2024/08/10

ABUZTUAK 10 (pertseidak)

Pertsonen presentzia gure bizitzetan izarren antzekoa da. Batzuk beti hor daude, gure bizitzaren inguruan posizioak aldatuz, baina bertan. Beste batzuk pertseiden antzekoak dira, une konkretu batean agertzen dira, pasa eta betirako desagertu. 

Y lehenengo multzokoa da, betirako zure bizitzan geratzen den horietakoa, nahiz eta urteetan ez ikusi.
Aspaldi bukatu zela gure arteko harremana, eta aspaldi ez garela elkarrekin egon. Bere garaian min handia egin zidan, baina denboraren perspektibak mesede bat egin zidala erakutsi dit. Utzi izan ez banindu, nik nahi ez dudan bizitza batean harrapatuta egongo nintzen, zoriontsu izan gabe, nahi nuena hura zela sinistuz.

Eta hori da askotan gertatzen zaiguna gizakioi. Maitemintzen gara, baina ondoren paperezko gazteluak eraikitzen ditugu, harrizkoak direla pentsatuz. Gure eremu horretatik irtetea beldurra ematen digu, geure burua berrasmatu beharko dugulako, eta ez dakigulako ondoren lortuko duguna hobea izango den. Eta hor geratzen gara, konfort eremu horretan guztiz deseroso.

Eta horrela dabil mundua, atsekabez beteta, norberaren frustrazioak besteengan islatuz eta ordainduz.

Gaur Y-ren urtebetetzea da, eta zorionduko dut, noski, nire bizitzaren zatitxo bat delako; modu batera maite dudalako; behar izanez gero berarekin konta dezakedala dakidalako; finean, lagun bat delako. Eta berari zuzenean esan ez diodan arren, eskerrak eman nahi dizkiot hemendik duela sei urte egin zidan mesedeagatik.

Eta gauean pertseidak ikustera joango naiz, ederrak direlako, eta, bat ikustean, nire bizitzan betirako geratuko den norbait ezagutzea desiratuko dut.

2024/08/09

ABUZTUAK 9 (ez egin ezer)

Ta hemen nago hamabi ordu beranduago  berriz ere ordenagailu aurrean. Zeinek aginduko zidan saltsa honetan sartzea, jakinik hemen idazten ditudanak ez zaizkiola inori interesatzen, edo kasik inori.

Gaur gure denboraren erabileraz hitz egin nahiko nuke.

Abuztuak bederatzi ditu, ostirala da, oporretan gaude eta udako egun zoragarri horietako batekin esnatu gara. Jaiki, zerura begiratu eta buruari eragiten hasi naiz.

Lehen ideia: horrelako egunak probestu behar dira, zukua atera, ez alferrik galdu. Lehen oztopoa: atzo jada mendi buelta luze bat eman nuen eta gaur ez daukat horretarako gogorik.
Orduan, bizikleta hartu behar dudala pentsatu dut, baina, egia esanda, gurpilak puzteko dauzkat eta hobe beste batean.
Aitzakia merkeak dirudite eta hala dira. Egia bakarra da gaur ez daukadala ezertarako gogorik. Beno bai, hondartzara joatekoa, liburu batekin, eta eguzkitan etzanda egotekoa buelta eta buelta aspertu arte.

Eta orduan galdetu diot nire buruari hori denbora galtzea ote den. Erantzuna argi daukat: ez.

Aktiboa izatea, kirola egitea, mugitzea, oso ondo dago, baina gure buruari eta gorputzari atsedena ematea ere. Gure senari entzuten ikasi behar dugu. Gaur ez dut gogorik, gaur egonean egon nahi dut, beste behar batzuk asetzen eta lantzen, burua elikatzen, amesten, deskantsatzen. Ba senak hori badio hori egin, alhadurarik gabe, ez da ezer pasatzen. Hori egiteagatik ez gara gure bizitza alferrik galtzen ari.
Eta kontua da, ez dakit zuei, baina niri askotan gertatzen zaidala, dinamikoa den zerbait egiten ez dudanean, denbora galtzen ari naizela iruditzen zaidala, eta nire burua torturatzen hasten naizela mentalki, egin nitzakeen eta egin ez ditudan planak etengabe gogora ekarriz.

Ba gaur ezer ez egitearen balioa aldarrikatu nahi dut hemendik. Beno liburu bat irakurtzea bada zerbait egitea, baina ulertzen didazue zertaz ari naizen ezta?

