2024/10/21

URRIAK 21 (boikota)

Gaur elkarretaratzeak izan dira Euskal Herriko herri askotan Gernika-Palestina taldeak deituta.

Agian gure protestek ez dute askorako balioko, ez ditugu bonbak geratuko gure oihuekin, gure hitzekin; kalera irtetzeak hemen ez du eraginik izango han, agian, baina lasai geratuko al gara ezer esan gabe, ezer egin gabe, protestatu gabe, gure haserrea azaldu gabe?

Palestinako herriarekin gertatzen ari denak marra guztiak gainditu ditu ezbairik gabe. Ezin dugu beste aldera begiratu, hau geldiarazi behar dugu, ezin dugu herri oso bat desagertaraztea permititu. BOIKOTAren unea da, Israelgo estatu genozidari boikota, haren interes ekonomiko guztiei.

2024/10/20

URRIAK 20 (igandeak)

Igandeak egun tontoak izaten dira, ziurrenik asteko egunik txarrenak. Astelehen bezpera direlako, aste bukaeraren amaiera direlako, batek daki, baina hala dira.

Garai batean biharamuneko eguna izaten zen, ajea pasatzekoa, egun guztia sofing egitekoa, astelehenean lanera txukun joan ahal izateko. Gaur egun ez dira horrelakoak izaten, baina hala ere tristeagoak suertatzen zaizkit, nahiz eta eguraldi bikaina izan. Gainera, orain egunak laburtzen hasi direla, malenkonia moduko batek harrapatzen nau, nahigabean.  

Kuriosoa da, bihar lanera ez baitut joan beharrik, baina gaur igandea dela sentitzen dut: dendak itxita, kaleko zarata desberdina, beheko kafetegia lepo beteta, giroan somatzen da. Eta gaur, bereziki, oso egun igandetsua daukat. Ezer egiteko gogorik gabe, gorputzaldi ez oso ona, bai atzo bazkari bat izan nuen, eta bai gaur ajea daukat, eta ideiak jostea asko kostatzen ari zait. Eta igandeari etekin duin bat atera nahian nabil, egunak zerbaitetarako eman duela sentitzeko, baina asko kostatzen ari zait. Burua hegazkin moduan daukat kasik, oinarrizko atazak egiteko neurrian justu-justu.

Telebistan Superman filma ikusten aritu naiz, eta nire bizitzan superman bat jartzeko desira sentitu dut; zainduko nauen supermana, afaria prestatuko didana, masajetxo bat emango didana, horrelako egunetan mimoak egingo dizkidan superman hori. Baina, halakorik existitzen ote da?

Ondo amaitu zuen igandea!

2024/10/19

URRIAK 19 (bizitza bakarra delako)

Atzo idatzi nuen azken esaldia irakurri eta barrez lehertzen hasi naiz. Gaztelaniaz badira bi esaera nire egoera primeran deskribatzen dutenak: en casa del herrero cuchillo de palo eta consejos vendo y para mi no tengo. Hori baita atzo zuekin egin nuena: nik egiten ez dudan hori aholkatu, denbora alferrikako kontuetan ez galtzea alegia, niri, bizitza erdia, beno gutxiago, alferrikako kontuetan joan zaidanean.

Baina pentsatzen jarrita, niri denbora asko joango zitzaidan izango ez zen horretan indarra jartzen, baina zenbat jenderi joaten zaio denbora duen horretan, eta emaitza berdina da bi kasuetan: zoriontasun-falta alegia. Bai batzuek eta bai besteok ez dugun zerbait desiratzen baitugu, eta atsekabea, kasu guztietan, antzekoa da, nahiz eta batzuena, iduriz, bizitza zoriontsuagoa izan.

Bai, hori da, bizitza bakarra da, eta zoriontsu izaten ahalegintzen gara, eta maitasuna bilatzen, eta une pozgarriak partekatzen, eta albokoari, ahal den neurrian, laguntzen, baina denontzat ez ei dago zoriontasuna prezio berean mundu honetan, ta gutako bakoitzak gure hutsuneekin borrokatzen eta aurrera egiten ikasi behar dugu.

Eta zortedun gu, munduko alde honetan jaio garelako. Badakit, munduko beste tokiren batean jaio izan banintz, kontu hauetan pentsatzeko astirik ere ez nuela izango. Beste oinarrizko behar batzuk beteko zuten nire egunerokoa, mundukoaz eta jainkozkoaz (itzultzaile neuronala dixit) filosofatzen ibili gabe.

Bai aholkuak merke saltzen ditugu besteentzat, bizitza prezio garestiagoan ordaintzen dugun bitartean. Baina hala da, errazago errekonozitzen ditugu besteen arazoak geureak baino. Besteena erraz ikusten dugu, ez digulako eragiten, baina fitxa guk mugitu behar dugunean gauzak asko aldatzen dira.

Gogoan izan lagun, eta inori ezer esan aurretik zure ideiak praktikan jarri, ea funtzionatzen duten ikusteko. Eta amaitzeko galdera bat: uste duzue txapa hau nik idatzi dudala, ala chatgpt-k sortu duela nik eskatuta? Zeren aitortu behar dut tresna hori erabiltzeko oso tentatua nabilela aspaldian, nire idazkera hobetzeko ahaleginetan.

Asteburu ona izan dezazuela!

2024/10/18

URRIAK 18 (ari naizela, ari naizela)

Bertsotan aritzea ez litzaidake axolako, baina onartu beharra daukat horretan, beste gauza askotan bezala bide batez, oso txarra naizela. Eta hori idatzian, imajina zaitezte bapatekoaz ariko bagina.
Diotenez, bertsotarako gaitasuna, beste gauza asko bezala, ikasi eta entrenatu egiten omen da. Hala ere, niri bertsolaritza, xakean jokatzea bezala, superdotatuen kontu bat iruditzen zait. Kontzentraziorako gaitasun itzela izan behar da, besteak esandakoari momentuan erantzuteko, estrategia edota mugimendu egokiarekin aurkaria ustekabean harrapatzeko, publikoa harritzeko eta txunditzeko. Nik miresten ditut bai batzuk, bai besteak, nire buruak ezingo luke modu horretan pentsatu.

Ba nioenez ari naiz bai neure buruan ordena jartzen, neure eremuan ordena jartzeko saiakera egiten ari naizen neurrian. Nire idatzietan ez da antzemango. Esango nuke gero eta aspergarriagoak direla, gero eta interes gutxiago pizten dutela, bi eskuekin konta nitzakeen irakurleak batekin kontatzera pasatu naizela, baina berdin dio. Inportanteena neure burua ordenatzea delako, eta bidean hura ez galtzea.

Eta uste dut reseteoa badoala, poliki, baina aurrera. Burutik ari naiz hainbat kontu ezabatzen saiatzen, eta amorrazioa sortarazi diezazkidakeen horiei garrantzia kentzen ikasten ari naiz, apurka-apurka. Baina ez da gauza erraza. Niri behintzat asko kostatzen zait. Mamuak ikusten ditut sarri ezer ez dagoen tokian, eta hori ez da oso lagungarria.

Gustatuko litzaidake nire buruko hainbat pentsamendu, iltzatuta geratu zaizkidanak, erauzteko gaitasuna izatea, tupustean fuera, kanpora, beste errealistagoei lekua uzteko. Baina bertsotarako ez, baina ametsetarako, hor bai ni ikasle aurreratua, number one, ze gaitasun hodeietara joateko, Heidik atseden hartzen zuen kotoizko hodei harro-harro haietara. Umetatik hasi nintzen hara hegan egiten eta gaur arte ez naiz geratu.

Baina bai ari naiz, piano-piano, pauso txikiak baina erabakigarriak ematen, nire bizitzako lezio zailenaren axiomak barneratzen, ez dagoen tokian positiboa bilatzen, negatiboa denari tokia kentzen.  

