2025/08/11

SU ARTIFIZIALAK

 Turista baten moduan 

portuan eseri

suak gustuko banitu bezala

tabernetan denbora gehiegi

ez egitearren

Ez dut mozkortu nahi

ez paperak galdu moduan

bederen

Jendearen ohhhh

eta txalo zaparradaren artean

galdu

zein sinpleak garen ohartuz

edo onartuz

Eta bitartean 

non egongo ote zaren asmatzen saiatuz

badakidalako hor nonbait zarela

ez nire zain edo nire bila

baina patuak elkartuko bagintu

Orduan bai suziriak

eta trakak nire baitan

bederen

2025/08/09

ABUZTUAK 9 (ogia ez da turistikoa)

Beti nire gorputzaz kexatu arren, dietari buruzko aholkuak ematen dizkidatenean ez dut kasurik egiten. Askotan entzun ditut ogia kendu, glutenik gabeko dieta egin, bai zera, bizitza honetan gehien gustatzen zaizkidanak ez ditut ba kenduko, garagardoa eta ogia. Lehena ez dut egunero kontsumitzen, bigarrena bai, nire otordu guztietan, ez dakit ogirik gabe jaten, baina horretan, garagardoan bezala, adinarekin sibarita bihurtu naiz. Ahal denean garagardo artisaua hartzen saiatzen naiz, oso lupulatua, ahalik eta kimiko gutxiekin; ogiarekin ere herrian dagoen ama oreko ogi ekologikoa hartzen ohitu naiz. Eta okindegiari ederki doakio, pozten naiz, eta hilabete osoa oporretan igaroko dutenez, gaur, hondartzarako bidean, Zurriolatik pasatzea erabaki dut, The Loafen espelta ogi integrala erosteko asmoz. Erakusleihotik ogirik ez dut ikusi, halere sartu naiz galdetzera. Ba lekua jada ez da The Loaf deitzen. Euskaraz ez zekien saltzaileak jada ogirik saltzen ez dutela adierazi dit. Hura egoten zen apaletan Basque Cheese cake inprimaturik zuten kartoizko bilgarriak zeuden. Nire harridurarako, edo ez, denda guztia Donostiarretik ezer ez duen ditxosozko tarta horretaz beterik zegoen.

Ogia bertakoek erosiko zuten, opilak, aldiz, kanpotarrek erosten dituzte, kola eginez, jabeen diru kutxak betez, bertakoen ohitura osasuntsuak erabat alboratuz.

Eta orduan otu zait Donostian ogi ekologikoa saltzea ez dela negozioa ez baita turistikoa. Ogi mota hori beste bizimodu motelagoa bilatzen dugun klase ertaineko zoro batzuk soilik erosten baitugu, nahiko garestia baita, baina horrekin ez da nahiko Donostia mailako negozioa egiteko.

Eta izugarrizko pena sentitu dut, turismoa eragiten ari den kalteaz kexu. Eta bizikleta hartu eta hiru kilometro estra eginez hondartzara joan naiz, motxila hutsik, ogirik gabe, iraila arte ogi industriala jaten egon beharko naizela pentsatuz.

2025/08/08

ABUZTUAK 8 (plazer txikiak)

Gustuko dut marea behean denean, goizaldean, Donostiako hondartzetan barrena pasiatzen ibiltzea. Ondarretan hasi eta Nautikoraino heldu, pareta edo arrokak oinez ukitu* eta buelta hasera aldera, edo alderantziz.  Maite dudan gauza bat da, lasaitu egiten nau, berdin dio negua ala uda izan. Udaran bainujantzian, neguan estaliago, baina itsasertzetik ibiltzea eguzki izpiak jasoz plazer izugarria ematen dit.
*Bai, pareta ikutzen dut, ez dakit zergatik, norbaiti ikasia diodan edo txikitatik ikusi dudan zerbait den, baina ez da sineskeria bat.

