2024/07/29

UZTAILAK 29 (zertarako poesia)

 

Eta zertarako poesia? Galdetu du maitaleak


Zuk sentiarazten didazuna adierazteko

Ez zaudenean nola sentitzen naizen ulertzeko

Zaudenean nire zozokeriaz jabetzeko

Itsutu egiten nauzula ikusteko

Nire burua zurearen gainetik maitatu behar dudala ohartzeko

 

Eta maitaleak munduko poema liburu guztiak erre ditu

ohartu gabe poesia norberaren barruan topa daitekeela

non bilatu jakinez gero.

UZTAILAK 28 (berandu nabil)

Ak telegram bat bidali dit esanez ez dudala idatzi. Teknikoki jada astelehena da, baina oraindik oheratu ez naizenez orain doa gaurkoa (edo atzokoa).

Kasik egun guztia etxetik kanpo igaro dut, paseoan, hondartzan, musika entzuten jazzaldian eta, eguna amaitzeko lagun batekin geratua nengoen afaritarako, eta lagunak egunerokoak baino inportanteagoak dira nire uste apalean.

Gauzak horrela, ez dut asti gehiegirik zerbait sakona idazteko orain, beraz, erabakita neukan gaurkoan zerrenda bat zihoala. Eta hala doa. Interesatzen zaizkidan gaien zerrenda, idatzi nahi dudan gaien zerrenda.

Abertzaletasuna, adimen artifiziala, adina, aisialdia, aitatasuna, aldaketa klimatikoa, amatasuna, askatasuna, ausardia, bakardadea, bekaizkeria, beldurra, berdintasuna, bidaiak, bikoteak, bikote-harremanak, biolentzia, borregismoa, edertasuna, ekologismoa, elkartasuna, epeltasuna, erakargarritasuna, erakarpena, errespetua, faltsukeria, familia, familia-ereduak, feminismoa, fobiak, gentrifikazioa, gerra, gizarte-ereduak, gorputza, gorrotoa, hezkuntza eta hizkuntza, hipokresia, hoztasuna, independentzia, (in)justizia, jeloskortasuna, kirola, kultura, laguntasuna, leialtasuna, literatura, lotsa, maitasuna, mendia, natura, naziotasuna, pasioa, politika, sare sozialak, sexua, sozialismoa, zahartzaroa, zaletasunak, zinema, zintzotasuna, zuritasuna.

Ziur gai interesgarri eta -tasun ugari eskapatu zaidala, beraz, irakurle, bidal iezadazu zure ekarpena.

Aldez aurretik milesker eta gabon!

2024/07/27

UZTAILAK 27 (mediterraneo)

 

Eguzkiak itzali du

gaueko iluntasuna

inguruan dena da ur

irla batean baleude

 

Beroa, egarria, gosea

beste ezer kabitzen ez den ontzi mengelean

 

Ozeano zabalaren erdian

lur bila

mundu hobe baten bila

libre izango diren leku baten bila

 

Eta berriz ere gaua heldu da

Mediterraneoaren erdian

 

Eta hondoratu aurretik

inork topatuko dituen esperantzaz

lokartu da umea

ama gaztearen besoetan.

2024/07/26

UZTAILAK 26 (konpontzaile bila)

Atzo bineta bat ikusi nuen feizbukian. Gizon bati bihotzekoak ematen zion, eta beste bat laguntza eske zihoanean, inguruko gazteak denak ziren edo influencerrak, edo youtuberrak, edo eduki-sortzaileak… Grazia handia eragin zidan eta, ondoren, zer pentsatua ere.

Horrelako zintek egoerak esajeratu egiten dituzte, baina egia dena da gure profilak nabarmen aldatzen ari direla, eta gure jendarteak arazo larri bat duela. Ez naiz mediku faltaz ari, langile kualifikatuez baizik.

Astakilo samarra naiz, eta atzo sukaldetik terrazara doan atea literalki blokeatu egin nuen, ez atzera ez aurrera ezin zabalik geratu nintzelarik. Nire amarekin akordatu nintzen. Hark berehala esango zuen halakori deituko diogu konpondu dezan. Bere konpontzaile, edo elektrizista, edo iturgin, edo igeltsero, edo arotz, horiek guztiak aspaldi jubilatu ziren, eta nik, horrelakoetan, ez dakit inoiz nori deitu.

Eta orduan ikusi nuen feizbukeko zinta hura, eta pentsatzen jarri nintzen zein gaizki egiten ari garen gauzak. Denok nahi dugu dirua erraz irabazi lan gutxi eginda, eta, ahal dela, eskuak zikindu gabe. Badirudi lan horiek ez direla duinak, edo ez dutela nahikoa kategoriarik, edo ez dakit nik zein gauza arraro. Familia bati bere seme-alabarentzat ofizio bat ikastea aholkatzen diozunean haserretu egiten dira kasik, batxilergoa ikasi behar dutela eta, ahal dela, unibertsitatera joan. Eta diot nik, zertarako behar ditugu horrenbeste unibertsitario eguneroko kontu txikiak konpontzeko gai ez den gizarte batean?

Denok ez gara berdinak, pertsona batzuk ikasteko balio dute, beste batzuk ez, eta horrek ez du txarretik ezer. Jendarte orekatu bat lortzeko mota guztietako pertsonak, formazioak eta kualifikazioak behar ditugu, eta guztiak dute duintasun berdina, jendartearekiko ardura-maila desberdina izan arren.

Eta hemen nabil, terrazarako atea ezin zabaldu, paginas amarillasen faltan, sarean konpontzaile bat bilatzen nire etxe inguruan. Ea nahi gabe beste zerbait konpontzeko norbait topatzen dudan, ai ama…

Egun ona izan!

2024/07/25

UZTAILAK 25 (dena dago salgai)

Azken garaietan gero eta ugariagoak dira turismoaren aurkako protestak mundu zabalean. 

Garai batean soilik aberatsek bidaiatzen zuten plazerez. Baina, gure gastatzeko ahalmena hobetzen joan den heinean, turismoa edo bidaiatzea demokratizatu egin da, unibertsalizatu egin da, denon eskura dagoen zerbait bihurtu da, bidaiatzeko modu asko egon dauden arren.  Euskal Herrian bizi den klase ertaineko norbanakoei buruz ari naiz, beti ere. Jada ezin dugu bidaiatu gabe bizi. Zenbat eta urrutiago joan, orduan eta hobe.

Gauza bera gertatzen da ekitaldiekin, izan kontzertu bat, izan jaialdi bat, izan pilota edo futbol partida bat, izan bakailao-astea. Ez bazaude, ez baduzu parte hartzen, ez zara ezer.

Txotxolotuta gaude.

Urtebeteko aurrerapenarekin erosten ditugu kontzertu baterako sarrerak, jakin gabe urtebete barru non egongo garen, edo bizirik jarraituko dugun. Antsietatez jartzen gara ordenagailu aurrean goizeko bederatziak bost gutxiagotan gure sarrerak erostera, eta sarea blokeatu egiten dugu, eta amorratu egiten gara ez dugulako guk eta mundu guztiak nahi zituen horiek lortu. Baina, zenbat dauka horrek benetako gogotik, eta zenbat jendarteak eragindako beharretik?

Nire lagun batek esaten duen moduan, eskuetatik joaten ari zaigu, ez bazaigu jada guztiz joan. Gure BPGa turismoan oinarritzen bada dena salgai jartzeko beharrean gaude, eta saltze horrek masiboa behar du, beharra eragin behar du, antsietatea sortarazi behar digu, eta horrela goaz  elikatzen horrenbeste amorratzen digun sistema, antisistema garela saltzen dugun bitartean.

Badakit gaia konplexua dela, baina kezkagarria ere bada. Nondik gatoz eta nora goaz? Zein gizarte-eredu eraikitzen ari gara? Ondo bizi nahi izatea eta aisialdiaz disfrutatzea gauza bat da, baina ez al gara borregismoan jausten ari?

Gaiarekin jarraituko dut besteren batean, luzerako ematen baitu. Bitartean, atzo Izaron kontzertua galdu nuen arren, ea gaur Jazzaldira hurbiltzen naizen, ni ere guzti honen parte naizela sentitzeko, une batez bada ere.