Ai irakurle maitea, aspertzen ari natzaizu dagoeneko ezta? Lasai gaurkoz amaitu dut. Ostirala da eta segi lasai poteatzera, edo ostiraletan egiten duzun hori egitera. Eta gogoratu, bizitza bakarra daukagu, ez galdu alferrikako kontuetan.

2024/10/17

URRIAK 17 (zilbetik ez du asmatzen beti)

Hori izan zen duela makina bat urte, institutuan, euskarako irakasleak esan zidana lan baten karira. Eta arrazoia zeukan, ezin uka beti ez dudala asmatzen. Are gehiago, esango nuke askotan ez dudala asmatzen. Eta gaur berriz ere egiaztatu ahal izan dut.
Zeinek esango zidan gaurko egunerako Gasteizen katedrala ikusteko bisita hartzeko? Ez atzo, ez bihar, gaur izan behar zuen.
Eta hemen noa gabardina, aterki erraldoi, autobusetik zeruari begira, atzerapenarekin, nire ideia on hauek madarikatuz. Eta ordu batzuk horrenbeste gustuko ditudan gune komertzial horietako batean igarotzera konbentzitzen ari naiz neure burua.
Zein beste sorpresa izan dezaket egunean zehar? Ni denetarako irekita noa.

Egun busti on!

2024/10/16

URRIAK 16 (atsegina izatea gratix da)

Ezagutzen ez nauen jendeak oso serioa naizela esan izan dit, batzuetan ergel samarra nintzela ere pentsatu izan dute, baina ni berez lotsatia da naizena. Serioa izan naiteke, lotsaren ondorioz, baina ergela ez. Oso pertsona sinpatikoa naizela iruditzen zait; gainera, egunetik egunera sinpatikoagoa bihurtzen ari naizela uste dut, eta hori  errespetu eta edukazio kontu bat delakoan nago, besterik ez.

Gizakiok dugun ezaugarrietako bat, beste hainbat animaliengandik bereizten gaituena, sozialak garela da. Beno, ni ez naiz bereziki soziala, gero eta gutxiago esango nuke, edo ez etengabe jendearekin egon behar duen horietakoa. Baina jendearekiko atsegina izatea beste kontu bat da, eta askotan iruditzen zait, gure golkoari begiratze horretan, gero eta jende desatseginagoa dagoela munduan, munduko zonalde honetan bederen. Jende batek begiratzen zaitu handinahikeria batekin, zu baino gehiago balitz bezala; beste batzuei, aldiz, inoiz ez diete erakutsi atsegin izaten etxean, zeren hori norberaren etxean ikasten den zera bat da, eta kanpotik nekez eragin daiteke horretan.

Eta diot nik, autobusean igotzen garenean txoferrari agur egitea ez al da zentzuzkoa, lanean ari da eta hori, gutxienez, merezi du, ez da hala? Berdin denda batean, kiroldegian edo edonor dagoen toki batean sartzen garenean. Nik, irakasle bezala, gelan sartu eta egiten dudan lehen gauza ikasleei egun ona ematea da. Agian oso kontu kristaua da? Baliteke, baina niri denbora bat partekatu behar duzun jendearekin atsegin izatea minimoa begitantzen zait. Baina bada jende asko erantzuteko gai ez dena, eurekin ez balihoa bezala; pilates klase bat partekatzen duzu, esaterako, eta gero kaletik agurtzen ez zaituena. Eta diot nik, horrelako jokabideekin, gero nola nahi dugu elkar ulertzea, albokoarekiko begirune minimo hori ez badaukagu?

Gero eta gehiago kezkatzen gaitu pantailen eragina gazteengan, baina helduok ere badugu zer pentsatu, gu baikara gazteenen eredu, eta heziketa minimo hori etxeetan hasten da, gero eskoletan eta kalean jarraitzeko. Beraz, inor ezertan kritikatu aurretik begira diezaiogun gure golkoari eta hobetu ditzagun besteenganako erakutsi jarrerak.

Egun ona izan dezazuela!

