2025/03/31

MARTXOAK 31 (katua eta xagua)

Ia ahazturik zaitudanean agertu egiten zara, ostera ere desagertzeko. Baina zu desagertu arren zure presentzia iltzaturik geratzen da nire gogoan, eta beste behin ere, zuri buruzko galdera denak otutzen zaizkit bat-batean, zuri buruzko kantu guztiak nahasten zaizkit kanta bakar batean, eta nahasmendu moduko bat jabetzen da nitaz.

Sabelean eta bihotzean uste, sentsazio, inpresio eta sentimendu kontrajarriak pilatzen zaizkit, ezinegon jasanezin bat sortuz. Eta gauza da, nahi gabe edo nahita, egunero ikusten zaitudala, ezkutuan, arrazoiak zu ahazteko esaten didan bitartean. Baina ba al du arrazionaletik zerbait zurekiko desio honek arrazoiari kasu egiten ibiltzeko?

Eta batzuetan iruditzen zait zuk ere ikusten nauzula, ez dakit nahita edo nahi gabe, nire presentziaz jabetzen zarela eta poztu egiten zarela ni ikusteaz.

Baina katuaren eta xaguaren joko hau oso mingarria suerta daiteke, denboran gehiegi luzatzen bada, ni bezalako izaki hauskorrentzat. Niretzat hala izaten ari da, zure presentziak sortarazten didan pozarekin batera, mina zabaltzen doakidalarik, apurka, apurka, nire gorputzeko atal guztiak inbadituz.

MARTXOAK 30 (nerabeak eta gurasoak)

Gaurko albistegietatik bi berrik eman didate atentzioa, biak nerabeekin loturikoak.

Lehena berri tristea, hamasei urteko neska bat hil da auto istripuz goizeko seiak aldera Getariatik Zumaiarako errepidean. Pena sentitu ondotik, bi gauza etorri zaizkit burura. Lehenengoa galdera bat: zer egiten duen hamasei urteko neska batek larunbata arrunt batean goizeko seietan auto batean. Bigarren hausnarketa etorri zait istripuko autoa telebistan ikusi dudanean Porsche bat. Zein da autoaren jabea? Zenbat urte ditu? Zer egiten du goizeko seietan hamasei urteko neska batek Porsche batean Getariatik Zumaiara doan errepidean larunbata arrunt batean?
Orain Adolescence seriea denen ahotan dagoela, gurasoek seme-alabekiko duten zaintza eta ardura mailaz hausnartzeko ematen du, luze gainera.

Bigarren berria alaiagoa zen, baina niri kezka eragin dit, zaharruna dei egidazue, hala izango naiz. Kontua da Latinoamerikan, neskei (ez mutilei) hamabost urte betetzean festa bat egiten dietela, jendaurreko aurkezpen moduko bat, emakume direla aldarrikatuz edo, baina hamabost urterekin. Badirudi, era horretako jaiak gurean hedatzen ari direla Latinoamerikar jatorriko nesken artean. Festarako hamabi mila euro inguru gastatzen omen dituzte eta, horretarako, urteak ematen ei dituzte aurrezten.

Bakoitzak jakingo du bere dirua zertan xahutzen duen, baina gogora etorri zaizkit Ertamerikatik heldutako nire ikasleak eta euren familiak, askotan guraso bakarrekoak. Ezer gabe heltzen dira hona bizimodu hobe baten bila, eta sarritan mila eurotara ailegatzen ez den soldatako lana topatu bitartean laguntzetatik bizi dira. Nahiko lan dute egunerokoari aurre egiten halako festa batean pentsatzen hasteko bezala. Eta orduan nire hurrengo galdera izan da ea ohitura hori aberatsen kontua den soilik, edo populazio guztian zehar zabaldurik dagoen.