Entzun gorputzari, gelditu etzanda, sentitu eguzkia, amestu, bidaiatu liburu baten bidez; zure mundua ireki, beste errealitate batzuk literaturaren bitartez ezagutuz, eta lasai egon. Bihar egongo da gorputza astintzeko beste aukera bat, edo ez, baina hori ezin da inoiz jakin.

 Ostiral on!

 

2024/08/08

ABUZTUAK 8 (kantu perfektua)

Ak ontzen ari den kantu bat orrazten laguntzea eskatu dit gaur. Denboratxo bat pasa dugu horretan, berak aurretik ordu batzuk igaro ondoren. 

Nekeza da kantu on bat ontzea, zerbait esatea nahi duzu, baina erritmo batekin, sonoritate bat edukitzea nahi duzu, eta harrapatuko zaituen leloa behar du. Baldintza ugari kantuak funtzionatuko badu.

Eta jarri naiz pentsatzen zenbat kantu gustatu zaizkidan nire bizitzan zer esaten zuten jakin gabe. Eta aztertzen hasi naiz zer da kantu batetik gustatzen zaidana, eta konturatu naiz arrazoi desberdinak daudela bakoitzaren atzean.

Batzuetan musika eta erritmoa ailegatzen zaizkit, hitzetan arretarik jarri gabe. Besteetan hitzek hartzen dute garrantzi handiena, musika bigarren plano batean geratzen delarik. Kasu guztietan kantuak zerbait sentiarazten dit, batzuetan kantatzeko eta aldarrikatzeko beharra, besteetan dantzatzekoa. Bi gauzak batera gertatzen direnean sekulakoa da, kantu perfektua.

Ez naiz gustuko kantuen zerrenda egiten hasiko, bizitzako une bakoitzean erritmo desberdinak bilatzen dituzulako, eta zerrenda luze samarra izan daitekeelako. Baina egia dena da azken garaitan hitzetan erreparatzen dudala gehiago, eta gaurko ariketa oso interesantea iruditu zaidala.

Ea musikariari gustatzen zaion eta Aren hitzek arrakasta lortzen duten.

Ondoloin!

2024/08/07

ABUZTUAK 7 (anima zaitez)

Bai, nik ere lortu dut Fermin ikusteko sarrera. Bilboko lehen kontzerturako eserita. Hori ez nahiko eta Anoetarako pistan, jakin gabe joaterik izango dudan. Eta urriko azken kontzerturako sarrera eskuratzeko asmoa ere badaukat.

Horrelako aurrerapenak ere kritikatu ditut aurreko egunen batean, baina ni ere sistemaren parte naiz, gustuko izan ala ez. Hala ere, kasu honetan, nire bizitzako musika-bandaren parte da. Negu Gorriak izan da nire gazte denborako talde kuttunena, oraindik ere haien kantuak entzun eta saltoka hasten naiz, garai baten isla, ideologia baten puskak, nire bizitza osatzen duen puzzlearen pieza bat.

Beraz, ulertzen dut adin bateko jendeak han egon nahi izanaren behar eta nahi hori. Baina lehengoan aipatzen nuen borregismoa ekarri nahi nuen gaur hona.

Lehengoan estatu batuetako talde bat ikusten aritu nintzen Dabadaban. Sarrerak hamabi euro balio zituen, beraz ez da ordaindu ezinezko gauza bat, eta ez dakit hogeita hamar pertsonetara heltzen ginen han geundenak. Ez da lehen aldia gauza bera gertatzen zaidana aurten. Kontzertu ugaritan egondu naiz antzeko egoeran.

Badakit koloreak gustuetarako daudela, baina izugarrizko pena ematen du kalitatezko bandak ikustea ia publikorik gabe. Zertan egiten ari gara huts? Gauza desberdinak antolatzen dituztenek emaitzarik gabe azkenean bere jarduna etengo dute, eta kulturaz gose gaudenok umezurtz geratuko gara. Eta gure alternatiba bakarra kolak egitea izango da, fisikoki zein birtualki, azkenean denok nahi dugun hori on stream ikusteko.

Doa hemendik sala txikien eta kontzertu txikien aldeko nire aldarrikapena. Gaztetxeak eta bertako ekoizpena duten jaialdiak behar ditugu, eta mantentzeko gure parte hartzea ezinbestekoa da.

Beraz, agendak begiratu eta ANIMA ZAITEZ!!!  

2024/08/06

ABUZTUAK 6 (garbitzen garbitzen)

Eguna goibel esnatu da gaur, eta oso gustuko ez dudan ekintza bati lotu natzaio giroa probestuz: garbiketari.

Ez dakit norbaitek gustuko izango ote duen etxea garbitzea, neuk behintzat ez, baina amaitzerakoan geratzen zaidan sentipena gogobetetasunarena da. Nahiko desordenatua naiz eta traste gehiegi dauzkat, baina desordena hori garbi egoteak ongi sentiarazten nau.

Hori bai, nire garbiketa saioetarako musika jartzen dut, ozen, oso ozen, eta fregonarekin dantzan ala kantatzen aritzen naiz, eszenatoki batean banengo bezala. Horrek garbiketa saioa dibertigarriagoa eta atsegingarriagoa bihurtzen du, eta bi ordu aise pasatzen zaizkizu ia ohartu gabe. Diskoei buelta eman edo aldatzean soilik ohartzen zara denbora aurrera doala.

Eta musikaren gaiari heldu nahi nion gaurkoan. Bizio bat dudala aitortu behar dizuet. Gero eta gehiago gustatzen zait musika zuzenean, kontzertuetara joatea alegia. Gustuko izan, ala izan daitezkeen ahal dudan guztietara joaten naiz. Gazte denboretara itzulera egiten ariko banintz bezala da, nire benetako esentziara itzulera. Bigarren bizioa, talde euskaldunen kasuan, haien diskoak erostea da. Eta bai asmatu duzu, garbiketarako bereziki horiek jartzen ditut.

Asko hitz egiten da gaur egun gazteek entzuten duten musikari buruz, dena berdina dela, kaka bat. Egia esan, estilo batzuk gorroto ditut, baina azken boladan talde euskaldun ugari ezagutu dut zuzenean,  eta izugarrizko potentziala eta kalitatea dutela iruditzen zait.

Gaur Bananasekin egin dut nire saioa, baina izan zitezkeen Anari edo Belako bezalako beteranoak, ala Sua, Ezpalak, Ithaka, Rudiger, Pinpilinpussies… Guztiak ikaragarri onak!

Beraz, aspertuta bazaude badakizu: Igo bolumena eta astindu baieta.

2024/08/05

ABUZTUAK 5 (lo arina)

 

Txorien kantuek apurtu dute nire loa

lo arina aspaldian

adinean aurrera noan seinale

bizitzaren etapa berri bati ekinez

baina zeini?

 

Ohean etzanda

gaueko ametsak datozkit gogora

azken boladan beti irudi bera

beti bera

nire bizitzatik alde egiterik nahi ez balu bezala

edo nik nire bizitzan

betirako gorde nahiko banu bezala

 

Eta ohean buelta hartuta

loa bilatu dut

berriz ere amesteko

nire logelako errealitate tristetik

ihes egiteko

 

Eta txorien kantuaren konpainian

minutu batzuez luzatu dut

plazer une hori

egunez topatuko dudan errealitatea

ekiditeko.

 

Eta jaikitzerakoan gortinak zabalduta

zeruaren urdinak hartu du gela

iluntasuna uxatuz

argitasuna zabalduz

egunari beste tankera bat emanez

jakinik argia ez dugula kanpoan bilatu beharrik

gure baitan baizik

2024/08/04

ABUZTUAK 4 (zaletasunak)

Banuen gai bat nire eguneroko honetan jorratzeko gaur, baina goiza etxetik kanpo igaro ostean, etxera heldu bazkaltzera, telebista piztu ea olinpiadetan zer zegoen bilatzen hasi, eta hara non teniseko gizonen finala, Serbia Espainiaren aurka, edo, hobeto esanda, Djokovic Alcarazen aurka.

Ba telebista aurrean paratu eta jada ezin izan dut beste gaietan kontzentratu.

Apur bat ezagutzen nautenak harritu egiten dira tenisarekiko dudan zaletasuna aipatzen diedanean. Ikasle garaiko kontua da. Orduan ikasi nuen prokrastinatzen tenisari esker, Roland Garrosi esker zehatzagoak izateko. Eta telebistan tenisa ikusteko zaletasun hori betirako geratu zait.

