2024/10/11

URRIAK 11 (nazio desberdinen estatu batean)

Atzo zineman egon nintzen Los Destellos filma ikusten. Heriotzaren eta zaintzaren inguruko gaia tratatzen du, modu oso egokian. Horreraino ondo. Antzezleen lana ere oso ona iruditu zitzaidan. Baina, azken boladan estatuan egiten ari diren filmekin beti gauza bera gertatzen zait, hizkuntza eta trataera kulturala ez zaizkit sinesgarriak gertatzen. Eta atzo antzeko sentsazio bat izan nuen.

Filma herrialde katalan batean gertatzen da. Ez nintzateke gai izango non den, baina alaba Valentziara doa ikastera, eta ikusten diren herriko irudietan kartelak katalanez daude.

Gidoia Eider Rodriguezen ipuin batean oinarrituta dago. Horregatik, agian, alabaren izena Madalen da, eta uneren batean protagonistari galdetzen dio senar ohiak ea Gasteizera bueltatuko den. Beraz, ondorioztatzen da ama euskalduna dela, edo Euskal Herrikoa bederen.

Baina film osoan ez da ez katalana ez euskara agertzen, beno gràcies bat justuan eta gutxi gehiago. Gurasoak mama eta papa dira, eta euren gaztetako kanta pasodoble bat, berrogeita hamar urte dituen bikote baten kanta pasodoblea. Ba zer nahi duzue esatea, ez zait sinesgarri egiten.

Eta igual pelikula honetan akzesorio horiek ez dute garrantzirik, ez dakit, baina niretzat, zerbait kontatzeaz gain, inguratzen gaituen kulturaren transmisio egoki bat egin nahi badugu, elementu horiek guztiak ezinbestekoak dira.

Eta horrela irten nintzen zinematik, sentsazio gazi gozo batekin, buruari bueltak ematen beste behin ere. Ondoren, kasualitatez, aldizkari feminista bateko kritika irakurri eta dena zen laudorio, eta ni oso arraroa ote naizen otu zitzaidan.

Bukatzeko, Edurne Azkarate aktoreak Donostiako Zinemaldian botatako esaldia ekarri nahi nuke gogora: “Euskal Zinea deritzon horri euskara falta zaio eta euskal kulturak filmak ditu faltan”.

Nik bihar ez dut ezer ospatzeko. Asteburu on! 

2024/10/10

URRIAK 10 (ametsetan)

Gaur ikusi zaitut

nire gaueko azken hatsaren

jabe izan zara

 

Ezustean agertu zara

hartu behar nuen autoan

nire tokia betez

eta barre egin didazu

aurreratu naiz esanez bezala

 

Eta zuri begira geratu naiz

urduri

gero egongo garela jabetuz

eta orduan alarmak jo du

 

Amets bat besterik ez zinen

baina zein ederra

eta horrela hasi dut eguna

irribarre bat ahoan. 

2024/10/09

URRIAK 9 (benetan?)

Atzo lagun-talde bateko uatsap taldean Bruce ikusteko sarreren gaia irten zen. Lagun batek sarrera bat omen zuen soberan, eta inork nahi zuen galdetzen zuen. Bat interesatua zegoen, baina beste inor ba ote zihoan galdetu, eta beste lagun baten erantzunak zur eta lur utzi ninduen. Saiatu zela sarrerak erosten, baina soilik 300 €koak geratzen omen zirela.

300 € kontzertu bat ikusteko Anoetan, benetan? Oso Bruce izango da, eta hiru orduko kontzertuak emango ditu, eta nahi duzuen guztia, baina niri gehiegikeria bat iruditzen zait.
Eta nire hurrengo galdera da: zenbat jendek erosiko zuen sarrera gero kontzertu osoa berriketan pasatzeko, edo mugikorrari begira egoteko, oso Brucezalea izan gabe, baina ni han egon nintzen esan ahal izateko? Eta gauza da eventitisak abduzituta gauzkala.