(Oharra: urteetan egin diren Jazzaldia bezalako jaialdiak egitearen aldekoa naiz. Gustuko ez dudana da horiekiko daukagun jarrera. Mundu guztiak entzuten al du jazza bere etxean bakardadean? Horretaz ari naiz.)

2024/07/24

UZTAILAK 24 (transkripzioa)

Etxera bueltarekin batera, ordenagailu aurrean jarri naiz.

Aurreko egunetan idazten jarraitu dut, baina mapa baten atzealdeko alde zurian. Lagunek emandako ideiez eta bidean ateratako kontuez hornitu naiz, egunerokoaren aletxo horiek idazteko.

Badakizu nire helburua gauza xume bat egitea dela, beti ere nire buruari paper zuriaren, edota pantailaren aurrean jartzera behartuz, eta egun hauetan denbora gutxi hartu dut ganorazko zerbait idazteko, beraz atera dena doa, dena jarraian, bost egunekoa egun bakarrean, zuzenketa txiki batzuk eginez soilik.

Honen bidez eskerrak eman nahi dizkiet egun hauetan bidaide izan ditudanei. Haien umorea tristuraren kontrako antidoto bat delako beti, inspirazio bat direlako, barrez leher arazi egiten didatelako.

Zer egingo dut bihartik aurrera? Ba bihar, berriz ere, ordenagailu aurrean jarriko naiz nire erronka honekin aurrera jarraitzeko, eta ametsetan bilatuko dut nire inspirazio iturria, ametsetan edota nire gorputzeko toki ezkuturen batean. 

Bitartean ondoloin. Amets politak izan!

UZTAILAK 23 (oporrak lagunekin)

Gure lau egunetako ibilaldia amaituta herri batera jaitsi gara eguna pasatzera. Eguraldi bikaina zegoenez bertako igerilekura joan gara, eta, hara sorpresa, sauna eta spa txiki bat zeuden bertan. Amaitu dira gure opor prekarioak, bueltatu gara gure bizimodu burgesera. 

Eguneko menu bat jan dugu jatetxe majo batean; igerilekuan luze batzuk egin ditugu uraren presioak gure muskuluak erlaxa ditzan eta, ondoren, ur beroko jacuzzian sartu gara, txorro bat hemendik, txorro bat handik,  kontrakturak ekiditeko; saunan sartu gara toxina batzuk eliminatzeko asmotan; belarretan etzan gara eguzki-izpiak jasoz; hotel batera joan eta dutxa bero bat hartu dugu, kaleko arropa garbiak jantziz, eta, amaitzeko, poteatzera joan gara, gure lau egunetako ekintzaz harro.

Zibilizaziora bueltan, oso gustura ibili garen arren, azkar ahaztu dugu prekarietatea, eta berehala ohitu gara, guretzat oinarrizkoak eta ohikoak diren pribilegio horietara.

Baina bizitza halakoa da. Beste batzuen aldean oso aberatsak izan arren, guretzat ohikoak diren oinarrizko beharrak ez dira pribilegio, minimo baizik, eta haien eskasian gabiltzan egunetan ia-ia heroi sentitzen gara gure baitarako, horren inolako agerpenik egin ez arren. Horrek ongi sentiarazi egiten gaitu, gure bizimodu askotan aspergarriari pizgarri bat ematen dio, egunerokoari beste balio bat emanez, tarte txiki batez bada ere.

Eta udako oporraldiari opor usaina eman diogu estreinakoz, lagunekin partekatutako une eta egun horiei esker. Eta barre egin dugu Jenny, Sindy eta Mari Carmeni esker, eta gustatzen zaigun horretaz elkarrekin disfrutatu dugu, bizitzeari eta bizitzari balioa emanez.

Hurrengoaren zain geratuko gara, baina bitartean bizitzen jarraituko dugu.

UZTAILAK 22 (balora dezagun daukaguna)

Hiru egunez menditik zabiltzala, aterpez aterpe, kamiseta kendu eta jantzi, kuleroak kendu eta jantzi, justu-justu aldatzeko arropak gainean daramatzazula, zerbait hotza kentzeko, beste zerbait euriaz babesteko; edateko ura justua, janaria oinarrizkoa. Egun batzuk horrela zabiltzala, zure helmugara heltzean eskertzen duzu dutxa bero bat, kaña bat, ura freskoa, koltxoi bat lo egiteko, epeltasun apur bat hotza kentzeko, freskotasun apur bat beroaz babesteko, afari bero bat, kafe bat… Egunero gure etxean ditugun gauza horiek, baina baliorik ematen ez diegun horiexek eskertzen ditugu.

