2025/03/21

MARTXOAK 21 (amesten)

Gaur zure irudia gogoan nuela esnatu naiz. Hau da hau marka, justu gaur, zure oroitzapena inoiz baino presenteago izango dudan egunean. Kasualitatea? Kasualitateak ez dira existitzen esango luke batek, orduan zu ikusteko beharrak eraginda nire adimen naturalak sortu duen fikziozko errealitate bat izan zara, ordenagailu potenterik gabe, soilik nire barruan gordeta dudan une gozo bat erabilita.

Baina nola diren gauzak, ametsetan ikusi bai, zelan nagoen galdetu didazu eta erantzun orduko desagertuta zeunden. Ametsak zure bila nenbilela jarraitu du, esnatu naizen arte.

Zergatik egiten didazu ihes ametsetan ere? Beldur al zara esan dezakedanaz, edo zu zara beldur zuk nahi ez baina senti dezakezunaz? Atzeraka egiten al dizut ametsetan ere?

Ez dakizu zein penatua hartu dudan esnatu naizenean, jabetu bainaiz zurekin ametsetan ere nekez elkartuko naizela inoiz.

Eta jaiki eta zure irribarre gozoa gogora ekarrita pentsatu dut, gutxienez, egun batez ondoan izan zintudala nire gotorlekuan.

Eta zuk, egin al duzu nirekin sekula amets, ala nik ere alde egiten dizut?

2025/03/20

MARTXOAK 20 (udaberria)

Gaur udaberrian sartu gara eta, horrekin batera, aspaldiko partez titiak ukitu dizkidate. Bai, beno, bularrak ukitu dizkidate, baita argazkiak atera ere; beno zapaldu esan beharko nuke, estutu agian; ukitu bai, baina ez nik nahiko nukeen moduan.
Bi urtetik behin ukitzen, estutzen edo zapaltzen dizkidate bularrak, doan, baina, egia esateko ez da oso atsegingarria. Minetik gehiago du plazeretik baino, bularrak, edo titiak, diren gorputzeko atal gozagarri horiek izateko.

Eta, zein da hitz egokia, bularrak ala titiak? Nik bularrak hitza medikuntzarekin lotzen dut, profesionalagoa bailitzan; titiak sexuarekin, gozamenarekin, baina hori nire pelikula dela uste dut.

Ez zait gustatzen besteek nire bularrak estutzea, bai titiak ukitzea ordea. Halere, lehena ziurtatua daukat bi urtetik behin, bigarrena, aldiz, konplikatuago dago.

Aspaldi ez dizkidatela titiak ukitu, behar den bezala esan nahi dut, baina udaberrian sartu gara, maitasunaren, ernalketaren eta bizitzaren urtaroan. Batek daki zer edukiko dudan hor zain, ezin itxaropena galdu. Gutxienez esan dezaket, udaberriko lehen egunean bularrak airean jarri eta eskuztatu dizkidatela. Hasiera ona udaberriarentzat? Batek daki.

2025/03/19

MARTXOAK 19 (gezurraz)

Oso urrun sentitzen zaitut, nirekin haserre bazeunde bezala, nik esandako zerbait gustatu ez zaizulako agian, edo min eman dizudalako nolabait. Hala bada, barkatu, ez zen hori nire asmoa, eta pena ematen dit zu haserre ikusteak, baina ni zintzoa izaten saiatu naiz, sentitzen dudana adierazten.
Egia besterik ez dut adierazi nahi edo, agian, tarteka isilik geratu, baina gezurrik ez. Gezurrekin ezin dut. Sekula ez naiz gezurteroa izan, orain are gutxiago, besteen gezurrek nire erraietan utzitako orbainek ez didate permititzen, beraz egia esango dizut, edo, gehienez, isilik geratu, baina gezurra sekula ez.

Egiek min ematen dute batzuetan, baina listo, badakizu zer dagoen, badakizu zeri egin behar diozun aurre, eta hura kudeatzeko manerak eraiki ahalko dituzu.

Gezurrak, aldiz, min ez emateko esaten omen dira, nahiz eta berandu baino lehen egia azaleratzen den, eta kolpe hori benetan latza da. Nik ez diot inori desira.
Gezurrari ez diozu aurre egiten, minik ez dizulako eragiten, edo eragiten dizuna eramangarria delako, arina, logikoa, ulergarria, arrazionala.  Gezurraren aurrean armagabeturik zaude, eta egia lehertzen denean beranduegi da aurre egiteko. Mina zorabiatzerainokoa bihurtzen da, astuna, ulertezina, irrazionala.

Horregatik, aspaldi erabaki nuen gezurrik ez esatea, egia besterik ez, edo, gehienez, isilik geratu. Eta bai, konturatu naiz nire egiek urrundu egin zaituztela, nirekin haserre bazeunde bezala, eta pena handia daukat.
Barka egidazu lagun, ez zen nire asmoa.

 

2025/03/18

MARTXOAK 18 (idazteaz)

Gaur filosofiko esnatu naiz. Idatzi nahi dut, idatzi behar dut, zertaz ordea? Barrutik hutsik sentitzen naiz, beraz zer dut nik adierazteko, zer esateko nire zurekiko maitasuna aitortzea ez bada? Baina ez dakit nor zaren, ez dakit non zauden, toki guztietan bilatu zaitut eta ez zaitut oraino aurkitu.

Bilatu zaitut kalean, bilatu zaitut etxean. Bilatu zaitut zineman eta kontzertuetan, baita liburuetan ere. Bilatu zaitut mendian eta hondartzan. Bilatu zaitut ametsetan eta nire barruko toki intimoenetan. Baina ez zara inon ageri, soilik egunen baten utzitako lorratza ikus dezaket, besterik ez, eta ez diot bada arrasto bati nire maitasuna aitortuko, zorotzat hartuko nindukete, jada zoratuta ez banago.

Bai askotan pentsatzen dut, gero eta maizago, erotuta nagoela. Behin nire soinean utzi zenuen hordikeria ezin gainditu nago, eta noraezean ibiltzen naiz, kalean bakarrizketan zure pausuei segi nahian, haien arrastorik inon topatu ez arren.

Baina, zertaz ari nintzen? Jada haria galdu dut, ikusten irakurle, burua joanda nabil. A bai, idazteaz, idatzi egin behar dudala esan dizut, baina ez dakit zertaz, zurekiko maitasuna aitortzea ez bada.

2025/03/17

MARTXOAK 17 (menpekotasunak)

Bost urte bete dira Covidaren pandemia gertatu zela. Harengatik bizi izan genuen itxialdiari eta ondoren jasan behar izan genituen murrizketei buruz ez dut oraino hemen hitz egin, egunen baten akaso. Nik, beste askok bezala, une zailak bizi izan nituen, eta esan beharra daukat kulturak salbatu ninduela, kirolarekiko eta errutinekiko izan nuen diziplinarekin batera. Asko irakurri nuen eta etxetik irteten utzi zigutenean asko joan nintzen zinemara, etxean seriek eta filmak ikusteaz gain. Eta gauza da zinema niretzat droga bat bezalakoa dela, asteroko dosia behar dut. Ez daukadanean moldatzen naiz, baina gero errekuperatzeko behar moduko bat izaten dut.

Hilabete luze pasa dut zinemara joan gabe edo telebista ikusi gabe, eta etxera etorri eta hemen nabil, kartelera guztia bat batean irentsi nahian, bizia horretan joango balitzait bezala. Eta noski, ba ez naiz asmatzen ari ez filmekin, ez eta haiek ikusteko ordutegiarekin ere. Oraindik jetlaga daukat, ordutegia aldatuta, goizetan goiz esnatzen naiz, ondo aguantatzen dut, baina arratsaldean logura sartzen zait. Siesta ekiditen ari naiz, baina utzi ezkero seko jausten naiz. Baldintza horietan ezin zinemara joan, baina ni temati, monoa kendu nahian.

Hiru filma ikusi ditut orain arte. Lehena euskaraz Oraindik hemen naiz itzuli genezakeen Walter Sallesen film brasildarra. Hego Ameriketako diktadurez aritzen garenean beti Argentina eta Txile aipatzen ditugu, sekula ez Brasil. Ba honakoak Brasilgo diktaduran gertatutako Rubens Paivari buruzko kasua kontatzen du. Oso gomendagarria.

Bigarrena Pablo Larrainek zuzendutako Maria Callas filma. Opera kantanteari buruzko biopic moduko bat, bere azken hilabeteez ari dena. Nahiko hotz utzi ninduen, bai filmak baita Angelina Jolieren antzezpenak ere. Esan beharra daukat ez zaidala gustatzen aktore bezala.

Hirugarren film portugaldar bitxi bat ikustera joan nintzen, Grand Tour, txuri beltzean, jatorrizko bertsioan azpiidatziekin, ba bai, lokartu egin nintzen edo kolpeka aritu nintzen lo ta esna. Filmaren haria ez nuen galdu halere, galtzeko gutxi agian, baina erdizka ikusi nuen. Honek epel utzi ninduen, halaxe egon bainintzen nire berokiaren azpian. 

Atzo ere zinemara joatekoa nintzen, baina bi aldiz pentsatu eta etxean geratzea erabaki nuen. Eskerrak, arratsalde osoa begi bildu batean igaro bainuen.

Gaur berriz ere banoa, gaurkoan Lumiere anaiei buruzko dokumental bat ikustera. Ea esna aguantatzen dudan, baina joatea ez da aukerakoa egunak falta baitzaizkit ikusi nahi ditudan film guztiak ikusteko.

Ez galdu film brasildarra. Bihar arte!

2025/03/16

MARTXOAK 16 (krossfiteroekin egin dut topo)

Gaur, igandea, izugarrizko eguraldiarekin esnatu gara. Hotza dago, baina paseo bat emateko sekulako argitasuna dago. Mendira joatea baztertu dut, azken egunetako euri zaparraden ondoren lokatza eta hezetasuna egongo delako, elurra ez bada. Beraz, Donostiara joatea erabaki dut.
Gustatzen zait Donostiatik paseatzea. Mareak uzten badit hondartzatik ibiltzen naiz, gero portua, paseo berria. Toki kuttuna dut eta askotan entretenitzen naiz argazkiak ateratzen. Gurutzatzen dudan jendean arreta jartzen dut, eta ze hizkuntzetan ari diren erreparatzen. Gaur euskara gutxi entzun dut, agian igandea izanik kanpoko jende gehiago dabilelako izango da, ez dakit. Baina aurki euskaraldia hasiko dela otu zait eta buruari eragiten hasi naiz.

Nire etxe parean atletismoko pista bat daukat. Bere garaian eraiki zutenean, ez dakit nahita edo nahi gabe, ez zizkioten pista batek konpetizio ofizialak jasotzeko behar dituen neurri egokiak eman. Ondorioz, ez da egoten halako atletismo probarik, baina entrenatzeko eta bestelako probentzat erabiltzen da, azken boladan gero eta gehiago. Gaur, esaterako, ustez krossfiteroena iruditu zaidan lehiaketa bat zegoen.
Etxetik irten naizenean prestaketa lanetan ari ziren, heldu naizenean azken probetan eta sari banaketan. Megafonia zuten, noski, ozen, oso ozen. Ba al dakizu zein zen bozgorailutik irteten zen euskararen presentzia? Zero. Joaterakoan musika zuten, hasieran flamenkoarekin lotu ditudan doinu batzuk, gero ingelesezko beste doinu matxakoi samarrak. Bueltan ahots bat, gaztelania hutsean. Eta hor dago gakoa, jendartean bultzatzen ditugun ereduak, denak, gaztelaniarekin lotuta daudela, hori areagotzen ari diren kirol ereduez hitz egin gabe.

Hernani batean, berdin zait zein proba motetan, ez bagara gai euskal kultura eta euskara erabiltzeko, nola lortuko dugu hizkuntzaren erabilera areagotzea? Gazteen gaztelaniarako joeraz hitz egiten dugu gero eta gehiago, baina  ez al gara gu horren lehen erantzuleak? Ez al genuke toki publikoetan egiten diren ekitaldietan euskararen presentzia minimo bat derrigortu beharko, kuota moduko bat ezarri, subentzioak jaso ala ez? Baina bi urtetik behin euskaraldiak antolatzearekin konformatzen gara.

Dena amaitu denean, balkoitik parte hartu duten batzuengan jarri dut arreta. Krossfiteroak pentsatu dut. Ez zait ikusten nuena gustatu, ez eta entzuten nuena ere. Agian ni naiz tokiz kanpo geratzen ari dena. Hala izango da, ziurrenik, zahartzen ari naizen seinale, edo, behin batek esan zidan moduan, oso arraroa naizelako? Auskalo! 

2025/03/15

MARTXOAK 15 (bakardadeaz)

Bai badakit gai honi buruz asko hitz egiten dudala, baina gizateriaren gai unibertsal horietako bat dela iruditzen zait, niri, pertsonalki, asko eragiten didana eta nire bizitzaren giltzarrietako bat ere badena.

Hilabetez ibili naiz munduko beste puntan bakarrik, niretzat nolabait arrotza den hizkuntza batean funtzionatuz, eta bai, desiratu dut uneren batean han akonpainatua egotea, baina ez dut inongo unetan bakardaderik sentitu, agian hasieratik nekielako hori izango zela nire egoera naturala han.

Heldu naiz Euskal Herrira, heldu naiz etxera, eta hasi naiz bakardadean pentsatzen. Hau da hau marka, nola da posible? Euskal Herrian bakardadea ez al da naturala ala? Edo hemen, izan ziren eta ez diren horien guztien mamuak ernaltzen zaizkit batera, bakardadearen sentsazioa handiagotuz?

Askotan pentsatzen dut oraintxe desagertuko banintz inork ez ninduela faltan botako, egunerokoan ez baitut halako lotura esturik inorekin, baina sentsazio hori, oso tristea izan arren, gero eta modu positiboagoan hartzen dut, eta horrek pozten nau. Baina egiari zor, egunerokoan inorekin lotura esturik ez izan arren, kontziente naiz hainbat pertsonek gogoan nautela modu batera ala bestera, nik beraiek ditudan era berean.  
Esaterako, jada hemen idatzi dudanez, heldu egunean lagun batek bere etxera gonbidatu ninduen bazkaltzera, eta etxera afariarekin bidali ninduen, egun hartan erosketetan eta kozinatzen ibili behar ez izateko, atsedena har nezan bidai luzearen ostean.
Atzo lankide batek idatzi zidan ongietorria emateko, etxean bueltan egoteak pozten ziola, baita hurrengo ikasturtean berriz ere lankide izango garela jakiteak.

Zuri ez dakit, baina niri espero ez ditudan horrelako jarrerek eta mezuek pilak kargatzen dizkidate, norbaitentzat nolabait inportantea naizela jakiteak autoestimua, askotan lurraren pare egoten den psikearen ditxosozko ezaugarri ezinbesteko hori, igotzen dit.

Eta hemen naiz, asteburuan, bakarrik, neurrira atondutako nire gotorlekuan, gogoa asebetetzen didaten gauzak eginez eta planeatuz. Goizean mendira, orain idatzi, gero irakurri, arratsaldez zinemara eta iluntzean lotara, ea gainean daramadan jetlagari lehenbailehen aurre hartzen diodan.

Eta gomendio batekin amaitu nahiko nuke: Bakartasunaz bi hitz liburua. 2004. urtean argitaratu zuen Txalapartak. Bertan, IKko militante preso Filipe Bidartek isolamenduari buruz hitz egiten du. Bakardadea sentitzen duzunerako terapeutikoa suertatuko zaizulakoan, on egin! 

2025/03/14

MARTXOAK 14 (nire talaiatik)

 

Nire talaiatik

zelatatzen zaitut

baina ez zaitut ikusten

 

Imajinatzen zaitut

lanerako bidean

etxean ikasten

kirola egiten

 

Amestu zaitut

ni zelatatzen

nire argazkiak begiratzen

ni desiratzen

 

Irudikatu dut

elkartzen garela

gure begiradek

topo egiten dutela

gure eskuak

ukitzen direla

elektrizitateak

zeharkatzen gaituela

 

Hori guztia

nire talaiatik

zelatatzen zaitudan

bitartean

 

Baina, oraindik

ez zaitut ikusi

2025/03/13

MARTXOAK 13 (bukatu da ZEN unea)

Ez dut oraindik Zelanda Berritik ekarritako sentsazioen baloraziorik egin hemen, baina aurreko egunetako testuen tonuan antzemango zenuen zoratzen etorri naizela, guztiz erlaxatua, pozik, ZEN moduan. Ba hori han da posible, hemen bukatu da lasaitasuna.

Gaur euskal taldeek, Athleticek eta Errealak zehazkiago, Europa Leagueko konpetizioko partidak dituzte. Errealak Manchesterren aurka Old Trafforden, Athleticek San Mames Barrian Roman aurka, eta hori da hona ekarri nahi nuen gaia, beste behin ere?, ez naiz akordatzen, baina bai futbola. Ez futbola kirol bezala, futbolaren inguruan sortzen den giroa baizik. Forofismoa, borregismoa, doako biolentzia, arriskua, ehuneko handi batean, eta ez da kasualitatea, gizonek eragiten dutena.

