2024/10/31

URRIAK 31 (beste hilabete bat)

Eta konturatu orduko beste hilabete bat joan zait eskuen artetik. Hirurogeita hemezortzi orrialde idatzirik. Zeinek esango zidan honaino helduko nintzenik.
Aurrera jarraitzea espero dut, baina hurrengo hilabetean ez duzu nire berririk izango, berriz ere, eskuz idaztera bueltatuko bainaiz. Akaso zerbait bidaltzeko aukera izango dut, gauza gutxi edozein kasutan.
Blogean inork gutxik botako nau faltan, akaso  feizbukeko eta telegrameko lagunen batek. Beno, horiek izango dute nire berri bestela ere, lehenago edo beranduago.

Bestalde, astebeteren buruan nire urtebetetzea izango da. Lehen aldiz nire bizitzan etxetik kanpo harrapatuko nau, eta ziurrenik inkomunikaturik egongo naiz, beraz, zoriontzen nauzuenei ez badizuet erantzuten ez gaizki hartu, bitarteko falta kontu bat besterik ez baita izango. Badakizue ni oso esker onekoa naizela, norbaitek kontrakoa pentsa dezakeen arren. Milesker aldez aurretik nirekin akordatzen zareten horiei.

Gaur ez naiz gehiegi luzatuko. Urduri nago bai, gero eta gehiago. Oraindik errepaso bat egin behar diot nire ditxosozko maletari, eta gauzaren bat erosteko daukat. Zeruari begira ari naiz eta kirol apur bat egitea komeni zaidala deliberatu dut, apur bat erlaxatzeko, aurretik eserita igaroko ditudan orduak konpentsatzeko, oreka beste behin ere. Liburu bat irakurtzen amaitu behar dut, liburutegian entregatu ahal izateko, ez baitut nahi berankor bat bilakatu. Eta hozkailua hustutzea komeni zait, ez badut lizunez eta bestelako mikroorganismoz beteriko bizitegi bat topatu nahi bueltan. Eta etxea txukun utzi, baten bat etortzeko baldin bada; eta ilobari furgoaren jarraibideak eman, eta… Zein gogorra den bidaiariaren bizitza, bai badakit errepikatu egiten naizela, baina bizitza ziklikoa da nolabait ezta, beti bueltatzen gara hasierako puntura.

Ai Z, Z, Z, ez al duzu nitaz despeditzera etorri behar? Seguruenik, bizi naizenik ere ez duzu gogoan, baina tira, niretzat presente zaude, nahita ere ezin zaitut gogotik kendu, beste batean, akaso, azalduko ditudan motiboengatik.

Zaindu zaitezte guztiak eta laster arte lagunak!

2024/10/30

URRIAK 30 (grisak)

Eta maleta batean ni definitzen nauten objektuak sartu beharko banitu zer aukeratuko nukeen pentsatzen jarri naiz.
Ez da erraza, adinarekin aldatzen goazelako, ginen hori izateari utzi eta beste ni batean bilakatzen baikara, denboraren eta esperientziaren poderioz. Hala ere, beti geratzen da esentzia bat.
Nik uste dut, azken bi urteetan bereziki, eboluzioa bainoago inboluzio bat bizi izan dudala, nire gaztetako esentziara buelta moduko bat. Uste dut urte horietan agertzen garela benetan garen modukoak, behin nerabezaroko lasta gainetik kenduta. Ondoren, bizitzaren konbentzionalismoek  bultzatuta edo, benetan ez garen zerbaitetan bihurtzen garela, edo geure ni hori ezkutatu egiten dugula, besteek eta gizarteak oro har, gugandik espero dutena egiteko, gure benetako esentzia albo batera utziz.

