2024/08/30

ABUZTUAK 30 (urduritasuna)

 

Sentsazio arraro bat nire gorputzaz jabetzen ari da

urduri nago

sabelean tximeletak sentitzen hasi naiz

maiteminduta banengo bezala

 

Beldur naiz

gerta dakidanaren beldur

hegazkina galtzeko beldurra

hizkuntzarekin ez moldatzekoa

mendian ez erantzutekoa

kalean galtzekoa

blokeatzekoa

 

Eta era berean gaztetako ilusio hori

bizi-bizi dago nire barruan

etxetik lehen aldiz irtengo den

neskatxa baten antzera

mundua deskubritzera doana

jakinik mundu honetan

deskubritzeko gutxi dagoela

 

Urduri nago bai

akojonatuta

kikilduta

izututa

2024/08/29

ABUZTUAK 29 (migratzaileak)

Zuei ez dakit, baina niri Afrikatik Europara datozen migratzaileen gaia izugarria iruditzen zait. Gaur entzun dut Hierro ugartera iaz heldu zen migratzaileen kopurua bertako biztanleen kopurua baino handiagoa dela. Eta aurtengo datuen arabera kopurua handitzen joango da.
Egia da munduko herrialde guztiak ez direla berdinak aberastasunari dagokionean, eta batzuetan bizimodua aurrera ateratzea zailagoa dela beste batzuetan baino. Hala ere, bizitza jokoan horrela jartzea soilik desesperaziotik egindako ekintza bat izan daiteke, eta horren errua geuk daukagu. Ez zuk eta ez nik zehazki, baizik eta gu bizi garen sistemak.

Duela gutxi Mauritanian egoteko aukera izan nuen. Mauritaniako lurraldearen ehuneko laurogei inguru basamortua da, beraz, lau milioi pasako biztanleria eremu txiki batean kontzentraturik bizi da, besteak beste Nuakchot hiriburuan. Arrantza dute euren baliabide natural inportanteenetako bat, baina hara sorpresa, arrantzaren parte handi bat atzerriko enpresek kudeatzen dute. Aberastasun hori esku atzerritarrera doa, eta jaki horiek ere bai.

Eta diot nik, nola ez dute ba alde egingo euren herrialdetik, daukaten apurra kentzen badiegu? Badakit irakurketa hori oso sinplista dela, eta bertako gobernuek ere badutela zer esana, baina Europaren jardunak ez du gehiegi laguntzen.

Hori gutxi ez eta gure herrialdeetara heltzen ez diegu uzten. Edo heltzen direnen kasuan jarrera xenofoboekin eta arrazistekin egiten dute topo. Baina errealitate bakarra zera da, Europako biztanleria zahartzen den neurrian eskulanaren beharra gero eta handiagoa dela, gazteak behar dira, langileak behar dira, eta bertan jaiotakoak ez badira, beste herrialdeetatik etorritakoak beharko dute, ezta?
Eta orduan, nola da posible geure jendartearen arazoak migratzaileei leporatzea? Nola da posible gutaz aprobetxatzera datozela esatea? Nola uler daiteke ultraeskuinak gora egitea Europa osoan, baldintza eskasetan bizi diren paperik gabeko pertsonak aitzakia bezala erabiliz? Mezuari buelta eman behar diogu, eta hori guztion ardura da.

Eskerrak boluntarioen lanari, migratzaile horiei harrera ahalik eta goxoena egiten saiatzen direlako. Halere, gure erakundeei politika berriak egitea eskatu behar diegu, kuotarik gabe, pertsonez ari garelako, eta mundua guztiona delako, batzuek muga batzuk ondo ezartzeaz arduratzen diren arren.

2024/08/28

ABUZTUAK 28 (beste egun batean)

 

Noiz etorriko da aita

galdetu dio umeak amari

 

Beste egun batean

esan dio eztiki

 

Eta eguna argitzen duen aldiro

umearen galdera

gaur beste egun bat da?

 

Oraindik ez erantzuten dio amak

jakinik beste egun hori

ez dela inoiz helduko.

2024/08/27

ABUZTUAK 27 (atzera kontaketa)

Udarako oporren amaiera heltzen ari da. Mundu guztia lanera hasteko garaia. Niretzat urduritzen hasteko unea, egun batzuk barru lehen abenturari ekitekoa. Azken prestaketak egiten hastekoa. Atzera kontaketa. Bertigoa.

