2024/07/18

UZTAILAK 18 (adinarekin bueltaka)

Berrogeita hamabost urte ditut. Bai, badakit adinean aurrera noala, baina oraindik gauza asko dauzkat egiteko eta ikusteko, bizirik jarraitzen dudan bitartean behinik behin.

Atzo A-rekin joan nintzen mendira. Berrogeita zazpi urte dauzka. Ondo moldatzen gara. Gauza asko ditugu komunean, eta inportanteena dena da, elkar entzun eta errespetatzeko gaitasuna daukagula, bestea epaitu gabe. San Ferminetan ere elkarrekin izan ginen parrandan eta ederki ibili ginen.

Bihar A, B, C, D eta E-rekin noa lau eguneko trabesia bat egitera. Hiru gizon eta hiru emakume gara. Gazteenaren eta zaharrenaren artean hemezortzi urteko aldea dago, baina ederki pasatzen dugu elkarrekin. Giro ona daukagu, eta lehen esaten nuen antzera, gauzak komunean dauzkagu, zaletasunak, ideiak, ondo pasatzeko gogoa.

Aste santuan F-rekin egon nintzen oporretan. F-k nik baino hamar urte gehiago dauzka, baina oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Beti errespetutik eta gauzak partekatzeko txiparekin joaten gara, eta ederki pasatzen dugu.

Adina ez da arazo gustura egotea duzunean helburu. Jendearekin lotzen gaituena ez da adin berdina edukitzea, elkarrekin partekatzen ditugun gauzak baizik.

Lehen aipatu ditudanekin gauza asko lotzen naute. Lehena eta inportanteena, ziur aski, ideiak. Ondoren zaletasunak; izan mendia, izan musika, izan bidaiatzeko grina, izan gauza eta pertsona berriak ezagutzeko nahia.

Baina harreman intimoetara jotzen badugu, arazo larri bat dugu emakume heterosexualek. Berdintasunean aurrera pauso handiak ematen ari diren honetan, emakume eta gizonen arteko adin tartean jarraitzen dugu guztiz atzerakoiak izaten. A-k esaten dit, ligatu nahi badut gezurra esan behar dudala, kontran, ni baino gazteagoak diren tipoek berehala ihes egingo dutela. Are gehiago nahi dudana harreman serio bat izatea bada. Atso zahar bat iruditzen natzaie adina esanda, nahiz eta lehen bistan kontrakoa antzeman. Eta ezin dut ulertu. Partekatzeko gauzak baldin badituzu, zein garrantzia du zein den gazteago eta zein zaharrago?

Ez dut jendea adinarengatik epaitzen, esan bezala, komunean ditugun gauzen arabera konektatzen dut, ala ez. Baina egia dena da, nagoen une bitalean gizon gazteagoek erakartzen nautela oro har, haiekin gauza gehiago partekatzeko ditudala iruditzen zaidalako, baina gizarteak ni baino zaharragoak diren pertsonak bilatzera bultzatzen nau.

Sare sozialen bitartez ligatzeko saiakerak egin ditudanean, aspaldi utzia daukat bide hori, aiton zaharrak agertu izan zaizkit bikote posible bezala, eta amorratu egiten naiz.

Emaztea hamahiru urte gazteagoa duen lagun bati esan nion hamahiru urte gazteago zen tipo bat gustuko nuela. Aurpegi arraro batez begiratu eta zera esan zidan: guri neska gazteagoak gustatzen zaizkigu, eta lasai lasai geratu zen. Gizon guztien izenean hitz egiten ari zela zirudien. Halako adierazpen kategorikoak. Eta normalizatua daukagu gizon zaharragoak neska gazteekin egotea, haien arteko harremanak iraunkorrak izatea, baina alderantziz denean jarraitzen dugu emaztea demonizatzen.

Nazkatuta nago bizi dugun hipokresiaz. Oso aurrerakoiak gara, baina nahi dugun gaietarako soilik.

Nik espero dudana da maitemintzen jarraitzea, bestearen adinean erreparatu gabe, eta beste partetik ere hala gertatzea, inoiz match bat lortu arte.

