2025/04/20

Apirilak 20 (ikurrina jarri dut balkoian)

Ez naiz oso folklorika. Ez zait inoiz gustatu mugaz beste aldeko euskal herrietan zuri, berde, gorria erabiltzeko duten erraztasun hori, gero akaso Le Peni botoa ematen amaitzeko.

Oroitzen dut nola duela urte batzuk, nire lagun bat Parisko euskal etxeko zuzendaria zela, lokala aldatu eta berria auzo lanean garbitzen eta pintatzen ari zirela, han egokitu nintzela eta lan haietan laguntzen aritu nintzaiela. Lokala atontzeko erabilitako kolore konbinazioak, gureak, horterada bat ziren ezbairik gabe. Anje Dualden musika edukitzen zuten musika aparatuan Paristutako euskaldunek, eta, nire lagunak esana, haietako asko fatxa batzuk besterik ez ziren, euskalduntasuna folklore hutsarekin lotzen zuten horietakoak.  

Gorroto ditut espainiako bandera paparrean edo beste nonbait zintzilik daramaten horiek, baina ikurrinak doan leku guztietan eramatea ere ez dut gustuko.
Nago euskalduntasuna eta naziotasuna egunero beste modu batean erakutsi eta landu behar dela, ez bandera bat edo kolore batzuk soinean eramanda begi bistan. Baina gaur, 2025eko aberri egunean, ikurrina jarri dut balkoian, nire gurasoengandik jasotako hura, nire amak kale nagusiko balkoian jartzen zuen huraxe, eta gogoz eta konbentzimenduz jarri dut, iruditzen zaidalako independentziarako deiadarrak itzalita daudela egun, ez dakit lozorroan edo desagertuta, baina aldarrikapena berpiztu beharra daukagula jendartean.

Gure auzo guztian bi besterik ez daude, lortuko al dugu datorren urtean gehiago egotea? Eta hala ez bada independenteak garenaren seinale izango ote? Barka, amesten ari nintzen.

Gora Euskal Herria askatuta!

2025/04/19

APIRILAK 19 (gaur euria egin du)

Gris esnatu da eguna, tristeziarako eszenografia perfektua.

Gazte bat, urrutira gaztea dirudi, Kursaaleko zubiko petril batean igota dago, norbait aldamenean berari berriketan, akaso paretik pasa den oinezko bat besterik ez da psikologo lanak egitea erabaki duena, poliziak moztu du zubiaren alde hori, beste aldera pasatzera behartuz. Begira geratu naiz. Zergatik gazte batek pentsa dezake bere buruaz beste egitean, ze mundu klase eraikitzen ari gara gure bizitzak merezi ez duela sentitzeko? Hausnarketa azkar horren ostean aurrera egin dut, hori ez da espektakulu bat, drama bat baizik, eta horretan nagoela hainbat turista ikusi dut Ertameriketako etorkinek zerbitzaturiko basque cheese cake jaten, handik ehun metrora gertatzen ari denaz jabetu gabe. Hala bizi baikara, gure golkoari begira, inguruan gertatzen ari denari itsu, gazte bat bere buruaz beste egiten saiatzen den bitartean.

Gaur euria egin du.

2025/04/18

APIRILAK 18 (zaindu zure zurea den hori)

Gaur nire salewa berriak estreinatu ditut, ondo estreinatu ere, ibilbide bat egitera joan eta lehen kilometroa egiteko, kasik laua zena, ordu erdi igaro baitut han zegoen basatza igarotzeko. Lokatzez ia belaunetaraino zikindu naiz.
Niri zikinkeria bost, baina jausi edota bihurtu bat egiteko arriskuak, horrek bai kezkatzen nau. Eta oroitu naiz aurten ezagutu ditudan herrialdeetan mendietan topatu dudanaz, eta ikasteko eta hobetzeko zenbat daukagun etorri zait burura.

Sekula ez zaie garrantzia eman gure baso eta mendiei. Jainkoaren esku utzi dituzte politikari guztiek, eta mendira doan edonork erraz ikus dezake. Sasiak nonahi, bideak lokaztuta, haizeak botatako zuhaitzak bide erditan, inork haiek kentzeko asmorik gabe. Luze jarrai dezaket, lotsagarria da.