Denboraren perspektibarekin konturatu naiz, tarteka oso zoriontsua izan naizen arren, askotan besteei atsegin emateko gauzak egin izan ditudala, gogoz kontra, ez dakit zeren izenean. Baina kateak eta loturak apurtzen joan ahala, askeagoa izan ahala, nire nia berragertzen hasi da, beste antzeztutako ni horien artean gailentzen. Horrek, noski, prezio garestia dakar, askotan bakarrik geratzen zarela, baina orain, benetan, nahi dudan hori egiten ikasten hasi naiz. Eta argi daukat hori dela jarraitu behar dudan bidea.
Horrekin guztiarekin ez dut esan nahi bizitzan, soilik, gure golkoari begiratu behar diogunik, partekatzea ere gauza ederra baita, eta, tarteka, amore ematen jakin behar da. Baina hortik beste batzuen bizitza itsu itsuan jarraitzera alde itzela dago.

Berriz ere oreka, bizitzako kontu guztietan bezala, ez asko ez gutxi, ez txuri ez beltz. Bizitza grisez beteta baitago, eta norberak bere tonalitatea aurkitzen saiatu behar du. Ni behintzat horretan ari naiz.


2024/10/29

URRIAK 29 (maletak)

Filmetako pertsonaiek, dena delako arrazoia medio alde egin behar dutenean, maleta nola egiten duten atentzioa eman dit beti. Zer sartzen duten horretan erreparatzen dut, zein ordenatu geratzen zaien dena, nola maleta batean eramaten duten bizitza berri bat eraikitzeko behar duten guztia, finean nola espazio txiki batean kabitzen zaien bizitza oso bat.

Nik arazoak izaten ditut beti maletak egiteko, eta, sartu beharrekoen zerrenda izan arren, asko kostatzen zait zer hartu erabakitzea eta ondo antolatzea. Agian arazoa da gauza gehiegi ditudala eta badaezpadako asko aurreikusten ditudala beti.

Gaur bi ordu luze igaro ditut maleta prestatzen. Hilabete baterakoak antolatu behar ditut, badaezpadako asko ezer eskuratzeko zaila izango den bidaiarako. Nahikoa lan izan dut gauza onerako. Bihar bigarren errepasoa egingo dut, etzi hirugarrena.

Aurreikusi behar ditut hotza eta beroa, eta haizea, eta eguzki-izpiak. Euria aurreikusi behar dut, baita elurra ere. Aldatzeko arropak, barrukoak zein kanpokoak; izerdia lehortzekoa, eta garbiketarakoak, neureak eta arropenak, baldintza klimatikoek baimentzen badigute. Aurreikusi teknologia minimoa martxan izateko gailu elektronikoak. Nahi duenean agertzen den hilekoa ere aurreikusi behar dut, baita bidean ager daitezkeen ondoezak, minak eta bestelakoak ere.
Badaezpadako mokadutxoak, badaezpadako ura edangarri bihurtzeko pastillak, badaezpadako bainujantzia, derrigorrezko liburua ordu mortuetarako, baita derrigorrezko kaiera, nire gogoari eta barrukoei adierazten uzteko. Ninian gorderik geratuko ez diren paisaietarako argazki-kamera. Eta beste batzuk akaso.

Salako alfonbra desagertu egin zait horrenbesteko badaezpadako eta derrigorrezko artean, eta ez dakit oraindik denak atera ditudan. Eta ez, haien artean ez dago zu agertzen zaren erretratorik, pelikulako maletetan gertatzen den moduan, baina gogoan eramango zaitut nirekin joaten naizen bazter guztietara.

2024/10/28

URRIAK 28 (turistez eta bestelako bidaiariez)

Gizakiak beti bidaiatu du historian zehar. Animalia den aldetik, bizirauteko migratu du, babesteko eta bizitzeko leku egokia bilatuz. Gizartea garatzen joan ahala, migrazioaren norabideak eta arrazoiak aldatzen joan dira.

Aurreko mendeetan, Europatik Ameriketara migratu zutenek, gerretatik eta gosetik ihes eginez egin zuten. Gaur egun Europako mendebaldetik ez dugu migratzen, normalean. Beste herrialdeetatik migratzen dute Europara.
Gurera Ertameriketatik eta Afrikatik etortzen dira gehien, baita ekialdeko Europatik ere, bizitza hobe baten bila.
Etortzen diren horiek, ez dira turistak. Gehienak ilegalak dira, ez dute paperik, ez dute baimenik, baina nolabait heldu dira eta hemen daude. - pairatzen dituzten periploen inguruko aipamenik ez dut egingo gaur.

