2024/07/10

UZTAILAK 10 (oso gaizki gaude)

Oporraldia ondo hasteko egun batez gure miseriak, tristeziak, arazoak eta penak ahaztu eta parrandan joatea baino gauza hoberik ez da. Halaxe egin genuen atzo lagun batek eta biok, eta non hobe Iruñean baino.

San Ferminetara joan ginen. Gustura ibili ginen, sozializatzen, barre egin genuen, dantza, mozkortu egin ginen eta jende pila batekin hitz egin. Eta konturatu ginen denok dauzkagula miseriak. Jende gehiena haiek ezkutatzen saiatzen da, baina lehenago edo beranduago agerian geratzen zaizkio.

Bizitzatik zoriontasuna gramoka ez kiloka saltzen doan baten batekin egin genuen topo. Bere zorion perfektuaren formula hitzez aireratzen zuen bitartean, kale kantoian nire lagunarekin ligatzen saiatzen zen. Gaixotasunak ekiditeko, alua zelofanarekin jatearen abantailez aritu zitzaion, auskalo zein droga kontsumitu ostean.  Zelofanezko aluak, barkatu? Non geratu da zure hogei urteko harreman, familia, maitasun perfektua?

Oso gaizki gaude. Denok daukagu uneren bat gure bizitza zalantzan jartzen duguna, eta ez du zertan txarra izan, pertsonak gara, hauskorrak gara. Deskonektatzeko, desfasatzeko tarte bat hartzea eta onartzea hori behar dugula sanoa da, terapeutikoa. Horrek ez gaitu pertsona okerragoak egiten. Ezin zara bizitzatik joan perfekzioaren plantak egiten beti, zure miseriak uneren batean azaleratuko direlako, atzo tipo horri azaleratu zitzaizkion moduan.

Nik Oier eta Mikel bezalako futbolariekin hitz egitea nahiago,  haiek ez zuten nire alua jateko inolako asmorik, ezta nik nahi ere. Parrandara irten nintzelako, barre egitera, deskonektatzera, dantzatzera, ez zelofanez estalitako alua jango zidan inoren bila.

2024/07/09

UZTAILAK 9 (sozializatu)


Oporrak hartu ditut. Gaurdanik esan dezaket ez dudala ardurarik epe luze baterako. Ardurak eta betebeharrak nik neuk neure buruari jarriko dizkiodanak izango dira soilik. Eta ni ezagututa ziur jarriko dizkiodala batzuk, besteen artean egunero idazteko zera hau, jada zaila egiten ari zaidana egun batzuetan.

Ez dut utzikeriatan jausi nahi. Diziplina apur bat ezarri nahi diot neure buruari, gogoko ditudan, baina batzuetan behartuta egiten ditudan gauza horietan diziplina. Kirola, bizimodu osasuntsua, irakurtzea, idaztea eta, bereziki, sozializatzea.

Adinean aurrera noala gero eta zailagoa egiten zait sozializatzea. Hori da nire handicapa, gero eta nabarmenago. Euskalduna izan arren ez daukat kuadrillarik. Bizitzak eraman nau modu independentean funtzionatzera, horrek dakartzan alderdi on eta txar guztiekin. Ona, nahi duzuna egiteko gaitasuna daukazula inorekin kontatu gabe; txarra, nahi duzuna egiteko gaitasuna daukazula inorekin kontatu gabe. Hau da, askatasun hori zure kontra bihurtu daiteke, askotan ez duzulako bakarrik egoteko gogorik. Zenbat eta askeagoa izan, besteekin harremantzeko ohitura galtzen joaten da, eta, konturatu zarenerako, ia bakarrik geratu zara, zurekin inork kontatzen ez duelarik.

Hori da guztion erronkarik handiena ziurrenik, axola dizuten harreman horiek zaintzea eta mantentzea, zure askatasuna galdu gabe.