Eta hemen kontatzeko gutxi gaurkoan, beraz besterik gabe, gau ona pasa!

2024/08/26

ABUZTUAK 26 (colera)

Gaur colera eguna dute Erriberrin, ez dakit zenbat mende atzera, gaixotasun hura herrian sartu ez zela ospatzeko ama birjin bati emandako izena aitzakia.
Ni koleran sartzen naiz, alegia, sutu egiten naiz, sasikume gaixo batzuk egiten dutena ikusiz. Genero aldaketa egin zuen ertzainari buruz ari naiz, duela gutxi bere bikotea erasotu zuen horretaz, duela urte batzuk bere lanpostuan liskarrak izan zituen horretaz.

Eta galdera da: Nola da posible halako jendilajea gure segurtasunaren ardura izatea, eta kaletik armatua ibiltzea burutik ondo balego bezala? Ez al dizkiete, tarteka, azterketa psikologikoak egiten bere lana ondo bete ahalko dutela bermatzeko?
Irregulartasunen aurrean ez al dizkiete espedienteak irekitzen eta jarraipena egiten, jakinik eurak direla, teorian,  sistema ondo funtzionatzearen bermatzaile?

Lanpostu publiko guztietan, langileek euren betebeharrak ondo betetzen dituztela ziurtatzeko jarraipen bat egin beharko litzatekeelakoan nago, irregulartasunak eta gehiegikeriak ekiditeko asmotan, mundu honetan azkar usteko asko baitago. Eta armatuta dabiltzan pertsonen kasuan, horietaz gain, baita buruko azterketak ere. Ez al duzue uste?

Ni banoa colera ospatzera gehiago sutu aurretik.

2024/08/25

ABUZTUAK 25 (ohiturak)

Gure jendartea ohitura zaharrak mantentzearen oso zalea da, horrek, emakumeoi bereziki, bereizkeria ugari ekarri digun arren, eta horrekin batera gatazkak gizartera.
Batzuen aburuz ohitura zaharrak mantentzea berez ona da, gure kultura gordetzeko bide bat baita. Hor ditugu adibide gisa hainbat dantza, danborradak, alardeak eta bestelako kultura adierazpenak. Baina, izan gaitezen serioak, orain dela berrehun urte, edo ehun, jendartean normaltasunez onartuta zeuden hainbat kontu, gaur egun deitoragarriak dira. Gure jardunetik baztertu egin behar ditugu, naturaltasunez eguneratu, denbora berrietara egokitu, denon eskubideak jokoan daudelako.

Hori esanda, nik gaur ohitura arruntagoez aritu nahiko nuke, norberak hartzen dituen horietaz, nolabaiteko plazera ematen duten horietaz.

Badira urte batzuk udara guztietan ama eramaten nuela Erriberrira egun pasa bilobak ikustera. Ama zendu zen urtean bakarrik joatea erabaki nuen, hura gogoan edo, haren omenez. Urte hartan egun pasa joan eta egun batzuk igaro nituen bertan.
Orduz geroztik urtero joaten naiz egun batzuk igarotzera Nafarroako txoko horretara. Nire ohitura bilakatu dut, ohitura ona, gustagarria, familiarekin partekatzeko unea, baita bertan egindako lagun berriekin ere.

Pikutara ohitura eta lege zaharrak. Gora ohitura berriak.
Igande on!

2024/08/24

ABUZTUAK 24 (heriotzaz)

Herri honetan askotan entzun dut hildako guztiak berdinak direla, baina ez da egia. Pertsona bati bizitza kentzea bortxaz gaizki dago, ados, baina norberaren sentipenak desberdinak dira hilotza zeinena denen arabera. Kontrakoa dioenak gezurra dio.

Egun hauetan efemeride desberdinak bete dira. Gaurkoan bi ekarri nahi ditut gogora.

Lehena: Atzoko egunarekin 1927an, Sacco eta Vanzetti italiar etorkin eta langile anarkistak exekutatu zituzten AEBetan. Nik hauen berri izan nuen musikari esker. Christie Moore irlandarrak badu kantu bat haien omenez, baina bada film italiar bat ere Ennio Morricone handiaren soinu banda duena, eta Joan Baezek ere egin zuen kantu bat haiek oroituz.