 

 

2024/10/15

URRIAK 15 (desordenaz)

Norberaren egoera psikikoa kanpora begira ditugun jarrera, itxura eta portaeretan islatzen da normalean. Logikoa da, antzezle oso ona ez bazara bederen. Nahigabean zure barruko zera hori kanporatzen duzu modu batera ala bestera, eta besteek igartzen dute zerbait gertatzen ote zaizun ala ez, edo zure izaeraren ezaugarriak antzematen dituzte.

Nik beti ondo deitzen ditudan horiek ondo disimulatzen dute euren barruko katarsia. Eurentzat kalte, gaizki zaudenean ondo egotearen plantak egitea ez baita lan makala, eta horrek sor diezazkizukeen ondorioak auskalo nolakoak diren.
Beti gaizki daudenak nekagarriak suertatzen dira, pena eman besterik ez baitute egiten, eta denok dauzkagu gure penak uneren batean ala bestean, baina ni okerrago horrek atzera ematen du.

Nik ez dakit non kokatu nire burua, lehen taldean ziur ezetz, eta bigarrenean espero ezetz. Esango nuke errusiar mendi baten tankerakoa naizela, gorabehera handikoa. Edozein kasutan gardena naiz, berehala antzematen zait aldartea, horretarako arrazoiak jakin gabe ere.

Azken hilabeteok desordena handikoak izaten ari dira; agian bizitza osoa halakoa izan da, baina orain ari naiz bereziki antzematen. Nire buruan gauza asko dauzkat, etengabe ari zait burua bueltaka: ametsak, nahiak, desioak, etorkizun hurbila, eta horri jasaten ari naizen aldaketa fisikoak lotuta, ba kaotiko samar izaten ari da nire gogoa, eta hori kanpoan antzematen da. Nire etxea desordena handi bat da, eta gero eta nabarmenago sentitzen ari naiz hura ordenatzeko, antolatzeko, aldaketak egiteko beharra, inkontzienteki nire gogoan ere eragina izango duelakoan bainago.

Eta duela gutxi irakurri nuen zure bizitzan ordena jartzeko, zure gauzetan ordena jartzen hasi behar duzula. Behar ez dituzunak botatzen, birziklatzera edota berrerabiltzera noski; beharrezko direnak ondo identifikatzen eta haiek txukun antolatzen. Modu horretara buruan soberan daukazun guztiaren garbiketa egiten omen da ere.

Ba hemen ari naiz, aspaldi gogoan daukadan horri ea heltzen diodan deliberatzen. Lotura sentimentalak diren objektuetatik eta trasteetatik behar ez ditudanak identifikatzen, eta nire buruari ordena eta bakea ekarriko dion etxe antolaketa bat diseinatu nahian. Zeren askotan antolatzen dugu gure bizitza etor daitekeen zerbaitetan pentsatuz, eta horrek lasta izugarria suposatzen digu, alferrik.

Egunekoa bizitzen ikasi behar dugu, bihar bat ez balego moduan, baina horretarako gure aurrekoek buruan sartu zizkiguten hainbat ohitura gainetik erauzi behar ditugu. Hori bai desikasi behar dudala.
Ea lortzen dudan.

2024/10/14

URRIAK 14 (ikasitakoa desikasten)

Pertsonak beti ari gara zerbait berria ikasten. Bizitzan gertatuko guztiak irakaspenak ditugu, eta hortik ikasten dugu etorriko diren egoera berriei erantzun egokia ematen. Beno, hori teorian dela esango nuke, praktikak, niri, kontrakoa adierazten baitit, ez dudala ezer ikasi, edo ikasitako guztia desikasi egin dudala, oso azkar gainera.

Eta gizakiok ohituretako animaliak ei gara, eta beti, inkontzienteki, jarrerak, egoerak, bizipenak errepikatzen ditugu, onak ala txarrak izan. Onak direnean gaitzerdi, baina zure portaerak sufrimendua besterik ez dakartzazunean ba, zer nahi duzu esatea, arazo bat da. Eta teoria oso ondo jakin arren, praktikan beti toki berean egiten dugu estropozu.

