Ez zaitut begiratu baina ikusi zaitut. Urduri jarri naiz, zergatik? ez dakit, zu zarelako besterik gabe, oraindik ere nire barrua iraultzea lortzen duzulako arrazoi ezezagun bat medio, baina hala da.
Ez dakit zuk ikusi ote nauzun, agian bai seguruen nigan erreparatu ez baduzu ere. Nitaz ze iritzi izango duzun otu zait bapatean, jakinmina daukat, zer pentsatuko duzun, gorrotatuko ote nauzun, nazka emango ote dizudan, edo besterik gabe noizpait zurekin enroilatutako beste bat gehiago ote naizen, edo ez naizen ezer ez, hau da beti izan naizena, garai batean kontrakoan tematu banintzen ere, ez dakit zergatik, edo agian bai, baina nire buruarekin hortaz hitz egitea eta nire buruari arrazoia ematea alferrikan da, praktikak bestelakorik erakutsi didanean.
Egunen batean gurutzatuko gara, lehenago edo beranduago, eta ez dakit nola erreakzionatuko dudan, ez dakit "normal" portatzeko gai izango ote naizen, beste ezagun bati bezala kaso egin, bizitza guztian egin dizudan moduan; edo lotsatu eta begirada jetsiko ote dudan; edo ignoratu egingo zaitudan (hori oso itsusia izango bada ere); baina nirekiko erakutsitako sentsibilitate ezak edozein portaera ekar dezake, ez bada zure aldetik behintzat bestelako jarrera bat.
Arrazoi ezezagun bat medio, gaur, ia hiru urte beranduago, berriro ere nire sabela iraultzea lortu duzu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina