2025/01/31

URTARRILAK 31 (nerbiyuak)

Maleta eginda, A-ren aholkuei ez diet jaramon handirik egin, erdiak kenduko lizkidake ziur, baina gauzak kabitu dira, beraz, gaitz erdi. Azkenean trolley batekin noa, eta gainean motxila txiki batekin.

Korapilo izugarria daukat sabelean, unetik unera handitzen doana, Z ikustean sentitzen nuena baino handiagoa, hori posible bada.

Antipodetako bi kontaktu pasa dizkidate, eta jada mezu bana idatzi diet, baina hamabi orduko aldea daukagunez pentsatzen dut gaua arte ez dutela ikusiko.

Atzoko eguraldiarekin eguna etxean igaro nuen eraman beharrekoak aukeratzen, maletan aproba egiten, urduritzen. Jada egiteko gutxi daukat, lehen egunetako planak zehazten joatea ez bada, eta halako ezjakintasun bat sentitzen dut, bertigo izugarri bat, mundua bukatzera balihoa bezala.
Zeinek esango zidan porru honetan sartzeko? Ezin nuen kanarietarako bidai normaltxo bat aukeratu ez, munduko beste puntara joan behar nik, baina zergatik? Zertarako? Hil aurretik zerbait desberdina egin izanaren sentsazioa izateko, akaso? Bere garaian Jane Campionen The Piano filma ikusi ondoren, inoiz horra joan behar dut esan niolako neure buruari? Herrian errugbi tradizioa egonik Haka bat zuzenean ikusteko? Ala, besterik gabe, natura delako nire gogoa asebetetzen duen bakarra eta han hori topatuko dudalako, natura bere osotasunean?

Dena dela, klisk egin nahiko nuke eta jada han egon, ordurarte nerbioak jota egongo naizelako. Gaur, esaterako, oso lo gutxi egin dut. Ea datozen egunetan.

Asteburu on!

2025/01/30

URTARRILAK 30 (ahaztutakoak)

Atzo bi lagunek idatzi zidaten nire zerrendaren kontura.
Batek esaten zidan arropa gehiegi neramala, pisua kontrolatu behar nuela, emakume garbia naizela, ez dudala horrenbeste zikinduko, desodorante on batekin dena konpon daitekeela, eta hara hor zerrendan falta zen lehen artikulua, desodorantea. Halere ez noa trekking bat egitera, ez naiz pisua gainean ibiliko denbora guztian. Kotxez mugituko naiz, beraz motxilak edo maletak (zalantzan nabil bata zein bestea eraman, biekin egingo dut aproba) pisu gehiago izan dezake; berez hegazkinean hogeita hamar kilo arte sar ditzaket, nire helburua pisua horren erdira edo gutxiagora mugatzea den arren.

Beste lagun batek pijama ahazten zitzaidala esan zidan. Ondo ikusia, aterpetxeetan logela konpartituetan lo egiteko asmoa dudanez, lo egiteko arroparen bat izatea komeni zait. Eta oheratzeko kontuekin jarraiturik, inork ez zidan esan kondoirik ez neramala, badaezpada baten bat eskura edukitzea komeni dela. Zein ondo dakiten ez dudala ligatuko, mirari bat litzateke. Halere, nezeserrean baten bat, igual, sartuko dut, fedegabeok ere inoiz mirariren bat bizitzeko aukera baitaukagu.

Eta kontuz aldaturik, aurrekoan esandako bi filma ikusi ditut jada.
Lehena The Brutalist. Nolakoa den ez jakintasuna, pertsona baten ezaugarri psikikoei egiten ziela erreferentzia pentsatzen nuen. Esan dezadan, normalean, ez ditudala filmen erreferentziak aurretik irakurtzen. Ba Brutalist edo Brutalism arkitektura estilo bati deritzo, bigarren munduko gerraren ostean garatu zena, eraikin funtzional eta merkeak eraikitzea zuena helburu, eta, horretarako, porlana eta antzeko materialak erabiltzen zituena, Leioako unibertsitatearen tankerakoa, ideia bat egiteko.
Ba filma gustatu zitzaidan, asko. Oso luzea da, erritmo pausatua du, tartean hamabost minutuko deskantsua dauka, baina ez da luze egiten. Niri, behinik behin, ez zitzaidan egin, eta arkitektura zaleentzat, gai horren inguruko film bakarrenetakoa omen. Beraz, hor aukera.