Hondartzako umea izan naiz ni, udara guztiak pasatzen genituen izeba baten koinataren Kontxako toldoan, eta bai maite dut hondartza, harea, ur gazia, dutxa hotza, pikoloroko haitzak, han egiten den umeen txisek epelduriko piszina naturala, denak dira txikitako oroitzapenak eta denak gaur eguneko plazer txikiak.

Eta pasiatzen noala aurretik doazenen edo gurutzatzen ditudanen gorputzetan erreparatzen dut. Terapia ona da konplexuz beteriko gizarte honetan tontakeriak alde batera uzteko. Denetariko gorputzak ikus ditzakezu. Batzuk oso argalak, beste batzuk oso potoloak. Ez dira bi berdin. Adin batetik aurrera tripatxoa edo emakumeok zelulitisa edukitzea naturala dela ikusten duzu. Emakume batzuk nik baino tripa gutxiago dute, baina ipurtaldea askoz zabalagoa eta zelulitis gehiago. Eta orduan neure buruari esaten diot, berrogeita hamaseirako ez nagoela hain gaizki, eta bikoterik ez badut ez dela nire itxura fisikoarengatik, beste arrazoi batzuengatik baizik.
Eta zeintzuk diren beste arrazoiak, ba zaila da bat zehatza ematea. Izaera akaso, ez naiz edozerekin konformatzekoa, exijenteegia naizela diote ezagutzen nautenek; gainera, lotsak eta beldurrak pausoak ematea galarazi izan didate, eta askotan geratu naiz nik egin nahi nuena besteek nola egiten duten ikusten.
Baina ez zen hori ekarri nahi nuen gaia, bikoteak pasiatzen ikusteak nahastu egin nau. Nion, hondartzak toki zoragarriak direla konplexuak galtzeko. Han denetarik ikus dezakezu, eta konturatzen zara zu bat gehiago zarela zure inperfekzio guztiekin, beste guztiak bezala, baina ura hanketan sentitzeak, brisa aurpegian eta eguzkiaren epela bizkarrean arazo guztiak ahaztarazten dizkizu une batez, plazerari tarte bat utziz. 

Ba bihar ere marea behean tokatzen da goizez eta eguraldi ona dator. Plazer une baten bila joango naiz Kontxara, nire konplexu eta beldur guztiak ahazturik. Ea elkar ikusten dugun.

 

 

2025/08/07

ABUZTUAK 7 (marmotaren urtea)

1993an Bill Murrayk antzezturiko filma El día de la marmota izenez zaigu ezaguna, estatu espainolean Atrapado en el tiempo izenburupean pantailaratu zuten arren. Ba nire aurtengo urtea, ez eguna, marmotarena dela esan dezaket, ezbairik gabe, arrazoi desberdinak medio.

Lehen aldia da marmota edo muxarra ikusi dudana. Baina kuriosoa da gero, Piriniotan mordo omen dago, baina nik sekula ikusi ez. Lehena Kyrgyzstanen ikusi nuen, goizean goiz, neure behar fisiologikoak egiten ari nintzela. Ume txiki bat bezala sentitu nintzen, aurkikuntza bat egin izan banu bezala. Eta hara non, azken egun hauetan Sarrioen ibilbidea egiten aritu naiz eta sarrioak ez, baina marmota mordoa ikusi dut, eta ni Kyrgyzstanez harrokeriaz mintzatzen… Nola diren gauzak.

Baina marmotaren urtea diot ez soilik marmotak ikusi ditudalako, hori ere bai, noski, laurogeita hamarreko hamarkadako filmean bezala, bizitza edo egoerak errepikatzen ditudala iruditzen zaidalako baizik. Alde bakarra niretzat urtea igaro dela izan da.