Grand Slamak ikusten ditut soilik, baina pasa ditzaket bost ordu mugitu gabe telebistaren aurrean hipnotizatuta kasik.

Gaurkoan motzagoa izan da eserialdia, baina benetan ona izan da partida. Zein herrialdek irabazi egia esan ez zitzaidan interesatzen, gutxiago serbiarra Marbellan bizi dela jakinda, baina nik Djokovikek irabaztea nahi nuen. Agian bere azken joko olinpikoak izango direlako; agian, fatxa izan arren, ondo jausten zaidalako; ziurrenik bere tenisa izugarri ona delako, eta, gaurkoan, bere gaitasun hori argi eta garbi erakutsi du. Berarentzat izan da urre olinpikoa. Alcarazek zilarra eraman du. Urte asko ditu aurretik bere gaitasunak baliatzeko, beraz, pozik egoteko moduan da, isuri dituen negar-malkoak ulergarriak izan arren.

Partida amaitu denean, katez aldatu dut, atletismoa eta igeriketa kenduta, beste kirol guztiak ez baitzaizkit batere interesatzen, gutxiago baloiren bat tartean daukatenak, are gutxiago telebistaz ikusteko.

Eta Alcarezen malkoak gogoan ordenagailu aurrean eseri naiz, eta olinpiada batzuetan parte hartzeak suposa dezakeenaz hausnartu dut; eta Seulera joan eta parte hartu gabe geratu zen nire lehengusuarekin akordatu naiz, zorte txarra behar da gero joateko txartela eskuratu ondoren;  eta lehiaketek eta txapelketek sortarazten duten presioaz eta estresaz pentsatu dut.

Ez naiz inoiz kiroletan ona izan. Bi aldiz parte hartu dut froga popularren batean. Baten igeriketakoan, bestean, hamar kilometroko lasterketa batean, eta disfrutatu baino, sufritu egin nuen. Inguruan dagoen giroa lehiakortasunarena da, jendeari soilik interesatzen zaio zenbat denboran egin duzun, atzean bazoaz inork ez zaitu errespetatzen, pakete bat zara besterik ez, umiliagarria izatera iritsi daiteke.
Bi esperientzia horien ostean erabaki nuen ez nuela inoiz gehiago ezertan parte hartuko.

Ez doa nirekin lehiatzea, ez horretan ez ezertan. Beraz, lehiatzeko gaitasuna daukaten horiek miresten ditut neurri batean, presioa jasateko gaitasun handia erakusten dutelako. Goi mailako kirolarientzat joko olinpikoetatik esku hutsik bueltatzea gogorra izango da, urteetako lana horretara bideratzen baitute, baina nik hemendik nire miresmen guztia adierazi nahi diet. Mundu guztia zuri begira dagoela jakin, eta, hala ere, zure onena emateko gaitasuna edukitzea ez da gauza erreza izan behar.

Eta kirola alde batera utzita, liburu bat hartu dut, nirekin bat datorren beste zaletasun bati ekiteko.

Igande on!

2024/08/03

ABUZTUAK 3 (desagertzen diren harremanak)

Gaur X-ren urtebetetzea da. Ez dut zorionduko. Badira urte batzuk zoriontzeari utzi niola, zentzurik ikusten ez niolako agian.

Duela hogei urte baino gehiago elkar ezagutu genuela X eta biok eta, hasieratik, konektatu genuen. Oso lagunak egin ginen eta gauza asko partekatu genituen, oporrak, sekretuak, parrandak. Nire ligeak bere etxera eraman izan ditut, horra hor konplizitate maila ulertzeko adibidea.

Baina denborak, adinak, bizitzak, batzuetan, leku desberdinetan kokatzera eramaten gaitu. Ez dakit guri hala gertatu zitzaigun, hala kontziente ez naizen zerbait egin edo esan nion berari, gure harremana goizetik gauera erabat desagertzeko.

Alde batetik, pena sentitzen duzu; baina, bestetik, zure ongizatea jokoan dagoenean, argi ikusten duzu zein izan behar den zure jarrera.

Elkar ikusteari utzi genionean, hasieran, bere urtebetetzetan zoriontzen nuen mezu baten bidez. Bueltan eskertze xume bat iristen zen, besterik ez. Bere beste seinalerik ez nuen urte guztian. Jarraitu nuen urte batzuetan zoriontzen, niri ere gogoa kendu zitzaidan arte. Argi ikusi nuen bere aldetik ez zegoela harreman hura mantentzeko inolako gogorik, eta niri ere mantentzeko nahia desagertu zitzaidan.