Bestea ikusten dudan lehen film tailandiarra: Como hacerse millonario antes de que muera la abuela. Zoragarria iruditu zitzaidan. Gizatiarra, norberekoikeriaz beterik alde batetik, baina era berean oso goxoa;  oso gomendagarria. Negar malko batzuk irten zitzaizkidan uneren batean. Eta ez dizuet gehiago kontatuko.

Eta gaur Donostiara joan behar izan dudala derrigorrean autoaren kontu bat zela eta, paseo bat emateko asmo guztia neukan, baina lehen autobusa hartu dut etxera, kalean ibiltzea ezinezkoa baita ari duen euri eta haizetearekin.
Eta hitz hauek amaitzean maleta egiten hasiko naiz, motxila ala trolley erabakitzeko, eta A-ren aholkuei jarraitu beharko diedan erabakitzeko.

Ostegun On! 

2025/01/29

URTARRILAK 29 (zerrendak egiten)

Hemen nabil zerrenda egiten, apurka-apurka maleta edo motxila prestatzen hasteko. Gaurkoan hori doa zerrenda, hilabete baterako beharko dudan gauzekin osatua. Lotsagorriturik onartu beharra daukat Gazara bueltatzen ari direnen ondasunak baino askoz ere zabalagoa dela. Munduaren alde honetan jaio izanaren zortea eta, zergatik ez esan, abantaila, horrela esanda oso hotz sonatu dezakeen arren, baina hori da errealitate gordina.

Arropak

Hiru kulero beltz, bat hilekorakoa

Galtzerdiak (4 pare, bi finagoak beste bi potoloagoak)

Titizorroak: kiroletakoak 2, bestelakoa 1

Bikini bi eta bainujantzia, bainurako kapela, betaurrekoak, pareoa, toaila txikia, trapua, lehortzeko toaila

Praka luzeak bidaiarako eta bakero batzuk

Kiroletako bi maila, gona motzak 2, hiritik ibiltzeko bi praka (edo gona) motz

Kamiseta tiradunak kiroletakoak 2, mauka motza beste 2, kalerakoak 2

Kamiseta mauka luze bi

Sudadera bi 

Plumifero fina (jantzita)

Sira, kapela

Txupa bakeroa?

Bi zapatila pare (goretexakin eta gabe), sandaliak eta txankletak

Teknologia

Argazki kamera eta bere kargagailua

Erlojuaren kargagailua

Mugikorra eta bere kargagailua

Kanpoko bateria bere kargagailuarekin

Aurikularrak eta bere kargagailua

Entxufe adaptadorea

Kotxeetarako konexioa?

Bestelako materiala

Motxila handia (fakturatu)

Motxila txikia gainean

Riñonera

Telazko poltsa bat

Koadernoak eta bi liburu irakurtzeko, gidak eta mapak, idaztekoak, telefono batzuk eskuz apuntatuak

Irakurtzeko bi betaurreko pare

Pasaportea, gidatzeko baimen internazionala

Ibiltzeko makilak, kranpoi txikiak, frontala

Eguzkitako betaurrekoak

Ilerako zinta bat, buff bat

Lo egiteko maindire-zakua

Labana eta kubiertoak

Kantinplora

Aterki txiki bat

Nezeserra

Xaboia (trozo arropak garbitzeko) + gorputzerako

Txanpua

Aurpegirako krema, gorputzerako, eskuetarako

Eguzkitako krema (aurpegia + gorputza)

Moskitoen aurkakoa eta ondorengoa

Botikina (paracetamol ibuprofenoa)

Tigre balsamoa

Salva slipak

Konpresa batzuk

Bidaiarako

Jatekoa, fruitu lehorrak, txokolatea

 

Badakit leku zibilizatu batera noala, baina honekin moldatuko al naiz, janariaz beste erosi gabe?
Orain gauza horiek antolatu eta motxila nola geratzen zaidan ikusi behar. Lan ederra daukat aurretik. Egun On!

2025/01/28

URTARRILAK 28 (norberaren etxearen bila)

 Telebistari so

negar malkoak irteten zaizkit

milaka pertsona

aita-amak, seme-alabak, aiton-amonak

anai-arrebak, osaba-izebak

lagunak

maitaleak

ezagunak

ezezagunak

denak helburu bakarraz

euren etxeetara bueltatzea

gertukoekin elkartzea

bizitza duin bat berreraikitzea

non eta ezerezean

inoiz eurena izandako lurralde batean

orain obra-hondakinen artean dagoena

 

Gainean maleta soil bat daramate

umeek eskolako motxilatxoa

euren ondasun guztiak

eta halere esperantza

bakean utziko dituztelakoan

bizirik irautekoa

euren etxea topatzekoa.