Badut lana urte honetarako. Noizean behin telefonoa hartu eta lagunei deitzeko ohitura hartu behar dut; noizean behin kafetxo bat hartzeko geratu, noizean behin lagunen batekin mozkortu, edo mendira joan, edo zinemara, edo kontzertu batera. Noizean behin sozializatu.

Hori da nire buruari jarriko diodan betebehar baliotsuena.

2024/07/08

UZTAILAK 8 (ametsetan)

 

Gauero ikusten zaitut

ametsetan

esna nagoela.

Nire alboan zautza, nire ohean

bilutsik

ametsetan.

Nire hatz-mamiez

bularraldea laztantzen dizut

ametsetan.

Zure bular zuri leuna

nire hatz mamiez

tarteka musu ematen diogula elkarri

ametsetan.

Ederra zaude nire imajinazioan

nire ondoan, nire ohean,

irribarre goxo bat eskaintzen didazularik

ametsetan.

Baina nahiago zintuzket itsusiago

nire alboan, nire ohean

gauero

benetan

ez ametsetan.

2024/07/07

UZTAILAK 7 (san ferminak)

 

San Ferminetan gaude. Atzo txupinazora joan nintzen aspaldiko partez, eta idazteko tarterik ez nuen izan. Horrelakoak gerta dakizkidala jabetu naiz. Saiatuko naiz denbora errekuperatzen modu batera ez bada, bestera.

Gaur Bridget Jones bat egitea erabaki dut.

Uztailak 7:

Atzo edandako zerbezak: hiru, lau, bost, sei,…zazpi.

Edandako kubatak: bi.

Jandako enbutidoa, patata frijituak eta pastak: urte guztikoak.

Erretako zigarroak ala bestelakoak: zero, aspaldi utzi nion erretzeari.

Ligeak: bat ere ez, aspaldi utzi zioten nirekin ligatzeari.

Pisua: 63,5 kg, azken urteko altuena.

Astuna, puztuta, gizena eta itsusia sentitu naiz jaiki naizenean. Gaurtik aurrera egunerokoan diziplinatua izatea jarri diot neure buruari helburu: garbi jan, kirola egin, alkohola asteburuetan soilik, …Baina astean zehar berriz ere Iruñeara joateko asmotan naiz, beraz, plana hurrengo asterako utzi beharko.

Eta tartean Mark Darcy bat topatzen hasi beharko nuke, besterik ez bada bizkarrean krema eman diezadan, uda honetan erreta amaitu nahi ez badut behintzat.

UZTAILAK 6 (txupinazoa)

 Iruindarrak, Gora San Fermin!

2024/07/05

UZTAILAK 5 (uda giroa)

Gaur izan dut nire uda sasoiko lehenengo hondartza eguna, fundamentuzkoa.  Aurretik ere hondartzan izana naiz, baina gaur bero zegoen, eguzkitsu. Lanetik eguerdian irten eta zuzenean joan naiz Ondarretara. Marea altu zegoen, hondartza lepo. Jendea eguzkitan etzanda, buelta alde batera, buelta bestera.

Nik, hasteko, nire igeriketa saioa egin dut, marmokak oraino agertu ez direla aprobetxatuz. Eta ondoren bai, ondoren eguzkitan etzan naiz, haren izpiak xurgatzera, infragorriak eta ultramoreak, denak, D bitamina dosia errekuperatzeko asmoz, edo ez. Ematen didan plazerarengatik,  besterik ez. Zeren esan beharra daukat ni hondartza zalea naizela. Are gehiago, hondartzako profesionala naizela esan dezaket.

Oihala beti eguzkiaren norabidean ipintzen dut, hondarrarekin burukoa egiten dut. Hondartzako poltsan beti dauzkat igeriketarako betaurrekoak, eta eguzkitako krema, eta esku oihal bat, eta aldatzeko bikinia, eta plastikozko poltsa bat arropa bustiak sartzeko. Oraindik ez daukat goi-mailako masterra. Ez dut esertzeko aulkia eramaten, furgonetan bat dudan arren. Oraindik gorputzak aguantatzen dit hondarretan etzan eta jaikitzeko nahi beste. Gainera, aulkiarekin atzera eta aurrera ibiltzeko ideia ez zait erakargarri egiten, oraingoz. 

