2025/03/18

MARTXOAK 18 (idazteaz)

Gaur filosofiko esnatu naiz. Idatzi nahi dut, idatzi behar dut, zertaz ordea? Barrutik hutsik sentitzen naiz, beraz zer dut nik adierazteko, zer esateko nire zurekiko maitasuna aitortzea ez bada? Baina ez dakit nor zaren, ez dakit non zauden, toki guztietan bilatu zaitut eta ez zaitut oraino aurkitu.

Bilatu zaitut kalean, bilatu zaitut etxean. Bilatu zaitut zineman eta kontzertuetan, baita liburuetan ere. Bilatu zaitut mendian eta hondartzan. Bilatu zaitut ametsetan eta nire barruko toki intimoenetan. Baina ez zara inon ageri, soilik egunen baten utzitako lorratza ikus dezaket, besterik ez, eta ez diot bada arrasto bati nire maitasuna aitortuko, zorotzat hartuko nindukete, jada zoratuta ez banago.

Bai askotan pentsatzen dut, gero eta maizago, erotuta nagoela. Behin nire soinean utzi zenuen hordikeria ezin gainditu nago, eta noraezean ibiltzen naiz, kalean bakarrizketan zure pausuei segi nahian, haien arrastorik inon topatu ez arren.

Baina, zertaz ari nintzen? Jada haria galdu dut, ikusten irakurle, burua joanda nabil. A bai, idazteaz, idatzi egin behar dudala esan dizut, baina ez dakit zertaz, zurekiko maitasuna aitortzea ez bada.

2025/03/17

MARTXOAK 17 (menpekotasunak)

Bost urte bete dira Covidaren pandemia gertatu zela. Harengatik bizi izan genuen itxialdiari eta ondoren jasan behar izan genituen murrizketei buruz ez dut oraino hemen hitz egin, egunen baten akaso. Nik, beste askok bezala, une zailak bizi izan nituen, eta esan beharra daukat kulturak salbatu ninduela, kirolarekiko eta errutinekiko izan nuen diziplinarekin batera. Asko irakurri nuen eta etxetik irteten utzi zigutenean asko joan nintzen zinemara, etxean seriek eta filmak ikusteaz gain. Eta gauza da zinema niretzat droga bat bezalakoa dela, asteroko dosia behar dut. Ez daukadanean moldatzen naiz, baina gero errekuperatzeko behar moduko bat izaten dut.

Hilabete luze pasa dut zinemara joan gabe edo telebista ikusi gabe, eta etxera etorri eta hemen nabil, kartelera guztia bat batean irentsi nahian, bizia horretan joango balitzait bezala. Eta noski, ba ez naiz asmatzen ari ez filmekin, ez eta haiek ikusteko ordutegiarekin ere. Oraindik jetlaga daukat, ordutegia aldatuta, goizetan goiz esnatzen naiz, ondo aguantatzen dut, baina arratsaldean logura sartzen zait. Siesta ekiditen ari naiz, baina utzi ezkero seko jausten naiz. Baldintza horietan ezin zinemara joan, baina ni temati, monoa kendu nahian.

Hiru filma ikusi ditut orain arte. Lehena euskaraz Oraindik hemen naiz itzuli genezakeen Walter Sallesen film brasildarra. Hego Ameriketako diktadurez aritzen garenean beti Argentina eta Txile aipatzen ditugu, sekula ez Brasil. Ba honakoak Brasilgo diktaduran gertatutako Rubens Paivari buruzko kasua kontatzen du. Oso gomendagarria.

Bigarrena Pablo Larrainek zuzendutako Maria Callas filma. Opera kantanteari buruzko biopic moduko bat, bere azken hilabeteez ari dena. Nahiko hotz utzi ninduen, bai filmak baita Angelina Jolieren antzezpenak ere. Esan beharra daukat ez zaidala gustatzen aktore bezala.

Hirugarren film portugaldar bitxi bat ikustera joan nintzen, Grand Tour, txuri beltzean, jatorrizko bertsioan azpiidatziekin, ba bai, lokartu egin nintzen edo kolpeka aritu nintzen lo ta esna. Filmaren haria ez nuen galdu halere, galtzeko gutxi agian, baina erdizka ikusi nuen. Honek epel utzi ninduen, halaxe egon bainintzen nire berokiaren azpian. 

Atzo ere zinemara joatekoa nintzen, baina bi aldiz pentsatu eta etxean geratzea erabaki nuen. Eskerrak, arratsalde osoa begi bildu batean igaro bainuen.

Gaur berriz ere banoa, gaurkoan Lumiere anaiei buruzko dokumental bat ikustera. Ea esna aguantatzen dudan, baina joatea ez da aukerakoa egunak falta baitzaizkit ikusi nahi ditudan film guztiak ikusteko.

Ez galdu film brasildarra. Bihar arte!

2025/03/16

MARTXOAK 16 (krossfiteroekin egin dut topo)

Gaur, igandea, izugarrizko eguraldiarekin esnatu gara. Hotza dago, baina paseo bat emateko sekulako argitasuna dago. Mendira joatea baztertu dut, azken egunetako euri zaparraden ondoren lokatza eta hezetasuna egongo delako, elurra ez bada. Beraz, Donostiara joatea erabaki dut.
Gustatzen zait Donostiatik paseatzea. Mareak uzten badit hondartzatik ibiltzen naiz, gero portua, paseo berria. Toki kuttuna dut eta askotan entretenitzen naiz argazkiak ateratzen. Gurutzatzen dudan jendean arreta jartzen dut, eta ze hizkuntzetan ari diren erreparatzen. Gaur euskara gutxi entzun dut, agian igandea izanik kanpoko jende gehiago dabilelako izango da, ez dakit. Baina aurki euskaraldia hasiko dela otu zait eta buruari eragiten hasi naiz.

Nire etxe parean atletismoko pista bat daukat. Bere garaian eraiki zutenean, ez dakit nahita edo nahi gabe, ez zizkioten pista batek konpetizio ofizialak jasotzeko behar dituen neurri egokiak eman. Ondorioz, ez da egoten halako atletismo probarik, baina entrenatzeko eta bestelako probentzat erabiltzen da, azken boladan gero eta gehiago. Gaur, esaterako, ustez krossfiteroena iruditu zaidan lehiaketa bat zegoen.
Etxetik irten naizenean prestaketa lanetan ari ziren, heldu naizenean azken probetan eta sari banaketan. Megafonia zuten, noski, ozen, oso ozen. Ba al dakizu zein zen bozgorailutik irteten zen euskararen presentzia? Zero. Joaterakoan musika zuten, hasieran flamenkoarekin lotu ditudan doinu batzuk, gero ingelesezko beste doinu matxakoi samarrak. Bueltan ahots bat, gaztelania hutsean. Eta hor dago gakoa, jendartean bultzatzen ditugun ereduak, denak, gaztelaniarekin lotuta daudela, hori areagotzen ari diren kirol ereduez hitz egin gabe.

Hernani batean, berdin zait zein proba motetan, ez bagara gai euskal kultura eta euskara erabiltzeko, nola lortuko dugu hizkuntzaren erabilera areagotzea? Gazteen gaztelaniarako joeraz hitz egiten dugu gero eta gehiago, baina  ez al gara gu horren lehen erantzuleak? Ez al genuke toki publikoetan egiten diren ekitaldietan euskararen presentzia minimo bat derrigortu beharko, kuota moduko bat ezarri, subentzioak jaso ala ez? Baina bi urtetik behin euskaraldiak antolatzearekin konformatzen gara.

Dena amaitu denean, balkoitik parte hartu duten batzuengan jarri dut arreta. Krossfiteroak pentsatu dut. Ez zait ikusten nuena gustatu, ez eta entzuten nuena ere. Agian ni naiz tokiz kanpo geratzen ari dena. Hala izango da, ziurrenik, zahartzen ari naizen seinale, edo, behin batek esan zidan moduan, oso arraroa naizelako? Auskalo! 