Amaitzeko aurrekoan Iruñean ezagututako pertsonai batek botatako esaldia ekarri nahi dut gogora:

 “El mar también es viejo, pero se mueve”

2024/07/17

UZTAILAK 17 (aspertzen ikasi)

Atzokoa egun goibela izan zen. Giroa grisa zegoen eta neu ere halaxe pasa nuen eguna. Ezer berezirik egin gabe. Telebista jarri, baina atentzio handia eman gabe. Mugikorra begiratu uatsapa, telegrama, Xa, instagrama, feizbuka, ea norbaitek idatzi zidan, aleik ez. Berriz ere atentzioa telebistan jartzen saiatu, baina ez zegoen modurik. Sentitzen nuen egun eta ordu zoragarri batzuk eskuetatik ihes egiten ari zitzaizkidala. Eta ordu horiek liburu bat irakurtzen, edota etxeko lanak egiten, edota luzaketa eta arnasketa batzuk egiten, edo besterik aspertzen pasa beharrean, buruari bueltaka pasa nuen arratsaldea, nitaz errukituz, planik ez nuela behin eta berriro nire buruari gogoratuz.

Horrelako zenbat egun bizitzan. Baina lasai egon beharrean, eta daukagun guztia baloratu eta gure barne-bakean zentratu beharrean zer egiten dugu, gure burua torturatu.

Gure gazteekin ere antzera gertatzen da gaur egun. Bizi garen ongizate-estatu honetan, badirudi ahalik eta lan gutxien egin behar dela, eta aisialdia erabat beteta izan behar dugula. Ahal dela planez betetako egunak behar ditugu. Eta bestela berdin da txateatzen pasatzen dugun eguna, edo TikTokerako bideoak egiten edo ikusten, edo apostuak online egiten, baina etxean bakarrik lasai egotea badirudi sakrilegio bat dela. Sare sozialetan ikusten ditugun egoera zoragarri horiek guztiak guretzat nahi ditugu, ohartu gabe, sareetan, normalean, bakarrik une alai eta zoriontsuak partekatzen ditugula.

Beraz, utz ditzagun mugikorrak tarte batzuetan, goza dezagun momentua gauza normalak eginez, eta ikas dezagun aspertzen. Besteak beste, etorkizun hurbil baterako mesedegarri izango zaigu.  

2024/07/16

UZTAILAK 16 (hizkuntzarekin bueltaka)

Atzoko gaiari tiraka, lehengoan Xn (lehengo twitterren) txio bat irakurri nuen. Bertan Yamal izeneko futbolari hori katalanez ageri zen berbetan, eta txiolariak zion Nico euskaraz entzutea ezinezkoa zela, edo ia noizko, edo antzeko zerbait. Bere kontrako ahotsak berehala altxatu ziren. Arrazakeriaz akusatzen zuten. Beltza ez balitz ez lituzkeela horrelakoak esango, eta ez dakit zenbat gauza gehiago.

Nik ez dakit zein zen txiolariaren helburua, txiolaria bera zein den ez baitakit, baina zer pentsatua eragin zidan. Eta bere hitzak nire erara interpretatu nituen, nire iritzira ekarriz.

Hezkuntzan aritzen naiz, nerabeekin. Badakit zein den gure errealitate linguistikoa, eta badakit euskararen egoera, erabileran, ez doala hobera. Egia borobila dena zera da: agian Katalunian gazteek, beltzak ala zuriak, horiak ala gorriak, katalanez ikasten dutela beharra daukatelako, bestela hainbat eremutan komunikatzeko arazoak izango dituztelako. Gurean, zoritxarrez, ez da horrela gertatzen. Gure arnas guneak ez dira oso ugariak, eta egun bizi zaitezke euskara jakin gabe, guk nahi ala ez. Irakaskuntzan saiatzen gara gure hizkuntza bultzatzen, baina ikastetxe asko ere arnas gune izateari utzi diote, eta irakasleok gaztelania hutsean zuzentzen zaizkigun ikasleekin aritu behar gara egunero, gero eta gehiagotan.

Ez da makala aurrean daukagun erronka. Nik ez daukat soluziorik, nahiko nuke ideia magikorik izatea, baina ez daukat. Erreferenteak sortzen ahalegintzen gara, baina emaitza ez da guk espero duguna.

Ez dut pesimista izan nahi, baina beltza dago panorama. Horregatik ulertzen dut txiolari horrek zioena, ez dugula kanpotik etorritako hainbaten seme-alabarik euskara perfektuan entzungo, bertan jaiotakoen seme-alaben kopuru handi batek,  egiten ez badu.

Komunikatzeko ez dute euskararen beharrik. Hori da gure errealitate tristea eta gordina.

2024/07/15

UZTAILAK 15 (itzali telebista)

Egun on!

Gaur aholku batekin natorkizue. Hego Euskal Herriko biztanleok itzali telebista mesedez, edo hobe oraindik ez piztu. Egun hauetan izugarrizko matraka emango digute kate espainolek. 

Alcarazek Wimbledon irabazi du bigarren aldiz hogeitabat urterekin, erraz gainera, dena esan beharra dago.

Espainiako futbol selekzioak eurokopa irabazi du. Gainera, Nico Williamsek eta Oiartzabalek sartu dituzte golak. Hori anekdotikoa litzateke, baina niri gustu txarreko broma bat iruditzen zait.

Eta hemen gaude independentistak zer egin ez dakigula. Ze barkatuko didazue, baina euskaldun naziotasunean sinisten dugunok arazo larri bat daukagu, gero eta larriagoa. Nazioaren ikuspegiak eta proiektuak gero eta jarraitzaile gutxiago dituela iruditzen zait, hauteskundeetako emaitzek kontrakoa esaten diguten arren.

Atzo Hernanin etxaferuak eta oihuak entzun nituen partida amaitu zenean. Hernanin, ez Irunen edo Lasarten. Hondarribin gazte kuadrilla bat zihoan Espainia Espainia oihuka kaletik. Eta horrela, zenbat adibide?

Kirola gauza bat da bai, eta nazioa bestea. Baina bata bestearen ukapenaren adierazlea bihurtzen denean, posizionatu beharra dago, ez dago epeltasunetan ibiltzerik.

Nik oso argi daukat. Neurea Euskal Selekzioa, sei herrialdeetako jokalariak hartzen dituena. 

Bitartean, itzali telebista!

2024/07/14

UZTAILAK 14 (afera)

 

Uztailak 14 (afera)

Hitz bat

begirada bat

keinu bat

agur bat.

 

Pentsamendu bat

desio bat

mezu bat

dei bat.

 

Muxu bat

besarkada bat

isilune  bat

laster arte bat.

 

Hitzik ez

begirada goxo bat

keinu irribarretsu bat

betirako agurra.

2024/07/13

UZTAILAK 13 (trainning, entrenatzen)

Teknologiarekin jaio direnentzat gaur egun ditugun aparatu guztiak normalak dira. Gaztetxoek  ez dute kuestionatzen nola den posible gure antipodetan dagoen norbaitekin bideo-dei bat izatea ia aldi berean, haren aurpegia ikusiz eta bere ahotsa entzunez. Uhinak dira, fisika, baina ez esan ez duela magikotik zerbait.

Denok ohitu gara teknologia berri horiek erabiltzera, eta ni ez naiz gutxiago. Tresna horiei esker antzinako fisikariek sekula imajinatuko ez luketen informazioa eskura dezakegu instantean. Tartean, mendi buelta ematera zoazenean neur daitezkeen magnitude fisiko ia guztiak. Nik nire garmina martxan jartzen dut irteten naizen bakoitzean, eta gaur nire entrenamenduan lortutako datuen berri eman nahi dut, bitxia iruditzen zaidalako, besterik ez, jakinik datuak ez direla guztiz zehatzak.

Aktibitatea: Hernani-Andoain mendiz

Igotako tontorrak:

·        Onddi: 548 m

·        Adarra: 819 m

·        Onddo: 780 m

·        Usobelartza: 673 m

Aktibitate mota: trekkinga
Distantzia: 19,75 km
Batezbesteko erritmoa: 15,59 min/km
Batezbesteko erritmoa mugimenduan: 15,07 min/km
Erritmo onena: 6,31 min/km
Batezbesteko abiadura: 3,8 km/h
Batezbesteko abiadura mugimenduan: 4,0 km/h
Abiadura maximoa: 9,2 km/h
Denbora guztira: 5:15:40
Denbora mugimenduan: 4:58:29
Igoera guztira: 1.161 m
Jaitsiera guztira: 1.114 m
Altuera minimoa: 8 m
Altuera maximoa: 801 m
Gastatutako kaloriak: 1.283 kcal

Datuak, esan bezala, garminak eman dizkit, baina ez du ezer jasotzen norbera nola sentitzen denen inguruan. Buelta ondo egin dut, baina bukaera luze egin zait. Azken malda-beherek adierazi didate azkazalak luzeegiak ditudala, eta hobe dudala lehenbailehen moztea, haietako bat galtzerik nahi ez badut behintzat.

