2024/12/17

ABENDUAK 17 (gauza soilak ditut maite)

Gauza eta pertsona soilak ditut maite. Bai hala da, apaingarriak soberan ditut, gero eta gehiago. Soiltasuna diodanean naturaltasuna ere adierazi nahi dut, artifiziorik gabeko hori, berezkoa dena, besterik ez. Pertsonak halakoak maite ditut, gero eta gehiago, itzulingururik gabe dabiltzanak, bere aurpegia, izena eta izana lehenengotik adierazten dizutenak. Horren bila nabil, beti, eta halakorik ezagutuz gero horretan tematzen naiz, zaila baita landugabeko diamante bat bitan topatzea.
Baina ez zen hori gaur hona ekarri nauena, soiltasunez ari nintzen bai, baina bi gomendioekin natorkizue, bata musikala, bestea zinematografikoa.

Lehena aurrekoan ere aipatu nuen, Biznaga talde madrildarra da. Azken asteetan Euskal Herrian aritu dira biran eta euren azken diskoa erosi diet. Furgoan daramat ordu erdiko CDa buelta eta buelta, ozen, oso ozen, haien letrak entzunez behin eta berriz. Gaurkotasuna dute, salaketa dago, baina errealitatea islatzen dute, pertsona arrunten egunerokoak, arazoak, minak, gabeziak eta bizitzeko arrazoiak eta grina.

Beste estilo batean, besteak beste Rodrigo Sorogoyenek sinatutako “los años nuevos” serie espainiarra daukagu. Hamar kapitulu dira, istorioan garatzen den urte bakoitzeko bat. Bi pertsonen arteko hamar urteetako harremana kontatzen da, beti egun berdinean, urteko azken egunean hain zuzen ere. Artifiziorik gabe berriz ere, dialogo naturalak dauzka, zuk eta nik izan ditzakegun horiexek. Esan gabeko desioak daude, eta minak, eta pasioa, sufrimendua eta zoriontasuna, eta norberaren gabeziak; baina guztiaren gainetik maitasun asko, baina benetakoa, erraietatik ateratzen den hori, zuk sentitzea nahiko zenukeen hori.

Ba batzuen diskoa entzuten eta bestearen seriea ikusten otu zait biek ere gauza asko dutela komunean ni horrenbeste harrapatzeko, eta naturaltasuna da, detaile txiki bakoitzean ageri dena. Ez naiz ezeren kritikari eta ez dizuet bestelako baloraziorik egingo. Entzun eta ikusi, eta zuek baloratu. 

2024/12/16

ABENDUAK 16 (badatoz gabonak)

A ze galbana sartzen zaidan gabonetan pentsatzen dudan bakoitzean. Ez zaizkit inoiz gehiegi gustatu, eta adinarekin are eta gutxiago, kalean, poteo egunetan, arnas daitekeen hipokresia ez dudalako jasaten ziurrenik.

Aurten desberdinak zaizkit, opor luzeetan nagoenez ez direlako beharrezko ditudan opor batzuk, baina ohiturazko hainbat kontu berdin-berdin egin behar ditut, eta jada haien arrastoan nabil. Ilobentzako opariak, federazioko txartelaren berritzea, urteko azken eta hasierako egunetan gustura egingo nituzkeen planetan pentsatzea besteak beste. Ez dut burua parrandan, aurreko ostiralekoa ikusita arrazoi gehiagorekin, eta urduritzen hasia naiz, etxeko garbiketa egiteko egunak atzera kontaketan direlako. Eskerrak ez zaidan kozinatzea eta otordurik antolatzea tokatzen, oraintxe bertan etxea dudan modua ikusirik ezinezkoa bailitzake.

Eta ez ditut gabonak gustuko ez, badirudielako egun horietan oso zoriontsua izatearen plantak egin behar dituzula; familia perfektua duzula adierazi behar duzula, zenbat juntatzen zareten eta zein ondo pasatzen duzuen kontatu behar duzula. Zutaz jende pila bat akordatzen dela adierazi behar duzula, baita zu beste pila batez akordatu eta haiek zoriondu ere.

