2025/06/12

EKAINAK 12 (jarrera erotikoak)

Ez dakit zu, baina ni prebentzio medikuntzaren aldekoa naiz, hau da, noizean behin errebisioak egitekoa, ager daitekeen edozein gaitza edo arazori aurre egin ahal izateko.

Hezkuntza publikoan nabilenetik, jada bederatzi urte, ez didate sekula azterketarik egin; bai, lotsagarria, hori enpresa pribatu batek egitea ezinezkoa da, Eusko Jaurlaritza bera gainean izango luke zalantzarik gabe. Baina hezkuntza publikoko irakasleok ez ei dugu horrenbeste merezi. Oraingo akordioan hiru urtetik behin egitea sinatu da, ea hori gutxienez betetzen den.

Dena dela, ez naiz gaur hezkuntzan ditugun arazoez mintzatzera etorri, nik beste kontu bat ekarri nahi nuen hona.
Badira azterketa mediku batzuk norberak bere poltsikotik ordaindu behar dituena, ahal baldin badu behinik behin: bata, dentista da, bestea ginekologoa, emakumeen kasuan noski.

Aspaldidanik urtero bi horietara joateko ohitura daukat. Ahoaren kasuan, errebisioa eta garbiketa. Bigarrenean ekografia, zitologia eta halakoak. Aitortu behar dut orain Osakidetzak egiten dizkidala nire genitalen azterketak, arazo batzuk medio jarraipena egiteko, bestela nire poltsikotik ordaindu beharko nuke.
Kontua da bi espezialitate horiek nahiko desatseginak suertatzen direla gehiengo batentzat, nik hala bizi dut bederen, eta joan behar duzun bakoitzean halako deserosotasun bat sentitzen duzula.
Batean ahoa zabaldu, barruan hozkia eragiten dizuten gailuak sartzen dizkizutelarik. Bestean hankak zabaldu, lubrifikatzaile hotzez blaitutako plastikozko zakil moduko bat sartu eta barruan mugitzen dizuten bitartean, edota paretetako ehun apur bat kentzen dizutela, gero aztertzeko.  

Ba ez dakit umetan izandako trauma baten eraginez edo, baina niri dentistek panikoa sortarazten didate, eta gorputza tenkaturik egoten naiz haien besaulki eroso horietan etzanik. Horren aldean, ginekologoa lasaigarria iruditzen zait kasik.

Eta gauza da, gaur dentistarenean izan naizela karie txiki bat nuelako, eta aspaldiko hogei minutu desatseginenak izan direla, ondoren hiru orduz ahoa lo eta oker izatea kontuan izan gabe. Eskerrak anestesiari ez duzula minik sentitzen, baina zulagailuek, xurgagailuek eta nik zer dakidan aparatuek sortu zaratak barruraino sartzen zaizkit tentsio, hozki eta ez dakit zein sentipen desatsegin gehiago sortuz. Eta han neutzala, begiak itxita, ginekologoarekin akordatu naiz, eta pentsatu dut nahiago nukeela hankak zabaldurik egotea ahoa zabalik egotea baino. Biak ere, nondik begiratzen duzun, oso jarrera erotikoak.

Txantxarra kendu didate eta urtebetez, gutxienez, tortura honetatik libre geratu naizela pentsatuz pozik pasa dut kreditu txartela datafonotik.

 

2025/06/11

EKAINAK 11 (piriak)

Atzo berriz ere kale egin nuen nire publikazio hauetan. Hasiera ipini nuen telegramen eta jarraipena niretzat gordeko dut. Ordenagailu gabe nengoen egun pare baterako mendira joana bainintzen.

Aurten munduko paraje ederrenetakoak ikusteko aukera izan dudala esan dezaket ezbairik gabe, baina zer nahi duzue esatea, autoa hartu eta Iruñea pasatuta, Esako urtegira ailegatzean, apurka-apurka azaltzen joaten zaizkidan mendi horiek ikusteak zirrara berezia eragiten dit. Uste dut nire memorian gaztetako uneak sortzen zaizkidala. 

Nire lehen oporrak, ikasle garaitan, beti Piriniotara izaten ziren, zela mendira ibiltzera edo neguan eskiatzera; haranzko joera handia genuen, eta pasio, behar, ohitura horrek nire baitan bizi bizirik jarraitzen du.