Etxera bueltatu naizenetik ia pausurik ez dut eman. Oinak lehertuta dauzkat, ia bi aste neramatzan ibili gabe eta gorputzak nabari du. Errekuperatzeko ordu batzuk beharko ditut, baina gustura geratu naiz.

Eta eguna amaitzeko garmina kargatzen jarri dut, bihar irtenez gero berriz ere datu guztiak eskuratu ahal izateko.

2024/07/12

UZTAILAK 12 (tximeletak sabelean)

Beti izan naiz oso maitabera. Nerabetan beti nengoen norbaitekin maiteminduta, tximeletak sabelean, gogoa auskalo non, beste planeta batean.

Adinean aurrera goazela maitatzeko gaitasuna ez dakit, baina modua aldatzen doala diote. Nik ere hala pentsatzen nuen, norbait bidean topatzen duzu, eta gustura zaude, eta maite duzu, baina nerabetako zirrara hori ez duzu sentitzen, ez berdin gutxienez. Tximeletak hiltzen joaten dira, beste zerbaiti bide emanez.

Nik ere hala pentsatzen nuen, baina ez. Tximeletak sabelean egon badaude. Kontua da haiek mugi araziko dituen norbait ezagutzea. Hori da zaila. Are zailagoa maitemin hori bi noranzkokoa izatea.  

Berdin dio. Aspaldiko partez tximeletak sabelean sentitu izana, jasotako egurraren ondorioz itzalita uste nuen maitatzeko gaitasuna bizirik dudala ohartzeko balio izan dit. Bizirik nagoela sentitzeko balio izan dit, beste norbaitekin gauzak partekatzeko gai naizela sentitzeko balio izan dit.

Eta bueltan zerbait jaso bitartean, Ruperren kantua ekarriko dut gogora: nor da gogoan daukazuna nor da, lo aurreko zure instanteen jabe nor da…

Eta tximeletak sabelean lokartuko naiz, bizirik nagoela sentituz!

2024/07/11

UZTAILAK 11 (zoriontasunaren bila)

Atzo idatzitakoari tira egin nahi diot, lagun batek egindako komentarioengatik.

Zein da gure helburua bizitzan? Ez naiz jatekorik ez duen pertsonez ari, noski, oinarrizko beharrak asetuta dauzkagun mortalez baizik.

Zein da zure helburua bizitzan irakurle? Nirea zoriontsu izatea da, eta pentsatu nahi dut gutako gehiengoarena ere. Eta zer behar dugu zoriontsuak izateko? Hor dago koxka, hor gakoa, eta horretan parte garen jendarteak eragin handia dauka gugan.

Badirudi zoriontsuak izateko bikote perfektua, seme-alaba perfektuak, finean familia perfektua behar dugula. Behar dugu kuadrilla perfektua zeinakin bazkariak eta afariak egin noizean behin; behar dugu oporretara joan, zenbat eta urrutiago hobe; eta beste hainbat gauza beharrezko bihurtu dizkigute zoriontsu izateko.

Baina nire uste apalean gauza bakarra behar dugu zoriontasunerako: maitatuak sentitzea, desiratuak sentitzea, beharrezko sentitzea, mundu honetan egoteak zentzua duela ikustea. Eta hor sortzen dira gure gabeziak, gure beldurrak, gure minak.

Atzo bikote perfektua ei zuen pertsona bati buruz aritu nintzen. Baina zer gertatzen da harreman batean urteak aurrera joan ahala? Hasierako emozioek, pasioa, desioa, beste batzuei ematen dietela bidea, oreka, egonkortasuna. Emozio berri horiek ez digute bizitzarako grin hori ematen, ohikoak bihurtzen dira, gure bizitza aspergarria edo aspergarriagoa bilakatzen da, eta, tarteka, hortik irtetea behar dugu, bizirik gaudela sentitzeko. Tarteka gaztetako pasioa eta desioa behar ditugu, eta normalean etxean topatzen ez dugun horren bila irteten gara parrandan, jakinik, biharamunean gure familia perfektura itzuliko garela ezer gertatu ez balitz bezala. Baina gertatu da, eta, ziurrenik, berriz ere gertatuko da, jada ez zarelako guztiz zoriontsu.

Zoriontasuna bilatzea ondo dago, baina tarteka triste egotea ere normala da. Gure gabeziak eta tristeziak onartzen eta normalizatzen ikasten dugun unean, zoriontsuago izatea lortuko dugu nire ustetan. Bitartean gozatu une bakoitza eta eman balioa inguruan duzunari, hori baita gure benetako errealitatea, bakarra.

2024/07/10

UZTAILAK 10 (oso gaizki gaude)

Oporraldia ondo hasteko egun batez gure miseriak, tristeziak, arazoak eta penak ahaztu eta parrandan joatea baino gauza hoberik ez da. Halaxe egin genuen atzo lagun batek eta biok, eta non hobe Iruñean baino.

San Ferminetara joan ginen. Gustura ibili ginen, sozializatzen, barre egin genuen, dantza, mozkortu egin ginen eta jende pila batekin hitz egin. Eta konturatu ginen denok dauzkagula miseriak. Jende gehiena haiek ezkutatzen saiatzen da, baina lehenago edo beranduago agerian geratzen zaizkio.

Bizitzatik zoriontasuna gramoka ez kiloka saltzen doan baten batekin egin genuen topo. Bere zorion perfektuaren formula hitzez aireratzen zuen bitartean, kale kantoian nire lagunarekin ligatzen saiatzen zen. Gaixotasunak ekiditeko, alua zelofanarekin jatearen abantailez aritu zitzaion, auskalo zein droga kontsumitu ostean.  Zelofanezko aluak, barkatu? Non geratu da zure hogei urteko harreman, familia, maitasun perfektua?

Oso gaizki gaude. Denok daukagu uneren bat gure bizitza zalantzan jartzen duguna, eta ez du zertan txarra izan, pertsonak gara, hauskorrak gara. Deskonektatzeko, desfasatzeko tarte bat hartzea eta onartzea hori behar dugula sanoa da, terapeutikoa. Horrek ez gaitu pertsona okerragoak egiten. Ezin zara bizitzatik joan perfekzioaren plantak egiten beti, zure miseriak uneren batean azaleratuko direlako, atzo tipo horri azaleratu zitzaizkion moduan.

Nik Oier eta Mikel bezalako futbolariekin hitz egitea nahiago,  haiek ez zuten nire alua jateko inolako asmorik, ezta nik nahi ere. Parrandara irten nintzelako, barre egitera, deskonektatzera, dantzatzera, ez zelofanez estalitako alua jango zidan inoren bila.

2024/07/09

UZTAILAK 9 (sozializatu)


Oporrak hartu ditut. Gaurdanik esan dezaket ez dudala ardurarik epe luze baterako. Ardurak eta betebeharrak nik neuk neure buruari jarriko dizkiodanak izango dira soilik. Eta ni ezagututa ziur jarriko dizkiodala batzuk, besteen artean egunero idazteko zera hau, jada zaila egiten ari zaidana egun batzuetan.

Ez dut utzikeriatan jausi nahi. Diziplina apur bat ezarri nahi diot neure buruari, gogoko ditudan, baina batzuetan behartuta egiten ditudan gauza horietan diziplina. Kirola, bizimodu osasuntsua, irakurtzea, idaztea eta, bereziki, sozializatzea.

Adinean aurrera noala gero eta zailagoa egiten zait sozializatzea. Hori da nire handicapa, gero eta nabarmenago. Euskalduna izan arren ez daukat kuadrillarik. Bizitzak eraman nau modu independentean funtzionatzera, horrek dakartzan alderdi on eta txar guztiekin. Ona, nahi duzuna egiteko gaitasuna daukazula inorekin kontatu gabe; txarra, nahi duzuna egiteko gaitasuna daukazula inorekin kontatu gabe. Hau da, askatasun hori zure kontra bihurtu daiteke, askotan ez duzulako bakarrik egoteko gogorik. Zenbat eta askeagoa izan, besteekin harremantzeko ohitura galtzen joaten da, eta, konturatu zarenerako, ia bakarrik geratu zara, zurekin inork kontatzen ez duelarik.

Hori da guztion erronkarik handiena ziurrenik, axola dizuten harreman horiek zaintzea eta mantentzea, zure askatasuna galdu gabe.

Badut lana urte honetarako. Noizean behin telefonoa hartu eta lagunei deitzeko ohitura hartu behar dut; noizean behin kafetxo bat hartzeko geratu, noizean behin lagunen batekin mozkortu, edo mendira joan, edo zinemara, edo kontzertu batera. Noizean behin sozializatu.

Hori da nire buruari jarriko diodan betebehar baliotsuena.