Ezer gabe heltzen dira hona, euren herrialdeetako pobreziatik eta egoeretatik ihesi. Bizitzeko eskubidea daukate, guk bezala, eta gure betebeharra da, edozein biztanleri bezala, oinarrizko beharrak asetzen laguntzea. Haietako asko adin txikikoak dira eta kale gorrian bizi dira. Imajina ezazue zuen seme-alabetako bat beste herrialde batean ezer gabe kale gorrian bizitzen. Ba horixe da hemen gertatzen ari dena hainbat gazterekin. Instituzio publikoetatik arazoari irtenbide bat eman beharko litzaioke. Egin genitzake aterpe publikoak, sozialak, horrelako kasuei epe laburreko irtenbide bat emateko, baina helburua, pertsona horiek gure gizartean eskubide osoko herritar gisa integratzea izan beharko luke. 
Horren ordez, dirua makroproiektuetan inbertitzen dugu. Esku pribatuetara joango diren mozkinak finantziatzen ditugu eta haietarako baimena ematen dugu, gure garapen ekonomikoaren izenean. Baina guztia amarru bat da, aberatsenak gehiago aberasten jarraitzeko.
Eta hori guztia, egun, turismoaren izenean egiten dugu.

Turistak, migranteak bezala, bidaiariak dira, baina legalak, teorian gurean dirua uztera datozenak, geure ekonomiak aurrera egin dezan. Neu ere turista izaten naiz sarri beste herrialde batzuetan. Garai batean soilik aberatsek egiten zuten turismoa, plazeragatik bidaiatu alegia. Zorionez, hori demokratizatu egin da, eta gaur egun milioika pertsonek bisitatzen dituzte beste lurraldeak, egunero, euren denbora librean. Niretzat gauza zilegia da. Mundua denona da, eta zergatik ez gara joango beste lurralde eta kulturak ezagutzera aukera izanez gero?  Baina non dago muga?

Atzo bi manifestazio izan ziren Donostian, biak, nolabait, bidaiekin loturikoak.
Lehena turistifikazioaren aurka. Ezin baita gerta turismoaren erruz herritarrak euren herrian bizitzeko aukera galtzea, etxebizitzak kanpotarrentzako egoitzak bilakatzen ari direlako. Neurriak ezinbestekoak dira herritarrok eta kanpotarrak elkarbizi gaitezen, eta, horretarako, hotel, etxebizitza-turistiko, ostatu kopuruak mugatu behar dira, eta alokairuen prezioei mugak ezarri, beste neurri askoren artean.

Bigarren manifestazioa bigarren mailako bidaiariekin lotuta zihoan, Donostiako udalak debekatu baitzuen Egia auzoko afari solidarioen banaketa egitea. Afari horiei esker, kale gorrian dauden hainbat pertsonek otordu bero bat daukate, gutxienez, egunero. Baina faxistak kexu dira, hiriko segurtasun-faltaren kausa direla argudiatuz.

Eta horrela doa mundua, kanpotar gehiago nahi ditugu gurean ekonomiaren izenean, baina bizitza duin baten bila eta lanera datozenei zailtasunak jarri eta baztertu egiten ditugu. Beno, hori da bizi garen sistema kapitalista honek bultzatzen duena. Permitituko al dugu, ala kalera irtengo gara gure izenean ez aldarrikatzera?

2024/10/27

URRIAK 27 (goibel)

Badirudi eguraldiak hobera egin duela, eguzki izpiak irten direla, kalerako deia eginez. Baina nik egun arraroak daramatzat gainean. Lo gutxi eta gaizki egiten dut aspaldian, gauean izerdi patsetan esnatzen naiz maiz, eta gogoan tristezia moduko bat instalatuta daukat.
Ez dakit udazkena den, hormonak diren, barruan ditudan hainbat gogoeta, hala denaren koktela, baina goibel samar nago.

Eta hemen naiz, igande goizez, zeruari begira, nire burua kalerako animatuz, baina aldi berean maindire azpian sartzeko gogoz, ordu pisutsu hauek ahalik eta arinen igaro daitezen desiratzen. Astelehena balitz badakit desberdin sentituko nintzela, baina igandea da, sozializatzeko eguna, familiarekin, lagunekin egotekoa, eta bizitza soziala murritza daukazunean, horrelako egunetan, zure egoera muturreraino daramazu, guztiz hondoratu arte.

Hurrengo astean pentsatu nahi dut, baina ezin, gaurkoan pentsatzen ari naiz, etengabe, behatza denbora guztian zauri berean sartuz, autotortura, zigorkatzea, destroy moduan, horrela eztanda egin arte.

Gaurkoz besterik ez, bihar astelehena da eta eguzkia irtengo da ostera ere.

2024/10/26

URRIAK 26 (ordu bat gehiago ez mesedez)

Zer da denbora zu gabe?

aspergarria da, eternala da

agonikoa bihurtzen da

zu ez bazaude

 

Eten egiten da

zure falta areagotuz

hutsunea azpimarratuz

zurekiko maitasunak

erraietaraino mintzen du

denbora aurrera joan ahala

zu ez bazaude

 

Eta hemen naiz

denbora ihes egiteko desiratzen

baina ez,

ordubete gehiago oparitu didate

gauean

eta zertarako zu ez bazaude? 

2024/10/25

URRIAK 25 (gizonkeriaz)

Zeuen buruak aurkezteko esango balizuete, zer esango zenukete?
Nik neurea aurkezteko honakoak aipatzen ditut eta, normalean, ordena honetan: emakumea, euskalduna, ezkertiarra, irakaslea, fisikaria. Horren arrazoietako batzuk azaldu nahi nituzke.

Emakumea, genero aldetik fisikoki eme baten organoak baitauzkat eta nik neure burua emakumetzat dudalako. Gainera, oso harro nago emakume izateaz, nahiz eta historikoki zabaldu den feminitatearen ideiarekin oso kritika izan.

Euskalduna, hori baita nire identitate kulturala. Euskal Herrian sortua, eta arbaso euskaldunekin, jatorria ezinbestekoa zait nire izaera definitzeko. Eta hori ere harrotasunez diot, ez harrokeriaz.

Ezkertiarra, munduarekiko eta gizartearekiko ditudan balioak eta ideiak historikoki ezkerrarekin lotu izan direlako. Beti zapalduaren alde; beti langileen alde, ezin bestela izan langile familia batetik bainator eta langile bat naizelako; berdintasunaren aldeko politikak garatzearen aldekoa (zentzu zabalenean), naturarekiko errespetutik abiatuta eta jendarte orekatuago bat lortzeko helburuarekin.

Orain arte inoiz ez dut adierazi izan feminista naizenik esplizituki, nik ulertzen baitut ezkerrekoa izatea feminista izatea ere badela. Baina, zoritxarrez, nire definizio horri feminista hitza gehitzen hasiko naizela erabaki dut, bistan baita “ezkerreko” izateak ez duela bermatzen emakumeen eskubideak defendatzearen alde zaudenik. Eta bai, dagoeneko asmatuko zenuten moduan, Iñigo Errejonetaz ari naiz.

Eskandalagarria iruditzen zait Podemos edo Sumar bezalako erakundeetan aritutako tipo ezkertiar bat indarkeria matxistagatik akusatua egotea. Kasu guztietan salagarria da, baina, itxura batean, pertsona guztien eskubideen alde ari den tipo batengandik datorrenean, ba zer nahi duzue esatea, trenetik jaisteko gogoa jartzen dizu. Eta nire hurrengo galdera da: zer arraio daukate gizonek buruan? Noiz arte ibili beharko dugu horrelakoak jasaten? Nondik datorkie emakumeen gaineko botere nahi hori? Nondik gurekin nahi dutena eta nahi dutenean egiteko eskubidea izatearen sentipen hori?