Baina betikoek mugak itxi dizkiete

eta han daude pilaturik

itxaroten

duinki

inoiz etxe sentitutako hura

berraurkitzeko  itxaropenaz.

2025/01/27

URTARRILAK 27 (astebete besterik ez)

Data hurbiltzen ari da, eta pixkanaka hasi naiz lotzeko geratzen zaizkidan hainbat kontu bideratzen. Izugarri urduri nago. Batzuentzat tontakeria bat izango da; niretzat orain arteko bizitzako abenturarik handiena, eta horretan pentsatzea ekidin dut, jada beste erremediorik izan ez dudan arte.

Hasi naiz nire apunteak, gidak, koadernoak ateratzen. Programa moduko bat egin dut, moldagarria noski, nondik norakoak jakiteko, jarraitu beharreko bidea erdi kontrolatuta izateko. Eraman beharreko gauzen zerrenda egiten hasi naiz, arropak, lo egitekoak, botikina, nezeserra, koadernoak, kamerak, kargagailuak, liburuak, janaria?
Motxila batekin noa, beraz ezin naiteke gehiegi kargatu, halere ez nuke han ezer erosten ibili nahi, nahikoa gastatuko baitut bestela ere.

Eta bitartean astea pasa behar, egunerokoari normal aurre eginez. Posible izango al zait? Ez dakit ba, saiatuko naiz halere.

Eta nire telefonoak dio euria espero dela nire auzoan hemendik gutxira, baina nik eguzkia eta zeru urdina besterik ez dut ikusten ene leihotik. Mendira joango al naiz erlaxatzera, ala hemen geratu oraintxe bertan urdailean nabaritzen ari naizen korapiloarekin borrokan?

Ai nolakoak garen arazo handirik gabe bizi garen pertsonak. Mundu guztiaren kezka larrienak nireen parekoak balira, mundu hobe baten bizi gareneko seinale zatekeen. Baina bizitzen jarraitu behar dugu, tarteka ez ikusiarena egin, edo ahaztu, zoriontasun deitzen dugun horren printzak tarteka sentitu ahal izateko.

Aste on denei!

2025/01/26

URTARRILAK 26 (hainbat kontu)

Atzo, esan bezala, Las vidas de Sing Sing filma ikustera joan nintzen. Nahikoa hotz irten nintzen zinematik, benetako errealitate batean oinarrituta dagoela jakin arren. Nahikotxo aspertu nintzen egia esateko.

Gaur goizean bost orduko tenis partida bat ikusteko prest nengoen eta, ondoren sofan eserita igaroko nituen orduak kontuan izanik, hasierako tartean mendi bueltaxka bat egitea erabaki dut. Orain arte sekula aipatu gabeko, baina asko gustatzen zaidan Argiako podcast bat entzuten joan naiz, Beranduegi izenekoa, haizearen ufadei eta astinduei ihes egin nahian bezala. Barre asko egiten dut haiei entzunez. Telegramen kontua dute, norbaiti interesatuz gero. 
Eta etxera heldu naizenerako bigarren setaren amaieran zegoen Australiako irekiaren mutilen finala. Nahiko puntu onak ikusi ditut, baina probidentziari esker Sinnerek irabazi du set hori eta, hortik aurrera, lehenagotik ere argi da, gainetik ibili da, Zvedevi hiru setetan irabazita. Pena bat, motza egin baitzait. 

Ondoren Goiatz Labandibarren Bekatua liburua amaitzeari ekin diot, azkeneko atal bat kenduta asko gustatu zaidana, nik bizi izandako egoera batzuk gogora ekarri dizkidalako akaso.  

Bazkal ostean, alerta horia edo laranja haizearengatik emanda dagoela eta, ostera ere kalera irteteko beldurrez, siesta egin dut. Lo seko geratu naiz tarte batez. Gauak lapurtzen dizkidan lo orduen truke izango da ziurrenik, asko luzatzen ari den azken boladan, lo hartu bai, baina gauaren erdian esnatu egiten bainaiz, beti, eta hor aritzen naiz jira eta buelta, halako batean gorputz bat nire ondoan topatzea esperoko banu bezala. Baina ez.

Eta eguneroko lerroak idatzi ostean, irakurtzeari ekingo diot berriro, nire estudio berrian, nire butakatxoan. Roberto Bolañoren Llamadas telefónicas ipuin liburuarekin ari naiz, momentuz asko gustatzen ari zaidana.

Eta gaurkoz besterik ez. Ondo amaitu eguna!

2025/01/25

URTARRILAK 25 (azken egunetako planak)

Aurki denboraldi baterako ostera ere kanpora noanez, egun hauetan ondoren egingo ez ditudan gauzak egiteko behar moduko bat sentitzen dut.