Gure mendiak eta gure basoak zaindu egin behar ditugu. Jendea dabilen guneetan, markatuta dauden ibilbideetan bideak egokitu, lokatz guneetan harriak bota edota egurrezko pasarelak egin (haizeak botatako zuhaitzen egurra erabil daiteke), mendizaleen segurtasuna bermatu ahal den neurrian. Ez dut eskatuko Zelanda Berrian bezala komunak jartzea ibilbide guztietan, baina bai hain ondo seinalatuta dauden bideetan ibiltzeko baldintzak betetzen direla ziurtatzea.
Horretarako, agian, basozainak eta basolanak egiteko pertsonak kontratatu behar dira horrenbeste polizien ordez, eta makroinfraestrukturetan inbertitu beharrean, maila lokaleko azpiegituretan, horrek ere turismoan eragiten baitu, bertakoan bereziki, ingurukoan, etxekoan. 

Ba hasierako malaletxiaren ondoren, buelta ematekotan izan naiz, kilometro bertikala igo dut eta haserrealdi guztia pasatu zait.

Etxerakoan, salewa berriak bataiatu egin behar izan ditut, ur garbiaz, aurrekoa sakrilegio bat besterik ez baita izan. Ordu erdi luze kostatu zait zikinkeria guztia erauztea, bestela, dena ondo.

Gabon denori!

2025/04/17

APIRILAK 17 (garai likidoak)

Hitz egin al dizuet Argiaren Beranduegi podcastaz inoiz? Agian jada aipatu dut, hamabostean behin izaten da. Nik atzerapenarekin entzuten dut beti, telegramen duten kanaletik sartzen naiz. Santa Barbarako buelta baliatzen dut lau zoro horiei entzuteko, barrez lehertzen naiz sarri, irreberenteak dira askotan, euskaraz lotsagabe esan beharko nuke, baina beste zentzu bat ematen diola iruditzen zait.
Honetaz eta hartaz aritzen dira, askotan batetik bestera saltoka, baina gaiak harilkatuz, dibertigarria zait. Ba gaur haien azkena entzun dut eta bertan garai likidoak terminoa erabili du esatarietako batek. Entzunda nuen lehenago ere, baina izan dezakeen zentzuaz ez nuen gaurdaino pentsatu. Politikaz ari zen, zehazkiago Euskal Herriko politikaz eta garai likidoak bizitzen ari garela esatera etorri da.

Horrekin geratu naiz, zer esan nahi duen, berarekin ados ote nagoen, solidoen eta likidoen arteko desberdintasunekin pentsatzen jarri naiz eta fisika ikasi izanak ematen didan abantaila baliatu nahi izan dut hausnarketa sakon bat egiteko.
Eta ez dakit hausnarketa sakonik egin dudan, baina egia da bi solido nahasten ditugunean elementu desberdinak bereizi egiten direla, bi likido nahasten direnean, aldiz, antzeko dentsitatea baldin badute haiek bereizterik ez dagoela begi bistaz, eta bai, uste dut, egun, hartzen diren hainbat erabakietan zaila dela bereiztea bata bestearengandik, zurea uste duzuna kontrarioarengandik.

Garaiak aldatu dira, tenperatura epeldu da eta solido batzuk guztiz urtu ez arren esan dezagun bigundu egin direla, euren kontrarioen ezaugarrietara gehiago hurbilduz.
Bai garai likidoak bizi ditugu eta solido gogorrenek tinko eutsi behar diotelakoan nago, jendarte osoa zaporerik gabeko nahasketa urtsu bat bihur ez dadin.

Aste santu on!

 

2025/04/16

APIRILAK 16 (mikroipuina)

Autoan doa Goizuetara daraman errepidean barna. Bidea estua da eta, laneguna izan arren, tarteka topatu ditu txirrindulari batzuk. Haien atzetik doa, aurreratzeko aukera garbi ikusten duen bitartean.  