Aski da, eztakauz popoluak txapligutarako. Ez daukat potota turutetarako, gizonak oso gustuko ditudan arren ez nago prest matxo-alfa hauei bat bera ere pasatzen uzteko. Eta bai, ozen eta esplizituki adierazten dut feminista naizela. Zakila beharrean bagina eduki arren, gizon bat beste eta gehiago naizela, independentea naizela, azkarra naizela, zientzialaria naizela, nik ere sexuaz gozatzen dudala, ez dudala gizon bat behar aldamenean bizitzan aurrera egiteko, ez dudala haren babeskeriarik behar. Nik gizonak bidelagun nahiko nituzke, baina horrenbeste gizonkeriarekin nola eta norekin fida gaitezke?

Gora borroka feminista!

 

2024/10/24

URRIAK 24 (kirola eta beste kontu batzuk)

Atzo Iberdrolaren aurtengo irabaziak eta Josu Jonen iritzi manikeoa izan ziren hizpide komunikabide askotan. Ni kexu naizela idazten ditudan hauek apenas ez dituela inork irakurtzen, blogeko bisitari kopurua azken boladan zero izaten ari da, poztu nintzen nire iritzi eta gaietan bete betean asmatzen ari naizelako tarteka.

Eta horrelaxe, neure buruari autobultzada hori emanez, gaur mendi buelta bat ematera irten naiz, aurki izango dudan erronkari aurre egin ahal izateko entrenatuta eta sasoian egon nahi dudalako.
Eta wikiloceko ibilbide bat hartu eta hura jarraitzen hasi naiz. Wikilocen kontu hau gauza izugarria da, mendi berriak deskubri ditzakezu galtzeko inolako beldurrik gabe. Eta han abiatu naiz Larraitzetik ibilbide erdi zirkularra egin asmotan. Aplikazio horretako erabiltzaile guztiei eskaera bat bidali nahi diet hemendik: Ez duzue zertan egiten duzuen guztia publiko egin behar. Bide bat ez badago ondo markatua, despistatzeko aukerak ematen baditu, ba gorde zuentzat. Aralarren dauden bide ugariekin ze nezesidade daukat nik ahuntz bat bezala ibiltzeko? Bat ere ez, ba hala ibili naiz, galduta ez, baina despistatua eta tarteka ardi, zaldi eta beste lau hankadunen artean. Madarikatu dut ibilbidearen egilea. Bistak espektakularrak izan dira bai, ezin bestela izan, baina ez zen justu igotzeko tracka.
Halere egin dut nire lau orduko entrenamendua. Mila eta berrehun metroko desnibela gainditu dut eta indartsu sentitu naiz. Eskerrak. 

Ta kirolez ari naizela, ezin txirrindularitza aipatu gabe amaitu. Esan dezadan, hasteko, txirrindulari familia batekoa naizela kasik. Nire aita hala zen, baita anai bat eta iloba ere. Kotxez noanean beti zaintzen dut haiekiko distantzia, euren jarduera errespetatu eta zaindu egiten dut. Ba gaur Amezketako bidean txirrindulari bi bikote zihoazen. Berriketan aizue. Lau kilometro inguru egin ditut haien atzetik, ez direlako banaka jartzeko gai izan. Haiek gidariei errespetua eskatzen digute eta non dago eurena? Eurak adar jotze galanta, errepideko erregeak, popatik hartzera. Zuzen batera heltzean aurreratu ahal izan ditut. Gutxi faltatu zait kopilotoaren leihoa jaitsi eta edozein astakeria esateko, baina kontrolatu egin naiz. 

Txirrindulari maitea, berriketarako gogoa baduzu geratu lagunarekin zerbait hartzera, eta gogoratu errepidea denona dela, baita autoz goazenena ere.

Arratsalde on!