Eta ene hurrengo kezka izan da, ez ote zaion itxurari, soineko bati  edo ez dakit zer emakumetasun festa bati garrantzi gehiago ematen, etorkizunerako formazioari, hezkuntzari edo ikasketei baino. Gainera, ospakizuna emakumeen kasuan izanik, ez ote den kosifikazioan eta emakumeak objektu kontsideratzeko kontzeptuan sakontzen. Ezer onik ez, ene uste apalean, emakumearen askapenerako urratsetan.

Eta nerabe kontu horiek gogoan ez dizuet ezer berririk esango, baina ikus “adolescence” seriea otoi. Ez bakarrik telefonoen gehiegizko erabileraren kalteez ohartzeko etbn esan duten moduan, bereziki, gurasoen kontrol faltak eragiten duenaz baizik.

Ondoloin!

2025/03/29

MARTXOAK 29 (aingeru hiltzailea)

Larunbata da eta etxean atrapaturik nago, ezin irten, indar ikusezin batek bertan geratzera behartuko banindu bezala. Irrazionala da gertatzen ari zaidana. Kalerako jantzi, zapatilak lotu eta atea irekitzera noanean telefonoak jo dit. Eskegi ondoren ordenagailuan kontu bat egiten hasi eta, konturatu orduko, bazkaria prestatzen hasi behar dudala otu zait. Ez dut ogi bila irten behar, atzo erosi bainuen asteburu osorako ore ama artisau horietako bat. Bazkal aurretik paseotxo bat egingo dudala deliberatu dut, baina bazkaria erdi prest dudala irteteko tenorean naizela izugarrizko euri zaparrada hasi du, eta leihotik begira geratu naiz noiz atertu zain.
Atertu duenerako, gosetuta nagoela eta bazkaltzen hasi naiz, ondoren irtengo naiz etxetik. Baina telebista piztu dut kafea hartu bitartean eta Djokovicen tenis partida batek gerarazi nau pantailaren aurrean. Hura amaitu eta komunerako gogoa jarri zait, ondoren, sukaldea jasotzen hasi naiz eta amaitzerako sofa deika nuela iruditu zait, atsedenerako tartea dela esaten ariko balitzait bezala, eta kasu egin eta larunbatetako pelikula tonto horietako bat jarri dut, sofan etzanda loak harrapa nazan. Esnatu naizenerako paseoa emateko berandu da, eta zinemara joateko ere denboraz larri nabilelakoan nago, gainera, balkoira irten eta haizea hotza dela ikusi dut, eta non hobe etxean baino etorri zait gogora. Eta horrela eman dut larunbata, etxean sartuta, kalera irteteko asmoz, baina ezinean, indar ikusezin batek bertan geratzera behartuko banindu bezala. 

Oharra: Atzo Buñueli buruzko erreportaje bat ikusi nuen telebistan, eta haren “El angel exterminador” film surrealista gogoan honako kontakizun hau osatu dut.

2025/03/28

MARTXOAK 28 (itsas izarra)

 

Bakarrik dago lehorrean bere ingurunetik urrun

Familia eta lagunak al ditu?

Galdu egin al da, ala itsas-korronte batek ezustean harrapatu du?

 

Ezin jakin zer izan den, baina gaur itsas izarra topatu dut hondartzan.

Lehen aldia nire bizitzan euskal itsas ertzean halakorik begiztatzen.

 

Txundituta geratu naiz hari begira.

Arrunta da, ez du kolore berezirik, ez du atentzioa ematen

bere bost adarrengatik ez bada

hare koloreko bost puntako izarra Kontxako Hondartzan.

 

Hiltzeko zorian egon zitekeela eta

eskuetan hartu eta bere ekosistemara bueltatu dut

uretara

ahalik eta urrutien botatzen saiatu naizelarik

olatuek ez dezaten berriz ere

hondarreratu.

 

Itsas izar bakarti bat Kontxako hondartzan galdurik.

Halakorik ere 

2025/03/27

MARTXOAK 27 (marmotaren eguna)

Gaur marmotaren eguna lakoa izan da. Atzo bezala hezkuntzan greba, manifa Donostian; kafea Juantxon, kale buelta Andian barrena eta amaieran pote bat Herrian.

