Banuen gai bat
nire eguneroko honetan jorratzeko gaur, baina goiza etxetik kanpo igaro ostean,
etxera heldu bazkaltzera, telebista piztu ea olinpiadetan zer zegoen bilatzen
hasi, eta hara non teniseko gizonen finala, Serbia Espainiaren aurka, edo,
hobeto esanda, Djokovic Alcarazen aurka.
Ba telebista
aurrean paratu eta jada ezin izan dut beste gaietan kontzentratu.
Apur bat
ezagutzen nautenak harritu egiten dira tenisarekiko dudan zaletasuna aipatzen
diedanean. Ikasle garaiko kontua da. Orduan ikasi nuen prokrastinatzen tenisari
esker, Roland Garrosi esker zehatzagoak izateko. Eta telebistan tenisa ikusteko
zaletasun hori betirako geratu zait.
Grand Slamak
ikusten ditut soilik, baina pasa ditzaket bost ordu mugitu gabe telebistaren
aurrean hipnotizatuta kasik.
Gaurkoan
motzagoa izan da eserialdia, baina benetan ona izan da partida. Zein herrialdek
irabazi egia esan ez zitzaidan interesatzen, gutxiago serbiarra Marbellan bizi
dela jakinda, baina nik Djokovikek irabaztea nahi nuen. Agian bere azken joko
olinpikoak izango direlako; agian, fatxa izan arren, ondo jausten zaidalako;
ziurrenik bere tenisa izugarri ona delako, eta, gaurkoan, bere gaitasun hori
argi eta garbi erakutsi du. Berarentzat izan da urre olinpikoa. Alcarazek
zilarra eraman du. Urte asko ditu aurretik bere gaitasunak baliatzeko, beraz,
pozik egoteko moduan da, isuri dituen negar-malkoak ulergarriak izan arren.
Partida amaitu
denean, katez aldatu dut, atletismoa eta igeriketa kenduta, beste kirol guztiak
ez baitzaizkit batere interesatzen, gutxiago baloiren bat tartean daukatenak, are
gutxiago telebistaz ikusteko.
Eta Alcarezen
malkoak gogoan ordenagailu aurrean eseri naiz, eta olinpiada batzuetan parte
hartzeak suposa dezakeenaz hausnartu dut; eta Seulera joan eta parte hartu gabe
geratu zen nire lehengusuarekin akordatu naiz, zorte txarra behar da gero joateko
txartela eskuratu ondoren; eta lehiaketek
eta txapelketek sortarazten duten presioaz eta estresaz pentsatu dut.
Ez naiz inoiz
kiroletan ona izan. Bi aldiz parte hartu dut froga popularren batean. Baten
igeriketakoan, bestean, hamar kilometroko lasterketa batean, eta disfrutatu
baino, sufritu egin nuen. Inguruan dagoen
giroa lehiakortasunarena da, jendeari soilik interesatzen zaio zenbat denboran
egin duzun, atzean bazoaz inork ez zaitu errespetatzen, pakete bat zara
besterik ez, umiliagarria izatera iritsi daiteke.
Bi esperientzia horien ostean
erabaki nuen ez nuela inoiz gehiago ezertan parte hartuko.
Ez doa nirekin
lehiatzea, ez horretan ez ezertan. Beraz, lehiatzeko gaitasuna daukaten horiek
miresten ditut neurri batean, presioa jasateko gaitasun handia erakusten
dutelako. Goi mailako kirolarientzat joko olinpikoetatik esku hutsik bueltatzea
gogorra izango da, urteetako lana horretara bideratzen baitute, baina nik
hemendik nire miresmen guztia adierazi nahi diet. Mundu guztia zuri begira dagoela
jakin, eta, hala ere, zure onena emateko gaitasuna edukitzea ez da gauza erreza
izan behar.
Eta kirola alde
batera utzita, liburu bat hartu dut, nirekin bat datorren beste zaletasun bati
ekiteko.
Igande on!