 

  

2024/10/23

URRIAK 23 (albisteak)

Entzute aktiboa jarriko dutela martxan esan zuen atzo prentsaurrekoan Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim museoa PSOEkin sinatutako gobernu akordioan jasota dagoela, baina horretan,  epe luzerako proiektu guztietan bezalaxe, entzute aktiboa egin asmoa dutela. Ta zer da entzute aktiboa? Nik entzuten dizut, baina nirea egiten dut eta kito?
Eta museoa eraikitzeaz gain zonaldea suspertuko dutela diote, eta horrekin apaindu eta saldu nahi digute proiektatu duten ankerkeria, padura batean astero milaka pertsona ekarriko dituen museo bat eraikitzeak jasangarritzat zerbait izango balu bezala. Nik horri Zubietako complejo medioambientalaren antzeko tankera hartzen diot, jende askok irensten duen iruzur bat eurak gobernatzen jarraitzeko.

Lehen berri hori gutxi ez, eta aspaldi ikusi gabeko Josu Jon agertu zen atzo albisteetan, enpresa energetikoei Espainiako gobernuak mantendu nahi dien zerga berezien karira. Josu Jon eta enparauen aburuz, neurri horiek enpresek estatutik beste herrialdeetara alde egitea ekarriko omen dute.
Badakizue zenbateko etekin garbia atera zuen Iberdrolak 2023an? 4.803 milioi euro, eta Josu Jonen Repsolek 3.168 milioi, hori zerga berezi horiek ordainduta. Bi enpresa horien irabaziek urte bereko Espainiako osasun aurrekontua mila milioietan gainditzen dute. Eta zergak jaitsi behar dizkiegu?

Hirugarren berri bat: Umeen abesbatzak desagertzen ari omen dira, hamabi urtetik aurrera ume askok utzi egiten baitu jarduera hori. Gaur egungo gazteek aukera zabala omen dute, eta kantatzea ez ei dago euren faboritoen artean. Baina nire zalantza da zein punturaino duen eragina nahi dutena egiten uzteko daukagun joera horrek. Gainera, horri pantailen gehiegizko erabilera gehitzen badiogu emaitza ulergarria izan daiteke.
Bestetik, eskoletako jolaslekuetan gertatzen dena begiratzea besterik ez dago. Gehiengo batek futbolean aritu nahi du, euren idoloak futbolistak dira, bai mutilenak baita neskenak ere. Zeozertan gaizki gabiltza.

Eta futbolaren gaia atera dudala, neurozirujau bat irten zen beste albiste batean, ikerketa bat burutu dutela, eta gaur egun futbolariek darabilten joko agresiboa dela eta, pentsatzen dutela futbolari askok buruko gaixotasunak garatuko dituztela etorkizunean, eta hori ekiditeko zerbait egiten hasi beharko dela, gaurdanik, bai eskoletan, etxeetan, taldeetan, arbitroek,… Pentsarazten du, ez da hala?

Eta, amaitzeko, atzoko azken albiste bat. Emakume bat hilik aurkitu zuten bere etxean. Lanera bi egunez faltatu ondoren, haren berririk ez zutela ikusirik, suhiltzaileak etxean sartu eta hilik topatu zuten. Itxura batean kausa naturalengatik.
Neure burua imajinatu nuen egoera horretan eta izugarrizko tristezia sartu zitzaidan. Zeren, hilik zaudela berdin dio noiz aurkitzen zaituzten, baina egunak igarotzea inork ezer esan gabe, adierazten du bakarrik zaudela eta inork ez zaituela faltan botatzen; zure egunerokoan, batzuetan, ez zarela inorekin komunikatzen alegia.
Horretan pentsatze dudanean depresio moduko batean erortzen naiz. Gero egoerari buelta ematen saiatzen naiz, nire buruari esanez hori gertatzen bazait ez dudala inoiz jakingo.

Ikusten duzuenez atzoko egunak askorako eman zuen. Horiek eta beste hainbat gertatu baitziren, egunerokoak aipatu gabe. Hortik baditut gaiak jorratzeko nahi izanez gero. Gaurkoan aipamentxoak besterik ez nituen egin nahi.

Egun ona izan! 

2024/10/22

URRIAK 22 (drogak)

Droga hitzaren definizioa bilatzen aritu naiz hiztegian, eta gaztelaniaz RAEn topatu ditudan definizioekin honako hau osatu dut:

Sustancia o preparado medicamentoso de origen mineral, vegetal o animal, que se emplea en la medicina, en la  industria o en las bellas artes, y que tiene efecto estimulante, deprimente, narcótico o alucinógeno. Actividad o afición obsesiva.