Gaur lehertuta heldu naiz, erreta literalki, ia-ia intsolazio batek jota, erdi mareatuta. Baina heldu ahala dutxa bat hartzeko aukera izan dut, garagardo bat edatekoa; koltxoi bat nuen atseden hartzeko, lo egiteko beste kontu bat izango da, egun hauetan zurrunkek ez baitidate uzten loa guztiz hartzen, eta hori guztia paraje ezin hobean.

Beraz, ernegatuta heldu arren, gauza horiek baloratzeko tarte bat hartu dut, eta nire aldartea pixkanaka aldatzen joan da.

Orain espero dudan gauza bakarra da afaltzeko dilistak ez izatea, hiru egunetatik bitan izan baititugu.

UZTAILAK 21 (aszensorean?)

Atzo izugarrizko beroa egin zuen. Hemeretzi kilometroko etapa egin genuen, baina gainean generaman ur guztia edan genuen helmugara iritsi aurretik, kasik deshidrataturik bukatuz. Eskerrak aterpean garagardoa eta ur freskoa zegoen, galdutako guztia azkar asko errekuperatu genuen.

Gaur lainotuta esnatu da eguna, halere, ez genuen euria espero. Baina ibiltzen hasi ahala, kapak ipintzen hasi gara. Hasieran behe lainoa zirudiena zirimiria bilakatu da, eta, geroago,  euria, euria, euria, euria. Hotza, haizea, hezetasuna, eguna desatsegin jarri da benetan.

Bidea zoragarria zen, baina ez genuen lau metrotara ezer ikusten, eta eguna errematatzeko galdu egin gara, hogeita bat kilometro izen behar zirenak hogeitasei bilakatuz.

Atzo eta gaur artean eguraldiak askorako eman digu, kexatzeko beroarengatik, kexatzeko giro eskasarengatik. Bazirudien izugarrizko parajeetan barna ibili beharrean, aszensorean gindoazela auzokoarekin berbetan.

Gauza da inoiz ez duela denen gustura botatzen. Eta bihar zer? Hirugarren etapako kronikan kontatuko, ala ez.

UZTAILAK 20 (jesusen bide(t)a)

Gaur lagun talde bat mendira abiatu gara trabesia bat egiteko asmotan. Eguna beroa zen, baina goiz hasi gara oinez, eta ilusio handiz ekin diogu gure urteroko ibilaldiari. Baina Jesusen bideak anitzak dira, eta eguna ez dugu ondo amaitu. Gutako batek ozta-ozta lortu du etapa amaitzea, eta abentura laga beharko du. Belauna xixko eginda dauka, eta koloneko gaitz batek ahuldadea eragin dio azken egunetan, gaurko beroak pott eginarazi dion arte.

Eta bere koloneko gaitzak eragindako komunerako joan-etorriek zer pentsatua eman digute bidean, edo bidetan, edota  garai batean gure komunetan egoten zen, eta ez dakit zer praktikotasun faltagatik kentzeko joera izan dugun osagarri horren inguruan.  Zeren ez didazue esango bideta dela komunean egon den tresnarik ekologikoena. Baina, pisa, edo kaka, edo hilekoaren arrastoak urarekin garbitzeko aukera ematen digun hori, ozeanoak kutsatzen dituzten toallita umelengatik ordezkatzeko joera izan dugu.

Herri musulmanetara bidaiatzean ikus dezakezu bideta edo ur-txorrota erabiltzen dutela euren parte intimoenak garbitzeko, eta guk, modernitatearen izenean, biodegradagarria ez den zelulosazko gauza arraro bat sartu dugu gure bizitzetan, bestea zikinegia edo eskatalitikoegia iruditzen zaigulako.

Zoratuta daude (gaude) lehen munduko zuri kristau mendebaldar hauek. Jarrai dezagun bide(t)a erabiltzen, eta, bide batez, bide(t) on Jesus!