Uste dut ez dela urterik piritara joan gabe egon naizenik. Ez naiz astebururo harako joera duen horietakoa, inondik inora, baina noizean behin joatea behar dut, eta hurbildu ahala, nire aldartea aldatzen doa, lasaitzen, erlaxatzen, umorea hobetzen, ez dakit besterik azaltzen, baina hala bizi dut, adrenalinazko txute baten moduan, berpizte bat, pila kargatze bat.

Bi egun igaro ditut bertan eta mendi gogoz bueltatu naiz etxera. Argazkiak atera ditut, lehen ere ateratako toki beretan, baina toki berriak bailiran bizi ditut, hain betetzen dute nire gogoa.

Zuk ba al duzu hala sentiarazten zaituen tokirik? Hala bada, bueltatu, behar eta ahal den guztietan, sufritzeko beti baitago denbora sobera.

2025/06/09

EKAINAK 9 (alferkeria)

Kasik urtebeteko betebehar hau pisutsu suertatzen ari zait eta atzo, lehenengo aldiz urte guztian, idatzi gabe pasa nuen.
Eguna entretenitua igaro nuen. Goizean bizikleta ta hondartza, arratsaldean tenisa. Kasik sei ordu pantailaren aurrean. Jokalariak ez dakit, baina nik akituta amaitu nuen bost seteko partida harekin.

Eta, ondoren, galbana sartu zitzaidan paperaren aurrean jartzeko, eta ohean neutzala, gaur atzoko datarekin idatziko nituen hitzen inguruan hausnartzen aritu nintzen.

Diotenez, hori ere idazteko prozesuaren barne sartzen da, beraz, atzo ere idatzi nuela esan dezaket, atzoko hitzak gaur transkribatu ditudan arren.

Bai, eta bi egun daramatzat barrura begira dela, alferkerian dela, apur bat utzita bezala, amaiera heltzen ari deneko sentsazioarekin, oporrak amaitzen zaizkizunean bezala, erdi triste, erdi depre; halako sentipenak dauzkat, kexatzeko moduan egongo banintz bezala.
Eta kontziente naiz pribilegiatu bat naizela, edonork ezin dezakeela urtebete nik pasa dudan moduan igaro, baina horrek ez dit kentzen nire baitan sortzen zaidan ezinegon hau.

Eta urte osoa igaro dut ere zugan pentsatzen, nire gogoan existitzen zaren Zetan, batzuetan erreal, besteetan nire iruditerian sortu dudan izaki platonikoa. Urtea eta bizitza, zergatik ez esan, batzuetan ederragoa eta besteetan tristeagoa egin didazu, eta askotan nire burutik erauzten saiatu natzaizun arren, ezinezkoa egin zait guztiz ahaztea. Agian horretan datza eskorpioi garenon pasioa, edo setakeria hobe esan.

Ta alferkeria aipatu dut, azken egun hauetan, aspaldiko partez, alferrago sentitzen naizelako, edo tristeago, edo dena lotuta doa. Baina ez dut utzikeriatan jausi nahi, eta buruari gogor egingo diot, orain arteko jarrera erakusten jarraitzeko.
Astelehena da, kirolarekin hasi dut eguna, eta espero bide horretatik jarraitzea.

Animo astearekin!

2025/06/07

EKAINAK 7 (tabu)

Badira gure munduan gai tabuak, hezi gaituzten moral kristauak naturaltasunez hitz egiteko mugatu dizkigunak, geure buruari marra gorriak ezarriz eta hitz egiterakoan pertsona zikin eta amoral senti arazten gaituztenak. Bai sexuaz ari naiz, izaki berriak sortzeko beharrezkoa den ekintza horretaz; beraz, ezer naturalagorik ba al da? Baina niri ez zait sexua erreprodukzioaren aldetik interesatzen, plazererako ekintza ere den aldetik baizik.

Inoiz egin dut sexuarekiko aipamen bat nire idazki hauetan, baina ezer gutxi, ea norbaitek pentsatuko ote duen fresko bat naizenik.

Sexualitatea jaiotzen garen unetik dugun ezaugarri bat da. Beste kontu bat da zein erabilera ematen diogun, zein askatasunarekin, zein helbururekin, zein naturaltasunarekin.