Bidea estuagoa egiten den zati batean txirrindulari bat doa. Hasieran ez dio arretarik eman, baina metroak aurrera egin ahala barizedun bikietan fijatu da. Gero arropan erreparatu du, oinetako eta kasko zuriak, duela hogei urteko maillot zuri-urdina, ipurtalde zabala, bera da, ia ziur.
Txirrindulariak bidea libre dagoela ikusi duenean keinu bat egin dio, aurreratzeko. Oso berea da keinu hori, kanpoan uso etxean otso, etorri zaio burura. Aurreratzen hasi zaio eta parean izan duenean begiratu egin dio. Ez dago zalantzarik, bera da, izena aipatzerik merezi ez duen hori. Ziur berehala errekonozitu duela bere autoa, sentsibilitatean ez, baina horretan ona da. Hori pentsatzeak urduritu egin du eta azeleratu egin du errepideak utzi dion guztia. Gaurkoan ez du besteetan bezala errepide ondoan utzi autoa. Bidexka batetik sartu da, mendirako bidean dagoen txoko batean aparkatu du eta auto barruan geratu da geldirik, zauria aspaldi itxirik izan arren, bere erraietatik zornea jariatzen sentitu baitu une batez. Ahazturik zituen galderak etorri zaizkio tupustean gogora: zer egin dut nik halako tratua jasotzeko, zergatik niri…bere garaian ulergaitza zitzaion egoera berriz ere etorri zaio gogora, eta mina aspaldi gainditu zuen arren, ezinegona sortu zaio duela hiru urtetik ikusten ez zuen hura berriro ikustean.

Trantzean bezala egon da tarte batez, inora begira, ezer merezi ez duen pertsona batek nola eragin diezaiokeen horrenbeste ezinegon ulertu nahian. Minutu batzuk besterik ez dira izan bere gogoarekin berriketan, eta lasaitu denean autotik irten eta bidean gora abiatu da ezer gertatu izan ez balitz bezala, Ans ikusi izan ez balu bezala, bere bizitzako kapitulu motz hura inoiz gertatu izan ez bailitzan.

2025/04/15

APIRILAK 15 (meteorologiak)

Munduaren alde honetan bizimodu erosoa daukagunon kezkak hutsalak izaten dira maiz. Esaterako, nire azken egunetakoa datozen egunetan izango dugun eguraldia izaten ari da. Eta telebista guztietako esatarien arabera, meteorologo deitzera ez naiz ausartzen, ezegonkortasuna izango omen da nagusi. Fronte bat lehenik, beste bat ondoren; hotza eta mila metrotik gora elurra akaso. Eta hor nabil, etxetik atera nahi baina duda-mudatan, denbora guztian zeruari begira, haren seinale baten zain egongo banintz bezala.

Eta euri arriskuek mendira ez joatera bultzatu naute, baina ditxosozko euria ez da oraino heldu. Fresko dago bai, ez dago hondartzarako, baina bai mendirako. Akaso izango da ez dudala etxetik irten nahi, ez dudala herritik irten nahi, nire gurutze bidea edo kalbarioa nire gotorlekuan igaro nahi dudala, autotorturan behin eta berriro jausiz berpizkunde eguna heldu artean. Eta guztiaren errua meteorologiei bota, kontzientzia arintze aldera.

Eta orain eguzki izpiak sartzen ari dira etxeko leihotik. Arranopola, zergatik begiratu behar izan diot horrenbeste eguraldiaren mapari? Zuri ere tarteka halakorik gertatzen al zaizu? Egun ona izan!

2025/04/14

APIRILAK 14 (gora errepublika, baina nongoa?)

Ta hurrengo egunetan joan ala ez joan pentsatu beharrean, eguna joan zait inolako erabakirik hartu gabe denbora beste kontuetan igaro dudalako, eta konturatzerako gaua da eta ez dut astirik hartu nire egunerokoan idazteko, baina gaur apirilak hamalau dituenez, errepublikaz hitz egitea inportantea zela iruditu zait.

Ni errepublikazalea naiz, kontuz ez errepublikanoa Trump bezala. Errepublika monarkiaren aurkako sistema gisa defendatzen dut, eta horretan sinisten dut monarkiak definizioz berdintasunaren eta justiziaren antitesia direlako. Nola onar daiteke boterea belaunaldiz belaunaldi igarotzea horretarako inolako meriturik egin gabe, etxe zehatz batean eta abizen zehatz batekin jaio zarelako, edozein direla ere zure dohainak, inolako dohainik baldin baduzu?
Beraz errepublika defendatuko dut bai Timbuktun, bai Frantzian, baita Espainian ere.

Halere, nire galdera da, gaurko egunean independentistok badugu zerbait ospatzeko? Errepublika espainiarraren banderarik jarri behar al dugu hego Euskal Herriko herrietan hura aldarrikatzeko? Nazionalen altxamendua gertatu izan ez balitz euskaldunok gaur egun independentziarako bidea errazagoa izango al genuke? Edo, akaso, jada independenteak izango al ginateke?