Bata izan da etxea antolatzea, ordenatzea eta garbitzearena (nire burua antolatzea, ordenatzea, garbitzearekin batera, baina azken hau ez dakit guztiz lortu dudan). Azken aste hau horretan igaro dut ia denbora guztia. Etxearekin oso pozik geratu naiz, nire burua, ordea, beste gauza bat da: gauza berrietarako tokia egin nahi eta ezin. Zer egingo diogu, lanak gutxienez erdizka eginda.

Bestea da estreinatu dituzten eta interesatzen zaizkidan filmak ikustea. Uste dut aste guztia zineman igaroko dudala, gainera euria omen dator, beraz plan hoberik?

Atzo hasi nintzen Itoitz Udako Sesioak dokumentalarekin. Nire lagun batek esan didan moduan dokumentala baino dokumentu bat, hau da, taldea nola sortu zen jasotzeko modu bat. Ondo, besterik gabe, irudi batzuk oso onak iruditu zitzaizkidan arren.

Film euskaldun horretaz gain, honakoak dauzkat apuntatuta ikusteko:

Las vidas de Sing Sing, geroago noa; The Brutalist hiru ordu baino gehiagokoa, deskantsuarekin ematen dutena, astelehenean joango naiz ikustera; Babygirl, honekin zalantza daukat; La semilla de la higuera sagrada iraniarra, Alemaniatik Oscarretarako izendatua dagoena; Como hacerse millonario antes de que muera la abuela, tituluagatik  erakarri nauen film tailandiarra; La fiebre de los ricos, Desmontando un elefante eta Miocardio espainolak; El profesor de esgrima frantsesa.

Horien artean aukeratu beharko dut, ez baititut egunak guztiak ikusteko. Iraniarra eta tailandiarra ziur ikusiko ditudala, besteen artean agian aukeraketa bat egingo dut, egunek ematen badidate.
Beraz, uste dut gaurtik hasita aste guztiko arratsaldeak beteta izango ditudala.

Eta zuek datozen ordu eta egunetarako ze plan? Aspertuta bazaudete etxea garbitzea gomendatzen dizuet, niretzat terapeutikoa izan da. Hala nabil egun hauetan poz-pozik, bakarrik ligatzea falta zait.

Arratsalde on!


2025/01/24

URTARRILAK 24 (antzekoak)

Eta esandako moduan atzo mendira joan nintzen arratsalde partean, Santa Barbarara joatea mendira joatea kontsidera badaiteke. Bueltan nentorrela H-kin gurutzatu nintzen. H betidanik herritik ezagutzen dudan tipo bat da, nahiz eta oso gutxitan hitz egin dudan berarekin. Beti iruditu zait oso tipo interesgarria, baina beti bikotearekin ezagutu izan dudanez ez naiz inoiz gehiago beragan fijatu edo tematu, edo esan nahi duzun bezala. Gauza asko dauzkagu komunean, askotan topatu izan baikara bai zineman, bai kontzertuetan; antzeko zaletasunak ditugula esan dezaket ezbairik gabe. Eta atzokoan mendian ikusi genuen elkar, beste zaletasun bat gehiago.

Eta, beheraka nindoala, ohartu nintzen Z H-ren estilokoa dela, fisikoki esan nahi dut. Are gehiago, Y ere antzekoa dela, hirurak traza berdinekoak, kasualitatea? Haien ezaugarri horiek ez ditut hemen esplizitatuko, baina hirurek ere, beste ezaugarri bat dute: kasu egiterakoan beti irribarre bat ahoan dutela, liluratu egiten zaituena, niri bederen.

Eta horretan pentsatzen nindoala, JDL izeneko ikastolako tipo batekin gurutzatu nintzen. Ezin dezaket esan bullyinga egiten ziotenik, genionik, termino hori nahiko modernoa baita, baina ez zen urruti ibiliko, orain deskriba ezin ditudan hainbat ezaugarri baitzituen. Hamalau urte genituenetik ez nuen ikusi, ez baitzen gurekin institutura etorri. Ez dakit zer ikasi zuen, zerbait ikasi bazuen. Garai batean droga kontuetan ibilia zela entzun nuen, konpainia txarretan. Ez dakit zenbat egongo den egia hortik, baina atzo ikusi nuen tipoak ikastolako hura oroitarazi zidan. Baserritar itxurarekin, (ez diezadala inork termino hori gaizkitzat hartu, hiritar eta baserritarren artean nik alde handiak ikusten baititut jarreran), mozolo eta gixajo samarra, askotan kanpoko zera horrek engainatu egin diezagukeen arren. Kasu egin genion elkarri, mendian kasu egiten den  moduan. Ez dakit berak ezagutu ote ninduen, baina ez genuen ahaleginik egin ez berak ez nik hitz batzuk gurutzatzeko.