Urte bete zaharragoa naiz, baina duela urte beteko antzeko egoeran nagoela esan dezaket. Antzeko gauzak egin ditut udaran, antzeko sentimenduak dauzkat, antzeko nahiak, antzeko ezinak eta antzeko beharrak. Etorkizunak antzeko bizitza ekarriko didala iruditzen zait eta hemen nago, ordenagailu aurrean eserita, denbora pasatu izan ez balitz bezala, bihar ere marmota ikusteko itxaropenaz jaikitzera banindoa bezala. Baina benetan marmota ez da marmota, nire gogoan gorderik dudan ametsa baizik, eta ez zaizkit nahiko nituzkeen egunak errepikatzen, hainbat kontu modu desberdinean egiteko aukera izanez, baina sentsazioa etengabeko deja vu bat bizitzen ariko banintz bezala da.

Marmotaren urtea, bai horixe, iratzargailuak goizeko seietan jo eta dena errepikatzen dela ikusi, denborak aurrera egiten jarraitzen duen bitartean.

 

2025/07/30

UZTAILAK 30 (malenkonia)

Hostoak astun

zerua ilun

porlana heze

 

Nire gotorlekuan ezkutaturik

kanpoan jazotzen denari so

pentsamenduei hegan utzi

eta zure irudi lausoa

bueltatzen zait

etengabe

 

gau hartan ere

porlana heze

zerua ilun

hostoak astun ziren

 

eta ni zure gorputzarekin

horditurik

amaierarik gabeko

amets batean

gaurdaino heltzen dena 

2025/07/29

UZTAILAK 29 (udara aurrera doa)

Udara aurrera doa. Sabatikoa amaituta, baita nire azken bidai handia ere, euro askoko urrutira egindako bidaiak hala izendatu badaitezke. Egun batzuk barru Pirinioetara joango naiz lagunekin trekking txiki bat egitera, baina hori ohiko udaren barruan sartzen den plana izan ohi da. Amaitu dira abentura handiak, urduri jartzen ninduten horiek, amaitu dira ezjakintasunak, amaitu zer eta nor topatuko dudan jakiteko ezinegona.

Azken bidaiara desmotibaturik heldu nintzen nolabait, bidaikideen perfilak atzera egiten ninduelako. Egia esateko, nire izaerara egokitu zitekeen pertsona bakarra topatu dut, baina izan nadin zintzoa, oro har, jende ona zen eta ez dut gaizki pasa.

Kyrgyzstan zoragarria da natura eta mendia gustatzen zaigunontzat. Esplotatu gabeko lurraldea gure zorionerako eta, fisikoki oso ondo sentitu ez naizen arren, gripe batek eta altuerak eraginda, gozatzeko parada ere izan dut. Halere, adinduez kokoteraino amaitu dut. Taldean bidaiatze horren inguruan pentsaraztea eragin dit. Ez dut ezer adineko pertsonen aurka, ni ere adinean aurrera noa, baina gauza batzuetarako beste galaxia batean bizi garela iruditzen zait, eta ez nau batere asetzen.

Eta etxean buelta, euriak, udazkeneko giroak eta portugaleko karabelen notiziak hartu naute. Ba a ze abuztuko aurreikuspena. Espero eguraldiak hobera egitea, eta eguzki izpitan txigortzeko aukera izatea oraindik, uretan zurekin gurutzatzen naizela amesten dudan bitartean. 


 

 


2025/07/27

UZTAILAK 27 (dulce hogar, a veces)

Bi ordu eskas lo eginda eguna bidaiatzen eman dut: hegazkin bat, bost ordu aireportuan, bigarren hegazkina, busa Donostiara, taxia etxera... Atera heldu naizenean betiko beldurrak harrapatu nau, hotzgailua arrez beterik topatzea. Eta diotenez, asko pentsatzen diren gauzak gertatu egiten omen direnez, ba atea ireki eta argirik ez da piztu. Usain mingots batek harrapatu ditu nire sudur zuloak, frigoa ireki eta, arrarik topatu ez arren, usteldutako janariak jabetu dira giroaz. Halaxe, nengoen bezala, justu justu kaleko atea itxirik zabor poltsak betetzen hasi naiz. Organiko ustela batetik, plastikoa bestetik, guztia kirats berdinak jabetuta, ia bi ordu luze igaro ditut elektrizitate faltaren ondorioak konpontzen. Berrogeita hamar euro janari, gehiago ez bada, joan dira pikutara, eta sukaldea bapo lurrindu arren, kiratsak hor jarraitu du, nire sudur zulotan itsatsirik. Bihar goizean garbiketa sakona egitea tokatuko da, baina orain dutxa hartuta banoa ohera. 