Hondartzako profesionala izatea ez da gautik goizera etortzen zaizun zerbait. Nik umetako uda guztiak hondartzan igaro ditut, Kontxan, nire guraso, anai-arreba, lehengusu eta inguruko lagunekin. Astean zehar bazkal ostean joaten ginen, eta iluntze arte izaten ginen bertan. Asteburuetan jardunaldiak maratonianoak izaten ziren. Eguerdi aldera joaten ginen gure otorduekin. Hozkailu laranjan gurasoek urardo freskoa eta fruta eramaten zuten;  tarteka, errusiar ensaladilla. Koloretako Magefesa fianbreran aldiz, patata-tortilla, xerra enpanatuak eta horrelakoak. Postrerako helatu bat erosten ziguten eta, ondoren, derrigorrezko digestiorako bi orduak kartetan eta bestelako jolasetan igarotzen genituen, uretarako ordua ailegatu arte. Horrela eguzkia ezkutatzen zen bitartean igarotzen genuen eguna. Gero Aieteko busean bueltatzen ginen etxera, lehertuta. Eta hurrengo egunean berriz ere antzera.

Nik izugarrizko oroitzapen ona daukat. Ederki pasatzen nuen, eta geroago, nerabetan ere, lagunekin hondartzara joateko plana egiten genuen.

Urteak pasa ahala, lagunak eta konpainiak aldatzen joan dira, baina plana ez. Gaur egun, normalean, bakarrik joaten naiz, ondo hornitutako nire poltsaz lagunduta, liburu batekin. Ez dut inor behar horretarako. Han egote hutsa plazera da niretzat. Eta berdin zait azala gazitu eta lehortzea, hondarra kulero barruan sartzea, ala bular tartea izerditua edukitzea. Uretatik irten eta hondar epeletan etzateak sortzen didan sentsazioak ez du preziorik.

Ba al da uda girorako plan hoberik?

2024/07/04

UZTAILAK 4 (harreman selektiboak)

 

Nire lagun batek dio denok gaudela bakarrik mundu honetan. Nik buruarekin baiezko diodan bitartean, neure golkorako pentsatzen dut batzuk besteak baino bakarrago daudela, baina ez naiz ozen esatera ausartzen, diatriba batean ez sartzeko.

Bada denbora pertsona egokiez inguratzeko erabakia hartu nuela, horrek, sarritan, bakardadera naraman arren. Bizitzan izandako hainbat esperientzien ondoren, harreman batzuk zuzenean baztertzeko hautua aspaldi egina daukat, eta, egunetik egunera, nire joera hori nabarmenagoa da. Nahiago bakarrik egon gaizki inguratua baino. Ezer aportatzen ez didaten harremanak ez zaizkit interesatzen. Halaxe diot, halaxe sentitzen dudalako. Ez ditut pertsona faltsuak nire inguruan nahi, ez eta pertsona interesatuak ere, harreman guztietan nolabaiteko interesa dagoela jakin arren. Baina ez da berdina interes partekatu bat, edota norberaren interes pertsonal soila. Selektiboa naiz, bai, eta ez dut inolako arazorik aitortzeko.

Bada pertsona mota bat ezagutzen dituzun lehen unetik zerbait berezia transmititzen dizutenak. Haien estimua sentitzeak, munduko toxiko guztiek egindako kaltea gailentzen dute ezbairik gabe.  Haientzako beti duzu irribarre bat, hitz polit bat, ala broma bat. Lehen segundotik konfiantza eta kariñoa transmititzen dizute, eta ezinezkoa zaizu haiekin haserretzea. Nik horrelakoak atsegin ditut eta horrelakoak topatzen saiatzen naiz.

Gaur horietako batengandik despeditzea tokatu zait. Izugarrizko pena eman dit, baina, era berean, izugarri eskertua sentitu naiz, haren hitzak eta besarkadak oso inportante sentiarazi nautelako une batez.

