Zenbat aldiz gertatu zaizu lepo dagoen
taberna edo txosna bateko barran eskatzeko zain egon eta ikusezina sentitzen
zarela? Ez da gustuko platera, zure ahotsa eta lekua egin nahia, baina inork
kasurik ez egitea.
Imajinatzen ditut garai bateko
dantzaldietan, Tilosetan esaterako, dantzara ateratzen ez zituzten emakumeen
kasuak, ezdeusa sentituko ziren mutilekiko atrakzio eza somatzerakoan.
Kuadrillismoa da gure jendartean erlazionatzeko modua, bere on eta txar guztiarekin. Galdetu bestela atzerritik etorritakoei leku bat egiteko izaten duten zailtasunen inguruan. Baina ez hori bakarrik, egoera zehatz batzuetan bakarrik egotea ez egotearen parekoa da.
Aurrekoan kontzertuak izan ziren Easo Plazan Boga-Boga jaialdiaren harira. Ze plan hobeagorik iraileko estropadetako igande eguzkitsu baterako. Eguerdian abiatu nintzen harantz. Ordu haietan estropada zela, manifa zela, ez zen jende gehiegi bildu kontzertuak ikustera, eta lasai-lasai egon nintzen. Bazkal ostean, ordea, plaza lepo bete zen gaztez, baita ez hain gaztez ere. Bakarrik nengoenez ez nuen azalera handiegirik betetzen, nire motxilak eta nik neuk okupatzen genuena besterik ez, baina arratsalde guztia igaro nuen pauso bat aurrera, beste bi atzera, hiru ezkerrera, lau eskumara, nire tokia bilatzen eta aldarrikatu nahian, nire inguruko bikote, kuadrilla edo lagun taldeak uneoro handitzen baitzihoazen inguruan zegoenari itsu, kasu honetan ni. Nire aire eremua desagertzen ikusten nuen aldi oro, mugitzea erabakitzen nuen arte. Agobiatu egin nintzen eta konturatu, pertsona bakarra ikusezina bihurtzen dela egoera horietan, toki bat ez balu bezala, espazio bitalerako eskubiderik ez balu bezala.
Etxerako autobusean horren inguruan aritu nintzen hausnarrean, espazio bitalaz, guztiok lasai egoteko daukagun eskubideaz, ikusgarri ala ikusezin izan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina