua.

Bihar gehiago eta hobeto espero dut.  Gabon!


2024/09/02

IRAILAK 2 (moldatzen ikasi)

Lagun irakasle maiteak, zer moduz pasa duzue gaua? Urduri, gaurko lanera bueltak loa eten dizuelako? Nik, egia esan, ederki egin dut lo, baina zazpiak laurden gutxiagotan esnatu naiz, iratzargailurik jo gabe, nire buruak jakingo balu bezala gaur iraileko lehen lan eguna dela eta jaiki egin behar dudala eskolara joateko. Jaikitzeko ahalegina egin dut, gauerako nekatua egotea komeni zaidalako, baina kasik beste ordu betez lo seko geratu naiz. Eta zuekin gogoratu naiz, eta nire egoeraz jabetu naiz, eta pentsatu dut zein zorteko garen batzuk hau egiteko aukera daukagulako, alegia, bost urtetik behin lanera joan gabe geratzea soldata duin bat kobratuz.

Faltan botako zaituztet zuetako batzuk, baita lana bera ere, gizakiok ohituretako animaliak baikara, baina espero ikasteko urte ezin hobea izatea: bizitzaz ikasteko, bizitzen ikasteko, moldatzen ikasteko, ezbeharrei aurre egiten jakiteko eta, derrigorrean, nire ingeles kakosoa praktikatzeko eta hobetzeko, Donostiako akademia entzutetsu batean urteetan utzitako dirutza zerbaitetarako balio izan duela frogatzeko alegia.

Eta bide batez adierazi nahi dizuet datozen egunetan ez dudala teknologia egokirik izango, beraz, eguneroko honi eskuz emango diodala jarraipena. Ez dakit ondoren guztia publikatuko dudan ala ez, ez dakit egunen baten gai izango naizen zerbait publikatzeko, agian tituluak, batek daki. Hori ere sobre la martxa.

Eta besterik gabe uzten zaituztet zuen betebeharrekin, ziur ugariak direla. Nik ere badut azken prestaketak egin beharra.

Animo ikasturtearekin eta laster arte!


2024/09/01

IRAILAK 1 (iraila)

Iraila oso hilabete berezia da.

Irailean lanean hasten gara irakasleok, opor luuuuzzzeeeeeee horiek amaituta.

Irailean hasten dira kioskoetan faszikuluetan saltzen dituzten kolekzio amaigabe horiek. Norbaitek erosten al ditu oraindik, eta zeinek amaitzen ditu?.

Irailean egunak mozten hasten direla somatzen hasten gara, eta jertsea janzteko beharra izaten dugu maiz.

Irailean lo egiteko manta bat jartzea beharrezko izaten da, edo zen, orain aldaketa klimatikoarekin batek daki eta.

Irailean itsasoan bederatzi egun jarraian bainatzen bazara, negu guztian ez duzu katarrorik harrapatuko. Beno, hori aitzakia bat besterik ez da hondartzara bainatzera joaten jarraitzeko.

Irailean hurrengo ikasturterako zure helburuak markatzen dituzu eta hainbat ikastarotan apuntatzen zara, izan kirola, izan kultura, dena zure gorputza eta adimena lantzeko.

Irailean Donostiako estropadak izaten dira. Garai batean gustura joaten nintzen ikustera, tarteka parranda egitera. Egun oroitzapen txarrak dakarzkit eta enteratu gabe pasatzea nahiago, horretarako telebista piztea ekiditea beste erremediorik ez daukat.

Irailean Zinemaldia izaten da. Garai batean ilarak egiten nituen sarrerak erosteko, zineman sartzeko, baina beti lortzen nuen nahi nituen pelikulentzako tiketak. Ilusio handiz bizitzen nituen egun haiek. Gaur egun apenas filma bat ikusten badut, ez baitut inoiz lortzen nahi ditudan filmentzako sarrerak. Eventitisak nazkatuta nauka eta garai bateko ilusioa galdua dut.

Irailean gudari eguna izaten da. Gaur egun ez du garai batean zuen indarra, baina niri irailak hogeitazazpia txikitatik iltzatuta geratu zaidan egun horietako bat da, nahiz eta inongo ekitalditan parte ez hartu.

Irailean udazkenean sartzen gara, nire urtaro gustukoena ezbairik gabe, agian ni garai horretan jaio nintzelako.

Batzuontzat irailean hasten dira urteak, denbora ikasturtetan kontatzen dugulako ez urte naturaletan.

Iraila udaran izandako desordena eta desordu guztiak zuzentzeko garaia izaten da. Errutinak berreskuratzeko hilabetea, orekatua izaten hasteko unea.

Iraila hilabete ona da garbiketa egiteko, norberaren garbiketaz ari naiz, toxinak kanporatzekoaz. Nik siropearena egiteko ohitura izan dut eta ondo joan izan zait.

Aurtengo iraila niretzat oraindik bereziagoa izango da, ez bainaiz lanera joango. Bihar oso arraro sentituko naiz, ez baitut iratzargailurik jarri beharko. Ez naiz urduri sentituko lankide berriak ezagutuko ditudalako. Ez dut antsietaterik izango tokatu zaidan ordutegian pentsatzen.
Batzuek diote hurrengo irailean kristoneko zartakoa hartuko dudala, baina hori urtebete barru izango da. Bitartean goza dezadan bizitzaz.

Irail on guztioi!