Eta une horretan neure bakardadea gogora ekarri dut, eta otu zait, agian, pentsatzen dudana baino jende gehiago dudala inguruan nitaz arduratzen eta kezkatzen dena. Eta pentsamendu horien eraginez edo, irribarre bat bisaian geratu zait egun guztirako.

2024/07/03

UZTAILAK 3 (reset)

 

Ekaina amaiera garai latza izaten da. Herriko festei ikasturte amaierako eromena batu behar zaio. Horrek tentsioa, lo falta, gorpuzkera txarra dakartza. Horri batzen badiogu trankazo bat,   bihotz apurtu bat eta errematatzeko hilekoa, koktela jasanezina bihurtzen da.

Gure gorputza makina kasik perfektua da, gure garunak zuzendutakoa. Eta gure garunak ordenagailu baten moduan funtzionatzen du. Egoera edo software berri bat instalatzen diogun bakoitzean cookiak onartzen ditu. Eta horrela doa gure burmuina cookiez betetzen, mota guztietakoak, derrigorrezkoak eta aukerazkoak ere deskuiduan. Cookiak gora, cookiak behera. Cookiak han, cookiak hemen. Eta aurrera egiten jarraitzen dugu,  gorputzak stop esaten digun arte.

Gure garunaren kapazitatea ez da infinitua. Ordenagailuaren memoriaren antzera, batzuetan, bete egiten da, eta, halakoetan, ezinbestekoa da tokia egitea, zaborra botatzea, historiala eta datuak garbitzea. Finean, reseteatzea eta berriz ere ia zerotik abiatzea.

Gaur, nire azken egun hauetako egoeraz jabetu naizenean, horixe egin dut: reseteatu, pilatutako alferrikako cookie guztiak pikutara bidali.

Eta eguzki izpien babesean, berriz ere nire gorputza prestatzen hasi naiz cookie berriak onartzeko, hurrena lehertzen naizen arte.

2024/07/02

UZTAILAK 2 (euria barra barra)

 Begia ireki orduko, euri langar batek lainotu du nire ikuspegia. 

Uda sasoian gaudenik sinistea zaila egiten da. Ez da harritzekoa triste egotea. Are gehiago, hala jarraituz gero depresio batean jausteko arriskua dugu Kantauri isurialdeko euskal herritarrok.

Ez naiz drogazalea, baina egoerari aurre egiteko lorazepama, bromazepama, edota zepam amaitzen den beste barbiturikoren bat eskuratzeko erabakia pentsatzen ari naiz serioski. Hori, edota horrenbeste buruhauste ematen dizkigun estatu gabeko herrialde hau betirako abandonatu, eta eguzkia merkeago dagoen toki batera ihes egin.

2024/07/01

UZTAILAK 1 (masokistak gara)

Ez da ondo hasi hilabetea. 

Zerua grisa da, tenperatura ez da hogei gradura heltzen, nire buruan mailu batek jarraitzen du arinki jotzen eta jarraitzen dut burutik zenbait kontu ezin kendu. 

Masokistak gara gero mortalok. Zerbait gaizki egin dugula pentsatzen dugunean, ahaztu beharrean, jarraitzen dugu horri bueltaka, tiraka, geure burua torturatzen: autotortura, autozigorra. Nola gustatzen zaigun. Eta lortzen dugun gauza bakarra okerrago sentitzea da, ez arazoa edo egoera konpontzea. 

Halakoetan mendira joateak laguntzen dit, naturarekin kontaktuak transformatu egiten nau, pertsona askeagoa edo bilakatzen nau, barruko karga guztiak arintzen zaizkit, lurrerako hargune bat banu bezala, energia negatibo guztia deskargatzen duena. 

Baina zerua grisa da, nire gorputza ez dago ehuneko ehun eta izugarrizko galbana daukat. Eta hemen jarraitzen dut nire autozigor prozesuaren gurpilean harrapatuta, irtenbide duin bat atera nahian eta ezinean.