Inoiz kalean egin izan dugu topo. Halakoetan, gelditu eta musu eman diogu elkarri, eta bizitzaren gorabeherez aritu gara bost minutuz edo, baina tentsioa, hoztasuna, zerbait nabaria izan da gure artean. Sekula hitz egingo ez dugun eta pendiente daukagun konbertsazio bat agian, edo elkarri hainbat gauza aurpegiratzea, edo ez dakit nik zer, baina gure artean itxi gabeko zerbait dagoela somatzen da. Eta buruari mila eta bat buelta eman dizkiot zertan huts egin nion asmatu nahian, baina ez dut halakorik topatu.

Halakoa da bizitza, garai batzuetan zeudenak desagertu egiten dira, betirako esango nuke. Batzuetan, arrazoiak ezagutzen dituzu, baina beste askotan ez. Eta pena handia ematen dizun arren, aurrera egin behar duzu, eta X berriak topatzen saiatu, zeinekin bizitzako momentuak partekatu.

Gaur X-ren urtebetetzea da. Oroitu naiz bai, baina ez dut zorionduko.

2024/08/02

ABUZTUAK 2 (ez espero inoiz ezer inorengan)

Askotan pasatzen da espero ez duzun zerbait gertatzen zaizula. Halakoetan poza izugarria da, benetan sinetsita baitzeunden ezinezkoa zela hori zuri jazotzea.

Alderantzizkoa ere pasatzen da. Nahiz eta ozen ez adierazi, pentsatzen duzu zerbait gertatuko dela eta egunak, eta asteak, baita hilabeteak ere, pasatzen dituzu horren esperoan, baina ez da inoiz gertatzen, eta jabetzen zara, asko kostata, ez dela inoiz gertatuko. Halakoetan, etsipena eta frustrazioa izugarriak dira, zure erraietan min emateraino ailegatzen da, eta egoera horri buelta ematea oso nekeza egiten da.

Baina hori da bizitza, hori da errealitatea, eta datorren bezala onartu beharra dago, gustuko izan ala ez.

Beraz, ez espero inoiz ezer inorengan, hobe baita harritzea desengainatzea baino.

Asteburu on!


2024/08/01

ABUZTUAK 1 (amnesia)

Lehengoan gauza bitxi bat gertatu zitzaidan. 

Kontzertu batera joan nintzen eta kontzertu hasi berri zegoela tipo bat hurbildu, nire musuaren aurrean jarri zitzaidan, bost zentimetrora gehienez, begira-begira, erdi barrezka eta ezer esan gabe. Nik ez nekien zer egin, paralizatua geratu nintzen, eta erreakzionatu nuenean buruarekin keinu bat egin nion zer galdetuz bezala. Orduan tipoak bota zidan:

-        Zu Hernanikoa zara-, eta nik - bai!

-        San Joanetan egon ginen.

-        Gu San Joanetan? Eta nire aurpegiaz oker zebilela adierazi nahi izan nion.

 

Alde egin zuen, eta pentsatzen jarri nintzen ea tipo hori sekula ikusi dudan. Badakit San Joan hauetan ez naizela berarekin egon, oso ondo gogoratzen baitut non, noiz eta norekin egon naizen. Baina, beste San Joan batzuez arituko ote zen? Noizkoez?

Kontzertu guztia buruari bueltak ematen aritu ondoren, tipo hura ez nuela ezagutzen argi ikusi nuen, baina eta memoriak ziria sartu badit?  

Eta burura etorri zitzaizkidan gaztetan egindako parranda eta gaupasak eta desfasak, eta nola batzuetan inkontzienteki gauza pila bat egiten ditugun biharamunean pentsatu gabe.

Tipo hori izan zitekeen agian nire biharamun bat? Argi neukan ezetz, baina zer pentsatua utzi zidan gau guztirako. Eta otu zitzaidan zein gaitasun daukadan halako zoroak erakartzeko, ni naizen bordea izanda.

Kontzertua amaitu zenean handik alde egin nuen, kasik korrika, tipo haren ero irribarre hura berriro ez ikusteko.

Espero dut nire herrian kaletik inoiz ez gurutzatzea.