Marmotaren filmean protagonista bezperako akatsak  zuzentzen doa. Niretzat gaurkoa atzokoaren antzekoa izan da, baina desberdina, kontu batzuetan ederragoa, besteetan ez horrenbeste.
Gaur, atzo bezala, Donostiara bizikletan joateko asmoa neukan, baina euriaren mehatxuak autobusez joatera eraman nau.
Gaur, atzo bezala, zu ikusteko itxaropena nuen, baina, atzo ez bezala, horretan geratu da, itxaropenean.
Eta gaur, zurito bat beharrean hiru hartu ditut, eta alai bueltatu naiz etxera, zu ez ikusi arren.

Pozik egon naiz lankide jatorrak ditudala sentitu dudalako. Langile klasekook bizirauteko lan egin beste erremediorik ez dugula jakinik, gure bizitzaren heren hori jende eta giro egokian bizitzeak ez baitu preziorik.
Eta bai, triste sentitu naiz ez zaitudalako ikusi, atzo gauza asko mugitu baizitzaizkidan nire barruan, modu positiboan ordea, zu desiratu bai, baina aldi berean aske uzteko moduan naizela sentitu nuelako, edo hori pentsatu nahi dut.

Blokeoa guztiz desagertu ez arren, badoa askatzen, edo hala iruditzen zait, edo hori da nire erraiek behar dutena. 

2025/03/26

Martxoak 26 (blokeoa)

Gaur bi aldiz hasi naiz idazten, bi gairi buruz, eta bietan blokeatuta geratu naiz, gehiegi hitz egiteko beldurrez, zintzotasunezko oldar batek biluztuegi utziko nauelakoan.

Irakaskuntzaz hasi naiz, gaurko grebaz, irakasleen lanez eta horiek nola aldatzen joan direnez. Irakasle izateko nahiaz eta bokazioaz, edo horren faltaz. Irakasleok bizi dugun presio eta estres-maila gero eta handiagoaz, horretaz guztiaz hasi naiz idazten, baina korapilatu, aldrebestu zaizkit ideiak, gaizki ulertua izatearen panikoa sartu zait barruraino eta erdizka utzi dut manifara joateko. 

Manifatik linboan bezala etorri naiz, ez galdetu zergatik, eta tximeletak hartu ditut hizpide. Ondo hasi naiz, baina hor ere katramilatu, korapilatu egin naiz, blokeatu parez pare zaitudanean bezala, eta gaia uztea deliberatu dut.

Eta orduan, zer kontatuko dut bada? Ez dakit, horrenbeste esateko eta hitz guztiak anabasa bat osatuz geratu baitzaizkit sabelean.
Uste dut posatzen utzi behar ditudala, euren ordena har ditzaten, ea bihar fundamentuzko zerbait idazteko gai naizen.  

2025/03/25

MARTXOAK 25 (arraro)

Egun hauetan arraro sentitzen ari naiz. Ez dakit oraindik ez dudalako guztiz lur hartu den; akaso, eguraldi heze honen eragina, atzo etxetik irten ere ez nintzen egin; edota hormonak berriz ere dantzan ditudalako, gaueko beroaldiak ostera ere hasi zaizkit erasoan. Beharbada, guztiaren nahasketa edo konbinazioa da. Ez dakit, baina arraro sentitzen naiz, barrura begira bezala, dagoeneko ezagutzen ez dudan zerbait deskubritu nahiko banu lez.