Niri definizioaren azken atalak interesatzen zaizkit bereziki, gizakiok gauza batzuetarako gehiegizko afizioa izaten baitugu normalean.

Substantzietan zentraturik, gurean arazo gehien eman dituen droga alkohola izan da ziurrenik. Hain normalizatua daukagu haren kontsumoa, ondo ikusia dagoela, baina zein punturaino da onargarria? Pertsona alkoholiko batekin bizitza partekatzeko prest egongo al zinatekete? Non dago neurri egokia?
Gaiak asko hitz egiteko ematen du, gizartean dagoen arazo bat badelako. Halere, legala den unetik eta normalizatua dagoen momentutik, norberak jarri beharko du bere muga. Nik nirea oso garbi daukat.
Baina ez zen alkohola gaur hona ekarri nahi nuen gaia, beste substantzia batzuena baizik.

Aurreko larunbatean parrandan ibili nintzen nire herrian aspaldiko partez. Iluntzeko bederatziak aldera heldu ginen taberna batera. Hutsik zegoen kasik eta komunera joan nintzen. Okupatuta. Atea bultzatu nuen, askotan zerrailak gogor daudelako edo, batek daki. Kontua da pertsona batek ireki zidala atea. Begiratu, eta berak espero zuen inor ez nintzenez, atea itxi zuen ostera. Minutu batzuetara beste pertsona bat etorri zen, gero beste bat. Guztiak gurasoak ziren, ni baino gazteagoak, larunbat batean, gaueko bederatzietan, festak eta ospakizun berezirik ez den larunbat arrunt batean, komunean bueltaka, marrak. Zerenak? Ez dakit, drogen moda ez baita izan inoiz interesatu zaidan gaia, baina oso harrituta geratu nintzen, eta guraso horien seme-alabekin akordatu.

Zein egoeratan ikusten dituzte gaur egun umeek euren gurasoak? Nola atendituko dituzte ganoraz etxean, edozein egunetan kokaina edo auskalo zer kontsumitzeko beharra badaukate? Nola ez dituzte gure gazteek buruko arazoak izango, etxean auskalo zein egoerak bizitzea tokatzen zaienean?

Agian gehiegi dramatizatzen ari naiz, baina lanean ikustea tokatu zaizkidan hainbat eta hainbat kasu gogoan, galdera horiek etortzen zaizkit burura.
Ez da lehen aldia gurasotasunaren gaia aipatzen dudana, baina marra batzuk igarotzen direnean oso arriskutsua iruditzen zait. Azken finean, umeek etxean ikusten dutena erreproduzitzen baitute, eta ez da kasualitatea arazoak izaten dituzten umeak etxean egoera konplikatuak bizi dituztenak izatea.

Ez dakit zeinen esku dagoen gauza horiek aldatzea, baina drogak, guztiak, arazo bat bilakatzen dira lehenago edo beranduago. Drogak erabiliak izateko beharko lukete, ez haiek gu kontrolatzeko, deusezteko, anulatzeko. Beti existitu dira, eta beti existituko dira. Nire inguruan izan ditut, eta ez dut inoiz inor epaitu bat ala beste kontsumitzeagatik, baina egoera batzuk gainditu egiten naute, eta kezkatu, eta tristetu.

Nik gaiak aipatzen ditut, baina ez daukat barita magikorik gauzak aldatzeko. Ez naiz medikua, terapeuta edota gizarte langilea. Bizi garen gizartearekin kezkatuta dagoen irakasle soil bat besterik ez naiz.

Amaitzeko datu bat: kalean, gauetan, gehiago ibiltzen dira gizonezkoak emakumezkoak baino, horrek gurasotasunaren arduraren maila ere erakusten du. Hala ere, drogen aferak ez du generorik, eta guztioi eragin diezaguke berdin-berdin, beraz, zaindu zure burua.