Diotenez, nire garaian jaiotakoak, eskorpioak alegia, oso sutsuak eta pasionalak omen gara sexu kontuetan. Ez dakit. Badakit gustuko dudala, eta asko gozatua naizela, baina sexurik gabeko bolada handiak ere bizi izan ditut. Batzuetan libidoa guztiz itzalita nuelako, emozionalki xixko eginda egon nintzen garaian bezala. Beste batzuetan bikotekiderik edo plazer kiderik edo dena delakorik ez nuelako, eta gogoa izanda ere ligatzera irten ez naizelako.

Diotenez ere, adin batetik aurrera eta menopausiara heltzen zarenean, genitalen lehortasuna ohikoa izaten omen da, eta emakume ugarik sexurako gogoa galtze omen du.

Duela gutxi, ni baino helduagoak diren bi lagunekin berriketan, esaten zidaten aspaldi zela sexurik ez zutela praktikatzen, eta ez zutela inolako beharrik sentitzen.
Ba nik praktikatu gutxi egin dut azken urteetan, eta menopausiara hurbiltzen ari naiz, eta bai izan ditut libido itzalitako garaiak, baina azken boladan sexurako grina bizi bizirik dut.
Eskerrak eskuak ditugun, eta jostailuak, baina ez al da ederragoa beste gorputz baten epeltasuna sentitzea, beste baten leku heze eta intimoak dastatzea, ferekak eta musuak eman eta jasotzea, eta orgasmora helduta bata bestearen besotan lokartzea, esnatzean berriz ere jira eta buelta hasteko?

Azken boladan amets hezeak izaten ditut sarri, gehienetan esna, eta ze plazera aizu. Orain bakarrik falta zait amets horietan konplize izango den bikotea topatzea. Lortuko al dut inoiz?

Orgasmo on!

 

2025/06/06

EKAINAK 6 (esaldia)

Mendian bide zirkularrak nahiago ditut, leku beretik igo eta jaistea baino. Ahal dudan guztietan horretan saiatzen naiz, batzuetan ezinezkoa dela jakin arren.

Hari horri tiraka, esaldi batekin natorkizu gaur, iruditzen zaidalako mendi itzulietatik haratago, bizitzako beste eremuetara zabaldu daitekeela.
To!


Ez dut gustuko leku beretik bi aldiz pasatzea geratzeko ez bada. 

2025/06/05

EKAINAK 5 (horrelakoa da bizitza)

Hanka ikusi ez dudan zulo batean sartu eta bihurritu txiki bat egin.
Hantura hobetze aldera oina itsasoan sartu, olatua etorri eta irakurtzen ari zaren liburuak bainua hartu.
Lehorgailuarekin ordubete igaro ostean, liburua irakurtzeko moduan utzi, baina ur gaziak ematen duen zakartasun horrekin orri bakoitzean.
Liburutegiko arduradunak dio, halako kasuetan, erabiltzaileari liburu berria erosteko eskatzen diotela. Hiritar zintzoa legez hogeita lau euro gastatu ditut jada irakurri dudan liburu batean, beste batzuek ur gaziaren lakartasuna soma ez dezaten. Ni, erosteko asmorik ez nuen ale usatuarekin geratuko naiz.
Ez dakit bidezkoa den ala ez liburu berria erosi araztea. Istripu bat izan da, ez dut nahita egin. Ez daukat arazo ekonomikorik liburu berria erosteko, baina hilabete bukaerara heltzeko arazoak dituenari erosi araztea ondo irudituko al litzaidake?
Zein da zerbitzu publikoen helburua eta nola kudeatu behar dira?

Gogoeta horiek buruan gertuko pertsona baten gaixotasun larriaren berri eman didate. Paralizaturik geratu naiz, ezin dut sinetsi, ez dira hamabost egun ikusi nuela eta San Joanei buruz aritu ginela. Ez dakit nola jokatu, ez dakit mezu bat bidali ala ez. Ez dut harreman hain sakonik. Gogoak idazteko eskatzen dit, baina zer esan bizitza kinka larrian duen bati? Ba al da hitz egokirik horretarako? Agur soil bat ba al da nolabaiteko kontsolamendu edo eskertzeko zerbait?