Eta barruan beti gauza bera dakusat, zure irudia, zure argazkia. Hari begira igarotzen ditut orduak, liluratuta, munduko ordu guztiak izango banitu bezala. Eta bitartean nire gorputzak aldaketak jasaten jarraitzen du: zimur bat gehiago han, halako molestia hemen, beroaldiak orduero gutxi gorabehera. Pupa bat irten zait ostera ere ezpainetan. Duela bi aste behekoan, gaur goikoan. Ez, ez naiz inorekin sutsuki musukatzen ibili, ezta ametsetan ere. Defentsak baxu ditudala uste dut, erasoaldi baten aurrean babesgabe sentitzen naiz. Orain duzu aukera ni erasotzeko, ez dut erresistentziarik jarriko, ez baitut indarrik, oso arraro sentitzen bainaiz, barrura begira, ezer berririk deskubritzeko banu bezala, eta barruan beti zu, besterik ez. Eta hor geratzen naiz zuri begira, munduko denbora guztia izango banu bezala.

2025/03/24

MARTXOAK 24 (zilegitasuna)

Ipuin liburu bat irakurtzen ari naiz, oro har nahiko hotz uzten ari nauena, baina badirudi giroa berotu duela hainbat zirkuluetan.

Kontua zera da, laburbilduz: idazleek euren errealitatea erabiltzen dutela gehienetan iturritzat euren istorioak eta kontakizunak sortzeko. Ba idazle honek, itxuraz, ez omen du soilik bere errealitatea iturri gisa erabili, emari osoa hartu omen du, edo hori da errealitate horietako pertsonek sentitu dutena, eta haserre omen dabiltza han eta hemen. Eta hor dago gakoa. Egoera erreal batetik abiatuta istorio bat idazten denean, pertsonaiak zer dira errealak ala fikziozkoak? Ez bada biografia bat idazten ari, zergatik egiten dugu berehalako asoziazioa pertsona errealekin?

Idazlearen intentzioa ezagutu behar, noski, baina hari-harian mugitzen denean jausteko arrisku handia dauka, eta badirudi oraingoan hori gertatu dela, bere inguru hurbileko pertsonek diotenez.

Nik uste dut bizitza errealeko edozein egoera baliagarri dela istorio edo egoera unibertsal bat kontatzeko. Baina horretarako erabiltzen diren pertsonaiek idazlearen ingurune hurbileko pertsonen ezaugarri guztiak badituzte, mina eragiteko arrisku handia dago.
Zergatik egiten du hautu hori idazleak? Sormena agortua duelako akaso? Edo ez da hain urruti joan behar eta dena interpretazio gaizki pentsatu baten ondorio besterik ez da?

Meloia zabalik da. Autofikzioaren arriskuak, ipuin liburu hori autofikzioa baldin bada. Nik pertsonaiak ezagutzen ez ditudanez ez dut halako ezer sentitu, baina hotz, nahiko hotz geratu naiz, kontatu dizkidan kontuak ez baitidate inolako interesik piztu.

2025/03/23

Martxoak 23 (denbora)

Denbora magnitude fisiko bat da, astroen mugimenduen iraupenen arabera neurtzen dena.  Hala, eguna Lurrak bere ardatzaren inguruan bira bat egiten irauten duen tartea da; urtea, ordea, Eguzkiaren inguruan bira bat egiteko behar duena. Ilargiak Lurraren inguruan bira bat egiteko behar duen tartea hilabetea litzateke, gutxi gorabehera.
Fisika erlatibistan denbora laugarren dimentsioa kontsideratzen da, espazioaren hiru dimentsioekin batera.
Denbora Nazioarteko Unitate-Sisteman segundotan neurtzen da, baina, egunerokoan, unitate desberdinak darabiltzagu neurriaren arabera. Hala, lanaldiak ordutan neurtzen ditugu; izakien adina urteetan; oporraldiak egunetan; orgasmoen iraupena segundoetan.

Denbora da gure bizitzako gauzarik preziatuena, mugatua delako, inork ez dakielako zein izango den bere iraupena, atzera bueltarik ez duelako. Beraz, norekin eta zertan erabiltzen edo galtzen dugun garrantzizkoa da.

Gaizki gaudenean denbora dilatatu egiten dela dirudi, motel igarotzen baita, egunak amaitezinak bilakatuz. Gustura gaudenean, aldiz, azkarregi doa, uzkurtuko balitz bezala.