Kaka zaharra, gabonetan nirekin ez da inor akordatzen, urteko gainontzeko egunetan bezala, edota akordatzen direnak urte osoan akordatzen diren berberak dira, esku batekin kontatzekoak. Modu berean ni pertsona jakin batzuekin soilik akordatzen naiz, urteko edozein egunetan akordatuko nintzatekeen horiexek. Eta bai, aitortzen dut Eguberrian etxekoekin bazkaltzeko juntatzea gogoko dudala, agian, urteko beste egunetan elkartzen ez garelako. Eta beti amestu izan nuela gabon zaharra aukeratutako familiarekin, alegia, lagunekin igaroko nuela urteren batean egun hori, baina hori ez da inoiz gertatu, eta, egia esateko, gaur egun jada berdin zait, urteko edozein egun izan daitekeelako egokia horrelakoak egiteko, baina oso aspaldi ez dudala halakorik izan. Eta, hala ere, hemen jarraitzen dut, bizirik, nire gorabehera guztiekin, baina ez gehiegi kexatzeko moduan.

Gabon festetarako, dagozkion afari eta bazkariaz gain, hiru kontzertu dauzkat programatuta. Espero dut mendi irteeraren bat egitea, eta giroak laguntzen badu, eta badirudi baietz, eskiatzera eskapadatxo bat egitea. Ez nauzu poteoan ikusiko, hogeitalau arratsaldez ez bada, ez nauzu ikusiko inor zoriontzen, ohitura faltsu horiek aspaldi galdu bainituen. Halere, zuri irakurle hobena opa dizut, bai gaur, bai bihar, baita hurrengo urtean ere.

Ondo pasa gustatzen zaizun hori egiten!

2024/12/15

ABENDUAK 15 (deskontrol)

Ez da berdina dena ez kontrolatzea eta deskontrolatzea. Lehenaren aldekoa naiz, ni nahiko kontrolatorra izan bainaiz bizitza osoan, ez dakit nahita edo nahi gabe, eta gauzak gertatzen uztea eta guztiari adi ez egotea niretzat positiboa da. Baina hortik deskontrolatzera alde handia dago.

Aurrekoan hori gertatu zitzaidan, bazkari baten ostean kontzertu batera joan, gero pote pare bat gehiago hartu eta biharamunean etxean esnatu, hara nola heldu ote nintzen jakin gabe.
Kontuak egiten hasi nintzen, horrenbeste edan al nuen halako amnesia izateko? Ezetz esango nuke, baina egia da gorputza beti ez dagoela berdin, eta alkoholaren eragina beti ez dela berdina. Gainera, gero eta gutxiago edaten dut, azken boladan kirol asko egiten ari naiz, pisu gutxiago daukat, ez dakit horiek guztiak juntatuta arrazoi nahikoak diren harrapatu nuen mozkorra justifikatzeko, baina egia dena da beldurtu egin nintzela.  Ez dut gustuko horrela sentitzea. Gazteagoa nintzenean izan nituen halako episodio batzuk, baina beti ziren gaupasa baten ondoren, ordu pila bat edaten eta erretzen egon ostean, jaien bueltan, ez ostiral tonto batean.

Eskerrak ez nengoen ene herrian, zerbait desegokia egin banuen inork ez ninduen ezagutzen, hemen azaltzen da besteek gutaz zer pentsatuko dutenaren beldurra; halere, etxean ala beste nonbait, ezagunekin edo ezezagunekin, ez naiz oso harro hori gertatu izanaz. Halako biharamunetan damua da edukitzen dudan sentipena, hori gehiago ez mesedez, atzera bueltarik ez dagoela jakin arren. Eta nire hurrengo pentsamendua da, zer egin behar dut edateari erabat utzi, ze behin hasita azken tragoa hartzeko inoiz ez baitut presa handiegirik.