2025/03/15

MARTXOAK 15 (bakardadeaz)

Bai badakit gai honi buruz asko hitz egiten dudala, baina gizateriaren gai unibertsal horietako bat dela iruditzen zait, niri, pertsonalki, asko eragiten didana eta nire bizitzaren giltzarrietako bat ere badena.

Hilabetez ibili naiz munduko beste puntan bakarrik, niretzat nolabait arrotza den hizkuntza batean funtzionatuz, eta bai, desiratu dut uneren batean han akonpainatua egotea, baina ez dut inongo unetan bakardaderik sentitu, agian hasieratik nekielako hori izango zela nire egoera naturala han.

Heldu naiz Euskal Herrira, heldu naiz etxera, eta hasi naiz bakardadean pentsatzen. Hau da hau marka, nola da posible? Euskal Herrian bakardadea ez al da naturala ala? Edo hemen, izan ziren eta ez diren horien guztien mamuak ernaltzen zaizkit batera, bakardadearen sentsazioa handiagotuz?

Askotan pentsatzen dut oraintxe desagertuko banintz inork ez ninduela faltan botako, egunerokoan ez baitut halako lotura esturik inorekin, baina sentsazio hori, oso tristea izan arren, gero eta modu positiboagoan hartzen dut, eta horrek pozten nau. Baina egiari zor, egunerokoan inorekin lotura esturik ez izan arren, kontziente naiz hainbat pertsonek gogoan nautela modu batera ala bestera, nik beraiek ditudan era berean.  
Esaterako, jada hemen idatzi dudanez, heldu egunean lagun batek bere etxera gonbidatu ninduen bazkaltzera, eta etxera afariarekin bidali ninduen, egun hartan erosketetan eta kozinatzen ibili behar ez izateko, atsedena har nezan bidai luzearen ostean.
Atzo lankide batek idatzi zidan ongietorria emateko, etxean bueltan egoteak pozten ziola, baita hurrengo ikasturtean berriz ere lankide izango garela jakiteak.

Zuri ez dakit, baina niri espero ez ditudan horrelako jarrerek eta mezuek pilak kargatzen dizkidate, norbaitentzat nolabait inportantea naizela jakiteak autoestimua, askotan lurraren pare egoten den psikearen ditxosozko ezaugarri ezinbesteko hori, igotzen dit.

Eta hemen naiz, asteburuan, bakarrik, neurrira atondutako nire gotorlekuan, gogoa asebetetzen didaten gauzak eginez eta planeatuz. Goizean mendira, orain idatzi, gero irakurri, arratsaldez zinemara eta iluntzean lotara, ea gainean daramadan jetlagari lehenbailehen aurre hartzen diodan.

Eta gomendio batekin amaitu nahiko nuke: Bakartasunaz bi hitz liburua. 2004. urtean argitaratu zuen Txalapartak. Bertan, IKko militante preso Filipe Bidartek isolamenduari buruz hitz egiten du. Bakardadea sentitzen duzunerako terapeutikoa suertatuko zaizulakoan, on egin! 

2025/03/14

MARTXOAK 14 (nire talaiatik)

 

Nire talaiatik

zelatatzen zaitut

baina ez zaitut ikusten

 

Imajinatzen zaitut

lanerako bidean

etxean ikasten

kirola egiten

 

Amestu zaitut

ni zelatatzen

nire argazkiak begiratzen

ni desiratzen

 

Irudikatu dut

elkartzen garela

gure begiradek

topo egiten dutela

gure eskuak

ukitzen direla

elektrizitateak

zeharkatzen gaituela

 

Hori guztia

nire talaiatik

zelatatzen zaitudan

bitartean

 

Baina, oraindik

ez zaitut ikusi

2025/03/13

MARTXOAK 13 (bukatu da ZEN unea)

Ez dut oraindik Zelanda Berritik ekarritako sentsazioen baloraziorik egin hemen, baina aurreko egunetako testuen tonuan antzemango zenuen zoratzen etorri naizela, guztiz erlaxatua, pozik, ZEN moduan. Ba hori han da posible, hemen bukatu da lasaitasuna.

Gaur euskal taldeek, Athleticek eta Errealak zehazkiago, Europa Leagueko konpetizioko partidak dituzte. Errealak Manchesterren aurka Old Trafforden, Athleticek San Mames Barrian Roman aurka, eta hori da hona ekarri nahi nuen gaia, beste behin ere?, ez naiz akordatzen, baina bai futbola. Ez futbola kirol bezala, futbolaren inguruan sortzen den giroa baizik. Forofismoa, borregismoa, doako biolentzia, arriskua, ehuneko handi batean, eta ez da kasualitatea, gizonek eragiten dutena.

Gauza da gaurko eguerdiko berrietan adierazi dutela jada Bilboko ez dakit zein kale moztuta zeudela, polizia piloa zebilela kaleetan arriskuko partida zelako, Erromatik sarrerarik gabeko ez dakit zenbat jarraitzaile ultra zetozelako, baita haien adiskide diren Athleticoko beste hainbat ultra ere.
Duela hilabete batzuk, errealak Anoetan horrelako beste partida bat jokatzen zuen batean, Ernest Lluch kultur etxea itxi egin zuten, eta egun hartako ikastaroak bertan behera utzi arrazoi antzekoengatik.

Eta hor nire kezka, zertan bihurtu ditugu gure gizarte ustez demokratiko hauek, futbol partida baten aurrean populazioaren zati handienari bere askatasuna mugatzen zaiola bere segurtasunaren izenean? Kaleak mozten direla, toki batzuetatik igarotzea debekatzen dela, tabernetako terrazak kendu arazten direla, kultur etxeak ixten direla, eta abar luze bat, beste batzuk libreki kasik nahi dutena egin dezaten?

Hemen ere emakumeen aurkako biolentziarekin gertatzen den bezala gertatzen da: neurriak gizonen aurka eta haiek hezitzeko hartu behar dira, eta ez alderantziz. Ba futbolean ere, arazoak aurreikusten badira, agian partidak publikorik gabe jokatu beharko lirateke, populazioaren gehiengoak bere askatasunaz gozatzen jarraitu ahal izateko, ez al duzu uste?
Ez dut ulertzen doako biolentzia hori, futbol partida batengatik inguruan daukazuna txikitzeko beharra, besteen kontra oldartzekoa, hiltzeko balio duten tresnekin ibiltzekoa, beste pertsona bati arrazoirik gabe kalte egiteko erraztasuna munduko gauzarik normalena balitz bezala.

Eta hori eraiki ditugun gizarte ereduen ondorioa besterik ez da, non bereizketak egiten ditugun klasearen, generoaren, arrazaren arabera. Arkitektonikoki hiriak eraiki ditugu bereizketa horiek nabarmentze aldera, eta goazen bidetik zaila daukagu hori iraultzeko. Gutxienez kontziente izan gaitezen gauza horiek ez direla ausaz gertatzen, gure sistema kapitalistak dituen ondorioetako bat besterik ez dela, eta hala ikusi nahi ez duenak, betaurrekoak jantzi beharko lituzke.

Gabon eta ea zuen taldeak irabazten duen! 

2025/03/12

MARTXOAK 12 (beste ni bat?)

Kaixo aspaldiko, bai, hemen naiz berriro bueltan, formatu honetan esan nahi dut, idazteari egun batean ere ez baitiot utzi, telegrameko lagunek, esaterako, izan dute nire berri nolabait.
Horrenbeste gauza esateko dut eta, era berean, bat ere ez, bizitakoak, izandako sentipenak, hitzez adierazezinak balira bezala, niretzat gorde beharreko zerbait bailitzan.