Senitartekoak espainiar errepublikaren aldeko gerran galdu genituenok apirilaren hamalauan haren aldeko keinu bat egiteko joera izaten dugu, baina benetan ba al dugu zerbait ospatzeko?

Horra hor gaurko nire hausnarketarako gaia eta gogoratu, Duten kantuak dioen moduan, bandera trapu bat besterik ez dela haizerik ez dabilenean. Ondoloin!  

2025/04/13

APIRILAK 13 (erantzunik gabeko galderak)

Zein da bizitzaren helburua?

Zertarako gaude hemen? Eta hemen gaudelarik zer eskatzen diogu bizitzari, edota zer gaude prest bizitza honi, mundu honi eskaintzeko, zerbait eskaintzeko prest bagaude? Edota gure aurrekoek eraman bizitzak errepikatuko ditugu hori delako gutaz espero dena?

Zergatik daukagu pertsona batzuk dohakabetasunerako joera?

Zergatik bilatzen dugu beste zerbait, benetan gehienek egiten dutena egitea nahiko genukeenean, indar ikusezin batek bide horretatik aldentzera eramaten gaituen bitartean?

Zerk egiten gaitu desberdin?

Ze zirkuitu laburrek egin digute eztanda burmuinean?

Zergatik ni eta ez zu?

Ez al dut inoiz naizen bezala maitatuko nauen inoiz bidean topatuko?

Noiz arte jarraituko dut galdera berdinak egiten neure buruari?

Noiz arte pentsamendu berdinak?

Akituta nago erantzunik ez duen horrenbeste galderekin.

Aurrekoan idazle batekin aritu nintzen honetaz eta hartaz hondartzan. Interesgarria izan zen. Talde berekoak bagina bezala hitz egiten zuen, biok ere komunean antzeko kontuak bagenitu bezala, eta une batez konprenituta eta onartuta sentitu nintzen, gero eta gehiagotan pertsona bitxia naizela pentsatzen dudan garai hauetan. Eta bakarra ez naizelako sentipena buruan etxeratu nintzen, baina horrek ez zuen arindu sarritan gainean sentitzen dudan lauza, astuna eta jasanezina zaidana, nire buruari horrelako galderak egiten hasten naizen bakoitzean.

2025/04/12

APIRILAK 12 (poema soziala II: hipokresia)

 

Aske garela uste dugu

preso bizi gara ordea

gizarteak inposaturiko

anitz kateek lotuta

Eta konbentzionalismoz beteriko

bizimodua daroagu

katerik gabe bizi diren horiek

etengabe kritikatuz

eta ero deitzera ausartzen gara

guk nahi eta ezin dugun hori

egiten ahalegintzeagatik

 

Hipokrita batzuk besterik ez gara

aske garela uste dugun bitartean

2025/04/11

APIRILAK 11 (aste santua)

Aste santu bezperan gaude. Lanean banintz gaur hartuko nituzke oporrak, baina urte guztia oporretan nabilenez, gaur ez zait, bereziki, egun berezia.
Dena dela, beste urte batzuetan plana izaten nuen aldez aurretik lotuta eta aurten ez. Aste santuko plana maiatzerako atzeratu dudanez, aste santurako plana osatzeko horrekin nabil bueltaka.

Haluzinagarria da, antipodetan ibili naiz batetik bestera kotxea hartu eta ia pentsatu gabe, eta hemen furgoa hartu eta hirurehun kilometro egiteko dudatan. Edo agian zortziehun egin behar ditut? Zein eguraldi izango da penintsulan? Kosta ala mendia aukeratu? Eta Landetara bizikletarekin banoa? Eta etxean geratu eta Euskal Herria deskubritzen jarraitu eta aberri egunera joan?
Oraintxe bertan zalantza jarrai bat naiz. Asteburua gutxienez etxean igaroko dut, eta gero ikusiko martxa egitera animatzen naizen ala ez.

Zuk irakurle ze plan? Benidormera zoaz eguzkitara, ala Europako hiri bat bisitatzera? Akaso Kanarietara edo Pirinioetara? Edo Salouera mozkortzera edota seme alabekin futbol txapelketara?

Dena delakoa egiten duzula ondo ibili, eta gogoratu deklarazioa egiteaz, niri kobratzera atera zait.

Asteburu on!