Eta horretan nabilela gertuko beste pertsona batek zenbat hitz egiten duen eta zein arin aireratzen dituen besteen kontuak etorri zait burura. Eta atentzioa eman diot, baina ez dio inolako arazorik ikusten ezeri. Nitaz inorekin ez hitz egiteko esan nahi diot, baina haserretuko zaidan beldur naiz, eta ez dut nahi.

Eta hala, sekretuez, zintzotasunaz eta bidezkoaz hausnartuz hasi dut eguna. Gaur eguzkia lagun.

2025/06/04

EKAINAK 4 (poema soziala IV: biraoak)

Madarikatua mundua

gerrak permititzen dituena

gerrak bultzatzen dituena

umeak hiltzen uzten dituena

umeak eta helduak

pertsonak jazartzen dituena

 

Madarikatuak gizonak

emazteak jipoitzen dituztenak

emazteak akabatzen dituztenak

emazteak torturatzen dituztenak

seme-alabei tratu txarrak ematen dizkietenak

alabak asasinatzen dituztenak

emazteak torturatzeko

gero bere buruaz beste eginez

 

Madarikatuak gehiengoen kontura

aberasten direnak

besteak zapaltzeko

inolako erreparorik ez dutenak

euren kolkora soilik

begiratzen dutenak

madarikatuak denak 

2025/06/03

EKAINAK 3 (pelukerin)

Gaur ileapaindegian izan naiz. Kolorea eman dut. Gero eta ile zurituagoa dudala konturatzen ari naiz, baina ez dut horregatik tintatzen ilea, edo ez horregatik soilik. Hamazazpi urterekin ere kolore antzekoa ematen nuen eta ia bizitza osoan mantendu dudan errituala izan da, estetika kontuak pentsatzen dut.

Gauza da, koloreak gehiago eragiteko edo, plastikozko lehorgailu psikodeliko horietako baten azpian jesarri nautela, eta nahi gabean txikitako oroitzapenak etorri zaizkidala gogora. Nola larunbatero amarekin M.A.ren ileapaindegira joaten nintzen.
Bere etxeko zonalde batean zuen, eta ni, bitartean, euren etxeko salan jolasten egoten nintzen, haren seme-alabekin imajinatzen dut, hori ez baitut oso argi, baina bai pelukeriaren espazio hura. Oroitzen dut nola, erruloak eta bigudiak jarri ostean, ama egoten zen lehorgailu transparente haien azpian, hola, semana eta antzeko aldizkariei orrialdeak pasatu bitartean. Eta ni sofan hari begira edo agian jolasten, edo aldizkariren bati orriak pasatzen ere.

Erritual bat zen, asteroko kontua, garai bateko emakumeek ez baitzuten ilea etxean garbitzeko ohiturarik, ileapaindegian baizik. Oraindik ere geratzen dira halako espezimen batzuk, baina gero eta urriagoak direla esango nuke, belaunaldiak gora joan ahala gutxitzen doazenak.

Eta pentsamendu horiek buruan ilea gorritua nuela kendu didate tramankulua burutik, eta denbora aurrera doala otu zait, jada ez baitaude garai hartako emakume asko gure artean, ez nire ama, ezta pelukeria hartan egoten ziren emakume asko ere. Barre txiki bat irten dit gora begira nengoela. Gero apain irten naiz nire ileapaindegitik, zita baterako bezala, nirekin geratu nahi al duzu Zeta?

Ea zenbat denbora irauten didan ile honek bere horretan. Aste oso bat seguru ezetz.

2025/06/02

EKAINAK 2 (konpromisoaz)

Kontraesanez beteriko pertsona naiz, jende gehiena bezala. Ideologikoki kontu batzuk oso argi eduki ditzaket, praktikan zer egiten dudan beste hariko ezpala da. Edozein kasutan, argi daukat nik konpromiso bat daukadala nire buruarekin, nire niarekin, nire ideiekin, nire herriarekin.

Gaztetan herriko zineklubean aritu nintzen, geroago zinegotzi.
Irakaskuntzan aritu naiz nire bizitza laboral osoan, lehenik ikastoletan, orain hezkuntza publikoan. Bai batan eta bai bestean nire konpromisoa, nire prestutasuna agertu izan dut euskal hezkuntzaren alde, hau da, euskaraz irakatsiz eta erreferentzia kulturaltzat Euskal Herria (bere osotasunean) hartuz. Horrez gain, sistema mantendu eta hobetze aldera ardurako lanpostuak hartu izan ditut, oso erraza delako sistema kritikatzea hura hobetzearen alde ezer egin gabe.