Bigarrena: Gaurko egunarekin duela hogeita hamar urte Uruguain poliziak Roberto Facal eta Fernando Morroni hil zituen hiru euskal iheslariren estradizioaren aurkako manifestazioan. Filtroko ospitalean zeuden iheslari euskaldunak, gose greba egiten ari zirelako estradizioaren aurka protestan. Oroitzen naiz elkartasun uholde hura barruraino heldu zitzaidala, eta herrialde hartara joateko determinazioa hartu nuela. Urte batzuk geroago joan nintzen brigada batean, eta Morroniren ama ezagutzeko aukera izan nuen.

Agian langileen alaba naizelako; agian Espainiako gerran galtzaile izan ziren familia horietako batekoa naizelako; agian estaturik ez duen nazio batekoa naizelako; agian bizitzan zehar ikasitakoak eta ikusitakoak alde honetan kokatzera eraman nautelako; agian emakumea naizelako edo agian arrazoi horiek guztiak kontutan izanik, nire gogoa beti botereak zapaldutakoen alde egongo da. Nik argi eta garbi adierazten dut, inolako beldurrik gabe, hemen eta behar den toki guztietan.
Horrek ez du esan nahi besteen heriotzez pozten naizenik, inondik inora, baina niregan sortzen den sentipena ez da inoiz berdina izango.

Egun hauetan, Bayesian izeneko munduko belaontzi seguruena, hogeita hamar milioi euro balio zituenak,  enbata batean hondoratu eta zazpi hildako utzi ditu, tartean Mike Lynch izeneko handiki britaniar bat eta haren alaba. Berria telebistaren bitartez jaso dut, egunero ari baitira istripuaren inguruko zehaztasun desberdinak ematen, tartean, ikerketa zabalduko dela zer gertatu den argitzeko. Ba ikerketa horrek ez dakit zenbat mila euro, milioiak ez badira, kostatuko ditu. Ez dakit zeinen kontura joango den, baina niri zantarra iruditzen zait oso. Zergatik galdetuko duzue, ba ez dago asko pentsatu beharrik.
Zenbat hildako utzi ditu azken urtean Mediterraneoan, Afrikako herrialdeetatik datozen pertsonen migrazioak? Ba al dakizue? Nik ez, hildako horiek guztiak guretzat anonimoak baitira, ez ditugu inoiz haien izenak ezagutuko, baina horrek ez die garrantzia kentzen. Niretzat grabeagoak dira haien heriotzak, britaniar handiki horrena baino, barkatuko didazue, hala sentitzen dut. Batzuen larruan jar naiteke, besteenean ez, eta heriotza guztiak bidegabeak izan arren, ez al ditugu batzuenak guk probokatu, munduan ezarrita daukagun sistema kapitalista desorekatu honekin?

Amaitzeko Joseba Sarrionaindiaren poema bat ekarri nahi nuke gogora:

 

Heriotza

 

Nik badakit abereak zelan hiltzen diren,

batzuk silioka hasten dira

bizitza hatsetik galtzean

eta begiak zabaltzen zaizkie

elezaharretako tristura guzia baino

tristeagoa den begiradarekin.

Badakit zelan nagusitzen den heriotza

lekukoa izan naizelako

eta ez da gero zeremonia ederra.

Nik bertatik bertara ikusia dut

lagun bat hiltzen,

begiak zabal zabalik, mundua

begiratzen jarraitu nahi bailuen,

eta irribarrelako keinuarekin geratzen

baina ez zen irribarre keinua.

Lekuan egotea ere ez zen batere samurra izan,

hilaren izena paper batean

izkiriatzeko eskatu ziguten

eta une haietan ez genuen inon aurkitu

tintadun boligraforik.

Eta hondamendi guzien exenploa bailitzen

beilatu genuen gorpua ordu erdiz.

Heriotza ez da ederra eta ez da

                sekula izango.

 

Gora San Bartolomiak!

2024/08/23

ABUZTUAK 23 (betirako)

 

naiz

ari  naiz

saiatzen ari naiz

ahazten saiatzen ari naiz

zu ahazten saiatzen ari naiz

betirako zu ahazten saiatzen ari naiz

betirako zu ahazten saiatzen ari

betirako zu ahazten saiatu

betirako zu ahaztu

betirako zu

betirako

betirako ni

betirako gu izan!