Zein kultura kontsumo eredu bultzatzen ari gara? Ez da lehen aldia gai honi buruz hitz egiten dudana, baina harritu eta haserretu egiten naiz horrelako gauzak entzuten ditudanean.
Sarrerak agortuta omen daude jada, bi kontzertuetarako, prezio horietan. Merkeena 80 €-ren bueltan omen zegoen. Gero krisia aipatuko dugu, eta soldata igoerak eskatuko ditugu, edo olioaren prezioaz kexatuko gara, baina Bruce ikusteko 300 napo txintik esan gabe.
Aizue, ba jarrai dezagun horrela.

Bitartean, nik jarraituko dut hamar euroren truke Dabadabara heltzen diren talde txikiagoak, ez okerragoak, deskubritzen.

2024/10/08

URRIAK 8 (insomnioa)

Eta jarraitzen dut lo gaizki egiten. Loa hobetzeko aholkuak honakoak omen:

Goiz afaldu eta arin
Egunean zehar kirola egin nekatua egoteko
Lo aurreko orduetan pantailarik ez
Logela fresko eta maindireak garbi izan
Dutxa erlaxagarri bat hartu
Infusioren bat hartu
Sexua praktikatu

Ba aurrekoetatik erdiak gutxienez betetzen ditut, beste erdietatik batzuk nahi eta ezin, baina urduri banago, ba jaiki eta telebistan zerbait ikusten jartzen naiz, edota mugikorrean zerbait begiratzen ea loak harrapatzen nauen, ohean esna bueltaka ez baitut ezer konpontzen.

Ta horrela noa eguna joan eta eguna etorri. Menopausia da ala adina? Edo hormonak al dira? Akaso maitasuna da, beno maitasun-falta zehazkiago? Edota antolatzen ari naizen bidaiek sortzen didaten estres puntua? Agian biharamunean zer egingo dudan ez jakitearen ziurgabetasuna?

Ba ez dakit, baina nazka-nazka eginda nago. Eta gaur mendira joan naiz, nekatu naiz, garbi jan dut, ez dut alkoholik edan. Kontatuko dizuet ea hurrengo egunetan gauzak hobetzen doazen.

Hego haize on!

2024/10/07

URRIAK 7 (errekuperatzen)

Larunbatean familiako ospakizun bat izan nuen, festa bat, eta badakizue zer gertatzen den festetan, ba alkohola barra-barra egoten dela, eta oso posiblea dela oso kaltetuta amaitzea. Ba soilik esatearekin gutxi faltatu zitzaidala lorontzietako ura edateko dena esan dizuet. Aspaldi ez nuela horrenbeste alkohol edaten, dantza ere asko egin nuen, baina horrek ez zuen nire mozkorraldia gutxitu. 

Gauza da atzo, mugikorra begiratu eta sortutako telegrameko kanalean lerro batzuk ikusi nituela idatzirik. Hackeatu naute, pentsatu nuen nire baitan hasiera batean, baina ni nork hackeatuko nau, jarri zaitez serio L, baina ezinezkoa da ezer idatzita egotea, oraintxe jaiki naiz eta.
Eta orduari erreparatu nion, goizeko bost eta erdiak. Aiba, etxera heldu eta telegramen idazten aritu nintzen, eta falta tipografikorik gabe. Eta orduan otu zitzaidan ea erromantiko jarri eta baten bati maitasunezko lerro batzuk idazten aritu ote nintzen… Zorionez ez nuen horrelakorik egin, baina egin izan banu ez nintzateke akordatuko. Eta okerrena da gau guztiaz akordatzen naizela, baina ohean sartu eta lo hartu aurreko tarte hori burutik erabat ezabatuta dudala. Nola da posible?

Ba imajina dezakezue zein zen nire atzoko egoera. Hil egin nahi nuen, literalki, izugarrizko buruko mina neukan. Neure buruari agindu nion ez nuela berriro horrela tratatuko garai luze batean.

Eta gaur goizean, ilobak ikastolara eraman behar nituen aitzakiarekin, Ondarretara joan naiz eta euripean paseatzen aritu naiz, kresala aurpegian sentitzen, ea oraindik irauten didan gorpuzkera honi buelta ematen diodan.