Hilabete luze joan da, eta oraintxe bertan atzo balitz bezala iruditzen zait, nahiz eta atzo hori oso urrun egiten zaidan, urrun denboralki, urrun fisikoki. Begitantzen zait pertsona berri bat naizela, nahiz eta barruan min eta sentipen berdinak izan, baina haiei begiratzeko modua aldatu dela dirudi, edo hori pentsatu nahi dut. Hilabete zaharragoa naiz, hilabeteko esperientzia horren ondoren jakintsuagoa naiz, bizitzari aurre egiteko moduan aurrera pausu bat eman dudala esango nuke, aberatsagoa naizela, beti bezain hauskor izaten jarraitzen dudan arren, baina beste modu batez. Hau egin badut edozer egin dezaket, hori da nire buruak dioena, eta horrek energiaz, gogoz betetzen nau aurrera jotzeko.

Uste dut pausatu egin behar naizela une batez, hausnartu, nondik natorren eta nora joan nahi dudan erabaki, ez utzi bizitzari pasatzen, baizik eta nik erabaki zer pasatzea nahi dudan, ez dakit ulertzen didazuen, ez dakit berdina gertatzen zaizuen. Ez dut nire etorkizun hurbila patuaren menpe utzi nahi, etorriko da etorri behar duena horrekin bizi nahi, nire bizitzaren gidari izan nahi dut, La Modaren kantuak dioen moduan gero eta garbiago daukat Ni naizela orain lemazain nire bizian, eta horrek indar handia ematen dit.

Eta zein da zuen bizitzan lemazaina?

 

 

2025/02/04

OTSAILAK 4 (Kuala Lumpur)

Ba hemen nago, Malaysiako hiriburuko aireportuan, 30° C-tara, egun pasatxo geroago, nire hirugarren hegazkinaren zain, oinak bainoago odolkiak diruditen nire gorputz-adarrei begira. Bertako 17:30 inguruan lurreratu gara, EHko 10:30etan, ia hamar orduko hegaldiaren ostean. Egia da eman dizkiguten bi otorduetako tarteak kenduta, ia hegaldi osoa lo edo begi bildu batean igaro dudala, eta arin joan zait.
Orain beste hiru bat ordu itxaron behar, Aucklanderakoa hartu arte.

Kuala Lumpur oso izen erakargarria da, baina, egia esateko, ez dakit ezer ez herrialde honi buruz. Bertara iristean piztu zait interesa: zertan oinarritzen duten ekonomia, zein erlijio profesatzen du gehiengoak, zein hizkuntzetan mintzo dira... Gutxienez, ia ziur hondartza ederrak izango dituela, beraz, beste baterako destinoa izan daiteke akaso.
Baina, oraingoz, nahikoa daukat Zelanda Berriko txokoei buruzko informazioa bilatzen, ez naiz beste herrialde batzuekin hasiko nahiko nahasmendu badaramat gainean eta.

Egun on!

2025/02/02

OTSAILAK 2 (bezpera)

Ba heldu da, eta gaur ez dakit nola igaroko dudan eguna. Entretenitua egotea komeni zait nerbiyuek akaba ez nazaten. Baita gauza batzuk begiratu beharko nituzke ere, planninga zehaztea paperean, baina ez dakit ahal izango dudan.

Lortu dudan kontaktuetako batek erantzun dit, nire bila etorriko da aireportura. Flipatuta nago, ze jende jatorra dagoen mundu honetan, sasikumeez haratago. Beste batek ez dit erantzun. Ez dakit berriz ere saiatu ala ez. Nahita ez dit erantzun ala dena delakoagatik ez du mezua ikusi edo entzun? Ez dakidanez, ez dakit nola jokatu. Audio bat bidali nion. Igual zenbaki ezezaguna ikustean zuzenean borratu egin zuen? Agian idatzizkoa bidaliko diot, ea erantzunik badagoen? Bai, hori egingo dut.