Eta aurrera jarraiturik hurrengo pentsatu nuena izan zen ea denok antzera zahartzen garen, edo batzuetatik besteetara alde handia dagoen, neuk nire burua beti besteena baino gazteago ikusten baitut. Nahi eta ezin bat izango da? Errealitateari bizkar eman nahi bat? Ez dakit, baina berriz ere H, Z eta Y etorri zitzaizkidan gogora, pentsamendu horiek irribarre bat ahoan sortarazi zidatelarik.

Asteburu on!

2025/01/23

URTARRILAK 23 (hezkuntzan greba)

Atzo eta gaurko hezkuntzako greben karira izan den manifestazioan parte hartu dut gaur Donostian. Sabatikoan izan arren, ikastetxeko lankide batzuekin egin dut hitzordua, kolektibo moduan parte hartzeak horrelakoei zentzua ematen diedalakoan bainago.

Taberna batean geratu gara, eta hara bidean noala irakasle multzo batzuekin topo egin dut. Haiei begiratu eta entzun ostean otu zait irakasleak, batzuk, gustuko ez dudan kolektibo mota bat direla (garela), janzteko moduagatik, hitz egiteko moduagatik, transmititzen duten nagusitasun itxuragatik akaso, eta hurrengo etorri zaidana burura izan da ea nik beste batzuei ezaugarri horiek helarazten dizkiedan. Larritu egin naiz une batez, baina jada ez dut erremediorik, ez naiz orain lanbidez aldatzen hasiko, makarrismoa transmititzen jarraitu beharko dugu azken hatsa heldu arte, makarrismoa zentzu positiboenean noski. Ez ditut manifan ikastetxeko guaienak ikusi, ez nuen nahi ezta espero ere. Z ere ez dut ikusi, hura ikustea espero nuen arren. Beste aukera galdu bat, enegarrena bizitza honetan. Pena bat.

Eta amodio-desamodio gora beherez haratago bizitzan beste zerbait badela otu zait, eta langile klaseko kontzientziaz beteta bueltatu naiz etxera, borrokatzeak merezi duela pentsatuz, bestela bizitzak zentzu guztia galtzen duela konbentziturik.

Eta eguraldi eder hau probestuz banoa bueltaxka bat egitera, naturarekin harremanetan sartzera, bizitzaz gozatzera.  

2025/01/22

URTARRILAK 22 (sare sozialak)

Ba ikusirik sare sozialen jabeen fatxerioa eta informazioa, desinformazioa hobe esateko, erabiltzeko duten modua, serioski planteatzen ari naiz haiek uzten joatea, baina kostatuko zait. Aitortu beharra daukat, beste askok bezala, sareak informatzeko erabiltzen ditudala, baita interesekoa izan daitekeen informazioa zabaltzeko ere, edota salaketak eta aldarrikapenak egiteko. Baina nire erabilerak haien poltsikoak bete eta faxismoa zabaltzeko balio duela pentsatzen dudan bakoitzean gaiztotu egiten naiz. Eta gauza da, zer egin beharko genuke ezkerrekoek (nik oraindik eskuin-ezker terminoetan hitz egiten dut)? Dena utzi eta soilik faxisten ahotsak zabal daitezen permititu?

Badira hilabete batzuk X utzi nuela. Orain facebook eta instagram kontuak ditut, uatsapp eta telegram kontuekin batera. Mastodonen ere badut kontua, baina ez daukat hura erabiltzeko ohiturarik. Nire idazkiak facebooken publikatzen nituen orain arte, baina uste dut bide hori utziko dudala (Mark Zuckerberg Trumpen kargu-hartzean ikustean zerbaitek egin zidan buruan krak). Telegramen jarraituko dut eta nire blog pertsonalean, azken hori googlekoa da. Gehienak munduko aberatsenen esku. Eta hor dago koxka, nola jokatu sare-sozialek jendearengana heltzeko duten potentzial positibo hori ikusirik?

Nik ez dakit. Momentuz ez ditut Zuckerbergen aplikazioak kenduko, gauza askoz enteratzeko baliagarriak baitzaizkit, baina haiek gutxiago erabiltzen saiatuko naiz, euskal komunitateak telegramen dituen kanalak lehenetsiz.

Eta zuek, grebako irudiekin tic-toc bat egingo al duzue? Arratsalde on!