Eta horrela hasi dut astea, ondo pasatu izanaren sentsazioarekin, baina gorputza eta gogoa garbitzeko intentzioarekin. Ea arin pasatzen den gaur egun nahiko arraro egiten zaidan  sentsazio hau.

Aste on denori!

2024/10/05

URRIAK 5 (saiakera)

Eguna joan eta etorri

egiten ari naizen horretan

atentzioa jartzen

saiatzen ari naiz

 

zoritxarrez

nire saiakerak ez du arrakastarik

zuregana egiten du ihes

eten gabe

 

zergatia ulergaitza zait

ez baituzu

 inoiz ez

nirekiko interesik agertu

 

madarikatua zu

egun hartan

autobusean

nire ondoan eseri zinelako

 

Oharra: atrebentzia askorekin blogean aspaldi publikatu nuen Eric Frieden poema batetik abiatuta sortu dut nik beste hau.

2024/10/04

URRIAK 4 (oda)

Azken boladan

trabesia bat egitera noan bakoitzean

azaltzen zara

datak ez dizu inporta

nazkatuta naukazu.

 

Zu ikusten jarraitu nahi dut

baina jada ez didazu abisurik ematen

ezustean agertzen zara beti

okerren datorkidan unean

espero ez zaitudanean

eta aitortu behar dut

desiragarria izaten jarraitu ordez

gogaikarria suertatzen ari zarela

amorragarria.

 

Zu galtzeko beldurrez naiz

horrek ekarriko dizkidan aldaketez izukor

baina ezin dut horrela jarraitu

ezin dut gehiago.

 

Desagertu behingoz mesedez

edota etortzen jarraituko baduzu

aldez aurretik abisatu

behar bezala prestatuta izan nadin. 

2024/10/03

URRIAK 3 (harrotasuna)

Hara, hara, hara. Ba ez galdetu nola, baina interneten kuxkuxean ari nintzela, zerbait pozgarria topatu dut, eta egun guztirako alaitu zait aldartea.

Oroitzen duzue bost minutuko ikastaroa? Kultura sailak, argitaratzen zuen euskara hobetzeko hura? Aitortu beharra daukat ez dakidala ekimenak jarraitzen duen, aurreko ikastetxean jasotzen bainuen puntual, egunero, baina oraingoan ez. Begiratu dut eta harpidetu naiz nire kabuz.

Ba bost minutuko ikastaro horretarako Jabier Osesek sortutako materialaren artean, nik duela hamahiru urte idatzitako poema bat topatu dudala, nire poema literaturako izen handien artean nahastuta, eta halako subidoia sentitu dut urduri eta dena jarri naizela.

Eta besterik gabe, blogean jada egon arren, berriz ere hemen erreproduzitzea erabaki dut. 

Orduan idatzitako moduan jarriko dut, nire poesiako irakasle Terek aldaketa batzuk proposatu baizizkidan eta, uste dut, berridatzi egin nuela. Baina hona hemen originala.

Garai hartan nioen moduan, on egin!

ispiluari begira

ispiluan begiratu naiz

baina ez naiz ikusi

nire begiak ikusi ditut

baina ez nire begirada

nire ahoa ikusi dut

baina ez nire irria

nire gorputza ikusi dut

baina ez nire jarrera

nire bihotza ikusi dut

baina ez nire pasioa

nire burua ikusi dut

baina ez nire idealak

hilda ote nagoen

pentsatzen jarri naiz...

2024/10/02

URRIAK 2 (denborak ihes egiten digu)

Ba erlojuari begiratu eta paper zuriaren aurrean eseri behar dudala  ikusi dut, deskuiduan egunak agur esan aurretik. Batzuetan hala izaten baita, konturatu orduko denborak esku artean ihes egin dizu, eta ez dituzu egin beharrekoak hasi ere egin.

Eta gauza da oso goiz jaiki naizela, ikasturteko pilateseko lehen klasera joateko, eta hortik aurrera plazer txikiak bata bestearen atzetik kateatuz joan naizela, orain arte. Hamabi ordu igaro dira jaiki naizenetik, eta eleberri bat irakurtzeaz bukatu berri, idazteko txanda zela otu zait, baldin eta nire buruari jarritako lana beteko badut.