Eta urte sabatikoa amaitzera doala berriz ere nire konpromisoa betetzeko prest agertu naiz, eta horretan saiatuko naiz datozen urteetan gauzak ondo bidean.
Ez da protagonismo edo aginte kontua, ardura kontu bat baizik. Gauzak hobetzen saiatzeko ezinbestekoa da denon inplikazioa. Erraza da hezkuntza publikoa defendatzea eta dena kritikatzea, soilik zure klaseak ematera mugatzen zaren bitartean, ingurura begiratu gabe, inoiz bestelako ardurarik hartu gabe.

Euskal Herritar sentitzen garenok, naziotasunari dagokionez, EAEn daukagun defizit curricularra izugarria da, eta hori ere, zoritxarrez, guk aldarrikatu eta hobetu beharreko gaia da. Emakume gisa, nire tokia aldarrikatzea ere ezinbestekoa iruditzen zait, eta ezinbestekoa ere, gure gazteei hizkuntzaren, ikasketen, arduren eta konpromisoen garrantzia transmititzea. Horregatik eta beste hainbat konturengatik datorren ikasturtean konpromisoa erakutsi eta ardura hartuko dut.

Bidean oztopoak bainoago laguntzaileak besterik ez topatzea espero dut.

2025/06/01

EKAINAK 1 (ostegun beltza)

Osteguna da, ekaineko lehen eguna. Udara heldu ez den arren udako egun eder horietako bat da, goizean fresko eguerdirako eguzkiak bere osotasunean distira egiten duelarik, giroa berotuz.

Telefonoz deitu dio motel dagoela esanez,  eta lanetik zuzenean berera joango dela adierazi dio. Hori egin dezake, eguerdian amarenera joan, aurreko urtean lana uztea eta lantokiz aldatzea erabaki zuelako. Askotan etorri zaio erabaki hori gogora, eta horri esker bere ondoan egoteko aukera izan duela pentsatu, aldaketa hori probidentziala izan balitz bezala.

Etxera joan eta ama ohean aurkitu du, jaikitzea kostatzen zaiola esanez. Medikua etxera etorri da eta urgentzietara eramateko aholkatu die, han hobe azter dezaten. Ama mugitzea kostatzen zaiela ikusirik, irribarretsu egon arren fisikoki pisu mortu baten modukoa da, anbulantzia batera deitu dute. Lasai ama, ni joango naiz zurekin anbulantzian, esan dio eztiki eskua helduz.

Anbulantziaren aurrealdean doa. Une batean txoferrak soinu bat entzun eta gelditu egin da, Miramon parean, ospitaletik bi minutura. Jaitsi eta atzealdera joan da. Segundo batzuk besterik ez dira izan, oso luze suertatu zaizkionak. Ostera igo denean larriduraz begiratu eta problemas hitza bota dio.

Urgentzietara heldu eta ziztu bizian atera dute ohatila, bertan itxaroteko esan dioten bitartean. Badaki ez duela ama berriro bizirik ikusiko. Anaia heldu denean sarreran topatu du. Burua aldeetara mugituz ezetz esanez bezala dena esan dio. Besarkada batean bildu dira.

Ordu erdi beranduago konfirmatu diete jada bazekitena. Ama ikusteko aukera izan dute beste behin ere, baina jada ez zen bera, aurpegia desitxuraturik zuen, suspertzeko ahaleginetan sartutako medikazio guztiaren ondorioz.

Berriro ez duela ikusi nahi erabaki du, eta eguerdiko irribarrearekin geratu da. Han egon izanarekin, bere ondoan, lasai ama zurekin noa.
Eta probidentziari eskerrak eman dizkio iaz lana utzi zuelako, bestela istorio hau bestelakoa izango baitzen.

Osteguna zen, duela zortzi urte, ekainaren lehenengo eguna, udaberria izan arren udako egun zoragarri horietako bat, goizean fresko, eguerdirako eguzkiak bere osotasunean distira egiten zuelarik, giroa berotuz, gaur ez bezala. Egun hura aukeratu zenuen gure artetik joateko, ostegun eder hura, ostegun madarikatu hura, ostegun beltz hura, nire gogoan betirako iltzatuta geratuko dena, zure presentzia bezala.