2025/07/10

UZTAILAK 10 (poema soziala VI: hutsa)


Zuloa

harriz bete

harrien arteko tarteak hareaz

hare-aleen arteko hutsuneak uraz

 

zuloa estali

desagerrarazi

 

Zuloa zure gogoan da

harriak dira zure planak

harea natura

hutsuneak kultura

eta ura…

 

lehortea darabil azken garaian

2025/07/07

UZTAILAK 7 (aupa Mikel)

Gaurko eguna efemeride bat da Euskal Herriko historian, baita nirean ere. Gaur berrogei urte dira Sarri eta Pitik Martuteneko kartzelatik ihes egin zutela, bafle batzuetan sarturik Imanolen kontzertu bat baliatuz.

Kortatu talde hasi berriak oso ideia ona izan zuen historia haren inguruan kanta bat sortzean, giro zehatz bateko gazteon soinu bandaren parte bihurtu baitzen, himno bat kasik, eta egun, etxeko musika aparatuan ez jarri arren, kanta entzun eta dantza batean hasten baikara, gure parte ere badelako, nirea bederen bada.

Berrogei urte gure aro modernoko intelektual handienetako baten misterioa hasi zela, bere idazketa oparoaren esperoan geratzen ginelarik urtez urte.

Berrogei urte herri xehearentzat ekintza gogoangarria gertatu zela, zure kontsideratzen dituzunak kartzelatik ihes egitea ospatzeko moduko kontua baita.

Eta atzo egin zuten kantuarekin dantza Arrasaten, ekainaren hamalauan Donostian egin bezala, edota urriaren lauan Euskal Herriko hiriburuan egitea espero dugun moduan.

Historia garaileek idazten dutela diote, baina historia egin herriak egiten du. Aupa Mikel!

 

2025/07/02

UZTAILAK 2 (esker aunitz)

Badakit nire buruari askatasuna eman diodala nahi dudanean idazteko, baina urduri sentitzen naiz, barruan dudan korapiloa askatu beharra, eta idaztea horretarako terapia ezin hobea zait. Ez dut idatziko korapiloa eragin didan egoeraz, hori niretzat gorde nahi dut, nire gogoeten ondorioa besterik ez baita. Beste zerbaitez arituko naiz.

Gaur mezu zoragarri bat jaso dut irakurle batengandik, emozionatu naiz kasik. Soilik horrelakoak irakurtzeko merezi izan du esfortzuak, plazeretik idatzi arren esfortzu bat ere suposatu didalako. Milesker benetan.

Mezuan, besteak beste, maitasunaz edo maitasun faltaz asko hitz egiten nuela zioen, ederra dela maitatua izatea eta bikotean bizitzea, baina trukean askatasuna ere galtzen dela, eta nigan askatasun handia somatu duela. Eta horrek zer pentsatua eragin dit, indarra eman dit bizitzari sarritan faltan dudan positibotasunetik begiratzeko. Eta beti diogunez, bizitzan dena ezin da eduki, beti nahi dugu ez daukagun hori, eta nik beste batzuk dutena desiratzen dudan modu berean, beste batzuk nik dudana nahiko lukete. Espezialistak gara gero mortalok besteena desiratu eta gurea infrabaloratzeko, atsekabe konstante batean egoteko.

Gaur MLri esker nire askatasuna aldarrikatu nahi dut. Munduan nahi dudana izateko askatasuna, inor kaltetu gabe noski, nahi dudana egitekoa, errespetutik eta berdintasunetik besteei begiratzekoa. Besteak libre maite nahi ditudan modu berean nik ere libre izan nahi baitut, bidean asko sufritu arren.
Gora maitasuna eta gora askatasuna!