Ta hemen naiz, beste egun batez, leihotik begira, kanpoan ari dun euritea ea nire etorria elikatzeko baliagarri izan daitekeen deliberatzen. Zeren, nola elikatzen da baten diskurtsoa, egunero kontatzeko zerbait izateko moduan?

Ez da gauza erraza, errepikakorra suertatu nahi ez bada behintzat. Eta askotan ez dugu historia bat kontatu beharrik. Batzuetan, nahikoa da soinu bat bilatzea, erritmo bat, sonoritatea duen testu bat osatzea, zerbait ederra, poetek egiten duten tankeran.

Eta ez dakit antzematen den, baina bukatu berri dudan eleberriaren gai nagusia musika da, eta horren eraginez edo, erritmo bat, kadentzia bat, bilatzen saiatzen ari naiz. Nire asmoa hanpurutsua begitanduko zaizu agian, baina anbiziorik gabe ezin lortu ezer bizitza honetan. Eta kontuz, zeren ez baitira gauza bera anbizioa eta harropuzkeria.  

Nik umiltasun osoz aitortzen dut idazterakoan anbiziotsua naizela, zerbait esateko beharrak mugitzen nau; edo zerbait ederra sortzeko beharrak, nahiz eta gutxi adierazi. Finean, irakurleari zerbait eragitea bilatzen dut, zerbait transmititzea, irakasle bezala ikasleengan bilatzen dudan berbera. Eta beti esaten dudan moduan, batengan lortuz gero, nire helburua beteta egongo da. Hori ez da anbizio handia izatea, baina tira.

Baina, zertaz ari nintzen? Jada galdu dut haria. Ah bai, denbora, konturatu orduko eskuetatik ihes egiten dizun gauza, magnitude, izate, dimentsio edo kontzeptu baliotsu hori. Eta kuriosoa da nola batzuetan orduak oso luze egiten zaizkigun, eta besteetan ohartu gabe nola joan zaigun eguna, zertan aritu garen oso ondo jakin gabe. Baina bai, denbora gauza baliotsua da, doanik dugun bakarrenetakoa, ta zein inportantea da zertan inbertitzen ditugun gure bizitzako segundoak, jakinik mugatuak direla, eta egunetik egunera gutxitzen doazela.

Beraz, hori da nire gaurko mezua, denbora zertan erabiltzen dugun ondo erabakitzea, konturatu orduko eskuetatik ihes egiten baitigu. 

2024/10/01

URRIAK 1 (gorrotoak)

Gorroto dut isilik egoten ez dakien jendea:

ezer ez esateko ez ireki ahoa mesedez

 

Gorroto dut autobusean denontzat berriketan doazenak:

ez zaigu inporta gaur norekin bazkaldu duzun kapitalean

 

Gorroto ditut nerabeen zaratak eta oihuak:

atentzioa berdin eman dezakezue baxuago hitz eginez, gorrotagarriak suerta zaitezkete

 

Gorroto ditut ateak danbatekoen bidez ixten dituzten auzoak:

barkatu, baina siestan nengoen eta zure danbatekoak sekulako sustoa eragin dit

 

Gorroto dut musika denontzat jartzen duten horiek:

denok berdin eginez gero elkarbizitza ezinezkoa litzateke,

ipini kaskoak mesedez, nik nire soinu banda propioa daukat

 

Gorroto dut hondartzan euren etxeko salan baleude bezala mintzatzen direnak:

hondartzara erlaxatzera eta olatuen orroak  entzutera gatoz

ez zure ahots kirrinkaria

 

Gorroto dut kasu horietan guztietan nire barruan sortzen den zarata

jasanezina bihurtzen zait, alde egin behar dut, ihes egin, isiltasuna bilatu

 

Ai ene, udazken ditxosozkoa

beti izan al naiz halakoa

ala adina  da

gero eta jasangaitzago eta gorrotagarriago

bihurtzen nauena?