Eta zuek, kontrolatzen duzue, ala deskontrola nahiago? Igande on!

2024/12/14

ABENDUAK 14 (eta gaur zer)


Buruko min batek esnatu nau

ez dakit non nagoen

nire ohea da

baina ez dut oroitzen

nola heldu naizen bertara

Beldurra sentitu dut

kontrol galtze hori ez dut gustuko

ohean jarraitu dut

lotan jarraitzeko itxaropenaz

dena amets bat izan dela desiratuz 

2024/12/13

ABENDUAK 13 (santa luzia eguna)

 

Ez naiz jostuna, baina josten ikasi nuen, nire amaren tradizioari jarraitu nahian edo, halere, ez naiz inoiz bere parekoa izango horretan. Ez naiz jostuna, baina gaur bazkari eguna dut, gaur jostunen eguna baita, baita urteko egunik motzena ere, esaeraren arabera.

Gaur, eguna motza denez, denbora gutxi daukat idazteko, beraz doala hemendik omenaldi txiki bat ama jostun horiei guztiei, txikitan soinekoak eta denetarik egiten ziguten horiei. Beraiekin batera joan da emakume belaunaldi mota bat. Ez hobea, ez okerragoa, soilik desberdina.

Santa Luzia egun on! 

2024/12/12

ABENDUAK 12 (ehun kilo zabor)

Ehun kilo zabor eraman dut garbigunera

neure bizitzako garai bat ezabatu

berriei toki egiteko.

Berez ez da zaborra

jakintza da,

jada inork erabiltzen ez duen jakintza mota

eta horrela lekua egin dut nirean

gauza berrietarako,

bizitza berri bat eraikitzeko.

Baina otu zait, akaso,

duela urte betetik nire gogoa bete duen hori dela

garbigunera eraman beharrekoa,

eta nahita ere ezin;

zabor psikologikoa

zaborra baino bitxi bat dela pentsatu arren.

Gaur izan da garbiketako eguna

apropos agian 

gauzekin batera

inora ez naramaten sentipenak ezabatzeko esperantzaz,

urtebete nahikoa delako

izango ez den maitasuna

etxean gordetzeko. 

2024/12/11

ABENDUAK 11 (agur Lazkano)

Bizi garen jendarte hetero-patriarkalean ohikoa izan da familia liburuan lehen abizena gizonarena izatea, eta bigarrena emaztearena. Horrekin hazi ginen, horrela hezi gintuzten. Gaur egun, zorionez, gauza batzuk aldatu dira, bikote bakoitzak erabaki dezake zein abizen eman euren umeei, eta bikote hetero batzuetan, askotan ez dakit, emaztearena izan da familiaren lehen abizena. Nire lagun batzuk hala egin zuten bere garaian, halere, ez dut daturik hori zein proportziotan gertatzen den jakiteko.

Nire kasuan, nire gurasoek erabakitzeko aukerarik ez zutela izan jakin arren, nik ez dut inoiz arazorik izan nire lehen abizena aitarena izatearekin. Aitzitik, nire abizenaz harro nagoela esan dezaket, agian nafarra delako eta horrekin bestelako aldarrikapenak egiten ari naizelako nahigabean; baina, nire izena idazterakoan, bi abizenak jartzeko ohitura hartu nuen aspaldi, nire amaren izenari duen garrantzia emateko.

Gaur pilateseko klasean gizon batek Lazkano deitu dit. Ez da lehen aldia hori gertatzen zaidana. Beste batek ere hala deitzen dit ikusten nauenean. Lehen aldian arraro egin zitzaidan, nirekin ez balihoa bezala, izen hartara ez bainengoen ohituta. Oroitzen dut belarria zut jarri nuela, ondo entzuten ari ote nintzen galdezka moduan, baina egun errekonozitua sentitzen naiz amaren abizenarekin. Ez dakit emakumea naizelako egiten ote duten, nire amaren alaba naizelako, emakumea izaki amaren abizena erabili, baina gustuko dut, identifikatua sentitzen naiz, nire aitaren abizenarekin bezain beste, bien alaba bainaiz.

Ez dakit zuei, emakumeak, halakorik gertatu ote zaizuen, agian nire inguruan sentsibilitate handiko gizonak daude, agian kasualitate hutsa da, ez dakit, baina hausnarketa eragin dit. Eta gaur Lazkano moduan agurtu ditut nire gelakideak, eta amarekin akordatu naiz, eta Lazkano ere izateaz harro sentitu naiz. 

2024/12/10

ABENDUAK 10 (besteen sufrimendua gure zaborra)

Izenburu krudela dirudi hor idatzi dudana, baina hori da teknologia berriek ekarri dutena, gure aurrekoek euren sakrifizioarekin faszikuluka plazotan erositako entziklopediak gure etxeko zaborra bilakatzea. Agian zuei ez zaizue gertatuko, baina ni orain bizitzen ari naiz nire gurasoek nekez guretzako erositako liburutzar pila botatzeko trantzean egotea. Eta kosta egiten zait. Ez da Diogenes sindromea dudala, gehiago du zerbait gaizki egiten aritzearen sentipenetik, badakidalako zenbat kostatu zitzaien haiei horiek denak eskuratzea. Eta dena beraiek izan ez zuten ikasketekiko aukera guri ematearren.

Gogorra egiten zait Larousse hura edota euskarazko hainbat hiztegi tekniko botatzea, baita literaturaren historiako obra nabarmenenez desegitea ere. Beno, izan nadin zintzoa, soilik ene bizitza osoan kontsultatu ez ditudan pisuak altxatzeko balio duten totxo horiek kenduko ditut. Txikiagoei, oraingoz, tokia egingo diet, edo tokia egiten saiatuko naiz, eta lortzen ez badut bigarren pasada bat egin beharko dut, edo nire lagun A-ri deitu. Hark berehala eramango du gaur egun sarean edo liburutegietan topa dezakegun edozein obra.

Eta horrela nabil, etxean ordena jartzen saiatzen, horretarako besteen lan guztia alferrikakoa izan zenaren sentsazioarekin. Badakit ez dela horrela, manipulatzaile bat naiz, nire ez botatzeko joera justifikatzeko. Baina zer pentsatuko luke nire amak nik eskatutako liburuak botatzen ari naizela ikustean?

Jarraituko dut garbiketarekin, liburuak ordenatzea eta sailkatzea argazkiak aukeratzea bezain lan nekeza baita.

Arratsalde on guztioi eta entziklopedia beharrean bazaudete jarri nirekin harremanetan.

 

2024/12/09

ABENDUAK 9 (teknologia berriez)

Kasik hiru aste pasa direnean jarri naiz Nepalerako bidaian ateratako argazkiak antolatzen. A ze lana. Kamera analogikoekin ez zen hau gertatzen. Bi hiru karrete zenituen, nahi baduzu hamar ere, baina argazkia ondo pentsatuta ateratzen zenuen, bigarren aukerarik ez zegoelako. Gaur egun, memoria daukazun bitartean, hor hasten zara argazkia bota eta bota, gero on bat aukeratzen izugarrizko lana daukazularik, eta askotan ez diezu argazkiei jaramon gehiago egiten bizitza osoan, instagramen jarri dituzun argazki pareari kenduta.

Eta horretan bihurtu da gure gizartea, gure bizitza, berehalakotasuna bilatzen dugu, unea jaso, publiko egin, zertan ari zaren adierazi, gero zure bakardadean, akaso, egoera horri ez diozunean inolako garrantzirik ematen. Publikora begira bizi gara, ikusgarritasuna bilatzen dugu, inportante sentitu nahi dugu, zerbait egiten dugula adierazi eta ingurukoek jakin dezaten.