Diotenez, denborak sendatzen ditu minak eta zauriak, eta denborak bakoitza bere tokian ipintzen omen du. Denborak, konturatu orduko, eskuetatik ihes egiten digu, eta gauza bakoitzak bere denbora edo garaia omen du.

Gazteari nahi duen hori egiteko munduko denbora guztia duela esaten diogu, gezurra izan arren; adinean aurrera egin ahala, ordea, bizitza bizitzeko denbora agortzen ari zaigula sentitzen dugu.

Egia da inoiz ez dela berandu nahi dugun hori egiteko, baina ezin gara izarrei begira gera, gure denbora mugatua baita, finitua, erlojua noiz geldituko zaigun ez jakin arren; denbora atzeraka ez doan zera hori baita, berreskuraezina, eta atzo egin gabekoa egin ahalko dugu, baina bihar izango da jada.

Beraz ez geratu orratzei begira, haiek beti abiadura berean baitoaz aurrera, gu konturatu ala ez. Probestu dezagun gure denbora, mundu honetan izango dugun doako gauza bakarrenetakoa, eta erabil dezagun benetan merezi duten kontu horietan, edo ez, hori norberaren esku.


2025/03/22

MARTXOAK 22 (koldarrak)

Lagun batek bere dibortzioaren berri eman dit. Jota dago, oraindik shockean, gertatu dena ulertu nahian. Agian ez dago gauza handirik ulertzeko, baina batzuk aspaldi ikasia  dugu gizonak dena katramilatzen zein iaioak diren, euren gezurrekin eta azalpen ezarekin geure mina eta ezin ulertua areagotu besterik ez baitute egiten. Dena eurak hobeto sentitzeko, aurpegira gauzak argi ez adierazteko, gu erabili eta bota daitekeen objektua bagina bezala  tratatuz. Dena koldarkeriagatik. Koldar hutsak dira.

Azalpenik gabe kasik ia hogei urteko harreman bat eteteko gai dira, eta azalpen eza hori amaitu orduko badute beste inor aldamenean. Bitartean, emakumeok soldata terapiatan uzten dugu gure minak eta zauriak arintze aldera, sendatzea epe luzerako kontua izaten baita gehienetan.

Eta zer esan diezaiokezu hori gertatzen zaion pertsona bati? Mina arindu diezaiokeen ezer ez. Zuk balio duzu, ez zara zu, horrelako esaldiak ondo daude, baina denbora behar da halako min batetik irteteko. Eta dena hezi gaituen gizarte patriarkalaren ondorio zuzena da. Ez ditut gizonak justifikatuko, inondik inora, bakoitza bere portaeren erantzule zuzena da, baina egia da, gizarte honetan intrintsekoki badagoela emakumeak bigarren mailako izakiak kontsideratzeko joera bat, gurekin nahi dena egin daitekeela pentsatzeko jaidura bat, eta ondorioz, merkantzia bezala tratatzen gaituzte, sentituko eta pairatuko ez bagenu bezala.

Jota utzi nau, berak horrela egotea ez duelako merezi, gainera, nik bizi izandako antzeko egoerak gogora etorri zaizkit, eta eskemak errepikatu egiten direla ikusi dut. Nahikoa da. Berriz ere egia eta gezurra. Mesedez, izan zaitezte zintzoak bai zeuen buruekin baita gurekin ere. Burua ezkerrekotzat jotzen duzuen horiek hasi zaitezte ezkerreko portaerak agertzen. Ez ditugu hitzak behar ekintzak baizik, egunerokoan, eta lehena da aldamenean dauzkazuen emakumeei izan ama, emaztea, neska-laguna, lankidea, laguna, maitalea, alaba, amona, merezi duten errespetuz eta begirunez tratatzea. Ez da besterik behar.

Ah eta bukatzeko, hasi zaitezte terapiara zeuek ere joaten, arazo handi bat daukazue eta.