Ba halaxe nabil, teorian hain ondo dakizkidan horiek praktikan jartzen saiatzen, baina ezin. Nire buruari beste ni batek lezioa ematen dio etengabe, nola jokatu azalduz, eta nik baietz, arrazoi guztia duela, baina minutu bat besterik ez dut behar hortik ihes egiteko, eta betiko tokira bueltatzeko, nire burua torturatzen jarraituz, etengabe, modu kontrolaezinean.

Batzuetan desiratzen dut pentsatzeko gaitasunik ez izatea nahiko nukeela; sinpleagoa nintzateke, baina, ziurrenik, zalantzarik gabe, zoriontsuagoa.
Baina ez, hemen dabil nire burua ez dakit zenbat erreboluziotan, bueltaka, bueltarik ez duen egoera batekin, gauza batzuk diren bezalakoak direlako, eta alferrik delako bestelako irakurketarik egitea, existitzen ez den zirrikitu bat bilatzea.

Eta hasierara bueltatuz, ohituraz ikasitako hainbat jarrera desikastea ezinbestekoa da, gure jendarteak berdintasunean aurrera egingo badu; baina, era berean, esperientziak erakutsitako horiek etengabe desikastea oso arriskutsua izan daiteke norberarentzat.

Eta hemen nago desikasi beharrekoen artean aukera egiten, oreka bilatzen, borroka horretatik osorik irteteko. 

2024/10/13

URRIAK 13 (dilemak)

  

Irten ala ez irten

horra dilema

 

Eta gauza da eguzkiak lurra berotzen duela

bere izpiak zuzen heltzen zaizkizula

egun argitsuak naturara deitzen dizula, kalera

eta zu, zalantzati

ea egun orduak probestu

gau orduak ez gero alferrik galtzeko

ala loa berreskuratu

gorputzak atsedena eskatzen baitizu

 

Eta tartean gogoak ez dizu bakerik ematen

bilatzeko, falta duzun horren bila joateko

Baina, zer da faltan duzun hori?

Hori bai dilema

2024/10/12

URRIAK 12 (mecagüen el quinto centenario)

Hori izan zen hainbat taldek 1992an erabili zuten lema, espainolek kontinente amerikarrean egindako sarraskia salatzeko. Han ez baitzen inolako aurkikuntzarik egon, genozidio bat baizik, bertako biztanleria masakratu baitzuten jainkoaren izenean, amen.

Gauza da ez dakidala zer daukagun gizakiok, edo zer daukaten gizaki batzuk, edo zer daukaten gizon batzuk, baliteke emakumeek ere izatea, baina maskulinitatearekin lotutako kontzeptu edo ezaugarri bat iruditzen zait konkistarena, kolonialismoarena, inperialismoarena.
Zergatik behar hori? Zergatik besteak menpean hartzekoa, zapaltzekoa? Benetan genetan doan zerbait da, ala gure gabeziak tapatuz indarra eta boterea demostratzeko modu bat besterik ez da?
Zer da, animalia predatzaileak garela finean, eta gure eremua ondo markatu eta babestu behar dugula, eta ahal dela handitu? Eta orduan, zertarako daukagu arrazoitzeko ahalmena, baldin eta gure burmuinak horretarako gaitasuna badauka?
Zerk egiten gaitu sabanan bizi diren felidoengandik desberdinak, gure espezie berekoen bizitza duintasunaren aurka egiten badugu?

Izan gaitezen serioak eta dei diezaiegun gauzei behar bezala.
Duela bostehun eta hogeita hamabi urte kontinente bateko jatorrizko biztanlegoa aurkitu ez, suntsitu egin zuten.
Gaurko egunean torturarekin lotuta egon den erakunde batek Gasteizko kaleetan egun hori ospatzea normaltasun osoarekin irain bat da edozein demokratarentzat.
Une honetan munduko beste leku batean, Palestinan alegia,  gertatzen ari den genozidioaren aurrean munduko beste gobernuek ezer ez egitea, utzikeria eta astakeria bat da.

Beraz, zer daukagu gaur ospatzeko? Nik bizitza ez bada beste ezer ez. Eta zuek?