Eta bitartean hemen nabil, etxea txukuntzen, ahalik eta ondoen uzteko asmoz, frigoa hustutzen, nire kiloetan eragina izaten ari dena ezbairik gabe, bueltan lizunez beteriko bizitoki bat topatzea ekiditeko, eta gogoan izan behar ez nituzkeen eta bizi naizenik ere ez dakiten pertsonekin akordatzen.

Eta konturatu naiz errepikatu egiten naizela. Idazten ari naizenean, hau jada idatzi dut, etortzen zait burura, gero eta gehiagotan. Ez dakit hori ona ala txarra den. Ez dakit estilo baten ezaugarriak adierazteko modu bat den; ez dakit ideiak agortuta ditudalako den. Horretan pentsatzen ari naizela Mark Rothko bezalako artistak datozkit burura. Ez, ez dut nire burua mundu mailako, edo Euskal Herri mailako, edo nire herri mailako artistekin konparatu nahi. Bakarrik esan nahi dut pertsona bakoitzak bere interes propioak dituela, bere izaera, bere estiloa, eta hori, lehenago edo beranduago azaleratu egiten dela. Eta ez ote zait niri hori gertatzen ari, zazpi hilabete osoz, egunero idazten aritu ostean, jada estilo eta gaitegi propioa garatu dudala eta, ondorioz,  errepikatu egiten naizela, baita izenburuetan ere.

Eta, korapilo bat sabelean, utzi egingo zaituztet irakurle maiteak, zenbat zarete, bat, lau, hiru, bost, zazpi? Gutxirekin konformatzen naiz, gaur blogean irakurle kopurua zero izan da, eta zer? Berdin dio. Halere, egunero jarraituko dut paperean nire abenturak, sentsazioak, pozak eta tristurak jasotzen. Bueltan izango duzue nire berri ostera ere.

Bitartean zaindu zaitezte, eta zoriontsuak izaten saiatu!

2025/02/01

OTSAILAK 1 (irrazionala naiz)

Atzo mendi buelta bat ematera joan nintzen. Bidean perilladun tipo batekin gurutzatu nintzen. Gorroto ditut perillak, perilladun tipoak. Ez gorrotatu ez, nazka ematen didate. Badakit esaten ari naizena guztiz irrazionala dela, baina hala da. Perillek atzeraka egiten didate. Perillaren atzean gizon nazkagarri bat ezkutatzen dela iruditzen zait. Ezingo nioke perilladun bati muxu eman. Ez, ez dut traumarik, ez dut uste, baina egia da oso sentipen bortitza dela, neurriz kanpokoa, justifika ezina, baina hala da.

Baina perilla mota asko daude. Ni ez naiz kokotzatik gora ilezko laukitxo bat duten horietaz ari, hau da, antxume baten tankeran ile batzuk uzten dituztenez, ez. Atzeraka egiten didatenak ezpain inguruan ilezko borobil perfektua moztuta daukaten horiek dira. Beno borobil edo elipse, aurpegiaren formaren arabera. Ulertzen duzu zertaz ari naizen? Abascalen estiloan, baina perillan, ze argazkietan fijatzen aritu naiz eta hark bizarra osoa dauka, belarrietarainokoa. Abascalek ere nazka ematen dit noski, berea perilla ez izan arren, baina horretarako arrazoi estetikoak baino arrazoi ideologikoak daude. Baina perillekin ezin dut; ez perillekin, ez eta perilladunekin. Zeinek esango die gizon horiei guapo daudela, edo ondo geratzen zaiela? Ezin dut ulertu.

Harritzen al zaitu orain zergatik kostatzen zaidan horrenbeste ligatzea? Nola ligatuko dut, norekin, pertsonak baztertzeko halako arrazoi zentzugabeak, irrazionalak erabiltzen baditut?

Eta zuek, halako fobiarik sentitu al duzue inoiz? Arratsalde on!