Gauza da gaurko eguerdiko berrietan adierazi dutela jada Bilboko ez dakit zein kale moztuta zeudela, polizia piloa zebilela kaleetan arriskuko partida zelako, Erromatik sarrerarik gabeko ez dakit zenbat jarraitzaile ultra zetozelako, baita haien adiskide diren Athleticoko beste hainbat ultra ere.
Duela hilabete batzuk, errealak Anoetan horrelako beste partida bat jokatzen zuen batean, Ernest Lluch kultur etxea itxi egin zuten, eta egun hartako ikastaroak bertan behera utzi arrazoi antzekoengatik.

Eta hor nire kezka, zertan bihurtu ditugu gure gizarte ustez demokratiko hauek, futbol partida baten aurrean populazioaren zati handienari bere askatasuna mugatzen zaiola bere segurtasunaren izenean? Kaleak mozten direla, toki batzuetatik igarotzea debekatzen dela, tabernetako terrazak kendu arazten direla, kultur etxeak ixten direla, eta abar luze bat, beste batzuk libreki kasik nahi dutena egin dezaten?

Hemen ere emakumeen aurkako biolentziarekin gertatzen den bezala gertatzen da: neurriak gizonen aurka eta haiek hezitzeko hartu behar dira, eta ez alderantziz. Ba futbolean ere, arazoak aurreikusten badira, agian partidak publikorik gabe jokatu beharko lirateke, populazioaren gehiengoak bere askatasunaz gozatzen jarraitu ahal izateko, ez al duzu uste?
Ez dut ulertzen doako biolentzia hori, futbol partida batengatik inguruan daukazuna txikitzeko beharra, besteen kontra oldartzekoa, hiltzeko balio duten tresnekin ibiltzekoa, beste pertsona bati arrazoirik gabe kalte egiteko erraztasuna munduko gauzarik normalena balitz bezala.

Eta hori eraiki ditugun gizarte ereduen ondorioa besterik ez da, non bereizketak egiten ditugun klasearen, generoaren, arrazaren arabera. Arkitektonikoki hiriak eraiki ditugu bereizketa horiek nabarmentze aldera, eta goazen bidetik zaila daukagu hori iraultzeko. Gutxienez kontziente izan gaitezen gauza horiek ez direla ausaz gertatzen, gure sistema kapitalistak dituen ondorioetako bat besterik ez dela, eta hala ikusi nahi ez duenak, betaurrekoak jantzi beharko lituzke.

Gabon eta ea zuen taldeak irabazten duen! 

2025/03/12

MARTXOAK 12 (beste ni bat?)

Kaixo aspaldiko, bai, hemen naiz berriro bueltan, formatu honetan esan nahi dut, idazteari egun batean ere ez baitiot utzi, telegrameko lagunek, esaterako, izan dute nire berri nolabait.
Horrenbeste gauza esateko dut eta, era berean, bat ere ez, bizitakoak, izandako sentipenak, hitzez adierazezinak balira bezala, niretzat gorde beharreko zerbait bailitzan.

Hilabete luze joan da, eta oraintxe bertan atzo balitz bezala iruditzen zait, nahiz eta atzo hori oso urrun egiten zaidan, urrun denboralki, urrun fisikoki. Begitantzen zait pertsona berri bat naizela, nahiz eta barruan min eta sentipen berdinak izan, baina haiei begiratzeko modua aldatu dela dirudi, edo hori pentsatu nahi dut. Hilabete zaharragoa naiz, hilabeteko esperientzia horren ondoren jakintsuagoa naiz, bizitzari aurre egiteko moduan aurrera pausu bat eman dudala esango nuke, aberatsagoa naizela, beti bezain hauskor izaten jarraitzen dudan arren, baina beste modu batez. Hau egin badut edozer egin dezaket, hori da nire buruak dioena, eta horrek energiaz, gogoz betetzen nau aurrera jotzeko.

Uste dut pausatu egin behar naizela une batez, hausnartu, nondik natorren eta nora joan nahi dudan erabaki, ez utzi bizitzari pasatzen, baizik eta nik erabaki zer pasatzea nahi dudan, ez dakit ulertzen didazuen, ez dakit berdina gertatzen zaizuen. Ez dut nire etorkizun hurbila patuaren menpe utzi nahi, etorriko da etorri behar duena horrekin bizi nahi, nire bizitzaren gidari izan nahi dut, La Modaren kantuak dioen moduan gero eta garbiago daukat Ni naizela orain lemazain nire bizian, eta horrek indar handia ematen dit.

Eta zein da zuen bizitzan lemazaina?