Usainei zaporea jarri
zaporeei hitzak
hitzei soinuak
soinuei irudiak
irudiei usainak
eta berriz hasiera buelta
Eta horrela sentitzen ditugu munduko gauza guztiak, gurpil amaigabe batean
Usainei zaporea jarri
zaporeei hitzak
hitzei soinuak
soinuei irudiak
irudiei usainak
eta berriz hasiera buelta
Eta horrela sentitzen ditugu munduko gauza guztiak, gurpil amaigabe batean
Zenbat aldiz gertatu zaizu lepo dagoen
taberna edo txosna bateko barran eskatzeko zain egon eta ikusezina sentitzen
zarela? Ez da gustuko platera, zure ahotsa eta lekua egin nahia, baina inork
kasurik ez egitea.
Imajinatzen ditut garai bateko
dantzaldietan, Tilosetan esaterako, dantzara ateratzen ez zituzten emakumeen
kasuak, ezdeusa sentituko ziren mutilekiko atrakzio eza somatzerakoan.
Kuadrillismoa da gure jendartean erlazionatzeko modua, bere on eta txar guztiarekin. Galdetu bestela atzerritik etorritakoei leku bat egiteko izaten duten zailtasunen inguruan. Baina ez hori bakarrik, egoera zehatz batzuetan bakarrik egotea ez egotearen parekoa da.
Aurrekoan kontzertuak izan ziren Easo Plazan Boga-Boga jaialdiaren harira. Ze plan hobeagorik iraileko estropadetako igande eguzkitsu baterako. Eguerdian abiatu nintzen harantz. Ordu haietan estropada zela, manifa zela, ez zen jende gehiegi bildu kontzertuak ikustera, eta lasai-lasai egon nintzen. Bazkal ostean, ordea, plaza lepo bete zen gaztez, baita ez hain gaztez ere. Bakarrik nengoenez ez nuen azalera handiegirik betetzen, nire motxilak eta nik neuk okupatzen genuena besterik ez, baina arratsalde guztia igaro nuen pauso bat aurrera, beste bi atzera, hiru ezkerrera, lau eskumara, nire tokia bilatzen eta aldarrikatu nahian, nire inguruko bikote, kuadrilla edo lagun taldeak uneoro handitzen baitzihoazen inguruan zegoenari itsu, kasu honetan ni. Nire aire eremua desagertzen ikusten nuen aldi oro, mugitzea erabakitzen nuen arte. Agobiatu egin nintzen eta konturatu, pertsona bakarra ikusezina bihurtzen dela egoera horietan, toki bat ez balu bezala, espazio bitalerako eskubiderik ez balu bezala.
Etxerako autobusean horren inguruan aritu nintzen hausnarrean, espazio bitalaz, guztiok lasai egoteko daukagun eskubideaz, ikusgarri ala ikusezin izan.
Diotenez, sagarrondoen emankortasuna bi urteroko kontua da. Hau da, urte batean uzta eskasa da, hurrengoan aberatsa. Aurtengoa bigarren horietakoa behar du, derrigor, Santa Barbarako sagarrondoek oker-oker baitituzte adarrak grabitatearen eraginez, fruituen pisuak lurrera bultzatzen ditu ohargabean, astindu baten beharra oihukatuz bezala.
Diotenez, adinarekin emakumeok
sexuarekiko desioa eta grina galtzen dugu, lehortu egiten omen gara, mahaspasa
baten antzera.
Diotenez ere, bibragailua bezalako
jostailu sexualak oso onuragarriak dira aspektu askotan. Besteak beste,
mahaspasen antzera geratutako emazteen lubrikazioa hobetzen omen dute eta,
gainera, baginako ehunak indartu eta haien elastizitatea hobetu, hain ohikoak begitantzen
zaizkigun txiza ezin aguantatzearen arazoak ekidinez.
Diotenez, Ane fase horretan sartu da,
baina ez da lehortu oraindaino, ez du lehortzeko inolako asmorik eta sexurako
grina bizi bizirik dauka.
Ostirala da, Ane lehertuta heldu da
lanetik eta erlaxatzeko beharra sentitu du. Eta zer bide egokiago bere
gorputzaz gozatzea baino? Bere osasunaz eta bizitza sexualaz kezkaturik, eman
aholku guztiak jarraitzen ditu Anek txintxo-txintxo. Beraz, bibragailua erabili
du bere saiorako. Amaitutakoan garbitu eta bere zorroan bildurik mesanotxean
utzi du, baina ez da ohartu martxan geratu dela, mesanotxeko zura zulatu nahiko
balu moduan. Jantzi eta etxetik alde egin du lagunekin plana baitu berandu
arte.