2024/08/22

ABUZTUAK 22 (emakumeon zirkunstantziekin bueltaka)

Adin batetik aurrera, emakumeak ikusezinak bihurtzen gara. Gaztetasunak berezko duen edertasuna galduta, ez gara interesgarri inorentzat, nahiz eta, nire uste apalean, inoiz baino interesgarriago eta ederrago garen, bizitzak eman dizkigun irakaspen guztiek burutsuago egiten baikaituzte. Baina noski, hori nik diot, trantze horretan dagoen emakume batek.
Galdera da, bizi garen jendartearen ikuspegitik, zertan bihurtzen gara emakumeak menopausian sartzen garenean?
Heldu? Lehendik ere baginen helduak.
Zahar? Ez dut nire burua zahartzat jotzen oraino.
Aske? Hilekoa ez edukitzeak, agian beste askatasun sexual bat ematen digu. Beno, hori ligatzea lortzen duten emakumeek esan beharko dute, ikusgarritasun falta horrekin zaila baita inor ezagutzea.
Akaso mundu honetara sortu gintuen helburua galtzen dugu, alegia ama izatearena, gure  existentziari zentzua kenduz. Hori batek baino gehiago pentsatuko du.

Ba ez daukat erantzunik. Nik nire burua ederragoa ikusten dut, jantziagoa, jakintsuagoa, askeagoa. Besteen iritziak gero eta gutxiago inporta zaizkit, eta elitista bihurtu naiz. Bai, ondo irakurri duzue, elitista. Ez naiz edonorrekin juntatuko, soilik errespetuz jokatzen duten pertsonekin. Errespetuz nirekin, baina baita besteekin ere. Niri elite hori interesatzen zait soilik, borondate onaren jendearena.

Eta nire heldutasuna, zimurrak, haragi eroriak, zelulitisa harrotasunez paseatuko ditut kaletik, urteek eman didatena hori delako.
Eta gaur, izugarrizko eguraldia dela, banoa nire gorputz zahar hau hondartzan luzitzera.

Egun ona izan!

 

2024/08/21

ABUZTUAK 21 (galderak)

Hilekoa jaisteko zain nagoela, emakume izateak dituen gauzez pentsatzen jarri naiz, eta emakumeok gure bizitzan gizon batek sekula entzungo ez dituen galderak eta desegokitasunak jasan ohi ditugula otu zait, edo horrela gertatu izan dela orain arte. Hona hemen nire belarrietara heldutako batzuk.

Nerabeak irakasleari:

-        Nobiyua daukazu?

-        Ezkonduta zaude?

-        Umerik daukazu?

Azken galdera horren erantzuna -ez- baldin bada, gazte mutilaren laidoa honakoa: “se te va a pasar el arroz”

Ginekologoak emakume heldu, osasuntsu ugalkorrari ordena honetan:

-        Antisorgailurik? -ez

-        Aborturik? -ez

-        Haurdunaldirik? -ez

-    Harreman sexualik? -bai. Promiskuoa naiz eta kondoiak erabiltzen ditut esateko gogoa jartzen zaizu.

Eta hankak zabalduta zaudela, azterketa egiten dizun bitartean botatzen du genero maskulinoko medikuak:

-        Ta zergatik ez daukazu umerik? 

Eta ez dakizu hauetatik zein erantzun eman: 

-        Alarguna naiz eta ez dut bikote berririk izan.

-        Nire bikotearekin saiatu ginen eta ez genuen lortu.

-        Ama izatea nahi izan dudanean nire bikoteek utzi egin naute.

-        Ama izateko sasoian nengoenean ez nuen bikoterik, eta ez nuen ama bakarra izan nahi.

-        Ez delako suertatu.

-        Ez naiz ama nahi izan ez dudalako.

 Emakumea izateko ama izan behar al dut? Esan behar nion lotsagabe horri.

Ginekologotik jenio biziaz irten zara eta pentsatzen hasi zara zenbat gizonei egingo dizkieten halako galderak. Erantzuna argia da: zero. Eta haserretzen bagara gu gara intoleranteak.

Horiek eraso berbalak besterik ez dira, naturaltasunez hartzera ohitu garenak, baina naturaletik ez dutenak ezer ez. Eta gauza da emakumeok, gizonekin alderatuta, lan bikoitza egin behar dugula jendartean onartuak izateko; normatik ateratzea ez dela erraza, eta bizitza guztia pasa behar dugula egiten dugun gauza bakoitza justifikatzen: gure familiaren aurrean, gure lankideen aurrean, gure ikasleen aurrean, gure ezagunen aurrean, baita ginekologoaren aurrean ere.

Animo destainak jasotzen dituzuen guztiei. Zirkunstantzia aurpegia jarri eta kasurik ez.

Gabon!