Gure bizitza “The Truman show” moduko bat da, ez hain esajeratua, guk neurtzen dugu zer egin eta zer ez, baina inguruneak baldintzatuta bizi gara, eta inguruneari jarraitzen diogula adierazi behar dugu. Horra hor, esaterako, Durangon asteburu honetan izan diren kolak. Pentsaezina.

Beno, orokortzen ari naiz, badakit jende askok ez dituela sare sozialak erabiltzen bere bizitza publiko egiteko, baina agian modu tradizionalean zabaltzen du bere berri. Apenas lagunik ez dugunok, aldiz, sare sozialen bitartez adierazten gara, hori dugu munduari bizirik gaudela adierazteko modua. Aukera bat da, eta norberak erabakitzen du erabili ala ez. Ligatzeko ere sare sozialak erabiltzen dira gaur egun eta batzuei ederki dihoakie, beraz, non da arazoa?

Ba harira bueltatuz. Argazkiak. Zoratzen ari naiz haiek ordenatzen, zeintzuk gorde beharko nituzkeen, zeintzuk bota. Argazki antzekoaren hogei bertsio dituzunean zaila egiten da bat aukeratzea eta hogeiak gordetzen dituzu. Zertarako ordea? Diogenes sindrome digitala, badaezpada gorde. Zabor zibernetikoa, hor ere kaosa, desordena, nola demontre izango naiz gai tinderrerako argazki on bat aukeratzen? Ezinezkoa da, hobe naturalean, parez pare, bat bateko maitemina ala bat ere ez.

Eta karpetak sortu ditut, eta pentsatu dut album bat egin beharko nukeela, paperezkoa, argazki ederrenekin, baina horrek orduak eramango lizkidake, eta horretan pasa nahi al dut denbora, edo uatsapeko estadoetan jarri zein nekeza den argazkiak antolatzea eta haietaz ahaztu?

Beno saiakera txiki bat egiten ahaleginduko naiz, baina etxeko lanak egin ostean. Jarriko al naiz zerbait egiten, etxean beti baita zerbait atontzeko.

Aste on!

2024/12/08

ABENDUAK 8 (irten ala ez irten, horra hor kuestioa)

Eta uste dut déjà vu bat izaten ari naizela, esaldi hori behin baino gehiagotan idatzi dudala, egoera horretan lehen ere izan naizela. Baina hori dut gaurko dilema, gorputza ondo estali, -zertarako daukat armairuan hirurehun euro baino gehiagoko goretex bat, gaur bezalako egunetan ez badut jantziko,- eta kalera irten paseatzera, euririk, haizerik eta hotzik ez balego bezala; edota etxeko epelean geratu Z-k ea deituko zain itxaroten. Bigarren kasuan bizitza joan dakidake, beraz, agian aukera hobea pulmonia bat hartzeko arriskuan jartzea, akaso bidean zerbait interesgarria topa dezaket, etxean, gehienez, armairuen gaineko hautsa besterik ez baitut ikusiko.

Eta egia da, etxerako moduko giroa dago, bai, baina nire sasoia mantentzeko nahi horrek, eta azken boladan daukadan kirolerako edo ibiltzeko ohiturak, besterik ez bada lauean ibiltzera deitzen nau. Busti eta gero hor izango dut dutxa beroa.  Hori baitu gure ongizateko gizarte honek, etxean berogailua eta dutxa beroa izateko aukera, beno ez bazara kalean bizi, edota ez bazara hilabete amaierara heltzen ez den ehuneko altu horren barruko familia batekoa bederen.  

Eta zeruari begira ari naiz, leiho batetik urdina antzematen dut, bestetik gris iluna, ortzadarra paretak estaltzen didan zatian egongo da akaso. Eta bai, irtengo naiz, airea hartzera, haizeak astindu nazan, aurpegian hotza nabaritzera, giharrak esnatzera, bihotzen taupadak azkartzera, odola berotzera, burua ernatzera, kanpotik bustitzera, bizirik nagoela sentitzera, hemen barruan kikilduta gelditzeko beldurrez bainaiz.