Gaueko hamaikak aldera bizilagunen uatsap taldean mezu arraro bat irakurri du: arratsalde guztian motor moduko baten soinua entzuten dela eta bere azpiko bizilagunei loa eragozten ari zaiela. Ez dio jaramonik egin mezuari.
Ordu txikitan, etxera heldu denean, bere logelan motor baten hotsa sentitu du. Miatzen hasi eta irribarre maltzur batek irten dio nahigabean. Bibradorea hartu eta itzali egin du. Amaitu dira zaratak. Ez da damu azpikoei kalte egin izanagatik, edozein aitzakia kaskar kexatzeko baliatzen duen pipertutako familia baita, behingoagatik izorra daitezela. Eta horrela, pijama jantzi eta, diotenez, lasai-lasai hartu omen du lo Anek.
Goizeko zazpietan esnatu naiz, baina apur bat gehiago geratu naiz ohean. Halere, gosaldu eta nire asmoa mendira joatea zen, iragan dudan urtean egindako kirola eta lortutako sasoiari eutsi asmoz. Baina alferkeria nitaz jabetu da. Badirudi indar ikusezin batek, indar asko dira ikusezinak, nire sofan bermatuta mantendu nahi nauela, eta irteteko saiakera egin arren, sofan amaitzen dut nik hala ez erabaki arren.
Aurten lorturiko sasoia nion, jada
hiru astez lasaiago ibili ostean galdu dudana. Egun batetik bestera bi kilo irabazi
ditut eta izugarri puztua nago. Horri bueltaka ari nintzela irten naiz azkenean
kalera, ahalegin handia eginez.
Mendira joan naizenik ezin esan, buelta
bat ematera esango dugu. Eta nabaria zen ekaitza zetorrela, baina ni iragarpenei
itsu eta sorgor hor abiatu naiz ez aterki, ez kapusai, ez deus. Hamar minutu
oinez neramatzala hasi du euria. Fin hasieran, bortitz berehala; halere,
aurrera egitea erabaki dut. Imajina dezakezue nola heldu naizen etxera ordu ta
erdi beranduago, mela-mela eginda. Baina, zorionez, dutxa beroa daukat eta
arropa lehorrak eta sofa eroso bat, aurreko umeltasuna gainetik kendu eta goxo-goxo
egoteko.
Eta zinemarako asmoa ere banuen, baina
udazken beteko eguraldi honek etxean geratzera bultzatu nau, inkontzienteki biharko
prestaketa saioa egitera, horretan gogoa jartzeko inolako jarrerarik ez
dudanean. Akaso irakurtzen igaro beharko nuke arratsaldea, baina hasi berri
dudan eleberriak ez dit inolako atxikimendurik eragin eta beste bat bilatzen
hasi beharko nuke eta horretarako ere alfer nago.
Orduan ohartu naiz igandea dela. Gaur sentitzen ari naizen hau ez dela soilik etapa baten amaieraren seinale. Gaur eguraldi tristeko igande bat da, bihar lanera joan behar dut eta ez daukat zetarik alboan zeinekin mantaren azpian film batez gozatu.
Orain bai sartu naizela bete betean
egunerokoan. Animo bihar lanera bueltatzen zareten guztioi, ez zaitzatela
alferkeriak sofan itsatsirik harrapatu, hortik irtetea zaila izango baitzaizue
ziurrenik.
Duela hamahiru ordu irten naizela etxetik.
Badator buelta, badator burua
nekatzeko garaia, badator kirol gutxi egitekoa.
Ordu trinkoak izan dira. Halere, gauzak
amaituko ez dituzunaren sentsazioa.
Ondoren bazkaria, bestelako kontaktua
izateko, bestelako harremana.
Ondo sentitu naiz, galdu sentsazioa
izan arren une batzuetan.
Etxeratzean ordea hutsa. Egunekoa
norbaitekin partekatzeko ezina. Betiko katramila.
Eta hau hasiera besterik ez da.
Astelehenean hasiko da benetako
erronka eta urduri nago.
Ez dakit sekula horrela sentitu
naizen, eta sentitu banaiz ahaztu dut dagoeneko.
Bitxia da gure burua gero.
Erraz ahazten ditu gogoratu beharrekoak,
nekez gogotik kendu ahaztu beharrekoak.
Eta zurekin ez, baina aspaldian toki guztietan
ikusten dudan pertsona batekin egin dut topo.
Kuriosoa da, argazki batean biak
agertzen baitzarete.
Argazkia gordea dut album batean.
Eta ez dakit zugatik den edo beragatik.
Denborak esango du beragatik ala zugatik ezabatzen dudan.
Ai eguneroko, eguneroko, guztiz
abandonatuta zaitut; ez paperean ez ordenagailuan badira egun batzuk ez
dizudala kasurik egin, baina fase horretan nago, aldaketaren garaian,
metamorfosi bete betean, aurrekoa ahazteko eta berrian zentratzeko tenorean,
eta zenbat kostatzen ari zaidan aizu.
Eta hemen nabil nire gotorlekuan
ezkutaturik, inorekin, ezerekin harremanik izan gabe, neure baitara bilduta,
ahaztu beharrekoak ahaztu nahian berriari toki egiteko.
Urteroko kontua da kasik, baina
aurtengoa gogorragoa, bost udako opor akumulaturik baititut gainean. Eta
ahalegin izugarria egiten ari naiz borratu beharrekoa nire gogotik erauzteko,
baina gauza batzuk ezinezkoak dira, ezinezkoak zaizkit; pertsona batzuk gogotik
erauztea ezinezkoa zait barru barruraino iltzatuta baitauzkat.
Kantuak dioen moduan denborak
sendatzen du dena. Fede gutxiko hau hori sinisten saiatuko da. Bitartean, carpe
diem.
Hau ez da eguneroko bat
barrenak hustutzeko
tokia baizik
hustu
nerbioez
hustu
minez eta roilo txarrez
Negar
egiteko tokia da
batzuetan barre egitekoa
sentimenduak
adieraztekoa
garrasi
egitekoa
Isilik
egoteko lekua ere bada
isiltasuna
hitzez ere adieraz baitaiteke
soinurik
gabe baina
hizki
guztiekin
Toki hau
maitasuna adierazteko da
baita gorrotoa
ere
maitasuna
eta gorrotoa
txanpon
beraren bi alde
Mundua
sutan da
eta ni
triste nago
gure
aurrekoak badoaz
gu gara
hurrengoak
Eta
zurekin egin dut amets
baina ez
zait kontsolamendu
esnatu
orduko
itzuli bainaiz egunerokora
Etxe ondoan dudan supermerkatu batera joateko ohitura daukat. Bai, badakit herriak bizirik nahi baditugu komertzio txikiaren alde egin behar dugula, eta hori ere egiten dut, baina supermerkatura ere joaten naiz. Onartzen dut.
Lanbide batzuk oso feminizatuak egon ohi dira, beste batzuk izugarri maskulinizatuta dauden modu berean. Askotan akordatzen naiz nola kontatzen zuen lagun batek erriberako ikastetxe batean gurasoek el andereño esaten ziotela.
Beno harira, supermerkatu honetako
kutxetan ohikoena da emakumeak egotea, baina gizonak ere izaten dira. Lehengoan,
begi ondoan bere azalaren koloreko baino tonu argiagoan MIURA tatuaturik
zuen kutxazaina tokatu zitzaidan. Tipoa nahiko lasaia zen, ez nion zezen
entzutetsu horien trazarik hartu, eta hori tatuatzeko arrazoietan pentsatzen
jarri nintzen.
Horretan ari nintzela, beste tipo bat
supermerkatuan sartzen saiatu zen, baina ez zuen sarrerako barrarekin asmatzen.
Orduan gure miura hasi zitzaion eskumara mugitzeko, ezkerretara ez, eskumara.
Argi zegoen ergel aurpegia zuen tipoak ez zituela erosketak maiz egiten, barruan
zegoen emaztearen bila zihoan eta… komentarioak niretzat gordeko ditut
iraingarri ez suertatzeko.
Kontua da kutxazaina ez zela oso ondo
sentitu tipoari hitz egin zion moduarengatik, ia Cocorena egiten, ezker eta
eskuin zer diren azaltzen kasik, eta orduan han geundenoi bota zigun ez
zitzaiola gustatzen bezeroei horrelako azalpenak ematea, tontotzat tratatzen
zituela pentsa zezaketelako, eta zein ote zen bera inori azalpenak emateko,
bera ez zela munduko tiporik azkarrena, begiratzeko zertan egiten zuen lana,
supermerkatu bateko kutxan.
Flipatu egin nuen, aspaldi ez nuen halako predikurik entzuten, txaloka hasteko gogoa eman zidan. Eta orduan otu zitzaidan Miura baino tipoak Einstein tatuatua beharko lukeela bere begi ondoan.
Ferminek bere despedida kontzertua iragarri zuenetik kontzertu asko izan dira, hau da, bakarra izango zena espektatibak sortuz, bira bihurtu zen, eta bere musikarekin heldu garenok, hori inoiz lortzen bada, han egon nahi genuen, gure gaztetako revivala egiten, bueltatuko ez denari behar bezalako agurra ematen.
Lortu nuen Bilboko lehen kontzertu hartarako sarrera, geroago lehena ez zena izango, nola engainatzen gaituzten; gero Donostiarako ezin sarrera eskuratu gabe geratu; Arrasatera ez nintzen joan biharamunean lana nuelako, eta Gasteizko jaietan mendian harrapatu ninduen. Iruñeako azkenerako, azkena bada, erosi nuen sarrera ere, aspaldi, oso aspaldi, eta gaur, doan izanik, Moskura joango naiz, hirugarren aldiz ikasturte honetan, deja vu bat bizitzen saiatzera, gustuko ditudan kantuekin gozatzera, kantatzera eta dantzatzera; finean, bizitza honek eskaintzen dizkigun plazer txiki horietaz disfrutatzera.
Hirugarren revivala izango da, ez azkena, eta inork pentsa dezake batzuk iraganean ainguratuta bizi garela. Ezta gutxiago ere. Gaur eguneko musika talde piloa gustuko dut (mordor). Onartzen dut nerabeen gehiengoek entzuten dituzten reggetoia eta antzeko doinuak gorroto ditudala, baina talde euskaldun berrien CD ugari eskuratzen dut autoan noanean entzuteko. Ez noa inoiz radio rahim entzuten, agian nire hamar kantu gogokoenen artean egon arren. Ez naiz iraganean bizi, oraina bizitzen saiatzen naiz, hori baita gure errealitate bakarra, baina noizean behin nondik gatozen oroitzea ez dago gaizki, perspektiba ez galtzeko, zer garen gogoan izateko eta etsaiak non dauzkagun ondo kokatzeko.
Gora herria!
Etxetik kanpoko oporrak amaituta, galbana moduko bat jabetu da nitaz, eta bi aukera besterik ez dut begiesten: edo Donostiara joan eta festaz gozatu, bi egunetan egin dut, edo etxean geratu literalki ezer egin gabe.
Beroak ez du laguntzen, dena esan
beharra dago, baina lehor sentitzen naiz ezertarako, irakurtzen ari naizen
liburuak bere baitan harrapatu eta sofatik mugitzea eragotziko balit bezala.
Halere, bitxia da gero, liburua bera irekitzea kosta egiten zait eta, kontatzen
didan errealitatea gogorregia bailitzan hura neure gogoan prozesatzeko.
Eta zer esan mendi buelta bat egitera
joateari buruz; hamabost eguneko trekkingen ostean mendiarekiko atsedena behar
dudala onartzen dut, laster erritmoa berreskuratzea espero dudan arren. Orain
gogoak parrandara deitzen nau, kantatzera eta dantzatzera, baina horietara
bakarrik joatea ez dut atsegin, eta horretarako musika ere gogokoa behar dut.
Eskaera gehiegi abuztu bero baterako.
Eta notiziak ikustea drama bat da, suteak
hemen eta han, genozidioa han, Palestinan, mundu osoak ikusle papera hartu duen
bitartean. Noiz arte? Ze mundu mierdatan bizi gara?
Eta batzuk maitasuna
zabaltzeko desiratzen, gure horren hartzailerik topatzen ez dugun garaian.
Eta ni inspiraziorik gabe nire egunerokoaren
orrialde hutsak izkiriatzeko; hori ere abandonaturik daukat, beroaren eraginez
izango da. Eta gauean nire gorputz biluzia blaituta esnatzen da, eta une batez
nire ondoan zaudela imajinatzen dut, baina hori ere beroak eragindako haluzinazio
haluzinagarri bat da.
Baina funtsean, atzean dagoena da
badatorkidala errutina, badatorrela eguneroko bizitza normala, nire ezin eta
gabeziei egunero normaltasunez aurre egiteko garaia, eta horretarako ere,
bereziki horretarako, izugarrizko galbana daukat. Horregatik nahiago ez
pentsatu, nahiago sofan izozturik geratu irakurtzen ari naizen eleberriaren bi
pertsonaien antzera, eta une batez edo tenporada batez desagertu mundu krudel
honetatik, denborak aurrera egin dezala, ni nire gotorlekuan goxo nagoen bitartean,
inspirazioak berriz kasu egin arte.